KREDOA, SINESKIZUNez HARAGO

Ume-umetatik, hezur-mamietan itsatsia daukat Arantzazuko eliza berrian entzuten nuen gregorianozko Kredoa. “Credo in unum Deum”, abiatzen zen ozenki aldare nagusiko apaiza, “De Angelis” mezako doinuan, latinez. Zer nekien nik zer zen meza edo zer zen apaiza, zer zen eliza eta zer zen Kredoa? Zer nekien nik zer zen hura, zer zen Hura, unum Deum, unus Deus? Baina, herri erromesean haur erromes, ikara sakon eta gozoak hartzen ninduen, hori badakit, eta oraindik ez zait itzali doinu haren durundia, eta aitor dut noizean behin, han-hemengo meza nagusiren batean, errai-muinetan sentitzen dudala, nostalgiaz, solemnitate gozo haren hunkidura. Zer naiz oraindik ere herri erromeseko haur erromes bat besterik, Arantzazuko basilika hura bezalako altzo handi baten bila?

Onen onena zen, halere, koruak, “Sub Pontio Pilato” kantatzen zuenean, erritmoa motelduz eta nota bakoitza azpimarratuz –Pontzio Pilatorena ez zen gutxiagotarako – . Baina zer nekien orduan nor zen Pontzio Pilato? Harrezkero bai, asko ezagutu ditut, eta neu ere banaiz.

Horra nire umetako Kredoaren lehen oihartzunak. Ez nekien zer esaten nuen, baina ez nuen inoiz neure baitarako esan: “Zer esaten ari ote naiz?”. Ez nuen ezer ulertzen, ezta ulertu beharrik sentitzen ere. Beharbada, ezer ulertu gabe dena ulertzen nuen. Beharbada, ezer jakin gabe banekien dena. Lekuak, doinuak, jendeak… Biziak ninderaman Kredoko hitzez haratago.

Pasa ziren urteak, ikasi nuen latina, ikasi nuen teologia, ikertu nuen Kredoa zazpi hizkuntzatan, dena ulertzeraino. Eta dena banekiela uste nuen garaian, jakintzaren jabe izatera iritsi nintzenean, hasi nintzen erabateko ezjakintasunaz egiazki jabetzen. Dena ulertu uste nuenean ohartu nintzen ezin nuela ezer ulertu. Eta ez bakarrik ulertzen den guztia Ulertezinaren atari baizik ez delako eta hitza Esanezinaren ikur; baita Kredoaren hizkuntza bera gaurko kulturan guztiz arrotz eta ulertezin bihurtu delako ere.

Hona, beraz, zein muga labainetan aurkitzen naizen orain: fedearen eta hitzaren mugan, Kredoaren eta biziaren mugan, hitzezko kredoaren eta hezur-mamizko Kredoaren mugan. Hitzetik bizira nahi nuke, bizitik hitzera bezainbat. Kredotik federa nahi nuke, fedearentzat hitz berriak asmatzeko askatasunez. Sinesmenetik Biziaren konpromisora nahi nuke, fedea berriro sineskizunari lotu gabe, Bizia ez baita lotzen, Biziak ez baitu lotzen, askatzen baizik.

Kredotik federa, beraz, edo Kredotik bizira, mundura, izaki guztien senidetasuneko etorkizun hobera. Eta fedetik Kredora, bizitik Kredo idatzira ez? Segun. Bizia hitz zaharretan ez lotzekotan bai; lotzekotan ez. Fedea sineskizun –zahar nahiz berri– ez bihurtzekotan bai; sineskizun bihurtzekotan ez. Ulertzen dugun guztia Misterio ulertezinaren zantzua besterik ez dela onartzekotan bai; ez onartzekotan ez; Biziaren Misterioa ulertzen dugunarekin edo ulertu behar genukeenarekin identifikatzekotan, ez.

Hitzik ulertu gabe eta ezer sinetsi gabe ere, Arantzazun latinezko kredo kantatuak zirrara eragiten zion haurrak bizi zuen Kredoaren funtsa. Hainbat urte igaro eta gero, haur-bizipen hura bera bizi nahi nuke, kontzientziaz eta konpromisoz orain. Biziaren Kredo hura, alegia, hitz eta sineskizun guztiez haratago.

1. Sinesmena, hitza, bizia

“Zertarako du batek ‘Nik badut fedea’ esatea, egintzetan ez badu azaltzen? Horrelako fedeak salba ote dezake? Erakuts iezadazu egintzarik gabeko zeure fedea, eta nik egintzen bidez erakutsiko dizut neure fedea” (Sant 2,14.18). “Fedea” dioen lekuan, jar ezazu “sinesmena”, hau edo hura sinestea, alegia. Kredoan esaten duzun guztia –“In unum Deum”etik  “In vitam aeternam”eraino– oso-osorik sinesteak ez zaitu “salbatuko”, hau da, ez zaitu eramango ondo bizitzera, osorik eta sano bizitzera, zoriontsu eta on izatera. “Jainkoa bakarra dela sinesten duzula zuk? Oso ondo; baina deabruek ere sinesten dute hori, eta ikaraz daude” (St 2,19): biziera erratu eta kaltegilearen irudia da “deabrua”. Dogma guztiak sinets ditzakezu, eta halere erraturik bizi, hau da, zeure buruari eta besteei kalte eginez.

“Sinestea” pentsamendu kontua da, ideia eta irudi mentalen kontua: sinets dezakezu, hau da, pentsa dezakezu Jainkoa badela, kreatzailea, ahalguztiduna eta orojakilea dela, epaile zuzen, zorrotz edo errukitsua dela… Sinets dezakezu Jesus Jainkoaren Seme eternala dela, Hirutasuneko bigarren pertsona, eta zerutik mundu honetara etorri zela gizon eginik, eta gure bekatuak ordaintzeko gurutzean hil zela, eta hirugarren egunean fisikoki piztu zela hilobia hutsik utzita, eta berriro zerura igo Parusia arte, eta zerutik Espiritu Santua bidali zuela apostoluen gainera. Sinets dezakezu Jesusek Eliza Ama Santu Katolikoa fundatu zuela dogma eta sakramentu eta guzti, apaiz, gotzain eta aita santu eta guzti. Sinets dezakezu hil eta gero zerura, purgatoriora edo infernura joango dela zure arima, eta munduaren amaieran gorputza arimarekin elkartuko dela berriro, fisikoki pizturik, eta zerua eta infernua ez direla sekula santan amaituko…

Sinets dezakezu. Baina hori guztia sinesteak ez zaitu berez on eta zoriontsu egingo. Sineskizunak pentsamenduak dira, ideia eta irudi mentalez osatuak. Eta pentsamenduek duten garrantzia dute sineskizunek, eta pentsamenduek duten anbibalentzia. Pentsamenduak saihestezinak dira, garunak sortzen baititu etengabe, baina onerakoak edo kalterakoak izan daitezke. Garrantzitsua da “ongi pentsatzen” edo onerako pentsamenduak izaten saiatzea. Eta, ondorioz, garrantzitsua da “ongi sinesten” saiatzea, sineskizunak pentsamenduaren arlokoak baitira eta pentsamenduaren onurak eta kalteak izan baititzake. Nire “bekatu larriak” apaiz bati aitortzen ez badizkiot, Jainko zorrotz batek infernura kondenatuko nauela pentsatzen (edo ”sinesten”) badut, neure buruari eta hurkoari kalte egiten ari naiz. Jainkoaren Espiritu kontsolatzailea nire baitan bizi dela eta kontsolatzaile izateko gai egiten nauela sinesten (edo pentsatzen) badut, neure buruarentzat eta hurkoarentzat ongarri izango dut.

Beraz, Kredoa esatean aitortzen dituzun sineskizun edo ideiak izan ditzakezu hobe eta zoriontsuago izateko lagungarri, baina baita oztopo ere. Konfiantza eman diezazukete, baita kendu ere. Pozgarri gerta dakizkizuke, baita beldurgarri ere. Kontua ez da sinesten duzun ala ez, zer eta nola sinesten duzun baizik. Eta nolanahi ere, kontua ez da sineskizun batzuk ala besteak izatea, ezta sinestea ala ez sinestea ere. Arnasa hartzea eta ematea, zeure buruaren eta lagun hurkoaren lagun izatea, zoriontsu eta zorion-emaile izatea da kontua. Horra Kredoaren irizpidea, egiazko eta gezurrezko “sinesmenaren” neurria. Biziaren zoriona, biziaren askatasuna. Gizadiaren presentea eta etorkizuna. Planetaren eta izaki guztien senidetasuna, bizikidetza harmoniatsua.

2. Kredoa, sinesmenaz eta sineskizunez harago

Geure funtsezko pentsaera, ordea –eta, ondorioz, geure funtsezko sineskera– ez ditugu geuk hautatzen, ama-hizkuntza hautatu ez dugun bezala (noski, beste zenbait hizkuntza ikas dezakegu gero geure hautuz, baina ikasten ditugun hizkuntzak ere diren bezala ikasi behar ditugu, ezin ditugu geure kabuz asmatu ez aldatu). Biologiak eta kulturak baldintzatzen dute neurri handi batean errealitateari buruz dugun ikuspegia, pentsamoldea. Eta, ondorioz, geure “sinesmena”. Zer eta nola sinetsi ez dugu inoiz aukeratzen. Ahal duguna sinesten dugu, kulturaren arabera, garaiko zientzien arabera, daukagun mundu-ikuspegiaren eta pentsaeraren arabera. Arantzazuko koruaren Kredo solemneak biziaren erroak ukitu zizkidan garai hartan, goian zerua eta behean infernua zirela irudikatzen nuen mundua, etxeko pinu garai baten puntatik hurbil zerua eta lurraren sabelean non edo non infernua itzalezineko sugarretan, eta guztiaren gainetik Jaun-goikoa begirale. Munduaren irudia aldatu ahala, aldatu ziren sineskizunak.

Nahitaez. Errealitatea ulertzeko moduak aldarazten ditu gure sineskizun guztiak. Guzti guztiak. Ezinbestean. Filosofia, psikologia eta soziologia, fisika, astrofisika, biologia, genetika edo neurozientziak ikasi ahala. Ez dugu sinesten nahi duguna, ahal duguna baizik. Hots, geure mundu-ikuspegiarekin koherentea dena bakarrik “sinets” dezakegu, hau da, pentsa dezakegu “fedegai” omen diren guztiez: Jainkoa, aingeruak, Jesukristo, Ama Birjina edo aita santua, zerua nahiz infernua. Sinesmena ez dugu aukeratzen, mundu-ikuspegia aukeratzen ez dugun bezalaxe. Sineskizun guztiak mundu-ikuspegiarekin estu lotuak baitaude egon.

Mundu-ikuspegiarekin, edo hizkuntzarekin. Hizkuntzak mundu-ikuspegi bat ematen digu: “Jainko ahalguztiduna, zeru-lurren egilea” esaten zaion haurrari mundu-ikuspegi bat ematen zaio, pentsamolde bat. Bestela esanda, “sineskizun”-multzo bat ematen zaio “fedearekin” batera. Zer gertatuko da hizkuntza hori, hots, mundu-ikuspegi edo pentsaera hori aldatzen zaionean? Fedea galdu beharko ote du derrigor sinesmenarekin batera? Fedea eta sinesmena gauza bera direla erakutsi bazaio bai, sinesmena galtzean fedea ere galdu egingo du. “Kredo osoa sineskeria hutsa zen” esango du eta erlijioa bertan behera utziko, jadanik baliagarri ez zaion mundu-ikuskerarekin batera, sinesgarri ez zaizkion sineskizun batzuekin batera, ulertzen ez duen eta baliagarri ez zaion hizkuntza batekin batera.

Hortxe dago, beste inon baino gehiago, gaurko erlijio-krisiaren gakoa. Duela mila eta zazpiehun urte inguru idatzitako Kredoa jendeak ez du jada sinesten. Eta zergatik ez du sinesten? Inondik ere ez borondate txarragatik, buru-bihotz gogorreko norbaitek oraindik pentsa lezakeenez. Ezta utzikeriagatik, zabarkeriagatik edo azalkeriagatik ere, gotzainen hitzaldietan sarri entzuten eta beren gutunetan maiz irakurtzen denez. Zergatik ez du jada gaurko gizarteak –haur, gazte eta heldu, ia inork ere– Kredoa sinesten? Ezin dutelako sinetsi, besterik gabe. Euria “jainkoak nahi duenean” egiten duela sinesteari eta errogatibak egiteari utzi zioten bezalaxe, halaxe utzi diote “Jaun-goiko” bat badela sinesteari, Jesus aitarik gabe ama birjina batengandik jaio zela eta ura ardo edo bost ogi bost mila bihurtu zituela sinesteari, gure bekatuengatik hil zela edo hilobia bat-batean hutsik utziz berpiztu eta zerura igo zela sinesteari, apaiz sagaratuek ogia Jesusen gorputz bihurtzeko edo bekatuak barkatzeko botere sakratu bereziak dituztela sinesteari…

Sinestezina zaielako ez dute sinesten. Eta zerk harritzen gaitu? Munduko erlijio handi guztien –kristautasuna barne–  oinarrizko sineskizunak eta kategoriak duela milaka urte sinesgarria zen mundu-ikuspegiari loturik daude: jainkoen aginduak eta zigorrak, bekatuak eta barkamena, sakrifizioa eta espiazioa, oraingo eta geroko bizitza, materia eta espiritua, gauza puruak eta ez-puruak, klerikoak eta laikoak… Eta, noski, patriarkalismoa eta matxismoa. Hori guztia, erlijio handien oinarrian dagoen iruditeria eta kategoria-sistema guztia, ez da jada sinesgarri. Ez zaigu jada sinesgarri. Ezin dugu sinetsi. Gauza horiek sinesteari uzteak, ordea, ez du esan nahi fedea alde batera uztea. Izan ere, Akinoko San Tomasek irakatsi zuenez, ez dira “fedegai” Kredoko edo dogmetako formulak berak, baizik eta formula horiek esan gabe adierazten dutena, edo iradokitzen duten esanezina. Egiazko fedea ez da sineskizunetan jokatzen.

Gertatzen dena da, oso epe laburrean aldatu zaigula mundu-ikuspegia, Kredoko sineskizun guztiak –ez diot fedea, sineskizunak baizik– astinduz eta kordokaraziz. Mendebaldeko zientzia modernoak, eta beraiekin modernitatea, duela 300 urte bakarrik hasi ziren. Baina zer genekien guk zientziez eta modernitateaz duela soilik 60 urte? Gure baserrian ez zen argindarrik, urik, errepiderik, eta idiekin edo laian iraultzen zen lurra, igitaiz edo segaz ebakitzen zen garia, Mesopotamian edo Egipton duela 6.000 urte egiten zuten bezalaxe. Askoz gehiago aldatu da mundua azken 50 urtetan aurreko 10.000 urtetan baino.

Zerk harritzen gaitu, sinesmena hainbeste aldatu dela edota hainbat sineskizun galdu direla eta? Harritzekoa, ez aldatzea izango litzateke. Harritzekoa da, inon diren ordenagailu, tablet, Smartphone eta gailurik postmodernoenak erabiltzen dituzten batzuek duela 2.000 edo are 5.000 urteko sineskizunei bere horretan eutsi nahi izatea, fitsik aldatu gabe, eta sineskizun horiek Kredoarekin eta fedearekin identifikatzea. Gauza guztietan aldatu dira, teologian izan ezik, hots, fedea ulertzeko eta adierazteko moduan. Jesus profeta berritzailearen jarraitzaile izan nahi duenarentzat ba ote da kontraesan handiagorik Ebanjelioa (“berri ona”) hitz zaharkituetan preso edukitzea baino? Bizia eta espiritua, ordea, atxiki ezinak dira. Baita historia ere. Espiritua, Bizia edo historia iraganean geldiarazi nahi luketenak, borondaterik onenarekin ere, alfer-alferrik ari dira.

Eta zer egin genezake, orduan, esaten jarraitzen dugun Kredoarekin? Zalantzarik ez dut, esaten dugun Kredoa ere denborak eramango duela, eta arian-arian iragan urruneko zerbait bihurraraziko. Kredoa denborak iragan bihurtu? Eta nola ez! Sineskizun guztiak –hitzak, irudiak, esanahiak– eramango ditu denborak, eliz erakunde guztiak bezala, erlijio-sistema guztiak bezala, hizkuntza guztiak bezala… Forma guztiak iragango dira, eta Biziak jarraituko du. Imajinatzen duzu hemendik milioi bat urtera kristau talde bat mezatan Nizea eta Konstantinoplako Kredoa esaten? Nik ez dut inolaz imajinatzen. Eta milioi bat urte gutxi da… Bada, hamar mila urte barru ere ez dut imajinatzen kristau talde bat Kredo hori bera esaten, Eliza Katolikoaren baitan. Eta bostehun urte barru?

Utz ditzagun iragarpenak, eta gatozen presentera. Zer egin gaur eta hemen Kredo zaharreko hitzekin? Gaur eta hemen, ez dut zentzugabe ikusten hitz zaharrei eustea. Baina zentzugabe deritzot hitz horietan adierazten den antzinako esanahiei edo sineskizunei eustea. Askoz zentzugabeago deritzot, noski, iraungitako sineskizunei eutsaraztea  fedearen, Ebanjelioaren, Biziaren, Jainkoaren izenean. Hitz eta sineskizun zaharrek, bere zaharrean, inspira dezakete Bizia –fedea, konfiantza, ontasuna, hurkotasuna–, iturri zaharrak ur berria ematen duen bezala. Eta inspirazioak balio du, ez aspaldiko formula batek berez. Zer egin, beraz, aspaldiko sinesmen-formulekin, formulazioekin? Gaur eta hemen, ez nintzateke ausartuko bi mila urteko Kredo zaharra –ez hain zaharra; zer dira bi mila urte?– alde batera uztera, baina eskain diezadakeen inspirazio berria interesatzen zait, ez sinesgarri izateari utzi dion sineskizunak.

Zure fedeak duintasunik izango badu, sinesgarri zaizuna bakarrik sinetsi behar duzu, eta sinesgarri ez zaizun oro alde batera utzi. Baina iraungitako sineskizunen ordez sineskizun berri sinesgarriagoak sineste hutsarekin ez duzu ezer egingo. Bizitzea da kontua –zoriontsu eta ongile izatea–, ez sinestea. Eta sineskizunak –edozein pentsamendu bezala– onak izango dira, baldin eta onera eragiten badizute. Inspiratzen bazaituzte. Inspirazioa: Biziaren ufada. Arnasa, konfiantza, onerako bulkada, libre eta solidario izateko barne-eragina, Jesusek amestu zuen bezalako mundu berriaren esperantza eraginkorra. Hori da funtsezkoa.

Inspirazioa, espiritua, esperantza. Kredoak eta erlijioak galduko dira, baina “espiritualtasunak”, Biziaren arnasak, iraungo du hemendik milaka, milioika, mila milioika urtera ere, ez dakigun forma berrietan –forma “erlijiosoak” nahiz “laikoak” izan–,  irudikatu ere ezin ditugun izakiak biziaraziz.

3. Sinesten dut Jainkoa

                Orain arteko sarrera luzearen ondoren, natorren Kredoko “fede-artikulu” nagusietara: Jainkoa, Jesukristo, Espiritu Santua, Eliza, betiko bizitza… Zer zait sinesgarri eta zer ez? Zertaz esan dezaket, gaur eta hemen, “sinesten dut”? Baina diodan aurrena: Kredoko artikuluei buruz “Sinesten dut” aitortzean, ez dut esan nahi “oraindik ezagutzen ez diren planetak badirela sinesten dut” banio adieraziko nukeen antzeko zerbait: “Ez dago zientifikoki frogatua, baina konbentzitua nago”, “Ez dut ikusi, baina uste dut hala dela”… Kredoan ez dugu froga, ezar, deskriba edo esan daitekeen errealitatea aitortzen. Kredoa aitortzean, funtsezkoa ez da zerbait “sinestea”, pentsatzea, uste izatea, konbentziturik egotea. Kredoak izate osoaren –pentsamen, sentimen, ekimen– bulkada adierazten du, konfiantzaz eta ontasunez, askatasunez eta gupidaz, arnasaz eta esperantza eraginkorrez osatua. Errealitatearen Hondoa, Lehen Errealitatea edo Errealitate Absolutua ona, ontasuna, ontzailea dela. Eta osoki fidagarria. Eta esanezina.

Errealitate Absolutu on eta esanezin hori aitortzen dut “Sinesten dut Jainkoa” esatean, hitz eta irudi guztiez haratago.

“Jainkoa”. Ez dago hitz beteagorik, ezta nahasgarriagorik ere. Jainkorik ba ote den ala ez ote den, eztabaidan ikusten dut oraindik hainbat jende ikasi eta zuhur, zertaz ari diren aurrez zehaztu gabe, ba omen den edo ez omen den hori zer den aurrez argitu gabe. Zertaz ari garen jakin gabe zerbait badela edo ez dela defenditzen saiatzea ez da oso zentzuzkoa, eta horrelako zerbait gertatzen zaie Jainkoa baieztatzen duten sinestun nahiz ukatzen duten ateo askori. Ateoek arrazoi dute beti, ulertzen duten Jainkoa ukatzera mugatzen direnean, baina ez dute arrazoirik, ulertzen duten errealitatea bakarrik dela baieztatzen dutenean. Sinestunek ez dute inoiz arrazoirik, ateoek ulertzen eta ukatzen duten jainkoa badela diotenean, baina arrazoi izan dezakete Errealitatea ulertzen duguna baino infinituki sakonagoa eta kontsolatzaileagoa dela aitortzen dutenean. Jainkoa ba ote da? Segun “Jainkoa” baieztatzean zer baieztatzen den. Jainkorik ez ote da? Segun “Jainkoa” ukatzean zer ukatzen den.

Zerbait ulertzen baduzu, ez da Jainkoa. Zerbait irudikatzen baduzu, ez da Jainkoa. Jainkoari buruz zerbait esaten duzunean, “Jainkoa” ez da esaten duzun hori, esaten ez duzuna baizik. Zertarako esan orduan zerbait? Zertan ari naiz orain bertan? Erabat isiltzea aukera ona litzateke. Baina hitza ere aukera ona izan daiteke. Nola hitz egin, beraz, Jainkoaz? Esaten den horretan Esanezina iradokiz, hitza Izendaezinera irekiz.

Ez dut sinesten Izaki Goren bat badenik, beste izaki guztien ondoan, munduko izakiak “eta gainera” Izaki gorena, “beste” Izaki bat, mundutik bereiz. Ez dut sinesten mundua “kanpotik” kreatu zuen jainkorik, munduaren “kausa” edo mundu tenporala esplikatzeko ezinbestekoa izango litzatekeen kreatzaile eternorik, izaki guztien hasiera, bilakaera eta amaiera “aurrez” erabakia lukeen Izakirik. Ez dut sinesten gizakiaren antzeko zentzumen, sentimen eta adimena lituzkeen jainkorik: agintzen eta debekatzen, zigortzen eta barkatzen, entzuten eta entzungor egiten, aukeratzen eta baztertzen, kondenatzen eta salbatzen duen jainkorik, haserretzen eta adiskidetzen denik.

Baina “sinesten dut” –sineskizunez haratago– gure hitz eta irudietan agortzen ez den Errealitatearen Hondoa, Hustasun betea, Betetasun hutsa. Sinesten dut Badena, izaki ororen Izamena, bizidun ororen Bizia, sorkari ororen Sormen amaitu gabe eta amaigabea. Sinesten dut ororen Orotasun atalik gabea, Osotasun bakuna, Osasun betea. Sinesten dut den guztiaren Kontzientzia, Presentzia, Elkartasun mugagabea, Ni-Zu-Gu harreman mugarik gabea ororen bihotzean, ez bat eta ez bi, Bat eta Denak. Sinesten dut den ororen ontasun oro-ontzailea, izaki guztien on-gaitasuna. Sinesten dut atomo-partikula infinituki txikietatik kosmos infinituki handira guztiari eragiten dion Arnasa, forma guztien Edertasuna, lotura guztien askatasuna eta askamena, oinaze guztien kontsolamendua eta kontsolamena. Sinesten dut Harengan garela eta Hura garen guztiongan dela, dena izanarazten, osatzen, ontzen, zoriontzen. Sinesten dut Hura garen guztiongan izango dela, dena izanarazi, osatu, ondu eta zorionduko dugun heinean. “Sinesten dut” esatean, esan nahi dut: bizi eta biziarazi egin nahi dut, edo “Jainkoa” bera izan eta izanarazi nahi dut.

4. Sinesten dut Jesus, Kristo

                Jesus K.a. 4-6 urteetan jaio zela, Nazareten ia ziur, eta Maria eta Joseren semea zela eta gutxienez beste sei neba-arreba ere bazituela (Mk 3,31-35), ez dago “sinetsi“ beharrik. Historiak erakusten du. Arotza zen ogibidez, eta 33 urte inguru zituela Joan Bataiatzailearen mezuak erakarri zuen eta harengana bildu zen, lana, etxea eta familia utzirik. Gero, Joanengandik aldendu eta bere bideari ekin zion. Profeta libre eta berritzailea izan zen. Gizartearen eraldaketa sakona espero zuen eta iragarri, goserik, gaixorik eta injustiziarik gabeko gizartea, “Jainkoaren erreinua”. Arau eta erakunde erlijiosoekiko askatasun handia erakutsi zuen. Handiegia. Gaixoak sendatu zituen, “bekatari” bezala baztertuak zirenen mahaikide izan zen. Botere politiko nahiz erlijiosoekiko oso kritikoa izan zen. Kritikoegia. Tenpluari eta apaizei aurre egin zien. Arriskutsuegia zen, eta botere erlijioso eta politikoek bat hartu zuten hura tartetik kentzeko. Gurutzean josirik hil zuten 30. urteko udaberriko ostiral batean.

Hori guztia historia da. Ez dago sinestekorik ezer. Baina Jesus hil eta aldi batera, Jainkoak berpiztu edo zerura bere ondora igo zuela esaten hasi ziren haren jarraitzaileak. Jesus Kristo edo Mesias askatzaile edo “Jainkoaren seme” –hiru deiturek gauza bera esan nahi zuten hasieran – zela aitortu zuten. Edo Profeta martiria zela eta Jainkoak “Gizakiaren seme” –munduaren epaile– izendatu zuela, eta laster bidaliko zuela berriro zerutik, munduaren behin betiko eraldaketa edo berrikuntza gauzatzera. Korronte batzuek –Paulok, adibidez– esan zuten Jesus gizakien bekatuak ordaintzeko eta Jainkoaren barkamena lortzeko hil zela, baina beste kristau askok ez zuten horrelakorik pentsatzen edo “sinesten”.

Kristauen artean “jentilak” ugaldu ahala eta kultura grekoa nagusitu ahala –juduak bizkor urritu ziren eta baztertu zituzten kristau mugimenduan, erabat desagertzeraino–, Jesus betidanik “jainkozko izakia” izan zela pentsatu zuten, mundu honetan gizon bezala enkarnatua. Hala definitu zuen 325ean Nizeako Kontzilioak, Konstantino enperadorearen aginduz: Jesus “Jainkoaren izaera bereko” zela , Kredoan esaten dugunez. Derrigor sinetsi beharreko dogma bilakatu zen. Handik ehun urtera Jesus “bi naturaz” osatua zegoela erakutsi zuen Kaltzedoniako Kontzilioak (451): giza natura eta jainkozko natura. Hori ere dogma. Beste dogma batek definitu zuen Jesus ez zela giza pertsona, jainkozko pertsona baizik giza naturan.

Harrezkeroko kristauak, hizkera eta ideia horiek ulertu gabe izan dira kristau. Onenean ere, ulertu gabe “sinetsi” dituzte dogma horiek, formulak ahoz edo buruz aitortuz, baina zer esaten zuten jakin gabe, ezinezkoa baitzen jakitea. Gaur are ezinezkoago da, hitzen esanahia (esentzia, natura, pertsona…), paradigma filosofikoa eta munduaren ikuspegi zientifikoa erabat aldatu baitira.

                Gaur gehien gehienok ezin dugu kristau izaten jarraitu Jesusen mezua eta nortasuna geure hizkeran eta gaurko paradigma sinesgarrietan adieraziz ez bada. Gehien gehienok ezin dugu sinetsi “Jainkoak bidali zuela Jesus zerutik” eta aitarik gabe sortu zela mundu honetan, eta bekatuen barkamenerako hil zela gurutzean. Galaxia ertain bateko planeta txiki bateko abere ugaztunen motako giza espezie bateko (Homo sapiens) gizaki bat izan zen Jesus. Gizaki miresgarria zalantzarik gabe, “bizitza on eginez igaro” baitzuen. Ez dugu, halere, nahitaez “sinetsi” beharrik Jesus gizaki partikular hura Jainkoaren lehen eta azken enkarnazioa izan zela eta dela, kosmos osoaren erdigunea eta bilakaera kosmikoaren gailurra. Bilakaerak aurrera darraio, eta hala jarraituko du planeta honetan beste lauren bat mila milioi urtez (eta beste galaxietan eta planetetan auskalo). Giza espezie hau ere galduko da, besteak galdu ziren bezala, eta berriak sortuko dira edo sortuko ditugu –gizaki edo ez gizaki–, askoz ere garatuagoak agian garunez, kontzientziaz, ontasunez…

                Jesus horrela “erlatibizatuz”, ordea, ez ote dut kristau fedearen muina errotik ukatzen? Uste dut ezetz. “Sinesmen” tradizionala erabat aldatzen da, noski, baina ez fedearen muina. Mendeetako sinesmena edo pentsaera berrituz, “sinesten” jarraitzen dut Jesus ontasun betearen sakramentu izan zela, bere muga eta guzti. Sinesten dut Jesusen ontasun kreatzailea, hurkotasun askatzailea, gupida sendatzailea, Osotasun edo Osasun edo Salbamen betearen (“Jainkoaren”) ezaugarri, aurrerapen, hazi, ernamuin eta legamia izan zela. Eta badela, bizi dela, bidaide dugula, izadi berrirantz erromeskide.

5. Sinesten dut Espiritu Santua

                Baldin eta Kredo guztian eta dogma guztietan, formulak berez dioena ez, baizik eta “esan nahi lukeena” eta esatera inoiz iristen ez dena bada “fedegai” (Akinoko San Tomas), are argiago eta ezin garbiago da hori Espiritu Santuaren “artikuluan”. Nola nahastuko duzu Espirituarekiko fedea dogmak Espiritu Santuari buruz irakasten duena sinestearekin?  Espiritu Santua artikulu bihurtzea litzateke hori. Nola nahi duzu Espiritu Santua artikulu bihurtu?

Espiritua arnasa da: ezin diozu arnasari oratu eta kutxa batean gorde. Espiritua eragimena da: ezin duzu eragina iragan bihurtu. Espiritua ura da: ezin diozu urari ukabilean eutsi. Espiritua airea da, edo haizea: ezin duzu airea hatzekin atzeman. Espiritua bizia da: ezin duzu bizia forman atxiki. Espiritua jakinduria da: ezin duzu jakinduria hitzetan lotu.

                Arnasa, eragimen, ur, aire, jakinduria… horrelako irudien bidez ematen da Biblian Espirituaren berri, doktrina bihurtu gabe. Zer egiten eta eragiten duen erakusten da, ez zer den. Non eta nola agertzen den, ez nondik datorren eta nora doan. Nola onartu behar den, ez nola sinetsi edo pentsatu edo ulertu behar den.

                Zer dio dogmak? Jainkoari eta Jesukristori buruz baino askoz soilago eta diskretuagoa da, baina oso abstraktua halere. Hirutasun txit santuko “hirugarren pertsona” dela, “Aitarengandik eta Semearengandik” datorrela, Aita eta Semea bezala Jainko dela. Ulertzen duzu? Ez larritu, teologo jakintsuek ere ez baitute inoiz ulertu, mendeetan zehar ulertzen eta ulertarazten buru-belarri saiatu arren. Fedea ez datza ulertzen ez duzuna sinestean, hala erakutsi bada ere.

Ulergarriagoa da Kredoak Espiritu Santuaz aitortzen dituen beste bi gauza, edo gauza bera bi iruditan: “bizi emailea” dela eta “profeten ahoz hitz egin zuela”. Bizi emailea eta hitz profetikoa: irudi biok hurbilago zaizkigu eta gehiago esaten digute dogmako formula abstraktu guztiek baino. Jarrai diezaiogun barrua ukitzen digun hitzari, jarrai diezaiogun biziari.

Sineskizun guztiez haratago, sinesten dut Espiritu Santua. Sinesten dut den guztia –atomoaren partikula ñimiñoetatik galaxia erraldoietara– “jainkozko” Arnasa beroak mugiarazten, izanarazten, biziarazten duela. Sinesten dut Espirituak dena bere aniztasunean elkartzen duela, ezer behartu gabe, ezer ezerekin berdindu gabe, ezer ezeri menperatu gabe. Sinesten dut Espiritua izaki guztietan mintzo dela, nonahi inspiratzen duela, izakiei onera eraginez, inongo erlijio eta ideologiei lotu gabe. Sinesten dut Espiritua Maitasuna dela eta Maitasuna dela errealitatearen bihotza. Sinesten dut Espiritua, den ororen bihotzean, dena ontzen ari dela. Eta izaki guztiok garela Espirituaren edo Arnasaren forma eta eragile.

6. Sinesten dut Eliza

Inoiz baino gehiago kostatzen zaigu beharbada “Sinesten dut Eliza” esatea, baina baliteke inoiz baino beharrezkoago izatea. Nola esan, ordea, “Eliza” zer den aurrez bereizi eta argitu gabe? Vatikanoa, aita santua, gotzainak, kleroa, dena gizonezkoz soilik osatua… Erdi Aroko edo askoz lehenagoko molde hierarkiko patriarkalak dira, eta industria osteko informazioren gizarte honetan –Europako Mendebaldean bederen– guztiz arrotz bilakatu diren sineskizunei, arau moralei, familia ereduei, botere-kudeaketari, mundu-ikuspegiari atxikiak ageri zaizkigu. Iragana ezarri nahi digute lege gaurko nahiz biharko. Ez dira jada sinesgarri.

Kredoak dio: “Sinesten dut Eliza, bat, santu, katoliko eta apostoluena”. Zer da hor sinesgarri eta zer ez? Ez dut sinesten batasunaren izenean bakartasuna eta uniformetasuna ezartzen dituen eliza. Ez dut sinesten mundu edo gizarte “profanoaren” aurrez aurre bere burua santu eta “sakratutzat” duen eliza. Ez dut sinesten kleroa, erlijiosoak eta laikoak hiru mailatan bereizten dituen eliza. Ez dut sinesten “katoliko” (unibertsal) izena Erromako elizari bakarrik aitortzen dion eliza, kristautasuna beste erlijioen gainetik eta Erromako eliza beste elizen gainetik jartzen duena. Ez dut sinesten, Jesusen eta bere “apostoluen” (bidalien) izenean, egitura guztiz predemokratikoak mantentzen dituen eliza, aita santuaren botere absolutua ardatz duen eliza, non aita santuak izendaturiko kardinalek hautatzen duten aita santua –zirkulu itxian–, non aita santuak izendatzen dituen gotzainak eta gotzainek “sagaratzen” dituzten apaizak, denak gizonezko eta egiaren nahiz ongiaren jabe –hierarkia zurrrunean–. Jesus profeta berritzaileari ez zitzaion inoiz horrelakorik burutik pasa, gizon eta emakumeak izan zituen jarraitzaile eta bereizkeriarik gabe “bidali” (“apostolu” izendatu) zituen berri on askatzailea iragartzera eta gauzatzera; eta, “hamabi apostolu” gizonezko izendatu zituenean, ez zituen izendatu eliz agintari izan zitezen, are gutxiago “ondorengoak” izan zitzaten (aita santua eta gotzainak…), baizik eta herri eta mundu elkartuaren ezaugarri izateko, “Israelgo hamabi leinu-buruen” irudira. Eta Jesusek eliza hierarkiko bat eratu izan balu ere –ez zuena inolaz egin–, ez nuke sinetsiko Jesusek duela bi mila urte esana edo egina betiko bere horretan sinetsi eta eutsi nahi izango liokeen eliza, historiaren eta kulturaren etengabeko eta ezinbesteko berrikuntza erabat ahazturik.

Elizaz hainbeste gauza sinetsi ez arren, ordea, sinesten dut Eliza. Sinesten dut elkartasun, tolerantzia eta aniztasunaren, izaki guztien senidetasunaren sakramentu apal izatera deitua den Eliza. Sinesten dut erlijio eta Kredo guztiak erlatibizatzen dituen Eliza, iritzi desberdinak errespetatuz, aniztasunari zabalik, bere burua inoren gainetik jarri gabe, egiaren eta ongiaren jabegoari barru-barrutik eta errotik uko eginez. Sinesten dut molde demokratikoen arabera eratutako Eliza, boterea sagaratu gabe, kastarik gabe, genero bazterkeriarik gabe. Sinesten dut gaurko gizarte anitzean laikotasunaren printzipioak osoki onartzen dituen Eliza. Sinesten dut iragartzen duen mundu hobea barne aldera zein kanpo aldera egiaztatzen duen Eliza. Sinesten dut solidaritatea, justizia eta elkarren errespetua dogma bakar dituen Eliza.

7. Eta beteko bizitza

                Bizia da Misterio Gorenaren izen gorena. Izena eta izana. Bizi-emaile, Bizidun, Bizi-arnasa da “Jainkoa” izaki guztiengan, eta izaki guztiak Harengan. Bizia da Elizaren, Kredoaren, fedearen funtsa. Bizia da “sinesmenaren” irizpidea. “Sinesten dut betiko bizia”.

                Baina hil eta gerokoari deitzen dio Kredoak “betiko bizia”, gerorako itxarokizun eta sineskizun. Esperantzaren muina, ordea, ez da gerorako zerbait itxarotea, gerokoa orain egiaztatzea baizik. Nola egiaztatuko dugu orain betiko espero dugun bizia? Biziaren bihotzak eskatzen digun bezala orain biziz. “Betiko bizia” benetan sinestea ez da hil eta gero biziko garela uste izatea, bizi garen bitartean egiazki bizi gaitezkeela sinestea baizik, egiazki biziaraziko gaituen sinesmen eraginkorrez. Nola sinetsiko dugu egiazki betiko bizia? Orain eta hemen egiazki biziz. Egiazki biziz: bihotzaren esanera, arnasaren arabera, biziaren arnasa libre hartuz eta oparo emanez, biziaren grazia eskertuz eta eskainiz, hurkotasunean zoriontsu izanez eta zorionean hurko.

                Hil eta gerokoaz ez dakigu ezer, baina geroko betikotasunaz zer sinesten duzun ez da hain garrantzizkoa. Geroko zeruaren itxaropena eta infernuaren beldurra gerta dakizkizuke lagungarri, baita kaltegarri ere. Geroko zeruaren itxaropena izan dakizula lagungarri, adore-emaile, beldurren askatzaile. Eta ez dezazula inolaz izan geroko infernuaren beldurrik. Jakin dezazula oraingo infernuak zeuregan eta besteengan zertxobait gozatzen, oraingo infernu-sua ahal duzun neurrian itzaltzen. Hortxe, hementxe, oraintxe jokatzen da geroko bizitzari buruzko sinesmenaren funtsa. Sinets ezazu oraingo bizia eta bizi zaitez betean, ahal duzun beteenean.

Beteko bizia nahi genuke betiko ere, egia da. Baina ez zaitez geroaz gehiegi kezka. Saia zaitez –hobe duzu– betirako nahi zenukeen bizitza orain bizitzen, eta bizitzen laguntzen. Egiazko bizia betikoa da beti. Egiazko eternitatea orain eta hemen da.

Bizidun guztiok hilkorrak gara, forma iragankorrak, baina sinesten dut Bizia hilezkorra dela. Sinesten dut betiko Bizia. Baina zein aspergarria litzatekeen betiko bizitza, betekoa ez balitz! Sinesten dut beteko Bizia betikoa dela, eta betiko Bizia beteko Bizia izango dela. Eta horixe nahi nuke bizi, zalantza eta guzti, zauri eta guzti.

Jose Luis Sampedro, zientzialari, idazle, justiziaren militante agnostikoak, bere “Kredo pertsonala” utzi zigun hil aurretik idatzita. “Kredo laikoa” da, sineskizun “erlijiosorik” gabea alegia, baina zer axola dio horrek? Biziaren aitorpena da, Biziarekiko fedearen eta Biziaren aldeko konpromisoaren adierazpena. Eta horixe denez sineskizun “erlijioso” eta erlijio guztien egiazko muina, Kredo kristauren egiazko bertsiotzat har genezake:

Sinesten dut Bizi Ama ahalguztiduna,

zeru-lurren egilea.

Sinesten dut Gizakia, Ama Biziaren Haur garatua,

bilakaera gartsuan zehar sortua,

Pilato guztiak gorabehera eta,

Bizia zapaltzeko eta hilobiratzeko,

dogma zapaltzaileak asmatzen dituzten guztiak gorabehera.

Baina Bizia etengabe berpizten da,

eta Gizakiak aurrera darraio Biharrera bidean.

Sinesten ditut espirituaren,

munduaren energia kosmikoaren, zerumugak.

Sinesten dut beti gorantz doan Gizadia.

Sinesten dut bizi iraunkorra. Amen.

(José Luis Sampedro)

(Hemen 42, apirila-ekaina, 37-49 or.)