Hil-kanpaiak

Hil-kanpaiek jo dute Aizarnan, udazkeneko eguerdi isila emeki urratuz. Bost kanpai-hots hiru bider, hamabiak eta geroxeago, Irureko Luisaren bakezko eta kemenezko oroitzapena ibarrean zabalduz. Santa Engrazin gora joan da brontzezko uhinen durundia, ortziaren infiniturantz, den guztiaren durundiarekin bat eginez.
Nora joan da, ordea, Luisaren bizia? Ezerez bihurtu ote da? Ezerezetik ezer sortzen ez denez, ezin dut sinetsi baden ezer ezerez bihur daitekeenik. Udazkenez, txorten-hariak adaska-begitik askaturik, haizearekin dantzan kulunkari lurrera datorren hostoa lur bihurtzen da, lurra izerdi, izerdia kimu, hosto, lore, fruitu, eta fruituan gordeta hazi. Fruitua bizidunon elikagai, eta hazia lurrean ernamuin. Biziak bizirik jarraituko du agortezineko forma berri miragarrietan. Ezer ez da desagertzen, eraldatzen baizik. Udaberriko miraria udazkenean hasten da, eta udaren betea neguaren hutsean, edo alderantziz: udazkenean uda eta udaberrian negua, biziaren gurpilean dena bat.

Biziaren gurpilean edo, hobeto esan, espiralean, ezer ez baita lehenera itzultzen, ez forma bera inoiz errepikatzen. Lur osoan ez dira bi hosto berdin, ezta bi kanpai-hots berdin ere, hala dirudien arren. Dirudienez, unibertso osoan ez dira bi atomo berdin ere, harrigarrietan harrigarri. Bizidun bakoitza, izaki bakoitza forma desberdin, bakar, berezia da.

Bakar eta berezia, baina ez bereiz edo bakartia. Den oro ororekin konektaturik dago. Diren guztien kide gara denok. Izakide, bizikide, gizakide gara, unibertsoan izan den guztiarekin eta izango den guztiarekin bat, Orotasunean.

Sinesten dut Orotasun eta ororen Oroimen bizigarria dela ‘Jainkoa’. Jaiotzen dena forma zaharrera hiltzen den bezala, hiltzen dena, bere kontzientzia indibiduala barne, Orotasun, Oroimen edo Kontzientzia unibertsalean jaiotzen dela, unibertso honetan edo beste batean, espazio eta denbora guztiez honago, harago, ez dakit nola. Biziaren arnasa ez dela hiltzen. Hil-kanpaiak bizi-kanpai direla.

0 replies

Leave a Reply

Want to join the discussion?
Feel free to contribute!

Leave a Reply