XABIER LETE: hamasei gutun lekuko
Gaurko egunez, abenduak 4 –hamalau urte jada–,
joan zen, autobusa hartuta,
Biziaren betean Lourdesekin jaiotzera.
Lagun gaitzazue bidean garenok.
Altxor preziatu bat neukan, kontu eta estimu handiz gordea: Xabier Letek bere azken urteetan (2004tik 2009ra bitartean) idatzi zizkidan 16 gutun. Eta hura joan eta hamar urtera, denak guztien esku jartzera deliberatu naiz, izan zen gizonaren oroitzapena ohoratzeko, bere hitzaren oihartzuna luzatzeko eta balizko irakurleari bazka eta hausnargaia eskaintzeko.
Gure belaunaldi osoak bezala, Leteren ahots eta letra gihartsuak gaztetandik belarrian eta eztarrian izan banituen ere, oso berandu izan nuen berarekin zuzeneko harremanaz gozatzeko zoria, zori ona. Gutun bidez batik bat, halere. Sei urteko harreman labur, soil, sakona izan genuen.
HEMEN aldizkariaren sorrerakoan idatzi nion lehendabizikoz, eskale, Arantzazuko fraideen usadioari jarraiki. Hark Internetik ez eta eskuz idatzi nion, “aspaldi batean” –2000. urte aldera posta elektronikoa hedatu zen arte– egin ohi genuen bezala: orri zuri bat hartu, boligrafo xumeaz idatzi, sobrean sartu, azala eta seilua mihiaz pegatu, kale-kantoiko posta-kutxan bota eta… erantzuna hilabetera jasotzeari ez zitzaion luze irizten. Hogei urte besterik ez dira, eta zeinen urruti geratu zaigun! Are gutxiago iraun du –diodan bide batez– HEMENek: 17 urte. Eta ez, diodan baita, sortu genuen eta bizirik eusten genionon borondatez, ugazaben (Euskadiko Erlijiosoen Erakundea) erabakiz baizik, “diru-galera” omen delarik motibo, edo aitzakia. Txema Arzallus, aldizkariaren zuzendariak idatzi duenez: “Hegoak ebaki bagenizkio, agian bizirik iraungo zuen… baina ez zen HEMEN izango”. 2020ko azaroan jakinarazi ziguten erabakia: bertan behera uzten zuten HEMENekiko babesa; inprentara bidean genuen urteko azken zenbakia atera zedila, ezta bat bakarrik ere gehiago.
Utz ditzadan, ordea, kontu ilun horiek eta natorren harira, gutun hauen nondik norakora. HEMENen aipamena ez da, halere, alferreko, zeren aldizkariaren hasierak eman baitzidan bultzada Xabier Leterekin harremanetan jartzeko, eta aldizkariaren amaierak eskaintzen dit aukera gutunok argitaratzeko. Nola diren gauzak… Nola garamatzan batak bestera, gizaki eta izaki guztiok, unibertso osoak –partikula eta atomoetatik izar eta galaxia guztietara, bere argigune eta zulo beltz guztiekin– sare bat osatzeraino, harrigarriro…
Harira, bada. HEMEN bizirik zegoela eta hiltzeko asmorik gabe, 2021eko lehen zenbakia Xabier Leteri (eta Joxean Artzeri) eskaintzea erabakia genuen eta gutunok bertan argitaratzeko asmoa nuen, aldizkariak Leterekin zuen zorra nolabait kitatuz. Aldizkariaren itxierak zenbakia zapuztu zuen, jakina, baina ez egitasmoa eta edukia bera, ordurako antolatua eta lanetan aurreratua zena: Sebas Gartzia Trujillo nekaezinaren proposamenez eta eraginez, eskuetan duzun liburu honek jasotzen du HEMENeko zenbakiak jaso asmo zuena, 16 gutun hauek, besteak beste. Egia esan, hauek argitaratu ala ez zalantzak nituen, baina Sebas adiskideak berak bultzatu nau plazaratzera. Hona hemen.
Gutun hauetan ez da alfer-hitzik, ez itzulinguru eta erretorikarik. Ezta isilpean gorde beharreko konturik ere, dena baita sakonean garden. Ez dute apaindurarik, baina eder dira beren soilean, soil bezain bete, eder eta sakon, Xabierren hitzaren antzera. Hitz bakoitza barrutik dario, natural, irmo eta samur. Beti eder eta sakon.
Eskuz idatziak dira, idazten zuen guztia bezala. Eskutitz-paper beixean, tinta gorriz edo beltzez, apaindurarik gabeko eta nortasun handiko letra ertzdun biribilduz, trazu ziurrez, hizki-banaka, lerroak zuzen.
“Hamasei gutun lekuko”, diot. Gizatasun eta gizatiartasunaren, egiazkotasun eta duintasunaren, ahulezia eta handitasunaren, sufrimenduak ekar dezakeen onuraren, buztinezko eta suzko gizon zauritu inspiratuaren, Lourdesen ondoan maitasunak ondu zuen gizonaren lekuko. Bien oroitzapena ohoratzen dut.
BAT: 2004ko maiatzaren 13an
2001eko Eguberrietan, Jose Luis Zinkunegi jesuitak –Deustuko Unibertsitatearen Donostiako Kanpuseko erretoreorde orduan– taldetxo bat bildu gintuen bere bulegoan eta teologia-aldizkari bat-edo euskaraz abiarazteko proposamena jarri zigun mahai gainean. Asmo lausoa besterik ez zen. Egitasmoa zehazteko eta proiektuaren ardura hartzeko eskatu zidaten, eta erronka gogoz onartu nuen.
Handik bi urtera jaio zen HEMEN hiruhilabetekaria. Joseba Intxaustiri zor dio izena. Berarekin solasean ari nintzen batean, proiektuaren berri eman nion, eta aldizkariaren izenaz galdetu. “HEMEN”, esan zidan hitzetik hortzera. Hurrengo batean, Miel Anjel Elustondo eta biok Gasteizen zehar kontu-kontari gindoazela, liburu-denda batean sartu ginen eta, Joseba Sarrionandiaren (ongi etorri, Joseba!) Ez gara geure baitakoak mahaian ikusi orduko, poz-pozik hartu nuen aurkikuntza bat bailitzan (halaxe zen izan), Miel Anjeli galdetzen nion bitartean: “Zer irizten diok honi, Miel, HEMENen goiburu bezala?” “Bejondeiala! Bete-betekoa duk!”, erantzun zidan zalantzarik gabe. Eta HEMEN izenak abizena hartu zuen, Joxe Migel Barandiaranek Ataungo baserritar baten ahotik jasoa, Iurretako idazle aberrigabeak laikotasunean sagaratua, Zaldi Erok –barne-bidaia mugagabeen kronikari– onetsia. Itxiturak eta mugak zeharkatu nahi zituen HEMEN Erlijio-gogoetarako aldizkariak, erlijioaren muga itxi guztiak bereziki, sineskizunak gogoetagai bihurtuz eta bihotz kritikoan galbahetuz, aurreiritzi eta muga guztiez harago, “fededun” eta “fedegabe” binomioari atxiki gabe. Horretarako jaio zen. Horregatik hil bada, bizi den seinale da bere baitatik at.
2004aren hasieran, Arantzazutik telefonoz deitu nion Xabier Leteri, bihotz-kilimaz. Lourdes Iriondok hartu zidan telefonoa adeitsu asko. Xabierrek baietz, gustura emango zidala elkarrizketa, eta bidaltzeko galderak. Biharamunean idatzi nion, galdera-sorta luze bat erantsiz. Hona, handik hiru hilabete pasara jaso nuen erantzuna. Pilpirazko barne-hustuketa zintzo, sakon, zehatza[1]. Eta honako gutun hau elkarrizketari buruzko zenbait azalpenekin, baina Xabierrek ez zuen inoiz axaleko azalpenik.
Urnieta, 2004, maiatzak 13
Kaixo, Joxe:
Jaso nuen otsaileko zure eskutitza eta, harekin batera, galderen kuestionarioa. Zalantza asko izan ditut nondik jo, baina azkenean osorik erantzutea erabaki nuen; osorik eta, gehienetan, luze. Bestela, ez nintzen kapaz sentitzen laburpenak neronek erabakitzeko. Beraz, 18.000 karaktere baino askoz gehiago izango dira, noski. Nik eskatuko nizuke galdera-erantzun definitiboei egitura eta neurria zuek emateko; beraz, behar dituzun atalak erabiltzeko, eta gainerako testu multzoa kajoi batean ongi gordetzeko (edo, beraz, desegiteko). Ni kopia batekin gelditu naiz; neure bizitzaren errepasoa denez gero, agian noizbait erabil dezaket zerbaitetarako.
Testua ez dago ordenagailuz, idatz-makina soilez baizik. Nik eskuz idazten dut eta nire koinata batek ordenagailuz garbira pasatzen dizkit; baina euskara ez du ongiegi menperatzen, eta lan hau luzeegia zen beretzat. Beraz, Lourdesek pasa dit makinaz. Ikusiko duzu gero eskuz eginiko korrekzioak badaudela. Baina, batez ere, tatxadurak daude. Ez nintzen erantzun batzuekin gustura sentitzen, batez ere irakurketei buruzkoarekin. Azkenean, hori berriro idaztea erabaki nuen. Beraz, 17. orrian ikusiko duzu ohar bat, ERANSKINA begiratzeko dioena; ERANSKINA elkarrizketaren amaieran doa, azkeneko bi orrietan.
Neure bizitzako zenbait pasarte kontatu dudanean, pixka bat garratz moduan ere aritu naiz. Baina Lourdesek esaten zidan ezin genezakeela iragana beti modu errukitsuan estali. Dena goxo eta leuna ez zela izan, eta egiak bere alderdi itsusiak ere badituela. Kasu egin diot.
Hala ere, saiatu naiz pertsona konkretoei minik eman gabe ibiltzen. Nolanahi dela, nik pentsatzen dut zuri gehienik azkeneko partea interesatuko zaizula, erlijioari buruzkoa. Horrela balitz, ados nengoke.
Uste dut erronka haundia eta oso interesgarria dela erlijio gogoetarako aldizkari bat argitaratzea; “Eliza getotik ateratzeko”, zuk diozun bezala. Guztiz ados nago ahalegin horrekin; nik ere uste dut Eliza hor xokoan gelditzen joan dela, halako fatalismo batean murgildua, eta egoera hori pixka bat astindu beharra dagoela.
Suerte ona opa dizuet zuen ahaleginean.
Elkarrizketaren alderdiren bati buruz zalantzaren bat bazenu, edo komentagairen bat, jarri zintezke telefonoz nirekin harremanetan. Hori izango da biderik azkarrena. Tf 943 55…
Izan ongi. Agur bero bat.
Xabier Lete
BI: 2004ko irailaren 14an
Uda-aurrenean jaso nituen HEMENeko elkarrizketarako Xabier Leteren erantzunak, eta berehala erantzun nion eskerrak emanez, eta bi liburu bidaliz opari: 1) Asisko Frantzisko. Asisko Klara[2], San Frantziskoren idazkiak eta XIII. mendeko biografiak jasotzen dituena alde batetik eta Santa Klararen idazkiak bestetik; 1.288 orrialdeko liburukote mardula; 2) Joxe Arregi, Nazareteko Jesus. Zer gizaki? Zer Jainko?[3].
Xabierrek elkarrizketari eskaintzen dion ardura eta arreta islatzen ditu, beti dena hobetu nahian.
Hainbeste irakurtzen eta berrirakurtzen zuen… dena aipatu ezin, eta zein aipatu eta zein ez erabakitzea ez zitzaion eroso.
Urnieta, 2004. urtea, irailak 14
Joxe adiskidea:
Udako beroen ondoren, egun hauetan aritu naiz, buruak hala eman eta, argitaratu behar didazun elkarrizketa begiratzen. Ez dakit oraindik garaiz nentorkeen, baina, hala balitz, ohartxo batzuk egin nahi nizkizuke azken testua pixka bat hobeagotu ahal izateko.
Oro har, elkarrizketaren hitzekin ados nago, baina iruditu zait badirela aldizka atal dorpeak idazkera aldetik; adibidez, esaldien erredundantzia (forma aldetik, perpausa beraren barruan) behin edo bitan; bai eta anarkia dezente ere morfologia aldetik (nigan ohiko denez); eta abar. Horregatik eskertuko nizuke norbaitek testuari azken begirada literario bat ematea. Ez asko aldatzeko, zeren eta, azken finean, iruditzen zait norberaren bitxikeriek ere badutela beren grazia, baina bai pixka bat txukuntzeko.
Irakurketei buruz mintzatzen naizen horrekin ez naiz oso gustura geratu; baina hori bere horretan utzi beharko da. Batzuetan, itxuraz errazenak izan litezkeen ataletan trabatzen da bat gehienik. Hiru edo lau erantzun desberdin eman nizkion galdera horri, eta zalantzan nago hoberena aukeratu nuen ala ez. Idazle euskaldunen aipamen pertsonalik ez dut egiten, eta ez dakit horretan asmatu ote dudan. Beno… Joan Mari Irigoien aipatzen dut. Hor badaude bi poeta atzerritarren izenak, Ajmatova eta Pizarnik, eta ez dakit ez ote den pedante xamarra geratzen. Agian kentzea hobe? Uste dut gainontzekoak (italiarrak, katalandarrak) ongi daudela.
Zuk bidali zenizkidan liburuak irakurri nituen, oso atsegin eta interes haundiz. “Nazareteko Jesus” lehenik, eta “Asisko Frantzisko/Asisko Klara” gero. Bihotzez eskertzen dizut liburu horiek igorri izana.
Gutun hau jasotzen duzunean adierazpenen bat egin nahi bazenida, hemen naukazu, betiko tokian (hala ere, eta badaezpada esaten dizut, urriaren lehen hamabostaldian kanpoan izango gara, oporraldi ttiki berandutiarra kunplitzen).
Beraz, izan ongi eta jaso agurrik beroena. Eta goraintziak Pellori.
Zure adiskide.
Xabier
HIRU: 2006ko urtarrilaren 12an
2005eko abenduaren 27an hil zen Lourdes Iriondo (1937-2005). Arantzazun elurra ari zuen. Neguko hotzak asko erasaten zion Lourdesen osasunari.
Hamabost egun lehenago, bere indar-hondarrak bildurik, jaiotza jarria zuen etxean. Urtero bezala, baina oraingoan bere betiko jaiotza prestatzen ari balitz bezala. Lourdesek jarria zuen lekuan eta moduan gorde zuen harrezkero Xabierrek jaiotza hura, ezer ukitu gabe, bera ere betiko jaioko zen arte, 2010eko abenduaren 4an (1944-2010).
1968an ezkonduak ziren, Lourdesek 28 urte zituela, Xabierrek 24.
“Lourdes joan zait”. Maite zuena joan zaio eta dena hutsik geratu da, nahigabetan eta galderatan murgildua bera. Duin, halere. Kostata, baina otoitza dario.
Duintasun eta erruki handiz mintzatuak ziren trantze hartaz, eta beraien borondatea zen argiaren atariko azken urratsa biek batera ematea, elkarri eskua emanda, bata bestea gabe hain errukarri gera ez zedin. Hala egingo zuketen, baldin eta gizartearen eta Elizaren aurreiritziek utzi izan baliete.
Lourdes itxoiten zeukan, ez zuen horretaz zalantzarik, eta Xabierrek harekin biltzera joan nahi zuen lehenbailehen, “autobusa hartuta”[4]. Ez du asko luzatuko.
Hitz batzuk idatzi nizkion, hunkiturik. Hona bere erantzuna, are hunkigarriagoa bere soiltasun sakonean.
Urnieta, 2006, urtarrilak 12
Bihotzez eskertzen dizkizut zure hitzak. Lourdes joan zait, etxe hau oso hutsa gelditu da, eta oso penatua nago. Orain aste batzuk bazen eta orain ez dago… hemen behintzat. “Nola daiteke hori” galdetzen diozu zure buruari, eta filosofia guziek, irakurketa guziek eta usteko jakituria guziek ez dizute ezertarako balio. Bizidunak biziari heriotza zor diola badakigu, beti jakin dugu; baina maite zenuena joan zaizula, horretaz ohartzea eta jabetzea oso mingarria da.
Zure idatziaren hasieran esaten zenidan Lourdesen heriotzaren egun horietan elurra ari zuela Arantzazun. Nik gaztetan izugarri maite nuen elurra, elurraren zuritasun isil eta geldia, izadia estalia eta erabat berebaitaratua dagoenean. Baina elurrak eta hotzak kalte egiten zion Lourdesi, eta horrela, urteen joanean, neguaren eta elurren aurrean beldurti eta mesfidati bihurtu nintzen. Horretan ere, ederrari zegozkiokeen puntuetan ere, sentimenduen arabera nire preferentziak bilatzen eta berreraikitzen ikasi behar izan dut.
Lourdes oso nekatua zegoen, eta bere bihotza, xori zauritu bat bezala, loaren altzora joan da.
Jainkoari eskatzen diot – egun hauetan otoiztea ahal dudan neurrian – jaso dezala bere altzoan eta eraman dezala orbanik gabeko argiaren eremu eder eta zabaletara. Lourdesek bere hitzez esan zidan “ni itxoiten egongo natzaizu”.
Besarkada bat zuri. Ez adiorik. Zure adiskide.
Xabier
LAU: 2006ko urtarrilaren 31n
Nahiz eta jakin Xabierrek bakardadea maite zuela, otu zitzaidan Lourdesen hutsunea eramateko eta bere atsekabea zertxobait gozatzeko lagungarri izan zezakeela agian Arantzazun aldi bat igarotzea –nahi bazuen Asis Topagunean, nahi bazuen komentuan–, bai bainekien, bestalde, zein gogoko zuen Arantzazu. Gonbidapena luzatu nion, beraz, berak nahi zuen adinako autonomia eta bakardade-giroa izango zituela bermatuz.
Baina bere osasun-baldintza delikatuan ez zen eroso. Eta, batez ere, dolua norberak egitekoa izaki eta, bakarrik egin nahi zuen, bakardadearen hondoraino iritsi maite zuena berraurkitzeraino, sufrimenduari bere latzean aurre egin, itzal guztiak Lourdesen argitara ekarri, gogortasun guztiak malkotan beratu, hutsegite guztiak haren errukitan urtu. Bizitzaren eta heriotzaren zauriak astiro sendatu.
Eskaintzeaz gain, eskatu ere egiten nion, edo proposatu: idatz zezala HEMEN aldizkarirako Lourdesi buruz…, doluan lagungarri gerta zekiokeelakoan eta gure irakurleentzat –are euskal gizarte osoarentzat– ongarri izan zitekeelakoan. Baina zer erantzungo ote zidan?
Urnieta, 2006, urtarrilak 31
Adiskide on:
Eskerrak eman nahi dizkizut, lehenik, zuen artean denboraldia egiteko luzatzen didazun gonbidapenagatik. Nire arazo fisikoek permitituko balidate, agian baiezkoa zitekeen nire erantzuna. Hala ere, etxean bakarrik egotea uste dut izan daitekeela neronen oinazearen bitartez Lourdesekiko oroitzapena garbiagotzen joateko bidea. Ez diot sufrimenduari muzin egin nahi, ezin dezaket aurpegia beste aldera bueltatu; gaurko oinazea eta pena, izan zen zorionaren truke da. Argiak eta itzalak, denak nire barruan daude, eta izan den gure bizitzari dagozkionak dira. Ez dago inon idatzita maite duguna hil zaigunean negar egitea ahulezia bat denik; ez dago inon idatzita baikortasuna bakarrik denik bi pertsonen arteko maitasunari zentzua ematen diona. Gure bizitzan kausitu den guziak izan behar du orain nigan oihartzuna. Oinazea ere bazen, poza eta alaitasunarekin batera; eta, batez ere, norberaren hutsegiteak, iruzurrak, flakeziak. Zauri horrek odola dario, eta hala behar du izan.
HEMEN aldizkarirako eskatzen didazun lanari buruz, Lourdesen gogoratze bat egitea, nik baietz esaten dizut, oso sentimendu sakonez egingo nukeela lan hori… Baina, mesedez, epe luzexeago bat eskatzen dizut, Joxe. Une honetan nagoen bezala, ez naiz kapaz oraindik Lourdesi buruz idazten hasteko. Badakit ulertuko duzula, Zure eskutitzean hurrengo Bazkoa aipatzen duzu, baina Bazkoa hortxe bertan dago, atarian. Epe luzeago bat ematen badidazu, idatziko dut lan hori.
Zure bizitzako arazo eta gauza guziak ongi izan ditzazula opa dizut.
Besarkada bat. Beti adiskide.
Xabier
BOST: 2006ko otsailaren 20an
Xabier Leteren iturriak biziki erakartzen ninduen, edanago eta egarriago. Hainbeste zeukan esateko, emateko, gizakiaz, Euskal Herriaz, kulturaz, bizitzaz, heriotzaz, sufrimenduaz…
Sufrimenduaz. Sufrimenduaren eskolan ondo ikasia zen. Sufrimenduaren arragoan forjatua. Sufrimenduak –aitortzen du ausarki Arbelaitzen elkarrizketan– “ia dena erakutsi dit. Gizatasunaren eskolarik sakonenetakoa, gaixotasunaren eta sufrimenduaren esperientzia dela uste dut. Batzuen iritziz, ezkorra eta masokista naiz gauza hauek esaten ditudalako. Ez. Ni plazer zalea naiz, eta bizitzaren poza asko maite dut. Baina bizitzan esperimentatu duzunean plazer adina oinaze, esperientzia horrek, gaixotasun eta sufrimenduarenak, asko markatzen zaitu. Ikasten duzu, alde batetik, gizakia zeinen ahul eta hauskorra den. Eta horretatik guztitik bizitza begiratzeko eta harremanak bizitzeko modu apal eta errukitsuago bat sortzen zaizu… Nik uste dut sufrimenduaren esperientzia dela gizatasunaren giltza”[5].
“Jainkoaren bilaketan” ere, “alderdi oso garrantzitsu” jotzen du sufrimendua. Nahasgarri izan liteke horrela esanda, “Jaun goiko” sadiko batek gizaki gaixoa beregana derrigortzeko apropos jarria bailitzan sufrimendua… Ez zen, noski, horrelakorik Xabierren buru-bihotzetan. Eramaten jakinez gero bai, sufrimenduak ondu zaitzake; ondo eraman ezean, hondora zaitzake. Xabierrek eta Lourdesek jakin zuten, ikasi egin zuten, eta nola!
Beraz, HEMENerako artikulu batean idazteko eskatu nion atrebentziaz, zer ikasia zuen sufrimendutik.
Bestalde, Donostiako Koldo Mitxelena Kulturunean 2006ko urtarrilaren 26an, Pio XII.a Erlijio-Zientzien Goi Institutuak eta HEMEN aldizkariak elkarrekin antolatutako Jardunaldietan, eman nuen hitzaldia aipatzen du: “Erlijioa eta euskal kulturaren auzia”[6].
Esaten duenarekin uzten zaitut. Ez dago axaleko konturik, ez hitz hutsik. Post-datak ere badu mamia.
Joxe adiskidea:
Jaso eta irakurri nuen otsailaren zazpiko zure eskutitza. Eskertzen dizut Lourdesi buruzko idatziari epe zabalago bat emana. Saiatuko naiz zerbait egiatia idazten. Ezagutzatik eta maitasunetik, baina bai eta neronen urraduretatik ere. Norberaren akatsek orain ematen baitute min. Hala ere, uste dut Lourdesi buruz idatzi dezakedana pudore batekin behar dudala idatzi.
Beste lanari buruz, 2007. urterako litzatekeen “Sufrimenduan zer ikasi dut?”, baietz esaten dizut oraintxetik. Guztiz gai nagusia iruditzen zait, eta uste dut pertsonaren izate moralari legokiokeen ia funtsezkoena. Nik uste dut sufrimenduaren esperientzia bizitu ez duenak, edo barne-aldaketarik gabe gainditu izan duenak, ez duela bizitzaz ia ezer ikasi. Oraindik gehiago esango nizuke, Joxe, sufrimendua Jainkoaren bilaketaren aurpegi edo alderdi oso garrantzitsua dela. Niretzat hala izan zen behintzat. Lourdes eta ni ere elkarrekin sufritu izanak lotu gintuen elkarrengana beste inolako lokarrik (plazera, alaitasuna, baikortasuna) ez bezala.
Gaur arratsaldez, hau idatzi baino lehen, aritu naiz zuk KM aretoan eman zenuen mintzaldia entzuten. Egun haietan nahi nuen hara hurbildu, baina jendeak beldurra ematen dit, galderek, xurgatzeek, eta ez nintzen ausartu. Baina lagun on batek CD batean grabatua bidali dit zure mintzaldia, eta oso arretaz entzun dut.
Ni ere zurekin nago erlijioaren biziera kultura batetan txertatzen denaren iritziarekin. Izan ere, zer litzateke erlijioa bere gauzagune historikoetan poetikaren eta edermenaren kide ez balitz?
Zuk mintzaldian jartzen duzun adibide bat, Arantzazu, oso argia eta erabakiorra iruditzen zait. Han beti antzaldatu izan zaizkit izadia eta estetika izpiritu; eta izpirituak, bere arnas eta indarguneekin, Jainkoa aldarrikatu izan dit.
Nik ez dakit arrazionalki Oteiza fededuna zen ala ez; baina Arantzazun aritu zenean seguru izan zela. Beste ez lirateke posible apostoluen aurpegiak, arrena eta errukiaren eskea gora begira adierazten dutenak. Eta goian Ama dago, semea, seme zauritua eta hila, pietatez altzoan daukana. Eta irudikatze guzi horren gainean, edo inguruan, dena biltzen duela, Jainkoa dago. Lurretik abiatuz, eta gora, eraikiz eta arnastuz, Oteizak asmatutako irudiak eta estetika daude, dena Haundienaren zerbitzura jarria.
Idazten ari natzaizun bitartean Mozart entzuten ari naiz. Esaten dute Mozart pertsonalki ergel xamarra zela, baina bere musikan… Jainkoa dago!
Jaso ezazu besarkada bat. Zure.
Xabier
Oharra: Rikardo Arregik, oso gazterik, presa haundia izan zuen, guk ere izan genuen bezala, Jainkoa hiltzeko. Bere anaia Josebak dioenez, berandu aritu ginen euskaldunok Jainkoa Historiaren gauzaguneetatik uxatzen. Denak behar zuen immanentea: pentsamenduak, filosofiak, kulturak, arteak, politikak, moralak. Sartrek aipatzen zuen Jainkorik gabeko gizakume etiko, zuzen, zehatz eta heroiko hori, non gelditu da? Topiko bat da orain aldarrikatzea Jainkoa beste balore “totalitarioek” ordezkatu dutela.
SEI: 2006ko ekainaren 28an
Deustuko Unibertsitateko Teologia Fakultateko irakasle nintzelarik, ikerketa-talde bateko kide nintzen 2006an, Manolo Reus, Luzio Uriarte eta Jabier Vitoriarekin batera. Kristau fedea gure gizartean zertan den jorratu nahi genuen, bakoitzak bere ikuspegi eta arlotik.
Eta berriro HEMEN. Erlijio-gogoetarako aldizkaria aipatu beharrean naiz. Abian jarri zenetik, interes berezia hartua nion gaurko –“orduko” esan behar jada– euskal idazleek erlijioaz orokorrean zuten irizpide eta pentsamoldeari. Zenbaki bakoitzerako bilatzen nuen idazleren bat “Lekuko”en sailean hiru galderari erantzuteko. “Arantzazuko fraidea” nintzelako edo, oso adeitsu hartzen ninduten eta gogoz ematen zituzten HEMENen euren iritziak, beti interesgarriak. Beraz, Deustuko ikerketarako bide horretatik jarraitzea erabaki nuen: eleberri, ipuin, poesia… generoetan euskaraz publikatzen zuten zenbait idazleri “Jainkoaz” bost galdera egitea, galdera berak denei; 1) “Jainkoa”: zer iradokitzen dizu hitz honek? 2) Zein “Jainkorengan” ez duzu sinesten? 3) Zein Jainkorengan sinesten duzu, sinesten baduzu? Zer izen emango zeni(zki)oke? Nola irudikatuko zenuke? 4) Non eta nola ageri da, ageri bada? 5) Zer eta nola egiten du mundu honetan, ezer egiten badu?
Xabier Lete ezin zen, noski, zerrendan falta –Joxean Artze ere ez–. Proposatu nion, beraz, eta gutun honetan adierazi zidan baiezko gogatsua eta gogoetatsua. Berrogei idazlek onartu zuten, eta Jainkoaz euskaraz inoiz idatzi den libururik ederrena osatzen dute haien erantzunek[7].
Xabier belaunaldi oso baten lekuko aparta da “fedea” deitzen dugunaren arloan ere, eta zilegi bekizkit bizpahiru aipamen: 22 urteren bueltan, dio, “fedea galdu nuen, horrela, bat-batean, aldrebesezko konbertsio baten gisan. Nik hamazazpi urtez gero zalantza handika nituen erlijioarekin; neure buruari esaten nion jadanik ez nintzela katolikoa, kristaua nintzela soilik. Haurtzaroko nire erlijio-bizierak oso traumatikoak izan ziren zenbait alderditatik. Horregatik, ez nuen katoliko izaten jarraitzeko gogorik. Baina gero kolpetik fedea galtzea, hori ez zegoen nire programan. Liberazio bat bezala izan zen, horrela sentitu nuen. Jainkorik gabe, ni erabat neure buruaren jabe nintzen, neure erabakien jabe. Askatasun infinito bat erdietsi banu bezala”[8].
Hogeita hiru urte geroago, 1989an, hiru hilabete eman zituen ospitalean ingresatuta; 45 kilotara jaitsita, hilzorian egon zen; ospitalean bertan, egoerari gaina hartzen ari zela, eman zuen Xabierrek, Lourdesek bultzaturik, Jainkoarengana urratsa: otoitz egiten hasi zen. “Sinestuna otoitz egiten duena dela” pentsatzen zuen[9].
“Federa” bidean, Leirek –Esako mendi-maldan urtegira begira dagoen monasterio beneditarrak– garrantzi handia izan zuen. Nola iritsi zen, ordea, hara? Esako urtegia amaitu eta gero, haren eraikuntzan lanean jardunak zirenen etxeak udalak hartu zituen eta horietako bat Lourdesen aitak erosi. Udan, 1971ean hasita, hara joaten ziren urtero Xabier eta Lourdes. “Leirekiko atxikimendua geroago sortu zitzaidan –idazten du 2003an, Koaderno urdina deritzanean[10]–, urtetan zehar joan zen hazten, ez dut esango indiferentea nintzenik, igoko nintzen agian ilunabarren batean bezperak kantatzen zituzten orduan eliza miatzera, baina ez nintzen liturgia eta otoitzkerietara emana. Zerbait arrotza egiten zitzaidan hura guzia, nik estetika bilatzen bainuen, agnostiko ilustratuen gisan, eta ez monastegi baten izatearen funtsa (…). Gehienetan, arratsalde bareak izaten ziren, argiaren exaltazio batek jantziak, eta haietan monastegiko elizaren ezkilek dei gozo baten insistentzia barreiatzen zuten alde guztietara. Uste dut dei horren urjentzia baretsuari erantzunez sartu nintzela lehen aldiz arratsaldearen azken orduko bezperetara. Displizentzia pixka batekin sartu nintzela uste dut, oso oker ez banago, eta neure buruari zeharka begira. Gerora etorriko ziren, guztiz nirebaitaratua, barneratua, elizbarruan sentitzen nuen giro misteriotsuari arretaren ateak irekiko nizkion uneak”[11].
Handik urtebetera HEMENeko elkarrizketan (2004) kontatzen duenarekin bat dator erabat: “Agnostikoa nintzenean, urte batzuez gustura ibili nintzen harro eta libre, erlijioaren gauza horiek mesprezatuz. Halere, zenbait esparrutan eta zenbait gunetan emozioa senti nezakeen, harridura, lilura, Leireko monastegian, adibidez, monjeek konpletak eta salbea abesten zituztenean. Behin oroitzen naiz ‘hemen zerbait berezia dago’ neure buruari esanez atera nintzela elizatik. Paisaiak ere asko laguntzen zuen, hango isiltasunak, haizearen xistuak, Aragoiko mendien urdin-koloreak”[12].
Itzul gaitezen gutunera: 2006ko udaberri eta uda-hasierako hilabete horietan, dolu-ibilbidean, bereziki sendo, baikor, gozo ageri da Xabier. Naturaren edertasunari miresmenez eta hunkipenez begira. Barne-kontsolamendua nabari zaio. Barruenetik eta erraz jariatzen zaizkio funtsezkoen zaizkion hitzak eta gaiak: “natura”, “sufrimendua”, “errukia”… eta hor “Jainkoa”. Handik hilabetera, 2006 urte bereko uztailean, Ander Arbelaitzek egin zion elkarrizketan dio: “Nik uste dut edermena, jainkomena eta emozioen mundu sakona ezin direla bereizi”[13]. Besterik da nola irudikatzen duen “Jainkoa”, herri juduaren historiaz formulatzen duen galdera honetan esate baterako: “Nola daiteke Jainkoaren herri hautatua izan eta, azkenean…, Auschwitzen bukatu behar izatea?”. Gaur esango nioke: “Xabier, galdera horrentzat erantzuna izango lukeen ‘Jainko’ batengan ezin dut sinetsi”. Eta zuk zer esango zenuke gaur, Xabier adiskidea?
Bestalde, diodan eskutitz honetan egiten didan gomendioak oso-osorik balio didala – digula– oraindik ere. Zertarako dira gure lehia, presa eta lan guztiak –galdetzen du–, hatsari, atsedenari, biziari ihes egiten uzten badiogu? Hain da bizia eder eta iheskor.
Urnieta, 2006. urteko ekainak 28
Joxe lagun maitea:
Jaso nuen zure eskutitza. Bihotzez eskertzen dizkizut zure hitz adeitsuak. Nik uste gizatasunean elkar erratifikatzeko beharrezko dugula elkarri hitzak oparitzea: pozetik, oinazetik, argitik, iluntasunetik. Garen hura esaten saiatu, eta elkarrizketa horren bidez elkar bermatu.
Ederra al dago Arantzazu? Pentsatzen dut udaberri leheneko emaitzak desagertu ondoren –mendiko nartzisoak, elorri xuria–, orain landareak eta zuhaitzak uda hasierako edertasunean egongo direla. Gozatzen al duzu horretaz? Badakit oso lanpetua bizi zarela, baina –aholkua zilegi bazait– eman behar diozu noizbehinka zeure buruari sosegua. Izadira alde egin. Gandiagak bezala.
Marcelo Mastroianni italiar aktoreak esaten zuen bezala, bizitza “ventolino” bat besterik ez da, une batez azala ferekatzen dizuna eta gero desagertzen dena… Beraz, Joxe, haize horren fereka aintzakotzat hartu behar dugu, bestela berehala gau sargoria baitugu. Ongi dakit nik hori, nola desagertu diren bizitza posible baten adinak, gunea eta aukerak. Eta pertsonak.
Eta, gainera, Jainkoak gure ekintzen behar hain larria ote du? Charles Péguy frantziar kristau-sozialistaren poema luze bat irakurri berri dut; bertan Jainkoa mintzo da, eta honela esaten dio gizakumeari: “Ez zaitezte hainbeste larritu zuen muga, eskasia eta mixeriez. Ni Jainkoa naiz, jakintsua, ahalguztiduna, betierekoa. Ezagutzen zaituztet zuen ahulezian. Beraz, ez iezadazue hainbeste hitz-alfer eta ekintza-alfer eskaini. Hunkitu nazazue nire semeak irakatsi zizuten otoitzarekin: Gure aita, zeruetan zerana… Horrekin aski dut”.
Azken bolada honetan asko irakurtzen ari naiz, eta irakurketa horien artean judaismoari buruzko liburuak daude. Asko interesatzen zait judaismoaren bilakaera historikoa, Adonairen promesa Sinain jaso eta azkenean holokaustoa. Eta neure buruari galdetzen diot: Nola daiteke Jainkoaren herri hautatua izan, eta azkenean, mendetako ibilbide garratz baten ondoren, Auschwitzen bukatu behar izatea?
Hertsita al daude jadanik ulermen posible baten ateak? Nik sionismoa oso ongi konprenitzen dut, edo hala uste dut: amaitu zen juduentzat profezia aroa, amaitu ziren sinagogako otoitzaren kontsolamenduak; orain salbamena honetan bakarrik zaie posible, estatu bat eraikiz, dimentsio immanentista batean. Hala ere, judutar sinestun guztiek ez dute horrela arazoa ebakitzen: Adonai osoren gainetik, diote, ez estatua eta bere idoloak. Zergatik kristauak ere ez gara gehiago arduratzen gai horietaz?
Zure eskutitzean planteatzen didazuna, hogeiren bat euskal idazleri erlijioa eta sinesmenari buruzko galdeketa bat egitekoa, oso ongi iruditzen zait, benetan interesgarria litzateke. Baina ongi aukeratu beharko lirateke pertsonak: ustez sinestunak liratekeenak bai, baina bai eta bestelakoak ere. Baina izan dadila, gainera, intelektualki interesa duen jendea, pentsatzen eta aztertzen dakiena. Alegia, ez proselitismorik, baina ez eta arrunkeriaz jositako agnostizismorik ere. Badago jende interesgarria, eta ni prest nengoke, Joxe, parte hartzeko.
Ez dauzkat oso ongi buruan nik zuri azken hilabete hauetan HEMEN aldizkarirako promes egindakoak. Oroitzen naiz gaiez (Lourdes, sufrimendua), baina ez epeez. Freska iezadazu oroimena. Hala komeni dela iruditzen bazaizu, jakina.
Laster arte, Joxe. Jaso besarkada bat. Zure.
Xabier
ZAZPI: 2006ko abenduaren 9an
CARITASen Eguberri-postala da.
“Gabonak datoz, Gabonak, / Jainkoa bezain sakonak”. Sentimendu sakonez abestuko zukeen Xabierrek Gandiagaren poema ederra Pello Zabalaren doinuan. “Jainkoa bera haur herabe baten tankeran jaioarazi zuen erlijioa oso eder” zaio.
Urtebete da Lourdes hil zitzaiola, Gabon-jaiotza maitekor eta arduratsu prestatu eta gero. Azkar igaro zaio urtea. Hortxe dago Lourdesen “jaiotza”, presentzia ezabaezinaren irudi. Lourdes falta du, eta ez du. Haren presentzian bizi da. “Gure etxean” dio…
Lehen urtemugan, bide luzea du egina, beraz, Xabierrek, eta gozo-aldian dirau. Ez du lanturik jotzen, ez nahigaberik adierazten. Neguaren kontenplazioan, “margoen poesia otxanean” murgiltzen da. Begiratzen jakin behar, udaberri eta udazken, uda eta negu.
Bakean begiratzen dio naturari, eta pozik dakartza gogora nerabezaroko eta gaztetako Gabon-prestakizunak eta usadioak.
Argitaratu berria dioten liburu baten berri ere ematen dit: Xabier Lete, Abestitzak eta poema kantatuak (Elkar, 2006). Eta HEMENen egin genion elkarrizketa aipatzen du bereziki, liburuan jasoa. Eta gure aldizkariaren laudoriotxoa.
Oroz gainetik, “arnasa, argia, bakea” dio, opa dizkit, dizkizu, barrutik dariona.
Urnieta, 2006. urteko abenduaren 9an
Joxe Arregi adiskidea:
Eguerrietan gaudelarik, zutaz oroitu naiz eta nire agurrik beroena zuri bidaltzea pentsatu dut.
Zorionik haundiena opa dizut, hori ahal litekeen neurrian. Jaso ditzazula Izpirituaren arnasa eta argia, eta zure bihotza bete dezala bake haundi batek.
Niri urte garai hau asko gustatzen zait: paisaiaren apaltasuna, izadi osoaren itxura lokartua, margoen poesia otxana. Neguaren sarreran soseguaren gisako bat dagoela iruditzen zait, urte osoko gure lehia zerbait orekatzen duena. Inguratzen gaituenari begira bizitzea hain da garrantzitsua!
Gure nerabezaroan, ia hilabete ematen genuen Olentzero prestatzen. Lehenik orbela bildu; gero atorra, galtzak eta bluxa lortu; artilezko galtzerdiak eta abarkak ere bai; eta osatzeko, txapela eta pipa. Egia zen gehienetan ikazkin baten itxura baino gehiago izaten zuela gaizkile “fazineroso” batena. Baina hain pozik ibiltzen ginen etxez etxe: “Eeeeup! Hemen bildu gerade…”
Uste dut kristautasuna, Jainkoa bera haur herabe baten tankeran jaioarazi zuen erlijioa, oso ederra dela. Ekialdeko beste sinesmenetan horren antzekoak badirela irakurri izan dut, baina guk Jesusen jaiotza ospatu izan dugu, eta horri atxikitzen natzaio.
Gure etxean “jaiotza” prest dago. Lourdes hil aurretik egin zuen azken lana hori izan zen: jaiotzaren ikonografia pronto uztea. Eta nik zegoen bezala utzi nuen, bai banekien urtea azkar igaroko zela. Eta igaro da. Aztarren horiek ez ditut inolaz ere ezabatu nahi.
ELKAR argitaletxeak “Abestitzak eta poema kantatuak” deitzen den liburua argitaratu dit, eta amaieran zuk HEMEN aldizkarirako egindako elkarrizketa ezarri dute. Esan nien baimena eskatzeko, baina ez dakit egin duten… Zenbait jendek esan dit liburuaren edukietarik garrantzitsuena agian elkarrizketa hori dela..
Felix Ibargutxi kazetariak hitz oso goxoak izan zituen zuen aldizkariari buruz, liburuaren aurkezpen egunean. Beraz, hazia ez da beti lur antzuan galtzen.
Zoriona eta bakea opa dizkizut. Jainko onak babes gaitzala beti, eta argira eta bakera eraman. Bihotzez agurtzen zaitut.
Xabier
ZORTZI: 2007ko otsailaren 26an
Otsailaren hasieran bidali nizkion beste hainbat euskal idazleri bidaltzen ari nintzen Jainkoari buruzko galderak, denei berdinak, Deustuko aipatu ikerketa-proiekturako. Ordurako jasoa nuen Jon Sarasuaren erantzuna, eta Xabierri bidali nion bereziki sakon eta ederra iruditu zitzaidalako. Ohartzekoa da honen iruzkin gogoetatsua. Jon Sarasuaren baimenarekin jasotzen dut hemen.
Urtebete lehenago HEMEN aldizkarirako idatziak nituen bi artikulu ere bidali nizkion: 1) “Judizioa? Purgatorioa? Ifernua?”[14]; 2) “Hilezkortasuna, piztuera ala berraragiztapena”[15] (“Joxe Olaizola” izenpean hau). Baita hilabete batzuk lehenago aldizkari berean argitaratua nuen beste hau ere: “Jainkoari eske otoitz?”[16].
Otoitza dela eta, azpimarratzekoa deritzot aipatzen duen Rilke-ren esaldiari, eta aipamen horrek narama Leteren poema bat hemen gogoratzera, Rilkeren esaldiari oihartzun eginez hasten dena. Eskutitz hau idatzi eta hilabete batzuetara, 2006ko irailaren 29an, Urnietako Lourdes Iriondoren parkea inauguratzean, irakurri zuen Xabierrek. Lourdes eta biak oraindik agnostiko zirela Leiren bizi izandako ilunabar magiko haiek, Presentzia misteriotsuan bilduak, eta bereziki monjeek afalondoko azken otoitz monastikoan (“Konpletak”) Madonnaren irudiari abesten dioten Salbea ebokatzen ditu : “Eta zer, Jainkoa, / otoitzekin eraikia / gure biluztasunean baizik ez bazina, / esku dardaratiak lotzen zaizkionean ikonoari / eta argi batek piztarazten duenean gauez / madonnaren irudi sotila …”[17]. Eder eta emotiboa da poema osoa.
2007ko urtarrilaren 27an aita hil zitzaigun, 97 urterekin. Pena gozozko heriotza izan zen bai gure amarentzat eta bai 13 anai-arrebontzat. Hiletako homilia bidalia nion Xabierri[18]. Handik berehala elkarrekin ginen Koldo Mitxelena Kulturunean eta han hitz egin genuen gutunean aipatzen dituen kontu hauez.
Eta sufrimendua… Bere gogoetagai nagusia. “Misterio ilun guztietan ilunena”. Elkarri eragiten dioguna da, halere, denetan okerrena eta ilunena, egiazko eskandalu ulertezina. Hala nola, hurkoari bere gizatasuna ukatzen diogunean, bere giza kategoria ontologikoa urratzen edo lapurtzen baitiogu. “Deskategorizatze ontologikoa” esaldikotea darabil Letek.
Hurkoari eragindako sufrimenduaren aipamenak, ordea, berak eragindako sufrimendua dakarkio lehenik gogora, eta, beste ezer baino lehen, galdu ditugunei, hildakoei, bizi ziren bitartean eragindako sufrimendua. Ezin du burutik kendu. “Pena eta kulpa ezin ditut gainetik kendu”. Aitorpen zirraragarria, Xabier Leteren gizatasunaren eta egiazkotasunaren mailakoa. Are zirraragarriago, hitz horiek bereziki Lourdesen oroitzapen minduak ateratzen badizkio barruenetik, eta nik hala uste. Bere nahigaberik handiena zuen, eta hustu egin behar.
Ezin ditut hemen aipatu gabe utzi garai horretan (2006-2008) Lourdesi zuzentzen dizkion zenbait adierazpen, zein baino zein hunkituago, iraganeko “kulpa” eta orain baketzen eta bermatzen duen errukia aipatzen dituztenak. Bertso hauek, esate baterako: “Gaua, gaua bakarrik / eta iraganari begiratzen dion / kontzientzia urratu bat / gertakizunen urruneko mugetatik / kulpa baten zauriak urratzen gaituenean…”[19]. Barka, irakurle, garai eta barne-tenore berdineko eta Lourdesi zuzenduriko beste poema hau ere, maitemin –maitasun eta min– beraren lekuko, luze aipatzea: “Zatoz niregana / goizaldeko ordu desanparatuetan / memoriaren bide guztiek / penara garamatzatenean, / berzabaltzen dizkidazun zauriek / kita dezatela / lotsaz estalitako orrietan / suz idatzirik dagoen zorra, / zatoz neregana / hain ustekabean egunsentia leihoan denean… / ordu oroz hurbiltzen natzaizu / bilatzen zaitut eta deitzen / oihuz izendatzen zaituzten / penaren hitz umezurtzekin, / zu hor zaudelako nonbait / gure bizitzaren azkena izan zen / mendigailur haietan, / han ari natzaizu bakar-otoitzean orain / neguaren oihartzunek / elurrean mintzo isilez erantzun diezadaten / izpiritu babeskor zarela / bizitzaren norabidea galdu genuenontzat”[20].
Urnieta, 2007, otsailak 26
Joxe lagun maitea:
Jaso nuen, bai, duela aste pare bat Jainkoari buruzko galdeketa. Pazko astea jartzen didazu epea, eta uste dut ordurako eroso burutu ahal izango ditudala erantzunak. Bestetik, sufrimenduari buruzko artikulua ere idatziko dizut; gaur egun gairen batek hunkitzen eta kezkatzen banau, horixe baita, sufrimenduarena. Gizakumearen misterio ilun guztietan ilunena. Halabeharrezkoa balitz sufrimendua, naturaren bilakaeren agergunea…, gogorra litzateke, baina ez erabat eskandalu. Baina sufrimendua guk besteei pasarazten diegun kalbarioa denean (arlo sozial eta ekonomikoan; afektu traizionatu arlo pribatuetan… desleialtasuna, bazterreratzea, iraintzea; gizatasun ukatu guztien deskategorizatze ontologikoetan), orduan bilakatzen da eskandalu. Nik, galdutakoak, joan zirenak gogoan ditudanean, pena eta kulpa ezin ditut gainetik kendu. Nahiz eta jakin haiek, zauritutakoek, barkatu zidatela, eta maitasun mugarik gabez ordaindu, izugarri kostatzen zait neronen buruari barkatzea. Sufrimendua, beraz.
Oso interes sakonez irakurri ditut, bestetik, zure bi artikuluak. Oso ederrak eta gogoeta eragingarriak dira. “Jainkoari eske otoitz?” ongi ulertzeko, eta barneratzeko, Jainkoaren beste ikuspuntu batetara pasa beharra dago. Zure gogoeta teologikoa, otoitzari buruz, oso era delikatu batean idatzia dago, inor zauritzeko beldur haundiz, baina behar direnak zehatz esanik… Rilkek idatzi zuen guk Jainkoa gure otoitzen bitartez “eraikitzen” dugula. Hark ere gure beharra duela, guk haren beharra beste… Beste artikulua, Judizioa eta Infernuari buruzkoa, pietatezko eskuzabaltasun izugarriz idatzia dago.
Joxe Olaizolaren artikuluaren gaia ere izugarri interesatzen zait, eta zer esanik ez azken hilabete hauetan. Galdera hori daramat buruan eta bihotzean ordu oroz: izango al da hilezkortasunik? Non birbatuko gara, eta nola, maite ditugunekin? Berraragiztapena literalki gertatuko al da, ala metaforikoki? Eta, galdera guztien galdera nagusia: Gure siniste gehienak ez ote dira metaforikoak izango eta irakurketa poetiko bat behar dutenak? Eta otoitz poetikoa, zuk otoitzari buruzkoan eskatzen duzun bezala?
Jon Sarasuaren lana ere irakurri dut. Hala ere, eta egia esan behar dizut, ulertzea kosta egin zait. Nik uste dut Jon bere buruarekin borrokan ari dela artikulu horretan. Ez da bakarra, uste dut, horrela dabilena; izpirituaren arnasatik elikatuz bizi beharra sentitzen duen zenbait jende badago, edermena, kontenplazioa, gizatasuna, miresmena, harridura, izatearen dimentsio ontikoa ere barne-izatean haragitu nahi dituena. Eta orduan, orduantxe, Jainko delako horretaz galdetzean, funtsezko zalantza sakonean aurkitzen dira. Hortik ulertu dut nik, ulertu dudan neurrian, Sarasuarena. Ni neroni ere ez nabil gatazka (fedearen gatazka) horretatik oso urruti.
Esaten didazu ederra dagoela neguaren erdian Arantzazu: argitsu, euritsu, lanbrotsu, misteriotsu. Nahiko nuke sakon-sakonetik goza dezazula guzti horretaz, eta zure lan amaigabeen erdian izan dezazula beta eta aukera izadiaz gozatzeko. Joan Mari Lekuonak idatzi zuen bezala: ”Ludia nigan / eta ludian ni / koinonian”-
Zure aitaren heriotzari buruzko homiliak asko hunkitu ninduen, eta oraindik gehiago K.M.tik [Koldo Mitxelena] irtetzerakoan esan zenidanak. Zeinen trantze esanezina den heriotza, onenean ere.
Jainkoak bete zaitzala argi, arnas eta bakez. Jaso ezazu besarkada anaikor bat. Zure.
Xabier
BEDERATZI: 2007an ekainaren 27an
HEMEN aldizkarirako sufrimenduaz idaztekoa duen gogoeta atzeratzen ari zaio, eta urduri da Xabier. “Nire kontzientziarekin urduri nabil”. Berriro “kulpa”.
Horrelako boladak pairatuak zituen lehendik ere, eta, maiatzean ospitalean egindako egonalditxoaren ondoren, are sarriago izango du ahuleziaren eta ilunaldiaren berri…
Idatzia nion azken eskutitza eta bertan gure amaz esaten omen niona, tamalez, ez ditut gogoan. Hil horretan (2007ko ekaina) “Diario Vasco”n argitaratu omen nuen artikuluaren arrastorik ere ez…, baina 40 euskal idazleri Jainkoaz egin nien galdeketa eta haien erantzunak jasotzen dituen liburuaren inguruan izango zen ziur[21].
Urnieta, 2007, ekainak 27
Kaixo, Joxe laguna:
Ongi al doaz gauzak Arantzazun, eta Deustu aldean? Ongi zara zu?
Sufrimenduari buruzko nire idazlana udaren hasierarako amaitzekotan gelditu ginen. Saiatu naiz, baina azken aste hauetan ilunaldi bat igarotzen ari naiz, eta lana zertxobait atzeratu zait. Beraz, erantzun iezadazu lerro batzuekin, eta esadazu azken epea zein izango litzatekeen (lasaitu nazazu, nire kontzientziarekin urduri nabil eta). Hala ere, uste dut lana laster burutuko dudala.
Idatzi zenidan azken eskutitza oso maitagarria eta hunkigarria zen, batez ere zure amarena aipatzen zenidanean… Duela egun batzuk Diario Vasco-ko zure artikulua ere irakurri nuen. Ez al gaituzu ongiegi tratatzen? Jainkoari buruz galdetzea kasik bitxikeria bilakatu den euskal kultura honetan, zure hitzek on haundia egiten dute.
Jaso besarkada bat. Zure.
Xabier
HAMAR: 2007ko abuztuaren 27an
Pena handia ematen dit eskutitz hau irakurtzeak. HEMENerako sufrimenduaz eskatu nion gogoeta sufrikario bilakatu zaio. Sufrimendua bera bezala, sufrimenduari buruzko gogoeta ere barruan darama, zer esan nahi lukeen badaki, eta ezin.
Nahi eta ezin, trabaturik. Eta nekez darama ezina, harrokeriaren zigorra ote den pentsatzeraino… Bi hilabete daramatza horrela, harik eta, SOS dei bat bailitzan, gutun hau idaztera deliberatzen den arte. Lotsa da, triste eta “kulpatua”, agindua bete ez izanaz. Damu dut eskatu izana.
Urnieta, 2007, Abuztuak 27
Kaixo, Joxe, lagun maitea:
Eskutitz hau idazteak pena eta lotsa besterik ez dit ematen. Zure azkena jaso ondoren, emaitza hobeagoa espero nuen nire aldetik, baina asteak badoaz eta ez naiz kapaz sufrimenduari buruzko lana amaitzeko. Zergatik da hori horrela? Zergatik ilunaldi amaigabe hau? Joan zen maiatzean erietxean ingresatua egon nintzen egun batzuk, eta handik irten nintzen lana idazteko gogo eta esperantza osoz. Bestelako denak utzi, eta horretara lotu nintzen. Baina behin eta berriz trabatua geratu naiz argudioetan. Sufrimendua, hori da dena, nioen neure buruari. Hor dago gizatasunaren ezaugarri nagusia, gure izate moralaren ardatza…
Beraz, hori beti hain argi ikusirik, ez dut ulertzen nola den posible ideiak ezin lotu eta borobildu izana. Batzuetan pentsatu dut zigor moduko bat izan ote daitekeen, harrotu egiten baikara gure ahalmenez. Baina uda iluna eta eskasa izan da. Osasunarekin ere berriro arazoak izan ditut eta, oro har, ezintasun eta ahulezia fisiko eta intelektual izugarria. Nahi eta ezin.
Badakit barkatuko didazula eta ulertuko duzula; baina ziurrenik zure egitasmoak zapuztu eta trastornatuko ditut. Errazena niretzat “hurrengo batean idatziko dut” esatea litzateke, baina zure gonbidapena zapuztu izanak tristetzen eta kulpatzen nau. Barkatu, Joxe, baina ezin izan dut.
Ez da lehen aldia honelako ilunaldietan erori naizena. Jainkoak eta haren aurrean nire bitarteko egiten dutenek eskainiko ahal didate argiranzko bidea…
Zure barne onak barkatuko ahal dit hutsegite hau… Izan ongi Arantzazun eta Deustun.
Besarkada bat. Zure.
Xabier
HAMAIKA: 2007ko irailaren 4an
Gutuna Arantzazun jaso orduko idatzi nion, noski. Egoteko lasai, mesedez, uzteko trankil idazkia alde batera, ez ziola axolarik, eta gainera erraz konpon nezakeela: sufrimenduari buruz han-hemen idatziak nahiz esanak zituenak jasoko nituela, baldin eta berak ondo irizten bazion.
Astebete baino lehen jaso nuen Xabierren erantzuna. Lasai agertzen zen, eta ni ere ederki lasaitu ninduen.
Aldizkariaren hurrengo zenbakian[22] jaso nituen sufrimenduari buruzko Xabierren zenbait hausnarketa: eman berri dudan abuztuko eskutitzaren atal batzuk, 2004an HEMEN aldizkarirako egin nion elkarrizketako eta Ander Arbelaitzek 2006an egin zioneko beste atal batzuk, baita Jainkoaz galdezka aipatu libururako eman zituen erantzunetakoak ere[23]. Eta arestian aipatu dudan “Eta zer Jainkoa” poema.
Poz handia eman zidan Arantzazura joateko agertzen duen asmoak. Baina Arantzazurako asmoa bete gabe joan zitzaigun Xabier oinazearen eta hil beharraren mundu honetatik 2010eko abenduaren 4an, eta amets hura bete gabe joana nintzen ni Arantzazutik hiru hilabete lehenago.
2007ko abuztuko amaieran Xabierrekin Leiren topo egitea ere ez zen fortunatu, egun bateko alde hutsagatik. Poz galanta hartuko nuen gertatu balitz.
Ez zuen izan, tamalez, bere “koaderno urdina” niri uzteko aukerarik ere, ez nik horren zori onik orduan. Harrezkero bai, eskuetan izan dut eta irakurri. Edonoren eskura dago Koldo Mitxelena liburutegian.
Urnieta, 2007, irailak 4
Kaixo, Joxe:
Jaso dut zure eskutitza, eta bihotzez eskertu dizut zure harrera hain ulerkorra. Zugan gizatasun sakona dago eta lagunen akats eta hutsegiteez ez zara kexu. Larridura haundia kendu didazu kontzientziatik.
Zer esanik ez nire eskutitza eta lehenagotik gordeak zenitzakeen sufrimenduari buruzko iritziak eta idatziak erabil zenitzakeela zuk diozun orri horiek prestatzeko. Ez bakarrik oso ongi iruditzen zait, baizik eta poztuko ninduke, jakinez horrela nire porrota ez litzatekeela erabatekoa, eta probetxuren bat atera zeniezaiokeela nik lehen noizbait idatzi edo esandakoari. Aurrera, beraz; zure esku uzten dut dena.
Egunen batean Arantzazura hurbiltzeko gogoa daukat (etorriko da eguna) zurekin lasai solasteko. Jakin nahiko nuke zer nola bizi duzun teologia irakasle izatea; zer egitasmo eta eginkizun dituzun eskuetan (nik ezagutzen ditudanez beste); sakonki gustukoa ote duzun zure lana; zer behaztopa eta zailtasun dauden zure jardunean… eta abar.
Esaten didazu ostiral arratsalde batez Leirera igo zinela lagunekin, eta “mendi urdinskei” begira egon zinela. Hara nola izaten diren gauzak… ni ere joan zen asteko arratsalde batean Leirera hurbildu nintzen! Hunkitu egin nau zu ere igo zinela jakiteak. Abuztuko Ama Birjinaren bezperan joateko asmoa nuen, baina gero pentsatu nuen jende gehiegi ibiliko zela ilunabar horretan, eta abuztu amaieran joan naiz.
Zenbat pentsamendu, eta sentimendu , eta oroitzapen ibiltzen dudan barruan Leirera igotzen naizen bakoitzean! Zenbat mintzatu nintzen Lourdesekin joan zen ilunabarrean!
Normalki, Bezperetara joaten naiz zazpiretan, eta gero bederatzietan Konpletak eta salbea abesten ditut monjeekin batera. Baina lehengoan erabaki nuen arratsaldean azken orduarekin igotzea Konpletak eta salbea entzutera. Arratsalde argitsu zoragarria zegoen, baina haize hotzak astintzen zituen bazterrak. Leireko udako arratsalde askotan hotz egiten du.
Lourdesi asko gustatzen zitzaion udazkeneko gauetan elizatik irten eta gauaren murmurioekin liluratzea. Bai, Joxe, Nafarroa eta Aragoi bitarteko mendiak urdinskak izaten dira ilunabarrean eta gaua murmurioz josia egon ohi da.
Jakako Oroel gotorretik Nafarroako Uxueraino doan mendikate hori niretzat zerbait haundi eta ederra da… edertasunaren alderdi metafisikoa, Jainkoarengana lotzen gaituena, hor dago zalantzarik gabe… 1971. urtean hasi ginen Lourdes eta ni (nire gurasoekin batera) Esara uda-partean joaten. Han deskubritu genituen, ez kolpetik, emeki eta urtetik urtera baizik, paisaia bat, gauen misterioa, otoizlekuen erakargarritasuna eta, azkenik, Jainkoaren zentzua.
Badut errelato bat guzti horretaz, orain lau urte idatzi nuena; gogoko bazenu, utziko dizut “koaderno urdina” (azalak urdinak ditu) irakur dezazun… Bizitza; poesia eta gizatasun pixka bat itsatsita utzi digun misterio izugarri hori!!
Jaso ezazu besarkada anaikor bat. Zure.
Xabier
HAMABI: 2007ko azaroaren 21ean
Gutun honek ederki islatzen du Xabier Leteren obran Koldo Izagirrek bereizten duen laugarren eta azken aroa: aro mistiko-tragikoa[24].
Gutuna udazkenean idatzia da, eta udazkeneko malenkonia dario. Malenkonia ez ezik, halako histasun, tristura edo ezkortasun bat ere bai. Tristura datorkit irakurtzean, eta Xabier are gehiago maitatzera eta mirestera narama. Falta dut.
Uda joan da, udazkena ere badoa, badoa dena. Bizitza ere badoa, hego-haizeak udazkenean kulunkari daraman hostoa bezala. Maite zuena joan zitzaion, hutsik eta hautsita utziz. Zer gara gu? Zer geratzen zaigu?
Kontzientzia txarrak eraman du gutun hau idaztera, esango nuke, nahiz eta huskeria zen. Bezperan, azaroak 20, liburu bat aurkeztu genuen Donostian Edorta Jimenez eta biok: Jainkorik bai ala ez? Erlijioari buruz eztabaidan (Elkar, Donostia 2007). Aurkezpenera joan nahi zuen, batik bat eztabaida hartan, “fededun” gisa ateoaren aurrean “galtzailearen” papera nuelarik, lagunaren anparoa eta hauspoa behar nitzakeelako. Baina ez zen joan, eta damu da. Ez zuen indarrik jendearen borondaterik oneneko agur, bizkarreko, galdera… guztiari aurre egiteko, azalpenak emateko, irribarreari eusteko. Zer ulergarriagorik? Baina joan ez izanak errudun sentiarazten du. Nahi eta ezin, beste behin, eta ezina damu. Ezina damu? Horrelakoxea zen, horrelakoxea da gizakiaren izaera, zori onerako eta txarrerako.
Baieztapen zirraragarriak pilatzen dira gutunean: “bizitzatik erretiratua”, “ezindua”, “superbizitzearen ekonomia”, “dena galtzen”… Gizon jakintsu gizatiar urratua. “Ba al dago zorionik Arantzazun?”, galdetzen dit. Zer galdetuko eta horixe. Zorionaren bila, galdezka.
Bezperan aurkeztu genuen liburuak badu bere historiatxoa, eta uztazu kontatzen. Edorta Jimenezi ere proposatuak nizkion Jainkoari buruzko galderak. Baita Xabier Mendiguren Elizegiri ere. Honek, hark bezala, baietz erantzun zidan, baina kontraproposamen bat eginez: Edorta Jimenezekin erlijioari buruzko eztabaida bat egitea, grabatu eta liburu batean argitaratzeko. Zalantzarik gabe onartu nion tratua. Bi eztabaida-saio luze egitea proposatu zigun, “zelai” banatan, lehenengoa Arantzazun (nirean, han bizi bainintzen) eta bigarrena Mundakan (Edorta Jimenezenean), Xabier Mendiguren bera zela galdegile eta moderatzaile, eta Uxue Alberdi grabatzaile eta gero transkribatzaile. Azkenean, Edortak hala nahiago baitzuen, Bermeoko frantziskotar komentuan bildu ginen bigarren saiorako. Han, Edorta ez zen aurkariarenean sentitu, ni ere, Edortarenean bildu izan bagina, aurkariarenean sentituko ez nintzen bezalaxe. “Fededunaren” eta “fedegabearen” arteko muga zehatz zurrunen garaia iragana da. “Fededuna” ez da egiazki “fededun” (den ororen Hondoarekiko konfiantzadun eta eragile) dogma batzuk sinesteagatik; “fedegabek” ez du konfiantza eraginkor gutxiago dogmak ez sinesteagatik. Fededunak berea du zalantza, eta fedegabeak galdera. Bilaketa, zintzotasuna, errealitatearekiko harrimena eta konpromisoa dituzte biek joko-zelai komun, “etxean” eta “kanpoan” beti, nonahi direlarik ere.
Xabier Letek uste zuen paperik zailena eta deserosoena nuela eztabaida horretan, dena galtzeko eta irabaztekorik ez. Baina ni, ordurako, galtzekoak –sinesmen dogmatikoa, Jainkoaren iruditeria teista, Elizaren apologia…– galduta nengoen, eta esango nuke gure arteko eztabaidan Edorta baino erosoago sentitu nintzela: nik uste nuen baino “ateo” dogmatikoagoa zen bera, eta berak uste zuen baino “fededun” kritikoagoa nintzen ni. Hark sinesten ez zuenik ez nuen nik ere sinesten, eta ez nuen hari ezer sinestarazteko borondaterik, errealitatearen Misterioa baizik: mugarik gabeko Handia eta mugarik gabeko Txikia, guztia guztiarekin elkarturik, eta gu ere hemen, Ororekin bat.
Xabierrek gutunaren amaieran egiten didan eskaintza poz-pozik hartu nuen: urte batzuk lehenago Donostiako Elizbarrutiko Gentza zentroan gaztelaniaz emana zuen hitzaldi trinko argitaratu gabea HEMENerako euskaratzea: “Lenguajes poéticos y vislumbre de Dios. Nombrar lo innombrable”[25]. Hori ere, tamalez, asmotan geratu zitzaion, nahi eta ezin. “Tamalez” diot, ez HEMENen ez zelako argitaratu, egin ez izana Xabierrentzat “erru” bat gehiago bilakatuko zelako baizik.
Urnieta, 2007, azaroak 21
Kaixo, Joxe, adiskide maitea:
Atzo, asteartea, ez nintzen hurbildu liburuaren aurkezpenera, eta aurrekoan ere ez, Pagolaren liburua aurkeztu zenean. Eta barrutik zatituta sentitu naiz, alde abatetik nahi nuelako zure ondoan egon, baina bestetik aurkezpenetako jendea agurtu eta solastu beharrak erabat kizkurtzen eta kokiltzen nauelako.
Arlo horietan, eta beste batzuetan, bizitzatik erretiratua sentitzen naiz, barne-barnetik; bizitzak berak erretiratzen gaituelako lehenok, gaixotasunaren baldintzapen zikoitzak medio, eta gero gu ere, ezinduak eta superbizitzearen ekonomia murrizgarrietara eramanak, gure kabuz erretiratzen joaten garelako elkarte bizitzaren adieraz lekuetatik.
Lourdesekin solasean esaten genuen bezala, lehenik gaztetasuna galtzen dugu, arekin batera osasuna, eta azkenik bizia. Eta gainera, ibilbide horretan, lurraldeak eta hiriak galtzen ditugu, lagunak eta haiekiko harremanak. Hori guzia galtzen joateak pena ematen dizu, batez ere bizitza eta bere dohainak (intelektual, sentsibleak) maite dituzunean. Baina ezinaren aurka ez dago bide luzeko borrokarik; bizitzak berak menperatzen, mugatzen eta apalagotzen gaitu bere lege bazterrezinarekin.
Barkatu, beraz, Joxe, atzoko eta aurreko aldietako hutsunea. Gorputzez ez nengoen han, baina gogoz oso hurbil ninduzun. Eta gainera liburua oso gustura irakurriko dut. Nahiz eta pentsatzen dudan (nahiago nuke oker banenbil oraingoan) sinistun bat eta agnostiko baten arteko elkarrizketan, bigarrenak duela beti paperik errazena, “ez sinesteak” askoz argudio komodoagoak dituelako sinesteak baino.
Udazkena ere badoakigu. Beti espero izaten dut udazkena irrika berezi batekin, eta gero ustekabean joaten zait, xixtu batek balerama bezala: Hostoen margo aldaketak ez du asko irauten; hego-haizea dela, izotza dela (azken egun hauetan bezala), berehala ohi dugu joana iragankortasunaren eredu den urtaro hain eder eta hain delikatua.
Zure ikasturtea ongi hasi al da? Bai al dago zorionik Arantzazu alde horretan? Maiz bisitatzen al dituzu ama eta Urola aldeko ahaideak? Egun hauetan Nazareteko Jesusen zure liburua berrirakurtzen hasi naiz, eta oso gustura sentitzen naiz zure hitz, iritzi eta ekarriekin. Liburu mardula eta ederra da. Eskertzen dizut emaitza hori.
Amaitzeko, eskaintza ttiki bat (neure burua salduko dut). Badut nik ordu beteko mintzaldi bat, orain urte batzuk atzerago gaztelaniaz eman nuena, Gentzako Teologia eta Pastoral Institutuak antolatutako jardunaldi batzuetan. Izenburua: “Lenguajes poéticos y vislumbre de Dios. Nombrar lo innombrable”. Aspalditik daukat buruan euskaratu behar dudala (presarik gabe), eta galdera litzateke: interesatuko ote litzaizuke zuri HEMEN aldizkarirako. Pentsa ezazu askatasun osoz. Mintzatuko ginateke geldiago.
Jaso ezazu besarkada anaikor eta maitekorra.
Zure.
Xabier
HAMAHIRU: 2007ko abenduaren 8an
Nirea hartu orduko erantzuten dit oraingoan ere, nirearekin lasaiturik eta bere eskaintza –“Lenguajes poéticos y vislumbre de Dios” GENTZAko hitzaldiaren itzulpena HEMENerako– nik onartu izanak estimulaturik.
Eguberri-postal xume bat da: “Errege magoen gurtza” (Andres Mantegna, 1431-1506), baina hitz sakon eta gizatiarrez. Hitz-erdi bat ez sekula hutsik, mamirik gabe. Topikorik eta betegarririk inoiz ez.
Igartzen zidan egin beharra zela nire gaitz nagusietako bat, eta funtsezko aholkua, betikoa, ematen dit: hartzeko arnasa hartzeko astia, baina esamolde poetiko ezin ederragoan esana: izadian itsatsia gelditu, begiratuz. Zer da kontenplaziozko begirada begiratzen dugunarekin bat egitea edo, hobeto esan, bat garela ohartzea baizik? Begirada poetikoa edo mistikoa da.
Eta Eguberri-beilarako opari eder bat: “zutaz otoitz eginen dut”. Zer opari hoberik Gabon gauerako? Esamoldea bera (“zutaz otoitz egin”) ezohikoa da, baina ez erabili gabea (“Nizaz otoi egin”…).
Urnieta, 2007, abenduak 8
Joxe lagun maitea:
Jaso nuen zure eskutitza. Zure hitzekin beti sosegatzen nauzu. Aipaturiko mintzaldiaren itzulpena laster hasiko dut (hori badut motibo on bat, zure onarpena ziurtatu ondoren).
Aholkuak ematea ez zait askorik gustatzen, baina bada bat bidali behar dizudana: Har dezazula Urte Berri eta Eguberri aro hau pixka bat zuretzat, begiratzeko eta izadian itsatsia gelditzeko.
Besarkada bat. Eguberri beilan zutaz otoitz eginen dut.
Xabier
HAMALAU: 2008ko azaroaren 25ean
Ia urtebete igaro da azkenekoz elkarren berri izan genuenetik. Ez nuke jakingo ziur esaten zein atzeratu zen, baina biok geunden luze etsita. Nolanahi ere den, zinez damu dut, beragatik eta neugatik, Xabierrekiko harremanari asti gehiago eman ez izana… Baina gaur ere hitz egiterik balu, hobeto esan, entzuteko gai banintz, gauza bera entzungo nioke: “Ez gaude urrun. Oroimen Handiak biziarazten gaitu, Elkartasun Handian bizi gara”.
Gutuneko aipamenak azalpentxo bat eskatzen dit: 2008ko azaroaren 13an, “HEMEN eguna” ospatu genuen, aldizkariaren bosgarren urtemuga zela eta. Bete-beteko ekitaldia izan zen KM Kulturunean:
- Mahai-inguru ongi hornitua: Rosa Miren Pagola, Juan Kruz Igerabide, Itxaro Borda eta Jexuxmari Mujika mahaikide; eta hiru galdera mahai-gainean: a) Fededun, fedegabe ala agnostiko? c) Erlijioa ala espiritualtasuna? c) Jainkoa ala kosmosa?
- Bi bertsolari puntako, ez aurrez aurre, elkarrekin baizik: Andoni Egaña (orduko txapelduna) eta Jon Sarasua.
Hutsune kultural nabarmena betetzera etorri zen HEMEN: erlijioei, erlijio gertakariari, espiritualtasunari buruz gure euskal gizarte aurreratuan falta zen gogoeta zintzo eta kritikoa sustatzera. HEMEN ere joan da, baina erronkak hor dirau oso-osorik. Erronka horri erantzun nahiaren lekuko dira argitaratu ditudan idazki nagusiak, ahalegin lortuak izan ala ez, bereziki hemen aipatu diren Jainkoaz galdezka eta Jainkorik bai ala ez (hau Edorta Jimenezekin), baita Nazareteko Jesus eta Oinatzak bidean (gaurko erlijio nagusien historia) ere. Asko estimatzen nuen eta dut Xabierren aitorpena.
Eta udazkena du berriro hizpide. Hizpide goibel oraingoan ere, nahiz eta hain gogoko zuen. Maite zuen udazkena, baina ez zion berri onik, ez zori onik ekartzen. “Zoritxarra” dio. Baita oraingoan ere, gainbehera batean bezala sartua baita Xabier. Eta ezin du ulertu “fatalitate” gisako hori. Halere, bere patuari aurre eginez, “poeta melankolikoak” “tematzen” jarraitzen du, “udazkeneko margoen bila”. Noiz arte?
Hilabeteak eta hilabeteak igaro dira, baina oraindik ez du euskaratu “Lenguajes poéticos y vislumbre de Dios” hitzaldia. Ez nion sekula presarik sartu, ez konturik hartu.
Egunsentiaren esku izoztuak, argitaratu berri dioten liburua aurreraxeago aipatuko dut, hurrengo eskutitzaren sarreran.
Urnieta, 2008, azaroak 25
Kaixo, Joxe, adiskide maitea:
Jaso dut zure eskutitza eta asko poztu naiz. Egia da denboraldia generamala elkarren berri zuzenik izan gabe, baina horrek ez du esan nahi ahaztuta edo urrun gaudenik. Aski da oroitzea eta lagunarentzat hoberena desiratzea. Nik badakit zu hor zaudela eta zuk badakizu ni hemen nagoela…
Duela egun gutxi ikusi zintudan egunkari batean, HEMEN aldizkariaren bosgarren urtemugaren kariz sinesmenari buruzko (Jainkoari buruzko) mahai bat koordinatzen. Uste dut oso merezimendu haundikoa dela euskal kulturako jendea (sinestuna, zalantzaduna eta sinesgabea) elkarrizketa erlijiosoan jartzeko egiten ari zaren ahalegina. Oraintsu arte, horrelakorik ez zen publikoki entseatzen; arazo erabat “pribatutzat” geneukan Jainkoaren arazo hori; uste dut batzuentzat bitxikeria bat ere bazela, euskal kulturaren esparruan azken urteetan ohikoa baitzen problema zekarten zenbait gaitaz hitz-erdi bat ere ez esatea (Jainkoa, etikaren funts eta sostengarriak, eta abar). Zuk gai horiei gizatasun eta arreta haundiz heldu diezu, eta ni horrek asko pozten nau.
Udazkena aipatzen didazu, eta udazkenaren margoak Arantzazun… Asko maite dut udazkena, bere zain egoten naiz, baina ia urtero bizkarra ematen dit. Lourdesek bazuen horretarako usaimen berezi bat, eta esaten zidan uda behar zela, bere betetasun argitsuan, gozatu, udako egunak ederrak eta luzeak zirelako; ez genuela beti udazkenaz amesten bizitu behar, udazkenak ia beti aldarte txarrak eta abagune aldrebesak ekartzen zizkigulako (makalaldiak, gaixotasuna, ebakuntzak). Hori egia zen. Zoritxar hori zergatik, hori ez genuen inoiz ulertu… fatalitate baten gisakoa zen. Baina nik tematzen jarraitzen dut, eta beti bizi naiz udazkeneko margoen zain. Udazkenean jendea lanera itzultzen da; baina poeta melankolikoentzat begiradaren urtaroa da udazkena.
Poztu naiz, bestetik, “Lenguajes poéticos y vislumbres de Dios” lanaz oroitu zarelako. Lan luze xamarra da eta, gainera, ez da itzulpen errazekoa. Baina saiatuko naiz itzulpena ahalik eta lasterren burutzen; hala ere, hemendik Eguberrietara epe labur xamarra iruditzen zait…
Asteburu honetan nire poesia liburua aurkezten da, Egunsentiaren esku izoztuak. maitasun eta oinazez idatzi dut, Lourdesen oroigarriz batez ere. Bidaliko dizut ale pare bat.
Ongi al doaz Deustuko zure lanak?
Eguberriak baino lehen berriz idatziko dizut. Jainkoak bete zaitzala osasun, indar eta argiz.
Xabier
HAMABOST: 2008ko abenduaren 15ean
Agindua zidanez, eta urtero bezala, Eguberri-atarian zuzen iritsi da Xabierren gutuna, usadiozko agur soila baino gehiago.
Eguberri postal batean idazten du: “Adoration des Bergers” (Artzainen gurtza) (Georges de La Tour, 1593-1652).
Aurrena, Eguberriei buruzko lau zertzelada adierazgarri: paisaia “berezi eta aniztuna” (neguko “lotzea” eta “serenitatea”), usadioak, famiospakizunak beren argi eta itzalez, eta “salbatzailearen etorrera”.
- urtean argitaratua nuen eta 2004an bidalia nion Nazareteko Jesus liburua berrirakurtzen ari da, eta asko estimatzen ditut haren hitzak.
Eguberri-postala paketetxo batean zetorren, eta paketetxoan Xabier Leteren obra gailurra, bere “poesigintzan mugarri den liburua”: Egunsentiaren esku izoztuak. Lehen orrialdean, Xabierren eskaintza, poema-sailaren aurkezpen hunkigarri batekin: “Zuri, Joxe, bizitzaren maitasun eta zaurietatik sortutako hitz desanparatu hauek. Bihotz-bihotzez. Xabier. 2008, abenduan, Eguberrietan”.
2008, abenduak 15
Kaixo, Joxe:
Lehenik, bihotzez agurtzen zaitut. Eguberriaren atarian gaudenez, nire desiorik hoberenak igortzen dizkizut, eta eskatuko diot Jainko haurrari dohainez eta argiz bete zaitzala.
Nik Eguberria paisaia berezi eta aniztun bezala bizitzen dut. Hor dago lehenik natura, neguko “lotze” eta serenitate bereziarekin; hor daude erritoak, usadio eta ohiturak; hor daude familia ospakizunak (ez ditu jendeak beti zorion berdinarekin bizitzen); eta hor dago, batez ere, salbatzailearen eta (zuk diozun bezala) gantzutuaren etorrera.
“Nazareteko Jesus” zure liburua berrirakurtzen ari naiz, astiro eta sakon, eta irakaspen asko jasotzen ari naiz. Leialtasun eta gizatasun haundiz idatzitako liburua iduritzen zait, hornitua baina izpirituz arnastua.
Jakinen duzunez, niri poesia liburu bat argitaratu didate, eta Eguberrietako opari ttiki bezala zuri bidaltzea pentsatu dut.
Xabier
HAMASEI: 2009ko ekainaren 16an
2009 osoan gutun hauxe bakarrik jaso nuen Xabier Leterengandik, eta hauxe izango da azkena. Denetan hunkigarriena da niretzat bi arrazoi handirengatik: azkena izatea eta edukia bera. Bere testamentu bezala daukat.
Ekaina da. Sei hilabete igaro dira azkeneko eskutitzetik. Bost hitz bakan etsik azaltzen dute dena: “Ahuleziatik mintzatzea oso zaila da”.
Ahulezia, gau iluna, indarge, makalaldi fisiko, makurtua, erabat hustua… Horra gizona bere ilunabarrean, “menik eta argirik gabe”. Nireak egin ote du?, galdetzen dio bere buruari, nahiz eta udako solstizioa hurbil izan.
Erabat husturik dagoen arren, duintasuna dario. Egiazkotasuna, egoeraren aitorpena eta onarpena. Horra Leteren handitasuna, inoiz baino handiago.
Sufrimenduari buruz idaztekoa zuenarekin ezinez etsia zuen, arestian aipatu dudanez. Jatorrizko gaztelaniatik HEMENerako euskaratzekoa zuen “Lenguajes poéticos y vislumbre de Dios. Nombrar lo Innombrable” euskaratzeko dauka. Lourdesi buruz idaztekoa zuena idatzi gabe.
Dardara eragiten didaten hitzak, adiskidetasunari erregu urragarria: “Ez nazazu…”. Eta agintzari zalantzatia: “Etorriko da egun bat…”. Ezagutu zintudanean etorri zen, Xabier, eta ni gelditu nintzen harrezkero zorretan.
Udako solstizioa. Udazkeneko margoei eta iragankortasunari begira, neguko bildutasun eta barnetasunari hain atxikia bizi izan den poeta, sei hilabete barru, neguko solstizioan, azken bidaia abiatuko du Lourdesengana, udaberrirantz, uda beterantz. Argirantz.
Azken hitzak geratzen zaizkit gogoan itsatsita, haiei atxikitzen natzaie: “Beti lagun”.
Urnieta, 2009, ekainak 16
Kaixo, Joxe, lagun maitea:
Bada bi hilabete zure eskutitza jaso nuela, erantzun gabe. Badakit ez dela portatzeko modu zuzena, baina ahuleziatik mintzatzea oso zaila da, batek osasunetik eta kemenetik nahi lukeelako mintzatu, eta gau ilunaren erasoaldiei gaina hartu, argirantz hurbilduz…
Poesi liburuaren agerpena zela eta, irakurraldiak barne, urduritasun eta indar bereziz ibili nintzen hilabete pare batez, batetik bestera. Baina hura amaitu zenean indarge geratu nintzen, makalaldi fisiko eta mental bati makurtua.
Erabat hustu banintz bezala. Banituen bi edo hiru lan burutu beharrak, horien artean zuri hitzemana; dardara batean nengoen, egin nahi edo, gutxienez, saiatu nahi baina hasteko menik eta argirik gabe.
Nik ez dakit hori arimaren gau beltza den, edo nire adiskide sendagileek diotenez, “psikastenia” bat; askotan pairatu dut egoera hori nire bizitzan zehar, eta benetan makurgarria eta mixerablea da; eguna joan eta eguna etorri, eta lerro bat idazteko kapaz izan ez… Eta okerrena da ez dela lehen aldia zurekin hori gertatzen zaidana. Batzuetan susmoa dut nireak ia egin duela, eta iraute duin bat litzatekeela, ahal den neurrian, egitasmo bakarra.
Adiskide zarenez, ez nazazu lista beltzean idatzi.
Etorriko da egun bat zorrak ordainduko dizkizudana!
Nire oraingo ezintasun honetatik, maitasunez agurtzen zaitut, hala ere. Emango ahal digu gure Jainko errukitsuak, susperraldiarekin batera, argia eta kemena!
Besarkada bat, beti zure lagun.
Xabier
(Argitaratua in: Sebastian Gartzia Trujillo (ed.), Sinestu eta / zeren? lagunak, IDTP, Bilbo, 2022, 56-93 or.)
[1] Ik. HEMEN 4 (2004, urria-abendua), 81-102 or. Xabierrek egin zuen kontaketa autobiografikorik osoena eta hunkigarriena dugu segur aski. Hemen irakur dezakezu, plazer baduzu: https://josearregi.com/eu/xabier-leterekin-kontu-kontari/
[2] Arantzazu Edizio Frantziskotarrak, Oñati 2002.
[3] Deustuko Unibertsitatea, Bilbo 2000.
[4] “Badakit udazkeneko arratsalde batean / igoko naizela / hiria gurutzatzen duen autobusera / eta eramanen nauela / denbora galdu batean / madreselbek usaitzen zuten auzo isilera. / Zihoan jendea jaisten joan baita / han, geltoki harrigarrietan, / eta urruneko tren gorri baten geziak / abiadura ezarri baitio / karriketako gelditasunari, / azkenerako bakarrik eta azken bidaiari / jaitsiko naiz ni ere hiriaren bazter batean, / eseriko naiz han nonbait / eguzki epelari bizitzaren nekea aitortuz / eta lokartuko naiz agian betirako / azken unean bakean neronekin / ororekin bakean“ (Egunsentiaren esku izoztuak, Pamiela, Irun 2008, 67. or.).
[5] Lander Arbelaitzek 2006an egin zion elkarrizketan. In: Xabier Lete, Abestitzak eta poema kantatuak, Elkar 2006, 202. or.
[6] In HEMEN 13 (2007), 31-44 or. Hemen ere jasoa: Joxe Arregi [arg.], Erlijioa eta erlijioak gure gizartean, Deustuko Unibertsitateko Argitalpenak, Bilbo 2010, 43-58 or. Irakurri nahi baduzu: https://josearregi.com/eu/erlijioa-eta-euskal-kulturaren-auzia/ Jardunaldion barruan beste bi hitzaldi ere izan ziren leku berean: Xabier Andonegi, “Gaurko kulturaren eta fede erlijiosoaren arteko auzia” (urtarrilaren 24an), HEMEN aldizkarian argitaratua (“Kultura postmodernoa eta kristau-fedea”, in HEMEN 13 (2007), 23-30 or.; Ana Berrizbeitia, “Erlijioen eta espiritualitate ezberdinen etorkizuna” (urtarrilaren 25ean), izenburu berarekin argitaratua: HEMEN 14 (2007), 7-15 or..
[7] Joxe Arregi, Jainkoaz galdezka. 40 euskal idazleren erantzunak, Alberdania, Irun 2007. Liburua osorik hemen: https://www.alberdania.net/eu/libro/jainkoaz-galdezka/
[8] Joxe Arregi, Xabier Leteri elkarrizketa, in Hemen 4 (2004), 88. or.
[9] Ib., 99. or.
[10] Esa eta inguruetakoak kontatzen dituen koadernotxo bat, azal urdinak dituena eta gorriz idatzia, eskuz. 2003ko udazkenean idatzi da eta argitaratu gabea. Edonoren eskura dago Koldo Mitxelena liburutegian (“Yesa eta inguruak”: X.L.M39). Ik. 2007ko irailaren 3ko eskutitza.
[11] Koaderno urdina.
[12] Joxe Arregi, Xabier Leteri elkarrizketa, l.c., 98-99. or.
[13] In Xabier Lete, Abestitzak eta poema kantatuak, Elkar, Donostia 2006, 204. or.
[14] HEMEN 7 (2005), 43-56 or. Hemen irakur dezakezu: https://josearregi.com/eu/judizioa-purgatorioa-infernua/
[15] HEMEN 7 (2005), 29-42 or. Hemen irakur dezakezu: https://josearregi.com/eu/?s=Hilezkortasuna
[16] HEMEN 11 (2006), 43-55 or. Hemen irakur dezakezu: https://josearregi.com/eu/?s=Jainkoari+eske+otoitz
[17] Egunsentiaren esku izoztuak, o.c., 147. or.
[18] Hemen irakur dezakezu: https://josearregi.com/eu/aitaren-hiletako-homilia/
[19] Ib., 177. or. “Kulpa eta oinazea” aipatzen ditu 2006ko edo 2007ko urtarrilean idatzitako poema honetan ere: “Urtarrileko eguerdi batean igo nintzen / gailurrean datzan hilerri isilera, / galdutakoei erreoparia eskaini nahi izan nien / baina hain nengoen eskuhuts / hain umezurtz, hain herabe / ez bainuen adorerik izan argizari bat pizteko ere… / atsekabearen ordu besteratuak ziren / kulpa eta oinazea intzirioka direnetakoa / gertakizunari zentzuzko hitz bat eman nahi diogunean, / baina ezin, hain ezinesana izaki heriotza… / orduan ibarrean eliz kanpaiek jo zuten ordua / eta begira jarri nintzen poetaren lurraldeari /, zer naiz ni, oihukatu nuen barneruntz, / haren hitz eder errukitsuetan antzaldatua / gizatasunean bermatua izan dena baizik / […] / eta negar egin nahi izan nuen / hautsi, hustu landa babesgarri haietara, / ederresten nauen arbasoen aberrian ahuspeztu, / aitortu, amore eman, apaldu, senidetu, / norbaitek irakatsia zidalako / gizagotzen gaituzten amodioen hiztegia” (ib., 141-142 or.). Pluralean mintzo da: “galdutakoak”, “bizitzaren muinean oinazea antzeman zutenak”, “haiek”, “joan zirenak” aipatzen ditu. Bestalde, Egunsentiaren esku izoztuak liburuan, poema hau ez dago Lourdesi eskainitako atalean kokatua (azken atala, alegia, “Neguan izan zen” duena izenburu), baina pentsa liteke Lourdes duela batik bat gogoan. Nolanahi ere, Lourdesen zuzeneko aitorpenik ederrena eskaintzen du bere burua “haren hitz eder errukitsuetan antzaldatua” eta “gizatasunean bermatua” bezala definitzen duenean eta aitortzen “norbaitek irakatsia” ziola “gizagotzen gaituzten amodioen hiztegia”.
[20] Ib. 193. or.
[21] Joxe Arregi, Jainkoaz galdezka, o.c.
[22] HEMEN 15, 2007ko uztaila-iraila, 73-80 or.
[23] Ik. HEMEN 15 (2007), Xabier Lete, “Sufrimendua, hori da dena”, 73-80 or. Osorik irakur dezakezu: https://josearregi.com/eu/sufrimendua-hori-da-dena/
[24] Beste hirurak: kritiko-sentimentala, gordin-zinikoa, etsi-ukakorra (ik. K. Izagirre, Elurra ikusi dut, Elkar, Donostia 2017).
[25] Koldo Mitxelena liburutegian dago jasoa eskuizkribua (18 orrialde).