JESUSEN BERRI ONA XXI. MENDERAKO

Gaur Elizak dituen “erronkak” aipatzen ditugu sarri? Hitzak berak deseroso sentiarazten gaitu. Erronkak ditugu, eta ez dakigu nola egin aurre. Erronkak ditugu, eta ez gara gai aurre egiteko. Gaizki eginaren edo ezinaren edo ezjakinaren sentipenak harturik gaude, olatu erraldoi batek bezala. Lehenengo esan nahi nizueke: kontuz kontzientzia txar horrekin, ez digu ezertan laguntzen. Halakoxe garaian egokitu zaigu kristau izatea, eta ez dira besteak baino garai okerragoak. Ez diezaiogun utzi ezkortasunari gutaz jabetzen.

Ez gaude erronka handietarako, eta hobe dugu erronkan ez hasi. Jar gaitezen xumeago, apalago. Bada berri on bat esker onez hartzeko eta apalki eskaintzeko. Ebanjelioak “berri ona” esan nahi du: berria eta ona, berria eta ongarria, ezezaguna eta kontsolagarria. Begira nola hasten zaigun San Markos Jesusen historia: “Joan Bataiatzailea kartzelan sartu eta gero, Jesus Galileara etorri zen eta Jainkoaren berri ona hots egiten zuen. Honela zioen: ‘Betea da garaia, eta bertan duzue Jainkoaren erregetza. Bihotzberri zaitezte eta sineti berri ona’ ” (Mk 1,14-15).

Berri on horrek Jesusen ezpainetan eta eskuetan izan zituen oihartzun nagusiak aipatuko dizkizuet. Jesusen berri onaren ardatz eta giltzarri nagusiak. Ez dira erronkak, biziaren doinuak dira.

 

1. Zoriontsu eta on izaten ikasi, izaten erakutsi

Ebanjeliotik hitz bat bakarra hartu behar banu, eta gainerako guztiak utzi, hauxe hartuko nuke: “Zorionekoak!”. Hitz horrekin hasi zuen eta hitz horretan bildu zuen Jesusek bere mezua osorik. Garai guztietako profeten sugarra zeraman barruan, eta mendira igo zen, Moises aspaldi igo zen bezala, eta harlauzatan idatzitako aspaldiko hamar agindu astun haien ordez zortzi aldarri alai zabaldu zituen lau haizetara: “Zorionekoak zuek!” Behartsu, gaixo, pertsegitu eta errukarri guztiei zoriona iragarri zien: “Zorionekoak zuek, ez, noski, pobreak zaretelako, pobreak izateari utziko diozuelako baizik! Zorionekoak zuek, ez negarrez ari zaretelako, negarraren ordez poza izango duzuelako baizik! Zorionekoak zuek, ez pertsegituak zaretelako, askapena badatorkizuelako baizik! Jainkoak libratuko zaituzte! Jainkoak xukatuko ditu zuen malkoak! Jainkoak kontsolatuko zaituzte! Oraintxe da garaia. Kontsola ezazue elkar, Jainkoak kontsola zaitzaten! Goza itzazue elkarren negarrak, Jainkoak goza zaitzaten! Libra ezazue elkar miseriatik, Jainkoak libra zaitzaten! Izan zaitezte zoriontsu, Jainkoa bera ere zoriontsu izan dadin! Zorion-garaia da!”

Horrela mintzatu zen Jesus mendi gainean, eta hitz horretantxe laburbildu zuen esateko zeukan guztia: “Zorionekoak!” Eta lau ebanjelioak eta Itun Berri osoa, egia esan, ez dira hitz horren oihartzun luzea besterik. Erreparatu hitzari: ba al dakizue zenbat aldiz agertzen den Itun berrian hitz hori: “zorioneko”? 50 aldiz agertzen da. Pentsarazi egin behar liguke, zer den garrantzizkoa Jainkoarentzat, zer den funtsezkoa kristautasunean, zerk izan behar lukeen inportanteena Elizarentzat. Zoriona da munduari eragiten dion indar geldiezina. Zorionak erakartzen eta mugiarazten gaitu denok. Zorionaren bila dabiltza izaki guztiak. Eta Jainkoa? Zorion-egarri unibertsalaren hondoa eta sorburua da Jainkoa. Zoriona da Jainkoaren lehen ametsa eta agindu gorena izaki guztientzat. Izan zaitez zoriontsu!

Bai urrun gabiltzala Itun Berriko mezutik! Eta bai urrun gabiltzala geure bihotzetik! Badirudi Jesusen zorion-logika azpikoz gain irauli dugula. Badirudi zorionaren ebanjelioa harlauza astunen eta dogma ulertezinen eta erakunde zurrunen azpian estali dugula. Estali eta ito. Zoriona baino sarriago esan eta entzun ohi ditugu bestelakoak, aginduak eta salaketak: eskoletan erlijioa erakutsi beharra, homosexualen ezkontza-debekua, abortu-legearen salaketa… Betiko kontuak.

“Zorionekoak!” Zoriontasunak ditugu ebanjelioaren mamia, eta mami horixe bihurtu behar genuke biziaren legamia, gizartearen legamia, Elizaren orantza, munduaren orantza, dena zorionduko eta onduko duen jainkozko altxagarria. Zoriondu eta ondu: horixe. Ez al da ogia bezain sinplea? Zorionaren ontasuna eta ontasunaren zoriona: biak batera. Ez al da biziaren legea, Jainkoaren legea? Zerk egin gaitzake on zorionak baizik? Eta zerk egin gaitzake zoriontsu ontasunak ezik?

Zorionak egingo zaitu on. Ez zaitu on egingo harrizko legeak, ez hitzezko dotrinak. Ezerk egitekotan, zorionak egingo zaitu on. Zorionak egingo zaitu apal eta gozo, errukitsu eta bakegile. Zorionak egingo zaitu negarrez daudenen kontsolatzaile eta justiziaren gose-egarri. Zoriontsuago eta apalago, zoriontsuago eta errukitsuago, zoriontsuago eta zorion-emaileago. Eta larrialdiak eta erasoak badatoz ere eta etorriko dira zorionak gordeko zaitu onik, zorionak eutsiko dizu ontasunean tente.

Hori lehenengo, edo hori batetik. Eta horrekin batera bestea, edo gauza bera besteraka: zorionak egingo gaitu on, baina zerk egingo gaitu zoriontsu? Hori ere erakusten digu Jesusek zoriontasunen mendian: ontasunak egingo zaitu zoriontsu. Apaltasunak egingo zaitu zoriontsu, ez handitasunak, ez harrokeriak. Negarrez ari direnen errukiak egingo zaitu zoriontsu, ez axola-gabeziak, ez gogorkeriak. Bake-minak egingo zaitu zoriontsu, ez gorrotoak, ez indarrak, ez indarkeriak.

Biak batera, beraz: zoriona eta ontasuna. Zoriontasunak egingo gaitu on, eta ontasunak zoriontsu. Eta nahi duzun aldetik hasi, bi aldeak funtsean alde bera baitira. Nolanahi ere, alferrik saiatuko gara on izan gabe zoriontsu izaten, baita zoriontsu izan gabe on izaten ere. Alferrik saiatuko gara legearen derrigorrez onak izaten, baita handitasunaren poderioz zoriontsuak izaten ere. Zer da Jesusen ebanjelioa? Horixe: Zorionaren ontasuna eta ontasunaren zoriona. Ondu eta zoritu gaitzala Jainkoaren misterio hurbilak. Zer da Jainkoaren misterioa? Horixe: Ontasun zoriontsua eta zorion ongilea. Gauzarik sinpleena eta beteena. Eta zer da, hori ez bada, erlijioaren muina, eta Elizaren funtsa? Zertarako dira legeak eta dogmak eta gure teologia guztiak, zoriontsu eginez on egiten ez bagaituzte, eta on bihurtuz zoriontsu bihurtzen ez bagaituzte?

 

2. Sua ere bai

Jesusen berri onean ez dira falta berri txar diruditenak ere. Esate baterako: “Lurrean sua jartzera etorri naiz, eta nahiago nuke dagoeneko piztua balego!” Badirudi kale-borroka sustatzen ari dela. Eta kale-borroka ez ezik, famili gatazka ere bai, honela baitio gero: “Hemendik aurrera, etxe bateko bost senideak elkarrekin banaturik egongo dira: aita-semeak eta ama-alabak eta amaginarreba-errainak, denak elkarren aurka”. Eta kale-borroka eta famili gatazka ez ezik, mundu guztiko gerra ere bai, eransten baitu: “Munduari bakea ematera etorria naizela uste al duzue? Bai zera! Bakea ez, ezpata ekartzera etorri naiz”.

Beharbada kosta egiten zaigu, Jesus horrela hitz egiten imajinatzea. Ba Jesusek horrelaxe hitz egin zuen, egon seguru. Ebanjelioek Jesusen ahotan jartzen dituzten beste hainbat esaldi ez, ez zituen Jesusek sekula esan, baina hitz horiek bai, Jesusek berak esanak dira zalantzarik gabe; halaxe diote gaurko ikerle eta aditu guztiek. Ebanjelio apokriforik zaharrenean ere, Tomasen ebanjelioa deritzanean, antzera hitz egiten du Jesusek: “Sua bota dut mundura, eta suari eutsiko diot su hartu arte” (10). Eta ebanjelio berean aurreraxeago: “Nigandik hurbil dagoena, sutatik gertu dago” (82).

Jesus gozoa zen, bai, baina beroa. Jesus maitagarria zen, bai, baina iraultzailea. Jesus poeta zen, bai, baina profeta. Poeta gozo maitagarria bezainbat, profeta bero iraultzailea zen Jesus. Iraultza iragarri zuen, eta iraultzarako egin zuen dei. Ez armak eskuan hartuz, hori seguru, ez kalean su emanez, ez erromatar eta handiki zapaltzaileak garbituz. Baina Jesusek iraultza iragarri zuen eta iraultza bultzatu zuen, hori ere seguru.

Sinetsia zegoen garaiko gizarteari, garaiko ekonomiari, garaiko erlijioari su eman behar ziela antzinako profetek bezala, eta su eman zien, bazterrak sutan jarri zituen. Familiarekin hautsi zuen, gizarteko konbentzio guztiak hankaz gora irauli zituen, erlijioko lege sakratuak urratu zituen, gizarteko botere guztiak salatu zituen, erlijioko botere guztiei aurre eman zien. Sua ekarri zuen. Eta jakina, bere suak beste su bat piztu zuen, eta su horrek erre zuen bera: diruaren eta erromatarren eta erlijioaren botereak erre zuten Jesus. Jesusen sua, ordea, ez zuten itzali.

Eta gaur zer? Jesusen suak ba ote du oraindik guregan txinpartarik? Non da gure gizartean Jesusen txingarra? Eta non du gure elizan Jesusen sugarra? Iruditzen zait, Jesus ez bezala, daukagunarekin konforme eta eroso bizi garela gehienok, konformidadezko gizartean, mundu zabalean nagusi den diru-sistemaren agindura txintxo asko. Eta eliza? Eliza, berriz, konformidadearen euskarri, berak eraiki duen sisteman preso eta munduan nagusi den sistemaren mirabe.

Tamalez, eta erabat ezustean, krisi ekonomikoak hankaz gora jarri digu sistema osoa. Baina hala ere, ahalegin guztiak egiten ari gara sistema bera berriro tente jartzeko. Bankuek saldu gintuzten, eta geure saltzaileak erosi behar izan genituen. Bankuek hondatu gaituzte eta bankuei lagundu eta lagundu jarraitzen dugu. Eta beste inor baino txintxoago kristauok. Non dugu Jesusen su iraultzaile hura, gizarteari eta planetari eta erlijioari su eman nahi zion txinparta?

Nekez imajinatzen dut Jesus gaurko gure gizartean hiritar otzan, morroi esaneko. Egingo nuke, beste zerbaiten bila abiatuko litzatekeela gartsu. Egingo nuke gaur ere sua piztuko lukeela, berriro baletor. Egingo nuke gatazka sortuko lukeela gure gizartean, zer esanik ez gure elizan, eta batzuek idealista kaskarin joko luketela, beste batzuek probokatzaile lotsagabe, beste batzuek herexe arriskutsu. Eta egingo nuke bere suaren beldurrez piztutako beste su gaiztoren batek erreko lukeela gaur ere Jesus, luzaro baino lehen.

Jesusen txinpartak ez dira inor kiskaltzeko, denak argiz eta beroz berritzeko baizik. Berri onaren txinparta mundu iluna argitzeko, mundu zauritua osatzeko. Berri on da Jainkoa guztientzat, eta guztiak nahi ditu bere ezteietan mahaikide. Inor baztertu gabe. Galtzailerik gabe. Denok mahaikide nahi gaitu, gizarteko eta erlijio guztietako galtzaileak aurrena direla. Denok mahaikide, denok adiskide, azkenekoetatik hasita.

 

3. Zauriak sendatu

Kristau izatea ez da dogma batzuk sinestea, edo Jainkoa badela sinestea, ezta hamar aginduak banan-banan txintxo betetzea ere. Bihotza bete errukiz eta gupidaz, zaurituen lagun hurko, “laguntzaile hurbileko” bihurtzea da kristau izatea. Bidertzeko zaurituari gupidaz eta arduraz zauriak sendatzea eta Jainkoa bihotz-bihotzez maite izatea ez dira bi gauza. Zer da, izan ere, Jesusen Jainkoa, gizaki eta izaki zauritu guztiokiko gupida hondogabea baizik? Eta zertarako da Eliza Jainkoaren gupida hurbil eta sendagarriaren irudi izateko baizik? Ez, Eliza ez da elizak eraikitzeko, elizak zaintzeko, elizkizun ederrak eginez Jainkoari ospe emateko, baizik eta bide-bazterretako zauritu eta kaltetu guztiak jaso eta sendatzen Jainkoari laguntzeko. Horrelaxe emango diogu Jainkoari ospe. Horrelaxe egingo dugu Jainkoa zoriontsu, Jainkoak ez baitu izaki guztion osasuna beste ondasunik eta izaki guztion zoriona beste zorionik.

Samariar on izatea ala ez izatea: horra gakoa. Eta argi aitortu behar: fedededun-izena daramagunok, tenpluetara joan ohi garenok, kristau-eliza osatzen dugunok, ez gara horretan inor baino hobeak. Gure elizkizunetan agertu ohi ez den zenbatek ez digu aurrea hartzen, Jesusen parabolako samariarrak apaizari bezala! Jesusek, ordea, samariarra – garaiko judu gehienen begietan arrotza, odolez kutsatua eta erlijioz herejea zen samariarra – jartzen digu egiazko gupidaren eta jainko-maitasunaren eredu. Ez al luke gaur gauza bera egingo?

Beste behin, zergak biltzeko mahaian eserita zegoen Mateo, eta Jesusek esan zion: “Zatoz gurekin”. Mateo zerga-biltzailea zen; Erroma gorrotatuarentzat zergak biltzea zuen ogibide. Ogibide eta lapurreta-bide. Lapur-fama ondo irabazia zuten zergalariek.

Jesusek, berriz, nor aukeratuko, eta zerga-mahaian eseria dagoen horixe aukeratzen du. “Mateo, zatoz zu ere gurekin”, esaten dio Jesusek. Mateok ezin du sinetsi, ederregia baita. “Ni, benetan ni? Zuk juduen askapen-mugimendu berria sortu nahi ez duzu, bada? Zertarako nauzu ni? Lapur gizarajo bat besterik ez naiz; herritar txukunek eta zure taldeak destainaz begiratzen naute”. “Berdin dio, Mateo! esaten dio Jesusek. Zatoz zu ere gurekin. Amets eder bat daukagu elkarrekin egiteko. Gure herriaren, mundu osoaren egiazko askapena daukagu elkarrekin amesteko eta gauzatzeko”. Lepotik zama ikaragarria erori eta hegoak atera balitzaizkio bezala sentitzen da Mateo, eta han uzten du zerga-mahaia, eta hor doa, guztiz kontsolaturik, Jesusekin batera amets egitera.

Eta zorionak bihotza zabaltzen dio, bihotza eta patrika eta mahaia. Afari eder bat ematen du etxean nahi duen guztiarentzat; han ez dago etiketarik, ez dago debekurik, ez baldintzarik. Han biltzen dira ateak itxita aurkitzera ohituak dauden guztiak. Han biltzen dira prostituta umiliatuak, eta zergalari gorrotatuak, eta erlijio-betebeharrak zuzen betetzen ez dituzten bekatari mespretxatuak. Han ez du inork bere burua besteak baino zintzoagoa ikusten, ezta besteak baino gaiztoagoa ere. Denak kabitzen dira: elkartasunak pozten ditu eta pozak elkartzen, eta elkarrekin mundu berri bat eraikitzeko borondatea dute barruan irakiten. Horixe zen Jesusen ametsa eta gertatzen ari da.

Jakina, Jesusen ametsa ez da guztien gustuko. Berehala hasten dira marmarrean beren ustetan zintzo direnak: “Zer dabiltza horiek, zintzoak eta bekatariak mahai berean nahasturik?” Sutan daude, batez ere, lege-maisuak eta erlijio-agintariak: “Hau ez dago ametitzerik! Jainkoaren legeko muga guztiak hausten ari zaigu nazaretar hau. Bekatarien mahaikidea bekatari bihurtzen da. Eta Jainkoaren legean argi dago: bekatariak bekatari dira, eta zintzoak zintzo. Errugabeak errugabe dira, eta errudunak errudun. Eta errudunarentzat bi aukera bakarrik daude: damua edo zigorra”. Hori da erlijio-maisu eta zintzoen diskurtsoa. Erlijio moralista ernegatuaren diskurtsoa, kontsolamendurik gabeko erlijioaren logika. Eta zer dio Jesusek? Esaldi soil batekin erantzuten die, diskurtso handien premiarik gabe: “Ez dute osasundunek behar sendagilea, gaixoek baizik”. Lege-maisuek eta fariseuek legea eta “bekatua” aipatzen dituzte; Jesusek “gaixoak” eta “osasuna” aipatzen ditu. Beste erlijio bat da hau.

Guretako gehienok hezur-mamietan itsatsia daramagu legearen eta bekatuaren diskurtsoa: “Bekatua errua da, eta erruak zigorra merezi du, eta barkatuko bada baldintza batzuk behar dira”. Eta Jainkoaren beldurra asmatu genuen, eta apaizak eta aitortzak jarri genituen bekatuen barkamena lortzeko. Ez da hori Jesusen ikuspegia. Jesusi ez zaio inporta nor den errudun eta nor errugabe. Jesusi ez zaio inporta bekatua, gaixotasuna baizik. Ez zaio inporta barkamena, osasuna baizik. Arazoa ez da nor den errudun, baizik eta nor den gaixo eta nola sendatu, eta nola izan elkarrentzat ongile, sendalari?

Erruaren eta zigorraren obsesioak harrapaturik gauzka. Jakina, errudunak besteak izan ohi dira beti, legea norberak bere erara egiten duenean. Legearen eta justiziaren izenean, Guantanamo asko eraikitzen dira.

Oso bestelakoa da Jesusen ikuspegia. Eta marmarrean ari direnei esaten die: “Gaixo daudenek behar dute sendagilea, ez sano daudenek”. Eta hori ulertzeko bihotzik ez zutenei esaten die: “Errurik ez duenak, jaurti dezala lehenengo harria”. Utz dezagun, beraz, erruaren, bekatuaren, zigorraren ikuspegia. Jar gaitezen Mateoren eta Jesusen mahaian, geure zauriak eta besteenak sendatzera, elkarrekin pozik jatera eta amets egitera. Zabal diezazkiogun bihotzak kontsolamenduari eta ateak elkarri. Sar dezagun erlijio-egituren eta egitura politikoen barne-barneraino Jesusen printzipio kontsolagarri eta iraultzailea: “Nahiago dut errukia, legea eta zigorra baino”.

Nortara edo hartara galduta edo errudun edo zauriturik edo gizartean bazterturik edo elizan kondenaturik sentitzen bazara, zaude lasai. Zuregana dator Jesus, Jainkoaren ezteietarako gonbitea luzatuz. Ez zaude, beraz, inolaz ere galduta. Poztu zaitez, uxa itzazu beldurrak, utzi barruari gozatzen, zatoz konfiantzaz Jainkoaren ezteietara. Eta hasi zu ere, Jesusekin batera, mundu honetako galduak eta galtzaileak, zauritu guztiak, Jainkoaren ezteietako mahaira gonbidatzen. Gure esku dago Jainkoaren eztei-zoriona.

 

4. Beldurrak arindu, beldurrak uxatu

Behin eta berriz esaten du Jesusek ebanjelioan: “Ez izan beldurrik!”. Uste dut, horixe entzun behar genukeela eta horixe aldarrikatu behar genukeela guk ere behin eta berriz: “Ez izan beldurrik!” Beldur gehiegi daramagu barruan. Beldur gehiegi da gure munduan, eta bertako gure gizartean. Beldur gehiegi dauka Elizak, gure Eliza maiteak ere. Oso beldurtiak gara.

Eta ez uste, beldurra ez da txarra berez, bere neurrian. Izaki mugatuak gara, baina ez geure mugetan itxiak, ez oskol trinko batean bilduak, ez hesi gotor batez inguratuak. Zabalik gaude, hauskor gara, min hartzen dugu. Bizi gara. Eta biziari ez zaio arriskurik falta. Eta beldurrak laguntzen digu, hain zuzen ere, arriskuak sumatzen. Beldurrak jartzen gaitu erne, arriskuez jabetu gaitezen, eta biziaren mehatxuei aurre egin diezaiegun. Bizidun sentikor garelako gara beldurti. Bizidun hilkorraren babesgarri da beldurra. Jaio ginenetik beldurrik izan ez bagenu, aspaldi hilko ginen. Eskerrak, beraz, beldurtiak garen.

Askotan, ordea, gehiegitan, beldurra bera gertatzen da arriskurik handiena. Edonoiz eta edonon mehatxuak ikustera garamatza sarri beldurrak. Funtsik gabeko mamu beltzak sortarazten dizkigu maiz. Hesiak eta gotorlekuak eraikitzera, geure baitan ixtera, etsaiak nonahi ikustera, geure burua kosta ahala kosta defenditzera, etsai izatera eragiten digu. Beldurrak etsaiak ugaltzen ditu, eta ondorioz mehatxuak. Eta horrela doa gure mundua. Inoizko segurtasun-sistemarik seguruenak eraiki ditugu, beldurraren beldurrez, eta inoizko mundurik ez-seguruenean bizi gara. Zenbat eta ustez gotortuago, hainbat eta babesgabeago. Ez dago zalantzarik: gizakiarentzat nahiz gizartearentzat, beldurra bera da arriskurik beldurgarriena. Lasaiago biziko bagina, geuregan eta elkarrengan konfiantza gehiago bagenu, eta segurtasun-sistematan inbertitzen ditugunak elkarrizketan eta justizian inbertituko bagenitu, askoz ere mundu seguruagoan biziko ginateke.

Gaurko Elizan ere, beldurra da nire ustez arriskurik handiena.

Jesus gure artean balego –eta hemen dago–, bere ikasleei bezalaxe esango liguke –eta esaten digu– bihotz-bihotzera: “Ez izan beldurrik! Jainkoaren Espiritua etorkizun berria eraikitzen ari da, eta gorderik dagoen bizia agertuz, garatuz, joango da. Ez izan beldurrik baztertuen alde jartzeagatik jasan beharko dituzuen oinaze eta pertsekuzioei! Ez izan beldurrik, zuen muga, arrisku eta oinaze guztietan, Jainkoa zuekin baitago beti. Ez izan, ba, beldurrik!”.

 

5. Jainkoa berri ona da

Jesusek ez zuen Jainkoari buruz asko hitz egiten. Guk gehiegi. Jesusek Jainkoaren erregetzaz hitz egiten zuen; ez Jainkoa badela, eta sinetsi egin behar dela; ezta Jainkoa zer den ere, baizik eta Jainkoak zer egiten duen; Jainkoaren presentzia onaz, ongarriaz. Hurbil da, eta ona da. Ez da berri txarra. Ez da berri on eta txarra, biak batera. Horrela gorpuztu, mamitu, haragiztatu zuen Jainkoa bere hitzetan eta egintzetan. Berri ona da, berri ona bakarrik. Horrela hitz egin zuen eta horrela bizi izan zuen Jesusek Jainkoa. Jainkoa ukendu gozo eskaini zion gure arima zaurituari. Beldurra sendatzen digu Jesusek.

Erlijioa bezain zaharra da Jainkoaren beldurra, erlijioa bera baino ere zaharrago. Baina argi dago: beldurrak Jainkoarengana hurbildu dituenak beldurrak urruntzen ditu Jainkoarengandik lehentxeago edo geroxeago. Eta egia esan, beldurra ematen duen Jainkoarengandik urrunduta hobe, hura ez delako Jainkoa, besteak beste. Noski, Biblian ere badira Jainkoaren mendekuari eta zigorrari buruzko hainbat esaldi. Bai, Biblian ere denetik dago, nola Itun Zaharrean hala Itun Berrian. Jainkoren zigorra sarri aipatzen da, gizakiek idatzi baitzuten, eta gizakiek giza esperientziaz baliatuz hitz egiten dute beti nahitaez Jainkoari buruz. Eta haserrea, mendekua, zigorra, giza esperientziak dira, giza esperientziarik ilunenak. Ez dira, ordea, Jainko-esperientzia. Jainkoarengan ez dira. Jainkoarengan ez da haserrerik, mendekurik, zigorrik. Hori guztia ez da Jainkoa. Giza beldurrek sorturiko mamu handia besterik ez da. Begira Jesusi: behin batean, joan zen Nazareteko sinagogara, eta Isaiasen testu bat irakurri zuen, baina Jainkoaren zigorrari buruzko aipamena kenduz intentzio osoarekin. Eta esaten die: “Jainkoa sinestazue, adiskideok, Jainkoa grazia hutsa da. Onginahi hutsa. Ontasun hutsa. Ontasun dena”.

Munduaren eta erlijioaren hasieratik hezurretan itsatsita daramagu beldur iluna, hainbat Jainko-irudi makur sortarazi digun beldur zitala, elkarren inbidiaz eta gorrotoz bizi izatera garamatzan beldur gaiztoa, geure buruari eta besteri hainbat kalte eginarazten digun beldur beldurgarria. Beldurra sendatzen digu Jesusek eta, beldurra sendatu ahala, on bihurtzen gaitu. Munduko beldur eta zigor guztiek ez dute hitz gozo batek adina indar on egiteko eta on izanarazteko. Beldurrak gauza on asko eginaraz dezake, baina beldurrak ez gaitu ez on eta ez zoriontsu egingo. Gure egintza on guztiak, berriz, kolokan izango dira, harik eta barrua ontzen eta zoriontzen ez zaigun bitartean.

Jainkoak, ordea, ontasunez zoriontsu egiteko eta zoriontasunez ontzeko dohaina du. Eta Jainkoa horixe da, horixe da Jainkoaren magia. On hutsez zoriontsu eta on bihurtzeko magia miresgarria du Jainkoak. Guk ez. Guk eginahalak egiten ditugu kalte eginez on bihurtzeko uste usteletan. Alferrik gabiltza. Kartzelak ez du inor ontzen. Zigorrak ez du inor gizatiarrago egiten. Iruditzen zait, urte asko barru gure kartzela-sistema krudel eta zentzugabe hau lotsagarri joko duela gure gizarteak. Hala joko ahal du!

Ontasunak eta zorionak onduko dituzte gure sustraiak, ez beldurrak, ez zigorrak. Hala sinesten zuen Jesusek, eta hori iragarri zuen Nazareteko sinagogan: Jainkoaren graziazko urtea, betidanik sortu eta betidaino iraungo duen Jainkoaren grazia-garaia. Zauri guztiak sendatu eta gaizkile guztiak onduko dituen Jainkoaren ontasun handia. Zigorra kentzen du Jesusek Jainkoaren iruditik, eta grazia bakarrik uzten, baina a zer nolako grazia eraginkorra! Behartsuei berri ona, itsuei ikusmena eta preso guztiei amnistia iragartzen dien Jainkoaren ontasun ahaltsua.

 

6. Muga guztiez haraindi

Jesusen sendalari fama bizkor zabaldu zen, eta bat baino gehiago probatu ziren garai hartan, ea beraiek ere gauza ote ziren Jesusen izena aipatuz gizon-emakume gaixoengandik “espiritu gaiztoak” uxatzeko, hau da, gizaki gaixoen barru eta kanpoko korapilo ilun bihurriak askatzeko.

Behin batean, sendalari horietako batekin topo egin zuten Jesusen ikasleek, eta jeloskor jarri ziren. Eta Joan Zebedeo apostoluak Jesusi esan zion: “Hori ez da gureetakoa. Ez du eskubiderik Jesusen izenaz baliatuz deabruak uxatzeko”. Zoritxarreko jelosia! Zoritxarreko inbidia! “Ondamua” ere esaten diogu euskaraz, horixe baita izan: onaren damua, bestearen ona dela-eta tristatzea. Edo “bekaitza” ere esaten diogu, eta ezin esan egokiago, ze horixe baita azken batean: begietako gaitza, bestearen ona ikusi ezina.

Baina badira jelosia kolektiboak ere. Jelosia kolektiboa adierazten digute Joan apostoluaren ebanjelioko hitzek: “Hori ez da gutarra esaten dio Jesusi, eta ez du zure izenaz baliatzeko eskubiderik inor sendatzeko. Ez da gutarra, eta ez luke ahalmenik izan behar inor askatzeko. Guri bakarrik eman diguzu eta guk bakarrik dugu ahalmena eta eskubidea sendatzeko, neurosiak eta korapiloak askatzeko, jendea zoriontsu eta libre egiteko. Hori ez da gutarra: debeka iezaiozu zure izenean sendatzen aritzea”.

Jesusen taldean bertan ageri zaigu, beraz, jelosia kolektiboa, inbidia kolektiboa. Zoritxarreko “gutarrak eta besteak”! Talde guztietan ageri da. Ikus, esate baterako, alderdi politikoak: “Guk dena ongi egiten dugu, guk bakarrik. Baina guk egiten dugun ona gaitz bihurtzen da, besteek egiten badute. Eta etengabeko sestran bizi gara. Jelosia kolektiboa ez da gaiztakeriara ere iristen. Kaskarkeria da, zirtzilkeria.

Horrelako jelosia kolektiboak, berriz, are zikoitzago eta are arriskutsuago bihurtzen dira, Jainkoaren, erlijioaren, Ebanjelioaren izenean zuritzen direnean. Eta horixe egiten du Joanek, zein eta apostolu den, edo apostolu delako beharbada: “Debeka iezaiozu sendatzea, ez baita gutarra”, esaten dio Jesusi. Zorioneko “gutarra”! Guk badakigu, besteak oker daude; guri Jainkoak errebelatu digu, besteei ez, guri adina ez behintzat; gu Jainkoak aukeratu gaitu, besteak ez, gu bezainbat ez behinik behin. Oso sarri entzuten eta irakurtzen dugu, esate baterako, eliztar askoren diskurtsoetan: “Baliteke Jainkoarengan sinesten ez duena ona izatea, baina, Jainkoarengan sinesten ez badu, azken batean ez du aurkituko ona izateko arrazoirik, eta lehentxeago edo geroxeago aise utziko dio on izateari. Erlijiorik gabeko etikak ez du oinarririk, eta oinarririk gabeko etika galbidean da. Erlijioa galdu duelako dago gaurko mundua hain galdua. Erlijioak bakarrik salba dezake etika, humanismoa, munduaren etorkizuna. Guk bakarrik, alegia. Gu gara benetako erlijioa”.

Hala hitz egin ohi da sarri. Baina iruditzen zait, Ebanjelioak hautsi egiten dituela gure eskema eta muga horiek denak: Jainkodunak eta Jainkogabeak, fededunak eta fedegabeak. Eta iruditzen zait “fedegabea” omen den gaurko mundua ez dela inondik “fededuna” omen zen hura baino okerragoa. Iruditzen zait, Jainkoaren eta fedearen izenean egin direla historian zehar egin izan diren krudelkeriarik handienak. Iruditzen zait, herrialde eta gobernu izenez kristauek ekarri dutela gure mundua gauden egoera jasangaitz honetara. Iruditzen zait, eskolan erlijioa ikasi izan arren edo eskolan ikasi zuten erlijioa ikasi zutelako beharbada, hain zuzen ere bihurtu zela gure gizartea fedegabe duela 50 urte.

Eta iruditzen zait gaur ere Jesusek esaten digula: “Ez iezaiozue eragotzi! Ez iezaiozue ukatu inori ona izateko eta on egiteko duen jainkozko eskubide sakratua, jainkozko ahalmen santua. Ez ezazue behartu inor Jainkoaren izena zuen erara erabiltzera, ez iezaiozue debekatu inori Jainkoaren izena zuek ez bezala erabiltzea. Poztu zaitezte besteek egiten duten onaz, nahiz eta ez izan zuetarrak. Eta ez zaitezte deskuida: Jainkoa ez dago presente haren izena erabiltzen duzuenean, sendatzen zaretenean eta sendatzen duzuenean baizik. Ontasuna non, han dago Jainkoa, edozein izenekin edo inongo izenik gabe”.

 

7. Hizkera berritu

Edo teologia gaurkotu. Nekez iragar dezakegu berri ona hizkera zaharrean. Eta gure hizkera oso zaharra da. Gure Jainko-irudiak, gure otoitzak, gure dogmak, gure teologia guztia ikaragarri zaharkitua gelditu zaigu.

Ez dut esango lehengoa txarra zenik, baina gaur ez du balio. Ez dut esango gu garenik lehen fededun modernoak, baina gure hizkera gaurkotzen ez badugu, ez gaitu inork ulertuko, eta ez da inorentzat berri on izango? Norentzat ari gara, beraz? Ez dut esango teologia berria behin betikoa izango denik – nola bada? -, baina gerokoek izango dute euren zeregina, guk geurea dugu.

Jesus ez zen izan errepikatzailea, berritzailea baizik. “Holako eta halako dago idatzia –esaten zien entzule harrituei–, baina nik zera esaten dizuet”. “Orain arte hau eta hau entzun duzue, baina nik beste hau esaten dizuet”. “Garai berriak datoz –esaten zien Jesusek–. Iritsia da dagoeneko Jainkoaren garai berria. Maisu trebatuak hortxe erakusten du bere trebetasuna: kutxa zaharretik gauza berriak ateratzen dakienean. Berritu dezagun bihotza, berritu dezagun hitza, mundua berri dezagun”.

Kultur aldaketa sakon batean murgildurik gaude. Norbaitek dioen bezala, gure aroa ez da aldaketa-aroa, aro-aldaketa baizik (G. Amengual).

M. Guerra Camposek idatzi du: “La Iglesia está enferma. No me refiero a los pequeños o grandes achaques que con frecuencia se le atribuyen: que si es autoritaria; que si es rica; que si está siempre del lado de los poderosos; que si los curas deberían casarse; que si la mujer debería poder ser sacerdote, etc. (…). Se quedó dormida en la Historia. Empeñada en encerrar la fe en fórmulas que fueron válidas para otros tiempos, intenta que los hombres y mujeres de hoy comulguen con verdaderas ruedas de molino”. “Llevamos quiñientos años pataleando para que nada cambie”. Eta aholku bat ematen die gotzainei: “Que tomen el libro en el que de forma vinculante fundamentan sus trabajos, el Catecismo de la Iglesia católica; que le den un respetuoso beso y lo encierren en el sagrario de una capilla abandonada; después que tiren la llave (…). A continuación, sin tiempo para arrepentirse, que hagan ejercicios espirituales en alguno de los muchos monasterios que conocen (…)…, y traten de formular la Buena Noticia con palabras y conceptos adecuados a la cultura en la que vivimos”.

Eta M. Legaut-ek: “En estos tiempos en que el universo mental de los hombres, al menso en occidente, ha cambiado más en estos últimos decenios que a lo largo de los milenios ancestrales, el edificio doctrinal, en el que antaño los cristianos vivieron seguros y con evidencia, protegiéndose de la realidad a la que entonces sólo sabían cantar y soñar, se encuentra sacudido como nunca”.

Mons. Albert Rouet, Poitiers-eko gotzainak, berriz, esan berri du: “La Iglesia tiene dificultades para situarse en el agitado mundo de hoy. Y ese es el corazón del problema. Me preocupan dos cosas de la situación actual de la Iglesia. Se da hoy en ella una congelación de la palabra. Por tanto, cualquier cuestionamiento de la exégesis o de la moral se juzga blasfemo. El cuestionar es algo que ya no se produce automáticamente y es una pena. Al mismo tiempo, en la Iglesia reina una atmósfera de suspicacia malsana. La institución se enfrenta al centralismo romano que se apoya sobre toda una red de denuncias. Ciertas corrientes pasan el tiempo denunciando las posiciones de tal o cual obispo, haciendo informes contra uno, guardando fichas contra otro. Y esto se intensifica con Internet. Por otro lado, veo una evolución de la Iglesia paralela a la de nuestra sociedad. La sociedad quiere más seguridad, más leyes; la Iglesia, más identidad, más decretos, más reglamentos. Nos protegemos, nos encerramos. Es la señal misma de un mundo cerrado, ¡y es un desastre!”.

Eman dezagun, erlijiotik urrun jaio eta bizi den norbait mezatara etorri dela gaur jakin-minez edo ikusmiran. Zer pentsatuko luke? Askotan egiten diot galdera hau neure buruari? Mezatan entzundakoak entzunda, zer pentsatuko luke?

Esate baterako, Jaun Goiko, ahalguztidun eta zorrotz baten aurrean bezala jardun ohi dugu, bekatua gora eta bekatua behera, behin eta berriz barkamen eske, Jainkoak barkatuko ote digun, ez ote digun dudatan bezala. Ez da hori. Ez da hori. Jainkoak ez gaitu inoiz errudun ikusten, baizik eta sufritzen eta sufriarazten ikusten gaitu gupidaz beterik. Ez dauka zuri zer barkaturik. Begiradarik samurrenean biltzen zaitu, eta gauza bat bakarrik nahi luke zuregandik, Jesusek Zakeorengandik bezala: “Ez zaitez geldi hor goian –esaten dizu– zeure zaurien eta sareen gazteluan, hain urrun. Jaitsi zaitez, eskain iezadazu etxea, gonbida nazazu zeure mahaira, elkarrekin goza dezagun”.

Edo, meza osoan eskatu eta eskatu ari ohi gara: erruki eske, barkamen eske, osasun eske, ogi eske, bake eske, batzuen eta besteen alde eske, eta arren eta arren entzuteko eske. Zer pentsatuko luke kanpotik etorri eta entzungo ligukeen batek? Jainkoak ba ote du guk ezer eskatu beharrik? Gure eskariek emanarazten ote diote berez emango ez lukeena? Nahi duenean nahi duena nahi duenari ematen dion jauntxo bat ote da Jainkoa?

Zertarako eskatu, orduan? Izatekotan ere, geure premiaz jabetzeko. Edo, hobeto esan, geure konfiantza adierazteko. Edo, hobeto esan, hartzen ikasteko. Edo akaso hobeto esan: Jainkoari eskatzen diogunaren egile eta emaile geure buruarentzat eta besteentzat bihurtzeko. Bai, izatekotan ere, horretarakoxe eskatzen dugu: geure premiaz jabetzeko, eta geure konfiantza adierazteko, eta Jainkoak etengabe ematen diguna hartzen ikasteko, eta azken batean geure buruari Jainkoa bera emateko. Horretarako ez bada, gure eske-otoitza magia hutsa da, sinestekoa ez den Jainko batengandik gauzak lortzeko modu dorpea.

Eta egia esan, uste dut magia eta dorpetasun asko dagoela gure otoitzetan. Eta uste dut Jesusek gaur irakatsi behar baligu, ezer eskatu gabe otoitz egiten erakutsiko ligukeela. Uste dut, erakutsiko ligukeela gure mugak eta premiak Jainkoaren aurrean agertzen, eta mugarik gabeko konfiantza adierazten, eta Jainkoa eman eta eman ari zaiguna hartzen, eta Jainkoaren dohain guztien eta Jainkoaren beraren iturri izaten. Uste dut Jesusek erakutsiko ligukeela Jainkoaren aurrean negar egiten, eta Jainkoaren aurrean dantzan egiten eta bizitza ospatzen, eta Jainkoaren aurrean barrua husten eta Jainkoaren besoetan bizitza uzten, salmoak esan digun bezala: Jauna duzu zaintzaile, Jauna gerizpe: alboan duzu beti. / Ez dizu kalterik egingo eguzkiak egunez,/ ez ilargiak ere gauez. Eta eguzkiak egunez, nahiz ilargiak gauez kalte egiten badizu, Jainkoa zure ondoan izango duzu, zurekin sufrituz eta zuri eskua emanez. Uste dut, hala erakutsiko ligukeela Jesusek. Azken batean, uste dut Jesusek erakutsiko ligukeela geure buruarentzat eta munduarentzat Jainkoaren ogi eta kontsolamendu izaten, geure buruarentzat eta lagun hurkoarentzat Jainko-emaile eta Jainkoa bera izaten, eta Jainkoari berari izaten laguntzen

 

In: Jesusen Berri Ona XXI. menderako

Arratiako Eliza, 2011, 5-23 or.