Udazkena

Rafa Redondo-k idazten du:

Lagunok:

Denbora igaro da azken zirkularretik. Denoi aldatu zaigu apur bat geure existentzia. Ni neu, badira ia bi urte 80 urteko agure baten gorputzean aurkitzen naizela, nire jarraipenari eta jarduerari erasaten dion osasun-egoera delikatuan. Artatzen nauten neurologo adituek, gazte xarmangarriak, endekapenezko gaixotasun batez hitz egiten didate, baina, egia esan, adin honetan zerbait endekatzen ari zaidalako beldurtzea barregura pixka bat ematekoa da.

Bada, ordea, ZERBAIT ALDATZEN EZ DENA, ARIMARI EUSTEN ETA BULTZATZEN DIONA ETA GORPUTZARI ERAGITEN. Biziaren Iturriaz ari naiz, bizidun oro arnasten duen Espirituaren haizearen indarraz ari naiz.

Zerbait iraunkorra eta jaio gabea da, adimen pentsalaria iparretik hegora zeharkatzen duena. Nire kontzientzian denboraren gorabeheretatik at dirauen zerbait. Ikusi eta pentsatu ezin den zerbait, bitartekorik gabe ageria edo, hobeto esan, auto-ageria ziur naukana. Milioika gertaera sortu eta hil ondoren ere irauten duen zerbait. Bagaren sentsazio gisa gauzatzen eta agertzen den zerbait. Ramana maisua “Banaiz” esatera bultzatu zuen eta Jesusi Abrahamen aurretik ere bazela esatera eragin zion hori bera. Mundua izan aurretik bazen hori, HORIXE. Nire adimenaren objektuen artean galdu gabe eusten dion Ni hori, auto-ageria eta bitartekorik gabea. Zerbait aldaezina eta esanezina, baina esperimentagarria, irakurtzen ari zaren bitartean, idazten ari naizen bitartean Presentzia bilakatzen dena. Formarik gabeko Nia, gure jatorrizko aurpegia gurasoak jaio baino lehenagotik. Jaio den izaki ororentzat irisgarri den Zerbait,  eskolez eta maisu-maistrez kanpo, 24 ordu iraun dezakeen eguneroko meditazioan garden bilakatzen denean garbitzen, laztantzen eta sendatzen gaituen Zerbait. Eta esker onezko malko artean eskertzen duzun, eskertzen duzun Zerbait…, Bizia bera baita.

“Bukatu dut lasterketa, eutsi diot konfiantzari” (2 Timoteo 4,7). Paulok bezalaxe sentitzen dut: “Non da, Herio, zure garaipena?” (1 Korintoarrei 15,55).

Neure burua kentzen dudanean sortzen denaren harrerari irekitzen natzaio. Idazten ari naizen orri huts honen beronen ezerezari irekitzen natzaio, zeinak premiaz deitzen bainau irekierara, dohain baten dirdirara, neure burua baztertzen dudanean distiratzen duen Zuarengana.

Bilbo, 2021ko urria

(Rafa Redondo, Ipar Haizeako maisu eta laguna, Biziaren Iturrietara bidean formetatik libreko bertsoa)