Konfuzio, Analektak – Sarrera

1. Konfuzio

K.a. VI. mendean sortu zen Konfuzio, duela bi mila eta bostehun urte pasa. Hona eman ohi diren data zehatzak: K.a. 551n jaio (Qufun, gaurko Shandong eskualdean) eta 479an hil, 72 urterekin. Ezaguna denez, K.a. VI-V. mendeetako garaia guztiz aparta eta esanguratsua da gizadiaren kulturan: hor ditugu Lao Zi, Buda, Mahavira, Bibliako profeta handiak, Greziako presokratikoak…

Qiu zuen izena, baina Kong Zi (Kong Maisua) deitu zioten, eta deitura hori “Konfuzio” bilakatu zen kristau misiolarien ahoskeran. Amets eta helburu politiko handiak izan zituen, baina porrot egin zuen horretan. Inperioan edo, gutxienez, erresuma basailuren batean ministro izanez zerbitzu egitea zuen helburu, baina inork ez zuen hartu, edo denek bota zuten, eta predikari eta hezitzaile bihurtu zen eta horixe izan heriotza arte, entzuleak eta dizipuluak inguruan zituela, inoiz kargu publiko garrantzitsuren bat izan bazuen ere.

Ezinezkoa da Konfuzio eta Txina bata bestea gabe ulertzea. Ezinezkoa da Konfuzioren irakaspenak ulertzea ere, garaiko egoera sozial eta politikoan kokatuz ez bada. Inperio zabalaren batasuna aspaldi desegina zen, eta printzerrien artean zatiketa eta borroka ziren nagusi. Gizarte feudal dekadente horretan, Konfuziok ordena eta bakea berreskuratu nahi ditu, “jatorrizko ordena eta bake” mitikoak ispilutzat jarriz, Yao, Shun eta Yu enperadore mitologikoak goretsiz eta eredutzat jarriz. Konfuzio jaio baino bi mende lehenago hasia zen Zhou dinastiaren beherakada, zenbait errege basailuren eta herrialde barbaroren erasopean; nornahik usurpatzen zuen edonoren tronua hilketa eta gerra medio, legezko agintariei ez zitzaien inolako errespeturik, garai bateko ordena feudala pitzatzen ari zen. Gerrak eta desordenak, bestalde, gosea zekarren.

Hor ageri zaigu Konfuzio. Bere diagnostikoa argia da: Zeruaren Legea bazterturik, Dao edo Bidetik aldenduak dira agintariak eta hiritarrak; horra nondik sortua den kaos eta nahasmendu hau guztia. Eta horra non den erremedioa: Bidera itzultzea. Zer da Dao edo Bidea? Lao Zi-rentzat (Dao De Jing), den ororen iturburua, funtsa eta elkartasuna da, izakien eta gertakari guztien bilakaera xedatzen duen ordena goren eta misteriotsua. Konfuziok, hori ukatu gabe, beste alderdi bat azpimarratzen du: Antzinakoen jokalege jatorra da Bidea, hots, gizatasunean, elkarren errespetuan, gurasoekiko maitasunean, agintari zuzenekiko menpetasunean eta izaera apalean oinarrituriko biziera. Eta eginkizun horixe hartu zuen beretzat Konfuziok: agintariei eta herritar guztiei, gurasoei eta seme-alabei, betidaniko Bidea erakustea.

Bizitza pertsonal eta bizikidetza bigarrena bereziki harmoniatsua, baketsua, orekatua lortu nahi ditu Konfuziok, baina harmonia ez da geldi egotea, bakea ez da men egitea, oreka ez da dena dagoen horretan uztea. Oso bestela da.

Nolanahi ere, Konfuzioren irakaspenak ez ziren berehalakoan ezarri. Korronte asko izan ditu aurka mendeetan zehar. Bestalde, garai bakoitzak bere gisako Konfuzio bat eraikitzera jo du, maisu askorekin gertatu izan den bezala. K.a. 135an inperioko doktrina ofizial bihurtu zuen Wu enperadoreak konfuzianismoa, baina konfuzianismo ofizial hori oso urrundua dago Konfuzioren egiazko espiritu eta ikuspegitik; konfuzianismo zurrun, legezale eta hierarkizatu horren aurka altxatu zen XX. mendeko iraultza.

Zein da, bada, egiazko Konfuzio? Jo dezagun iturrietara. Jo dezagun, bereziki eskuetan dituzun Analektetara. Beste edozein idazkik baino zuzenago adierazten dute Konfuzioren arima. Gizatasuna eta bizikidetza ez dira lege eta zigorren emaitza, esango liguke Konfuziok.

2. Analektak

Lau liburuak deituriko bilduma dugu konfuzianismoaren oinarri-oinarrizko literatura kanonikoa, eta horien artean ditugu Analektak (Menzioren liburua, Irakaspen handia eta Erdibidea-rekin batera). Lau horien ondoan, bada funtsezko beste bilduma bat ere: Sei klasikoak deitua; horietakoak dira Analektetan hainbat aldiz aipatzen diren I ching edo Eraldaketen liburu” sonatua, Oden liburua eta Historiaren liburua, besteak beste.

Analektak (Solasaldiak) ditugu, zalantzarik gabe, Konfuzioren pentsaera argien eta hurbilen eskaintzen diguten idazkia. Idazki labur bezain mamitsua da. Eta mamitsua bezain arina, irakurtzeko atsegina. Baita Konfuzioren idazkietan zaharrena ere. Ez pentsa, halere, Konfuziok berak idatzi zuenik. Ahoz eman zituen bere irakaspenak, eta ahoz aho gorde zituzten belaunaldietan zehar. Idazkerak erakusten ei du, ez dela idazle bakar baten lana, ez garai berean idatzia.

Hezur eta mamizko gizon bezala ageri zaigu Konfuzio idazki honetan: ez da jainkoa, ez da gero hagiografiak aurkeztuko duen santu zerutiarra, ez da martiria, ez du botere berezirik. Sen handiko gizon letradun jakintsua da, eta besteak heztea du grina, bokazio. Politika asko axola zaio, eta lagun- eta dizipulu-talde bat du inguruan, eguneroko bizitzako arazoez galdezka. Oso atsegin du musika. Inoiz edo behin lur jota aurkitzen dugu, edo haserre, edo humoretsu. Bere handitasunean, apal. Itxurazko solemnitatean, xume.

3. Gizakia kosmosean

Konfuzianismoa humanismoa da, “erlijio” hitzarekin ulertu ohi duguna baino askoz areago. Gizakia da Konfuzioren ardura, gizaki bakoitza eta, bereziki, gizakien bizikidetza.

Baina gizakia ez dago bakarrik. Gizadia ere ez. Lurreko izaki guztien bizikide dira gizakiak, denak biltzen dituen Zeru handi biribilaren azpian. Unibertsoa baturik dago, gizakiak barnean dituela. Unibertsoa batasun harmoniatsu eta ziklikoa da, eta harmonia horri lotu behar zaizkio gizakiak, eta horixe da bereziki enperadore eta agintari guztien ardura: “Zeruaren legea” betearaztea.

“Zerua” da, beraz, errealitatea bere osotasunaren xedatzen eta gidatzen duena, baina ez da “Norbait” eta ez dago mundutik aparte. Ez dago jainkorik, edo ez zaigu horretaz apenas ezer esaten. “Zeruko jauna” aipatzen da, baina ez da erraz bere izaera zehaztea (ez da gure “Ortzi” edo “Jaun Goiko”aren pareko). Enperadorea da Zeruaren eta Lurraren artean bitartekari.

Hiltzen direnak ez dira betiko desagertzen: haien espirituek bizirik diraute, eta badute gizakien bizitzan eraginik, onerako nahiz txarrerako.

4. Bertute etiko konfuziarrak

Gizakiak bitan banatzen dira: ez nobleak batetik eta herri xehea bestetik, baizik eta gizaki gorenak (junzi) batetik eta gizaki kaskarrak (xiao) bestetik.

Eta zerk egiten du gizaki bat “goren”? Ez nobleziak, ez aberastasunak, ez indarrak, ez ospeak, baizik eta gizatiartasunak (ren). Horra Analekta hauetan behin eta berriro aurkituko dugun hitza: gizatiarra, gizatiartasuna. Hau da: onberatasuna, leialtasuna, zuzentasuna, bihotz-zabaltasuna, errukia, bestearekiko errespetu apala. Ontasuna. Horra handitasuna. Hitz batean, nahi baduzu: on izateak egiten gaitu handi. Modu negatiboan esanda: besteek zuri egitea nahi ez duzuna, ez egin inori gauza bera esan zuen Moisesek, Jesusek, Mahomak. Modu positiboan esanda: joka ezazu besteekin, besteek zurekin jokatzea nahi zenukeen bezala. Gizatiartasuna familian gauzatu behar da aurrena, eta gurasoekiko maitasunaren eta menpetasunaren bidez bereziki. Baina gizabanakoen arteko eta senide arteko harremanetan ez ezik, politikan ere egiaztatu nahi luke Konfuziok gizatiartasuna. Familia bakoitza garai hartan, senitarte zabala zen familia inperio txiki bat bezala da, eta Inperio osoa familia handi bat bezala.

Gizatiartasuna ikasi eta landu egiten da, egin behar da. Hortik hezkuntzaren garrantzia. Konfuziar proposamenaren erdi-erdian dago hezkuntza. Noski, ikastea ez da informazioa gogoan pilatze hutsa, baizik eta biziera egokian trebatzea, eta horretarako egoki pentsatzea, gauzak diren bezala ikustea. Irakaskuntzaren helburua ere horixe da: hezten, hazten, izaten, bizitzen erakustea. Hezkuntzaren helburua politikoa da, eta politikak hezia izan behar du. Eta Enperadoreak Hezitzaile handia izan behar luke, bertute nagusi guztien eredu. Bestela, tronuaren lapurra besterik ez da.

Gizatiartasunarekin eta hezkuntzarekin batera, guztiz funtsezkoak dira Konfuzioren doktrinan “errituak” (li). Asaben espirituei sakrifizioak eskaintzeko erabiltzen zen ontzia esan nahi du hitz horrek eta, batez ere, sakrifizioko zeremonia zehatza (musika, antzezpenak, dantzak… lagun direla). Erritu horien arabera egin behar ziren asaben tenpluetan ospatu beharreko gainerako zeremonia sozial eta politikoak, hala nola ezkontza, harreman diplomatikoak, gerra-espedizioak… Uste zuten, errituko arauak zehatz betetzeari lotua zegoela estatuaren martxa ona: soroen emankortasuna, bakea, herriaren zoriona. Zhou dinastiak, ordea, ez zen gauza erritu horiek behar bezala betetzeko, boterea usurpatuz bereganatua baitzuen tronua.

Beraz, errituekiko atxikimendua erreibindikatzen duenean, Konfuzio ez da erritualista eta legezale, baizik eta une bakoitzean zuzen dena egitera gonbidatzen du, eta zuzentasuna ez da beti legea betetzea, ezta goikoari men egitea ere. Errituen espirituari behar zaio jarraitu, ez letra soilari.

5. Berdintasuna eta menpetasuna

Norbaitek pentsa lezake, konfuzianismoa sistema zurrun eta lotua dela, iraganarekiko atxikimendu soil eta geldia. Iduri lezake, iraunkortasun aldagaitzaren predikaria izan zela Konfuzio. Baina hori Konfuzio hil eta lau mende geroago gertatu zen, Konfuzioren irakaspenak sistema dogmatiko zurrun bilakatu zirenean, Han dinastiarekiko menpetasuna eta morrontza isilaren oinarri ideologiko, doktrina legitimatzaile. Baina Konfuzio ez zen hori izan. Bere garaiko egoera iraultzera deitu eta bultzatu zuen egiazki; hori bai, tradizioarekiko leialtasunaren izenean.

Tronuan dagoena errespetatzera gonbidatu zuen Konfuziok, zalantzarik ez. Baina hori bezain egia da bestea: Bidearekiko leial ez den enperadoreak edo bere errege basailuak ez du tronurik merezi. Ondorioa ateratzea ez da zaila, Konfuziok zuzenean apenas formulatzen badu ere (Menziok formulatuko duen bezala): tronua merezi ez dutenak tronutik erauztea zilegi da. Aginpidearen gainetik dago justizia. Beste modu batera ere begira daiteke gauza bera, eta hala esango digu Konfuziok etengabe: inperioan sestra eta gosea nagusitzen direnean, enperadorea bera ongi ari ez den seinalea da. Izan ere, enperadoreak luzaroan Bideari jarraituko balio, herri guztiak ere azkenean jarraitu egingo lioke; agintariak gizatiar balira, herri osoa ere gizatiar izatera iritsiko litzateke.

Irakurle, sar zaitez Zilu, Zigong, Zizhang, Zeng Zi, Zixia ega gainerakoen taldera. Zuk ere baduzu, haiekin batera, Konfuziorengandik zer ikasi: gizatiartasuna, gizatiartasun apala.

Sarrera

Konfuzio. Analektak. Ibaizabal, Amorebieta – Etxano 2008, 5-9 or.