Nartxixaren Kredoa

Berrogeita hamabiren bat urte izango dira, Nartxixak Kredoa buruz erakutsi zidala. Azpeitiko parrokian ematen zigun dotrina, elizako lehen aulkian jarrita ginela, erretaula barroko urreztatuaren aurrean, San Sebastian geziz josiaren azpian. Nartxixari buruz ez dakit besterik ezer, tamalez, baina Kredoaren aipamenak haren oroitzapena dakarkit, eta haren oroitzapenak omenalditxo apal bat berari eskaintzera narama. Baita Kredoari buruzko gogoetatxo bat egitera ere. Jo dezagun Abitaingo iturri inguruan Nartxixarekin topo egiten dudala eta tupustean botatzen didala: “Zer egin duzu nik erakutsitako Kredoarekin? Uste nuen txintxoago eutsiko zeniola umetako eta betiko dotrina santuari…”.

Zer erantzun? “Bai, Nartxixa –esan nahiko nioke, ahal dudan gozoen–, arrazoi duzu. Baina zer egin nezakeen? Bizia bezalaxe, bizitzako bideak ere ez ditugu erabat aukeratzen. Ezta sinesmena ere, ezta Kredoa ere.

Kredoa ez dugula aukeratzen?, galdetzen didazu kopeta zertxobait zimurtuz. Ba ez, Nartxixa, ezta Kredoa ere. Zuk erakutsitako Kredoa muinetaraino sartu zitzaidan, San Sebastiani geziak bezala. Eta hor daukat oraindik, naizenaren hezur eta mami. Baina ez derrigor Kredoarekin batera erakusten zenizkigun sineskizunak.

Sineskizunak aldatu egiten dira, Nartxixa, munduarekin batera. Eta ikusi zenbat aldatu den mundua berrogeita hamar urte hauetan. Orduan, maristetatik parrokiara bidean, ez genuen autorik ikusten; idi-pareak uztarrian gurdiari erantsita, eta astoak sokatik, bastaz txalmatuta eta otarrak gainean. Bost mila urte lehenago bezala.

Nola nahi duzu orduko sineskizun berak izatea, mundua hain bestelakoa izanda? Baina gauza bat esango dizut, lasaitzeko: zure Kredoa eta nirea –sineskizunekin edo sineskizunik gabe, berdin dio– Kredo bera dira: Biziaren Kredoa.

0 replies

Leave a Reply

Want to join the discussion?
Feel free to contribute!

Leave a Reply