Enpatia

Enpatia terminoa XX. mendean sortu zen, beste baten sentimenduak beraren barrutik bezala ulertzeko gaitasuna adierazteko. Enpatia grekotik dator, nahiz eta hitz horrek berez pasioa”, “sufrimendua”, “gaixotasuna” esan nahi duen (en: barruan; pathos: sentimendua, sufrimendua). Gure “enpatia” esateko grezierazko terminoa sympatheia zen, latinera konpassio bezala itzuli zena.

Gatozen funtsezkora: enpatia, sinpatia eta erruki edo konpasio (hau inolako konnotazio paternalistarik gabe) hitzek bestearen (en-, sym-, com-) sentimendua edo sufrimendua (pathos) ulertzeko eta geure egiteko gaitasuna adierazten dute, bestearen sentimenduak oro har (poz sakona barne) eta haren sufrimenduak bereziki ez zaizkigularik arrotz, baizik eta geure barnetik uler ditzakegularik.

Neure barnean sartzeko gai banaiz, gai izango naiz bestearen barnean sartzeko ere, enpatizatzeko, sinpatizatzeko, konpadezitzeko edo erruki izateko gai, alegia. Eta, aldi berean, ezin izango naiz ni neu izan, ezin izango naiz izan naizen benetako izate sakona, neure maskara, lilurazko proiekzio eta interes egoistetatik askatua, neure hurkotasuna egunero praktikatzen dudan neurrian baizik, bestearen lekuan jarriz, neure buruari galdetuz: zerk ematen dio min? Zer baltsamo behar du zauria sendatzeko? Hurko egiten naizenean naiz ni neu.

Tradizio espiritual, erlijioso edo laiko guztiek irakatsi dute enpatia sakon hori, geure errealizazio pertsonala gauzatzeko eta besteak begiratzeko eta tratatzeko “Urrezko erregela” gisa. Juduen tradizioan, ospetsuak dira eskola kontrajarrietako bi errabino, Jesusen garaikideak biak: Shammai eta Hillel, zorrotza lehena eta liberala bigarrena. Talmudak kontatzen du pagano bat joan zela Shammairengana eta esan ziola: “Judaismora konbertitu egingo naiz baldin eta oin bakar baten gainean irauteko gai naizen bitartean Torah osoa erakusteko gai bazara”. Shammaik haserre uxatu zuen. Paganoa Hillelengana joan zen proposamen bera eginez, eta Hillelek erantzun zion: “Ez egin hurkoari besteek zuri egitea nahi ez duzuna. Honetan datza Torah osoa; gainerakoa iruzkina besterik ez da”. Jentila judaismora konbertitu zen.

Era berean konberti zitekeen hinduismora, budismora, konfuzianismora, taoismora, zoroastrismora edo islamera, nahiz Pitagoras eta Aristotelesen eta gauza bera irakatsi zuten beste hainbaten irakaspenetara. Baita, noski, Jesusen bidera ere, zeinak baiezko eran adierazi baitzuen gauza bera: “Besteek zuei egitea nahi zenuketen guztia, egin zuek ere besteei; horretan datza Liburu Santuen irakaspena” (Mt 7,12).

Norbaitek min handia egin badizu, normala da zure nia haserretzea eta mendekua edo, gutxienez, gorroto-eskubidea eskatzea. Baina mendekuak eta gorrotoak ez dizute zauria sendatuko. Har ezazu behar adina denbora, baina sar zaitez barrurago zeure baitan, sartu barrurago min eman dizunaren baitan, eta norbaitek edo zerbaitek zauritua den norbait aurkituko duzu harengan. Inork ez du minik egiten gaiztakeriaz, gabezia, errore edo kalteren bat pairatzen duelako baizik. Begira ezazu geldiro haren barnean, eta saia zaitez urratsak egiten, haren tokian jarri eta zeure buruari galdetzeraino: zer beharko nuke nik bera banintz, bere tokian banengo?

Agian aldatzen joango da zure begirada eta haren aurrean duzun jarrera, berari kalterik ez egiteraino edo zigorrik opa ez izateraino, edo harengan konfiantza izan eta hari ongi opa izateraino, are ongi egiteraino. Orduan barkatuko diozu egiazki, baita inoiz ahaztu ezingo baduzu eta haren lagun izatera ezin iritsiko bazara ere. Barkatzen duzunean sendatuko zaizu zauria, eta zauritu zintuenaren zauria ere sendatzen lagunduko duzu.

Samariar ona bezalakoa izango zara. Zeure izaera jainkotiarra, errukiorra, gauzatuko duzu, zeure buruaren sendagarri eta zauritu guztien salbagarri.

(Liburu honetan argitaratua: BATZUEK, Respira tu ser. Meditaciones. Espiritualidad para la vida, Feadulta.com Argitalpenak, Illescas, Toledo 2021, 81-82 or.).