ABORTUAREN INGURUAN ZENBAIT GOGOETA

Jakinaren gainean ekiten diot orrialde hauek idazteari: apenas lortuko dudan neure zalantzak agertzea eta beste zenbaitenak ugaltzea baizik. Jakinaren gainean, halaber, arazo zailetan hobe dela zalantza ziurtasuna baino.

Arazo zaila da abortua, zailik bada. Mingarria da bizi berria sortu dutenentzat, eta emakumearentzat mingarriena. Inork ez du abortatzen borondatez eta gogoz. Inork ez du abortatzen biziari zauriak eragin gabe. Inork ez du abortatzen norberaren bizia zauritu gabe ere. Baina gerta liteke, zauri larriagok saihestearren abortatzea, eta hori ez du inork sekula ukatu Eliza katolikoan barnean ere.

Biziaren alde egon behar genuke guztiok: izaki bizidun guztien alde, giza zelula bizidun bakoitzaren alde, amaren sabelean bizi denaren alde. Baina nola esango dugu abortu guztiak berdinak direla?

Eta zer esango diozu abortatu duenari, nahiz abortatzen lagundu dionari? Kondenatu egingo dituzu, edo eskumikatu? Edo kartzelan sartu? Abortu guztiak saihesten saiatu behar dugu bego hasieratik argi, baina nork sinesten du kode penala eta zigorra direla horretarako biderik onena? Nork sinesten du kode penalak eragingo diela atzera Euskal Herrian urtero abortatzen duten milaka gazteei?

Abortuak ahalbidetzen eta abortatzen dutenak zigortzen erabiltzen ditugun baliabide handiak, hobe genuke abortuak ekiditen eta abortatu dutenei laguntzen erabiliko bagenitu… Eta hori nola?

1. Erantzun sinpleak ez dira aski

1) Ez da aski esatea: “Obulua eta espermatozoidea elkartu direnez geroztik, gizakia da, giza pertsona da, eta, beraz, beste edozein gizakiren eskubideak ditu” (Juan Paulo II.a., Evangelium Vitae entziklika, 1995). Horretara, erro-errotik erabakia legoke abortuaren auzia, eta hala erabakitzen dute askok. Baina sinpleegia da, eta ez da aski. Mila galdera zail sortzen dira: “elkartze” hori zein unetan gertatzen da? Une batean gertatzen ote da ala prozesu luzeago batean zehar? Berdin ote egun bateko zigotoa, astebeteko blastozistoa, bi asteko enbrioia, zortzi asteko fetua? Ez hemen eta ez beste inon, moralak ez diezaioke biologiari entzungor egin. Moralak ez du, noski, zientzien morroi huts bihurtu behar, baina ezin du ere zientzietatik ikasi gabe auziak bere kabutik bakarrik erabaki. Elkarrekin loturik daude morala eta zientzia.

2) Ez da aski esatea: “Nolanahi ere, ‘giza bizia’ da, gizakiengandik sortua eta gizaki izatera deitua eta, beraz, bizi egin nahi du eta bizitzeko eskubidea du”. Bai, halaxe da zalantzarik gabe bai. Baina baiezko horrek ere, biziaren biribiltasuna duen arren, ez ditu korapilo guztiak askatzen. Gerta bailiteke gertatzen da beste zenbait bizidunen bizia egotea jokoan “giza biziki” txiki horren biziarekin batera: amaren bizia, gurasoen bizia, familiaren bizia, gizartearen bizia… Eta “bizia” esatean, ez dut esan nahi “bizi biologiko” soila, biziaren eta bizidunaren ongizate integrala baizik. Bizidun guztien biziak zaindu behar lirateke, ahal dela, eta bakoitzari zor zaion ongizate betea eskaintzen saiatu behar genuke. Baina ahal ez denean zer? Orduan nola erabaki? Ahal den aukerarik onena eginez, ahal den bizidun gehienen ahal den onurarik handiena eraginez. Baina hor ez dago erabateko ziurtasun matematikorik. Morala ez da zientzia zehatza, ez da zientzia absolutua. Printzipio absolutuak ez ditugu aski egoera konkretuei erantzuteko. Eskubide abstraktu batzuei baino gehiago, bizidun batzuen eta besteen eskakizunei adi egoten erakutsi behar du moralak, eta egoera bakoitzean eskakizunik premiazkoena bereizten eta bermatzen. Egoera partikularrean ez dago ziurtasun absoluturik.

3) Ez da aski esatea: “Nolanahi ere, bada une bat edo fase bat, non enbrioia ‘gizaki’ bilakatzen baita, eta ordutik aurrera giza eskubideak ditu, eskubide urratu ezinak”. Bai, hala da. Baina horrekin ere ez da aski. Enbrioia zergatik eta noiz den gizaki eta, ondorioz, eskubideen jabe jakitea bera ere ez da nahikoa. Beste galdera larri bat sortzen baita hor bertan: gizakiak bakarrik ote du bizitzeko eta zoriontsu izateko eskubidea? Kristauen moral tradizionalak gizakia izan du irizpide nagusi, irizpide bakar askotan. Gizakia zen moraltasunaren neurri. Gizakiak neurtzen zuen zer zen zilegi eta zer ez. Guztiz moral antropozentrikoa zen, hau da: gizakiarentzat on zena zegoen ongi, eta gizakiarentzat gaitz zena gaizki. Gizakiaren onerako ziren beste izaki eta abere guztiak. Mundu-ikuskera hori, ordea, erabat aldatzen ari zaigu, eta moraltasunaren irizpideak ere bai ondorioz. Tamalez, giza espeziea zenbat eta ugariago, zenbat eta ahaltsuago izatera iritsi den, gainerako espezieentzat hainbat eta hondagarriago, hainbat eta arriskutsuago izatera iritsi da. Onaren eta gaitzaren ikuspegia zabaldu beharrean gara. Gizakiak ez gara munduaren jaun eta jabe. Bizidunen elkartea da mundua, bizidun guztiek izan nahi dute zoriontsu, izaki guztiek dute direna osoki izateko “eskubidea”. Eta izaki nahiz bizidun guztien harmonia eta onura bilatzea da etikaren helburua. Etika antropologiko partikularretik etika ekologiko unibertsalera igarotzen ari gara.

4) Noski, ez dago esaterik: “Amaren gorpuzkia da zigotoa, enbrioia nahiz fetua. Bere gorputzeko atal bat besterik ez du amak. Beraz, erabakia amaren esku dago kasu guztietan”. Inor ez da bere biziaren jabe bakar. Inor ez da ezein bizidunen erabateko jabe. Emakumea ez da sabelean sortu duen biziaren “jabe”, buruan daraman ile-puntaren edo poltsikoan daraman txanponaren jabe bezala. Jakina, abortua jokoan denean, beste inori baino lehen entzun behar zaio amari berari, eta aitortu beharra dago abortu-legeak gehienetan gizonezkoek eginak direla eta, bikote baten harremanetan bizi berria sortu denean, gizonezkoak sarriegi eta errazegi esaten duela “hor konpon”, haurdunaldiaren zama guztia ez ezik, larria eta bakardadea ere emakumearen gain utziz. Halere, hobe genuke “eskubidea” baino gehiago “erantzukizuna” aipatzea. Amak egiten duena egiten duela, bere buruarekiko eta sabelean daramanarekiko erantzukizunaren izenean erabaki beharko luke, eta ez “nork bere gorputzarekiko” omen duen “eskubidea”ren izenean. Egia esan, “nire sabelarekin nik agintzen dut” esatea ez da oso arrazoi femeninoa, eta bai oso arrazoi patriarkala. Emakumearen sabelean sortu den bizidun miresgarriak bizi egin nahi, samurki onartua eta zaindua izan nahi du, baina hori bai: emakumearen aldetik adina gizonaren aldetik, eta gizarte osoaren aldetik.

5) Eta ez da aski esatea “babesgabeenaren defentsa” dela kristau jokabidearen oinarrizko irizpidea, jokalege nagusia, eta lege horren arabera erabaki behar lukeela babesgabeen Jainkoarengan eta Jesus gurutziltzatuarengan sinesten duenak. Jaio ez den umekia bizidun babesgabea da zinez, hitzik eta kontzientziarik eta eskubiderik ez duen izakia, eta are arreta gehiago zor diogu; maitasun samurra, elikadura eta babesa zor dizkiogu hain izaki ezerezari. Baina printzipio horrekin ez dira arazo guztiak argitzen, gerta bailiteke bizidun hori bera baino ere babesgabeago izatea zenbait kasutan sabelean daraman emakumea, eta ez emakumea bakarrik…

6) Hiltzeko debeku orokorra bihotz-belarrietan hondoraino sartu behar genukeen aldarria da, baina ez du besterik gabe abortuaren auzia erabakitzen. Esate baterako, bi bizidun edo gehiagoren bizia eta ona zaindu behar direnean: enbrioi txikiaren bizia eta ona, amarena edo gurasoena, familiarena, gizartearena, izadiarena… Korapilo berriak sortzen dira hor, eta printzipio handiek ez dute dena erabakitzen.

Abortuaren arazoa ikuspegi estu horietatik askatzen saiatuko naiz ondorengo orrialdeetan. Biziaren alde, baina bizia muga estuegietan lotu gabe. Biziaren alde, baina gizakia biziaren jabe eta neurri bihurtu gabe. Biziaren alde, abortuaren alde daudenak kondenatu gabe. Biziaren alde, baina abortatzen dutenak erlijioaren izenean eskumikatu gabe. Biziaren alde, baina gizartearen gehiengoak abortu-lege zabalagoak nahi baditu, gizarteari horretarako eskubidea ukatu gabe. Biziaren alde, baina auzia “abortua bai”/”aborturik ez” alternatiba estuari lotu gabe. Biziaren alde, baina heriotzaren obsesiorik gabe. Biziaren alde, baina heriotza ez dela heriotza huts eta absolutua onartuz. Hitz batean: biziaren alde, baina egoera korapilatsu eta zail asko dagoela ukatu gabe.

2. Ez dago dena argi

Inori ez dio berdin abortatu edo ez abortatu. Inork ez du abortatzen zalantzarik eta minik gabe. Erabaki gogor eta zaila da abortua edozein emakumerentzat, tragikoa eta larria ere bai askotan. Ez dezagun inor arinegi juzka. Abortua egitera deliberatzen dena, ia beti, egoera zailean aurkitzen da, objetiboki zein subjektiboki.

Balore moralak, banaka harturik, ez dira absolutuak. Jainkoa bakarrik da absolutu, on guztia batera, zorion guztia betean. Izaki bakoitza, banaka, ez da absolutu, izaki guztiekin batera izan ezik. Errealitate osoa bakarrik da absolutu. Bizidun bakoitzaren bizia bera ere ez da balore absolutua, bizidun guztien duintasunezko eta kalitatezko biziarekin batera eta Bizi Osoaren baitan izan ezik.

Ez dago, beraz, esaterik, abortu guztiak absolutuki immoralak eta krimenak direnik. Horixe dio halere Evangelium vitae entziklikak: “Kristok Pedrori eta bere ondorengoei eman zien aginpideaz… adierazten dut ezen zuzeneko abortua, nahiz helburu nahiz medio izan, desordena moral larria dela beti, gizaki errugabea jakinaren gainean deuseztatzea baita” (62. zenb.). Eta doktrina horren oinarriak aipatzen ditu segidan: lege naturala eta Jainkoaren Hitz idatzia, “tradizioak aho batez” helarazi diguna. Baina oinarri horiek ez dira hain finkoak: 1) Ezinezkoa da “lege naturala” zer den erabakitzea (abortua bera ere “lege naturala” da, esan lezake norbaitek); 2) Biblia osoan ez dago abortuari buruzko testurik; 3) Tradizioari dagokionean, berriz, Grazianoren Dekretuak eta Santo Tomasek ez diote entziklikak dioena, aurreraxeago aipatuko dudanez.

Entziklikak ez du onartzen abortatzeko inolako arrazoirik, ezta emakumearen herio-arriskua ere. Eta abortatzen duenarentzat nahiz horretan laguntzen dionarentzat eskumikua berresten du (99. zenb.; Zuzenbide Kanonikoko Kodea 1398)[1]. Gogorra da, gogorregia. Ez du onartzen inoiz kinka larriak edo egoera konplexuak edo baloreen arteko gatazka gerta litezkeenik ere. Oso bestela mintzatu zen Fedeko Doktrinaren Kongregazio Santua, 1974ko adierazpen batean: “Abortuaren alde aipatzen diren arrazoiak nabarmen okerrak edo pisu gabeak balira, arazoa ez litzateke hain dramatikoa izango”. Hau da: egoeraren larriak egiten du askotan abortua are larriago.

Arazo konplexuek erantzun konplexuak eskatzen dituzte. Egin diezaiegun uko behin betiko eta osoko erantzun argiei. Onar dezagun erantzun guztiak behin-behinekoak eta partzialak direla. Biziaren alde jokatu behar dugu, baina ez dugu beti ziur jakingo noiz eta nola eta zein bizidunen alde jokatu.

Eta, noski, abortua gaitzesteak ez du abortatzeko legearen zilegitasuna eta are premia ukatzen. Gizarte anitzean, erakunde erlijiosoak ezin baitie bere moral erlijiosoa hiritar guztiei ezarri.

3. Abortua zergatik legez arautu

Batzuen iritzian, ez litzateke behar abortuari buruzko inolako legerik. Norberaren esku egon behar luke, inolako trabarik gabe. Nahi duenak abortatu eta nahi ez duenak ez.

Beste zenbaitek juxtu alderantziz uste dute: abortuak guztiz debekatua izan behar luke, eta krimena legeztatzea bezala da abortua legeztatzea.

Muturreko bi jarrera horien tartean daude gehienak gure gizartean: ez dute ikusten abortua kasu guztietan krimenaren pareko denik eta, ondorioz, beti zigortu behar denik. Halere, uste dute, muga batzuk jarri behar direla, eta gizartearen gehiengoak ez erlijio batek edo beste ezein erakundek erabaki behar dituela lege horien muga zehatzak. Arrazoizkoa deritzot.

Eta bi arrazoi nagusirengatik deritzot arrazoizko:

1) Lehenengo, baimendu nahiz debekatu, abortuak izan izango direlako. Eta izatekotan, hobe da arau batzuk ezartzea, era bateko zein besteko abusuak ekidite aldera. Euskal Erkidego Autonomoan, esate baterako, 2.586 abortu izan ziren 2.006an[2]. Asko dira, ikaragarri, baina debekatua balego ere berdintsu izango lirateke: ez al da hobe arau batzuk eta baliabide batzuk jartzea, nolanahi ere egingo dena ahalik eta modurik gizatiarrenean eta duinenean egin dadin?[3] Eta galdera galderari, ez al da hobe “biharamuneko pilula” ematea enbrioi garatua abortatzea baino? Eta ez al dira hobe antikontzeptiboak biharamuneko pilula baino?

Gizarte batek abortua lege batzuekin arautzen duenean, ez du esan nahi derrigor abortua berez ontzat ematen duenik. Gerta liteke, gizarte batek gehiengo batek abortua onetsi ez arren, legez arautzea eta baldintza batzuetan baimentzea: legeak baimentzen duen guztiak ez du zertan berez ona edo “etikoa” izan (droga hartzea, esate baterako) eta etikak eskatzen duen guztia ez dago zertan lege bihurtu[4]. Legearen xedea ez da gaitz guztia eragoztea eta on guztia ezartzea, baizik eta ahal den gaitzik gehiena eragoztea eta ahal den onik gehiena eragitea, gizarte-gehiengoaren ikuspegitik beti ere.

2) Eta bigarren, gizarteak ez duelako argi abortua ez ote den zilegi zenbait kasutan. Eta ez nahitaez ikuspegi etikoa lausotua duelako, ikuspegi konplexuagoa duelako baizik. Asko eta asko dira, jakituria handikoak eta zentzu etiko finekoak izan arren, abortua zenbait kasutan zilegi jotzen dutenak. Ez ezjakintasunagatik, ez zabarkeriagatik[5].

Nolanahi ere, legea ez dago erlijioaren esku, ez arlo honetan, ez besteetan. Kristauek euren ikuspegia adieraz dezakete, adierazi behar dute, beste edonork bezala (eta kristauen ikuspegiak ere desberdinak izango dira kasurik gehienetan). Baina kristauek ez diezaiokete gizarte osoari fedearen izenean legerik ezarri, ez eragotzi. Biziaren balio sakratuaren lekuko izatea dagokie, hitzez eta bizieraz. Baina hiritar dira, beste edonor bezala, eta hiritarren gehiengoak erabaki behar ditu hiriko legeak.

Bestalde, legeak beharrezkoak dira, baina legeak ez dira aski. Bizia eta hurkoen duguna, giza bizia dago jokoan, eta ez gaitezke axolagabe izan; abortua “libre” uztea, nahi duenak nahi duena egin, axolagabekeria nabarmena izango litzateke. Baina abortuaren arazoa ez da konponduko legeak zorroztuz.

4. Aborturako zenbait lege-baldintza

Frantziar Estatuan, abortua libre da haurdunaldiko lehen 14 astetan (hiru hilabete eta erdi). Ez dago, beraz, epea beste mugarik; halatsu da herrialde garatu gehienetan, epea 12 aste (hiru hilabete) ingurukoa delarik oro har[6].

Espainiar Estatuan, ostera, zirkunstantziei gehiago begiratzen zaie, epeari baino. Honako hiru arrazoi onartzen ditu legeak abortatu ahal izateko:

1) Arrazoi terapeutikoa: haurdunaldia dela-eta amaren bizitza edo osasun fisikoa nahiz psikikoa arrisku larrian izatea; sendagile baten ziurtagiria behar da, baina abortua egingo duen berarena ez, beste batena.

2) Umekiaren lesioak: akats fisiko eta psikiko larriren batekin jaiotzeko arriskua; haurdunaldiko lehen 22 astetan bost hilabete eta erdi egin behar da eta bi espezialistaren ziurtagiria behar da, abortua egingo den zentrokoak ez diren bi espezialistarena.

3) Bortxaketa: bortxaketa kasuetan, haurdunaldiko lehen 12 asteen barruan hiru hilabete abortatzeko eskatzen du Espainiako legediak, abortatzekotan. Bortxaketa medio sortua izan den umekiak ez du bestela sortuak baino duintasun apalagoa, baina gerta liteke haurdun den emakumearen egoera larria izatea.

Nola neurtu amaren osasun-arriskua edo umekiaren lesioen larritasuna? Mugak lausoak dira, irizpidek labainak: ezin erabat zehaztu. Haurdunaldia aurrera eramateak amaren bizia, fisikoki edo psikikoki, ezinbestean eta erabat hondatuko duela jakinez gero, orduan zer? Eta haurrak, jaiotzen bada, zoritxarreko bizitza izango duela jakinez gero, orduan zer? Nola jakin, ordea, ziurtasun osoz? Eta zer dakigu, ordea, ziurtasun osoz? Eta nork botako lioke lehen harria abortatzen duenari? Zer egingo zenukete Down sindromeko umekia sortuko bazenute? Ez al ditugu ikusten Down sindromeko haur amultsuak ederki gozatzen eta gurasoak zoriontsu?

Uste dut bizidun ororen eta, zehatzago, giza bizidun ororen alde saiatu behar duela gure gizarteak, hezkuntzak, politikak, ekonomiak. Saiatzen garen baino askoz gehiago. Halere, uste dut ez dagoela esaterik: “Aborturik inoiz ez!” Eta oso zaila dela zehatz mugatzea noiz bai eta noiz ez[7].

5. Hasieratik pertsona?

Noiztik da umekia pertsona? Irtenbide zaileko eztabaida benetan. Galdera bera ere ez da segur aski egoki egina. Baina hel diezaiogun bere horretan, eta berak eramango gaitu haratago. Hiru erantzun nagusi bereiz daitezke:

1) Ernalkuntza ezkero. Espermatozoidea eta obulua elkartu eta zelula berri bat osatzen dutenetik bertatik, umekia pertsona da, eta zelula bakar horren abortua hilketa. Izan ere, badu bere DNA, heriotza arte gordeko duen oinarri genetiko berezi eta berea; amarekin lotua dago, baina ez da ama; bere buruaren jabe da nolabait, eta bere bilakaera “burujabearen” gidari. Horixe da, bete-betean, eliz hierarkiaren jarrera (nahiz Vatikanoa, nahiz Espainiako Gotzain Konferentzia)[8].

2) Inplantazioa ezkero. Umekia umetokian osorik kokatzen edo “inplantatzen” denean 14. egunean, alegia eman daiteke umekia “norbaitzat”, pertsonatzat. Une horretan iristen baita, izan ere, egiazki bat bakarra izatera. Ordurarte, bi umekik bat egin dezakete, edo umeki bat bitan bana daiteke (“biki monozigotikoen” kasua). Gainera, sasoi horretan osatzen da nerbio-sistemaren nolabaiteko lehen zirriborroa ere.

3) Organogenesia ezkero, hau da, bigarren hilabetea amaitzean. Umekia oraindik txiki-txikia da 4 zm. besterik ez, baina gizakiaren irudia du dagoeneko, eta organo nagusi guztiak osatuak ditu, eskutxo eta guzti; garuntxoak ere hasia du dagoeneko nolabaiteko aktibitatea, elektro-enzefalogramak erakusten duenez.

Horiek dira jarrera nagusiak, baina badira gehiago: zenbaitentzat, umetokitik kanpo bideragarri den unean bilakatuko litzateke umekia pertsona (baina horrek ezer gutxi esan nahi du, teknikarekin batera aldatzen baitoaz bideragarritasun-epeak); beste zenbaitentzat, jaiotakoan; beste zenbaitentzat, familiak onartzen duenean…

Atal honen hasieran aipatu dut, galdera bera ez dagoela beharbada ongi planteatua: “Noizdanik da umekia pertsona?” Une zehatz bat jartzerik balego bezala. Ez dago jartzerik. Denbora-muga guztiak artifizial samarrak dira, eta eztabaidagarriak. Umekia ez da une jakin batean iristen pertsona izatera. Ez dago esaterik: “13. egunean ez da, eta 14.ean bai”, edo: “Bigarren hilabetea amaitzean bai, eta bi egun lehenago ez”… Hausturarik gabeko bidea da, etenik gabeko prozesua. Duela 55 urte jaio nintzen arren, oraindik ez naiz erabat gizaki eta erabat pertsona heldu izatera iritsi…

Baina ez dezagun dena nahastu eta berdindu. Ez ditzagun nahastu eta erabat berdindu egun bateko umekia eta 7 egunekoa, 7 egunekoa eta 14koa, 14 egunekoa eta 2 hilabetekoa, bi hilabetekoa eta 8koa… Etenik gabeko bidea da, hori bai, eta ez dago esaterik: “Horra hor aurrekoa eta atzekoa bereizten dituen lerroa, muga doia”. Baina ez dago ere esaterik: “Bidearen hasierako umekia eta amaierakoa gauza bera dira”. Ez, ez dira. Baldin eta biologiaren datuak kontuan hartzen baditugu behintzat, eta derrigor hartu behar[9].

6. Gogoan hartu beharreko zenbait datu zientifiko

Jarrai diezaiogun zehatzago aurreko atalaren hariari. Ez dezakegu abortuaren inguruan taxuzko gogoetarik egin, baldin eta gaurko biologiak erakusten dizkigunak kontuan hartzen ez baditugu. Akinoko Santo Tomasek ere kontuan hartu zituen bere garaiko datu biologikoak, nahiz eta gaur dakigunetik datu erratuak izan. Santo Tomasek eta beste hainbat teologok uste zuten Aristotelesek hala erakutsi baitzuen ezen ernalkuntza gertatu eta handik epe batera bilakatzen zela gizakia “arimadun” uste zuten 40. egunean hartzen zutela mutilek arima eta neskek, berriz, 90. egunean…. Ez zuten, hori ez, aborturik onartzen, “arimadun” izaten hasi baino lehenago ere, baina esan beharra dago Santo Tomasek ez duela berdin ikusten umeki “arimadunaren” eta “arima gabearen” abortua; “arima gabeko” umekia abortatu duenari ez dio eskumiku-zigorrik ezartzen[10].

Orduan orduko datuak baliatu zituzten. Gaur gaurkoak baliatu behar. Hona, laburbilduta, egungo biologiak eskaintzen dizkigun datu nagusiak:

1) 14 egunen buruan kokatzen edo inplantatzen da umekia umetokian askok “enbrioi aurrekoa” deitzen diote, zenbaitek “inplantatu aurreko enbrioia” (J.R. Lacadena)[11].

2) Inplantatu aurretik, ez da ez izaki “bat” eta ez “bakarra”, zeren eta bat bera bitan bana daiteke (biki monozigotikoak sortuz) edo bi direnak bat bihur daitezke (“kimerazio” delakoa)[12].

3) Lehen bi astetan, umekien %70a inguru bere kasa galtzen da, baina ez da esaten emakumeak “abortua” izan duenik; hamalau egunetik aurrera, ordea, askoz gutxiago galtzen dira, eta orduan bai, “abortu” deitzen dira.

4) Egun bateko zigotoak berekin du handik aurrerako bilakaera gidatuko duen “nortasun-agiri” genetikoa. Baina informazio genetikoa izateak ez du inolaz esan nahi, gero zer izango den erabakia dagoenik. Informazio genetikoa bezain garrantzizkoa da ingurunea izaki horren (eta edozein izakiren) bilakaeran. “Ingurunea geneen ikuspegitik bezainbat begiratu behar dira geneak ingurunearen ikuspegitik”[13]. Argumentu genetikoa erabiltzen dute abortuaren aurka dauden askok, esanez: “Espermatozoideak eta obuluak elkar hartu dutenez gero, zelula berri bat sortzen da, bere informazio genetiko eta guzti, eta zelula horretan bildua dago ondorengo historia guztia: zelula hori bere kasa banatuz joango da, eta gizakia bere kasa osatuz. Ondorengo historia guztia hantxe dago, zelula bakar xume hartan”. Baina abortuaren kontra edo alde egon arrazoiketa hori ez da egokia. Ez da egokia zientzien aldetik. Dena ez dago zigotoaren geneetan bildua. Dena ez dago geneei lotua. Dena ez dago geneetan aurretiaz erabakia. Orain naizena ez nintzen izango, duela 55 urte zelula bat sortu izan ez balitz, baina ez naiz zelula haren berezko bilakaera bakarrik; ingurune egoki bat izan zuelako joan zen zelula hura osatuz, forma hartuz, bere gaitasun guztiak agertuz. Ez bere kasa bakarrik, inguruari esker baizik. Beste gauza asko izan zitekeen, baina orain naizena izatera iritsi da.

5) Bestalde, zigotoaren informazio genetikoa ez da oraindik finkoa eta behin betikoa, baizik eta amaren DNArekiko harremanak alda dezake zigotoaren DNA.

6) Zerk erabakitzen du izaki baten identitate edo norberatasun genetikoa? “Norberarena” eta “arrotza”, norberaren molekulak eta besterenak bereizteko ahalmenak; zehatzago, “kanpoko arriskuen” aurkako defentsa-sistema (sistema immunologikoa) abian jartzeko ahalmenak. Eta noiz gertatzen da hori? Bigarren hilabetetik hirugarren hilabetera bitartean[14].

Zuhaitz eder baten hazia bezala da giza zigotoa[15]. Ez dago esaterik hazian zuhaitz osoa dagoenik. Noski, zuhaitz garatua bezain miragarri dira hazia, ernamuina eta landaretxoa, eta mirespenez begiratu behar dira eta begiramenduz zaindu. Hazia erne daiteke, eta ernamuin eta landare zuhaitz bihur daiteke, lurra, ura eta airea xurgatuz, etengabeko bilakaera eta harreman miresgarrian. Eta beti ere “besteari” eta besteei esker: lurrari, urari, aireari esker, eta beharbada giza esku arduratsu bati esker. Mirespena eta ardura zor zaizkio hazia, baina hazi bezala, ez zuhaitz bezala.

Datu zientifiko horiek kontuan harturik eta kontuan hartu behar dira, ezin da esan egun bateko zigotoa “giza pertsona” denik. Nekez dei dakioke pertsona ez bat eta ez bakarra ez den izaki bati, hau da, inplantatu aurreko umekiari. Eta askoz harantzago ere egin daiteke galdera: dei ote dakioke “giza pertsona” edo ba ote du “giza nortasunik” identitate genetikoa lortu ez duen enbrioiari, hau da, bizpahiru hilabetera iritsi ez den enbrioiari?

Ez bedi inor aztora. Horrekin guztiarekin ez dut inolaz esan nahi, egun bateko zigotoari begirunerik zor ez zaionik, gutxiago aste beteko blastozistoa zakarretara jaurti daitekeenik, eta are gutxiago hilabete eta erdiko enbrioia arazorik eta ardurarik gabe aborta daitekeenik… “Pertsona ez badira, edozer gauza libre da”, esango luke norbaitek. Edo: “Pertsona ez badira, haien biziak ez du ezer balio”. Baina nondik ateratzen da hori? Pertsonen biziari bakarrik zor ote zaio begirunea? Ez bitez gauzak nahas: bizidunak begiramendua eta zainketa behar du eta eskatzen digu, giza pertsona izan edo ez. Bizidunak bizi egin nahi du, eta bizitzen lagundu behar zaio ahal den neurrian.

7. Gizakia bizidun guztien elkartasunean

Baina edozein biziduni berdin? Aitor dut, galdera honen aurrean galdu egiten naizela. Uste dut, berez, edozein bizidunek eta edozein gizakik, bizidunen eta bizigabeen arteko mugak ere lausoak baitira merezi duela gizakiaren begirunea eta esku zaindaria. Jabetzen naiz hau esatea gogorregi gertatuko zaiola askori, baina ez dut uste gizakiak, berez gizaki izate hutsagatik pribilegio “teologiko” berezirik duenik, Jainkoak “maiteago” duenik eta abar.

Zergatik irudikatu unibertsoa punta zorrozdun piramide gisa, puntaren puntan gizakia jarriz? Hierarkia ez, erkidegoa da izadi osoa; harremana eta bilakaera ditu eragile, eta harremanari elkartasunak eragin behar lioke, ez menpetasunak; elkarren begiruneak, ez norberaren probetxu hutsak; elkarren pozak, ez elkarren beldurrak.

Gizakia ez da ez inoren eta ez ezeren jaun eta jabe. Gainerako izaki guztiak ez dira gizakiaren morroi eta mirabe. Homo sapiens deritzagun gure giza espeziea ez da kreazioaren helburu, ez kreazioaren helmuga. Beste giza espezie batzuk ere izan ziren aurretik, eta izango dira ondoren ere, eta baliteke gizakiak erabat desagertzea eta bestelako izaki adimentsuagoak agertzea. Ez dakigu. Baina ez gara munduaren zilborra, ez gara izakien nagusi[16].

Begira dezagun biologiako testu-liburu batean bizidunen zuhaitza: sustrai beretik eta enbor beretik gatoz bizidun guztiok, bilakaera miresgarria medio. Erkidego haustezin batek lotzen gaitu bizidun guztiok, izaki guztiok. Atomoetatik galaxietara, mugimendu eta harreman-sare zabalean elkarturik dago dena. Unibertsoko izaki guztiok gizakiok barne, jakina oinarrizko osagai berez osatuak gaude, eta jatorri beretik gatoz. Izaki guztiok senideak gara. Jatorri bera dugu gizakiok eta bakteriek. Jatorri bera dugu gizakiok eta itsasoko algek eta erreka-bazterreko garoak eta mendiko pagoak eta pagopeko gibelurdinak eta “arimadun” animalia guztiek. Jatorri bera dugu gizakiok eta ornogabeko zizare, bare, armiarma, kapar, karramarro eta tximeletak. Jatorri bera dugu gizakiok eta ornodun berdel, dortoka, igel, birigarro, orein, otso, sagu eta txinpantzeak. Jatorri bera dugu, ama lur beraren seme-alaba gara denok, eta ez dago esaterik gizakia denik bizi-bilakaera osoaren helburua, biziaren zuhaitzak adar asko baititu, eta ez du adar nagusirik, ez adar-gidarik; adar handi bateko adaska batean sortu zen gizakia, eta ez dakigu adaska horretan oraindik zer sortuko den.

Beraz, ez naiz ni ez inoren eta ez ezeren jaun eta jabe. Gainerako izaki guztiak ez dira gizakiaren morroi eta mirabe. Jakina, biziaren oinarrian dago norberaren bizia defendatzeko bulkada, eta norberaren espeziea gainerakoen aurretik jartzeko joera. Borroka ere bada bizitza, eta nork bere burua zaindu nahi du lehendabizi. Eta agian halaxe behar du. Baina ez dakit hortik ondorio teologiko handiegiak ateratzea zilegi den. “Maita ezazu lagun hurkoa zeure burua bezala”, esan zuen Jesusek. Maita ezazu zeure burua. Maita ezazu modu berean lagun hurkoa. Eta nor da lagun hurkoa? Gizakia edo giza pertsona bakarrik ote dut lagun hurko? Jesusek galderari buelta eman zion: “Izan zaitez behar zaituenaren lagun hurko: eri denaren, zauriturik dagoenaren lagun hurko”.

Gizakiak bakarrik behar ote nau? Neure burua lehenago ote da bestearena baino? Gizakia lehenago ote da beste bizidunak baino? Ez daukat erantzun finkorik. Badakit Biblian gizakia dela aurrena, guztiz kultura antropozentrikoa islatzen baita Biblian. Baina ez dut uste Bibliako kultura antropozentrikoari izaera edo maila teologikoa eman dakiokeenik. Bibliak eguzkia lurraren inguruan dabilela esan arren, aspaldi utzi genion hori sinesteari. Bibliak gizakia gainerako izaki guztien gainetik dagoela esaten didalako derrigor eutsi behar ote diot ikuspegi antropozentriko horri? Ezetz esango nuke. Baina abortuaren arazoa are korapilatsuago bihurtzen du horrek.

Begirunea zor diot begira dudan gizakiari: bere begiez erakusten dit ni ez naizela haren jaun eta jabe, ni ez naizela errealitatearen gailur eta zentro. Begirunea zor diot oraindik jaiotzeko dagoen eta begiez ikusten ez nauen umekiari. Begirunea zor diot gizakiengandik sortu den bizidun berriari. “Beste norbait” nahiz “beste zerbait” izan, “sortzetik hiltzera”, begirunea zor diot: ez naiz ni haren jaun eta jabe. “Beste zerbait” edo “beste norbait”: non dago muga? Eta mugarik balitz ere, ez lioke begiruneari mugarik jarri behar.

8. Bizia eta heriotza. Zenbait ikuspegi ekologiko

Noski, biziaren legea, miresgarria ez ezik, gogorra ere bada; beste bizidunak hilez eta janez bakarrik bizi daiteke biziduna: oreinak belarra eta lehoiak oreina; zozoak harra eta miruak zozoa. Eta gizakiok? Gizakiok dena jaten dugu, baita elkar ere (eta okerrena da, jateko behar ez duguna hiltzen dugula askotan gutiziaz, gorrotoz, beldurrez). Ederra bezain ankerra dirudi biziaren legeak. Elkartasuna bezainbat dirudi borroka.

Baina biziaren den ororen helburua ez ote da borroka elkartasun bihurtzea? Nola iritsiko dira, ordea, bizidunak biziaren elkartasunera, bizi ahal izateko elkar jan behar badute? Ez da erraz erantzuten, eta akaso ezin da erantzun. Ezin dugu eskuratu erabateko erantzunik, baina gure esku dago biziaren erantzukizuna: ahal dugun neurrian, biziaren borroka biziaren elkartasun bihurtzen saiatzea. Biziko banaiz, biziduna hil behar dut, baina hil dezadan begirunez, barkamena eskatuz, eskerrak emanez. Hala hiltzen dute zenbait kultura zaharretako ehiztari nahiz barazki-jaleek. Biziko banaiz, biziduna hil behar dut, baina hi dezadan biziaren komunio zabala osatuz, hau da: bizia besterengandik hartuz eta bizia besteri emanez.

Eta ez dago zertan pentsaturik gizakia gainerako izaki guztien jaun eta jabe dela, eta izaki guztiak gizakiaren zerbitzurako bakarrik direla. Izaki guztiak gizakiak barne elkarren kide dira, eta elkarren lagun behar lukete, guztiak guztiekiko biziaren zordun. Ezagutzen ditugun beste izakiek baino adimen- eta kontzientzia-maila altuagoa du gizakiak, baina ez da adimendun eta kontzientziadun izaki bakarra, eta ezagutzen ditugun beste izakiek baino kontzientzia garatuagoa izateak ez luke eraman behar besteen bizia apetatsu zanpatzera, are arduratsuago zaintzera baizik.

Noski, heriotza eta bizia batera doaz. Batzuen heriotzari esker sortzen dira eta hazten besteak. Zuhaitz batzuk hiltzen direlako haz daitezke besteak. Eta hazi baino lehen “galtzen” dira hazi, ernamuin eta landare gehienak bizi izanaren eta hil beharraren damurik gabe galdu ere, beste bizidun baten ongarri eta osagai bihurtuz. Hazia ernamuinean galtzen da eta garatzen, ernamuina zuhaitzean galtzen eta garatzen den bezala. Eroriko da zuhaitza ere, galduko da, hilko da, eta harri edo lur edo belar edo zuhaitz berri bihurtuko da, edo nork daki? inurri, tximeleta, gizaki edo txori, edo nork daki? oraindik sortu gabeko espezie ezezagun bateko izaki berri. Lehen izandako izaki askoren hondarrez osatuak dira izaki guztiak, eta beste izaki askoren osagai bihurtuko dira; den ororekin harremanetan da den oro: eman eta jaso, galdu eta hartu. Hil eta bizi.

Eta horrela etengabe, biziaren, materiaren, kosmosaren Errealitatearen! mirarizko bilakabidean, harik eta den oro betieran eta betean Jainkoarengan! izatera iritsiko den arte. Baina, gure denbora eta espazioaz haraindi, dagoeneko iritsita daude agian… Nahiz bizi, nahiz hil, Jainkoarengan baikara (ik. Erm 14,8).

Urrutiegi joatea ote da, abortuaz ari garela? Uste dut, ikuspegi ekologiko zabalean kokatu behar dela etika oro har (eko-etika); ikuspegi ekologiko zabal horretan kokatu behar da bioetika edo biziaren etika oro har. Ikuspegi ekologiko eta ebolutiboan kokatu behar da, beraz, abortuaren auzia ere.

Zer ondoriotara garamatza ikuspegi ekologiko honek? Hona hemen zenbait irizpide nagusi:

1) Izaki eta bizidun guztiak bezala, gizakia ere bilakatu egiten da gizaki, bilakatu egiten da pertsona; bilakaeraren hasieran ez da bilakaeraren azkenean izatera iritsiko dena; kode genetikoak adina osarazten du inguruarekiko harremanak. Hasieratik zaindu behar genuke, baina ez hasieran jada osorik omen delako.

2) Giza zigoto, enbrioi edo fetu bakoitza zaindu behar genuke, baina ez “gizaki” direlako bakarrik, are gutxiago “pertsona” omen direlako, bizidun guztien elkarte zabaleko kide delako baizik; bizidun bakoitza zaindu behar genuke, bizidun oro. “Lagun hurkoa” aurrena, bai, baina behar nauenaren “hurko bihurtuz” beti.

3) Ezer eta inor ez da ez gara geure baitan izaki absolutu. Besterengandik sortuak gara, besterekin batera gara beti eta besterentzat gara geure buruarentzat adina.

4) Besteen “heriotzari” esker bizi gara bizidun guztiok, eta prest egon behar genuke besteentzat hiltzeko.

5) Biziduna heriotzari esker bizi den bezala, zergatik ez dugu esango bizidunaren heriotza bizirako izango dela bizidunen elkartasun handian? Bizidunaren bizia absolutu ez den bezala, zergatik ez dugu esango are gutxiago dela absolutu bizidunaren heriotza? Hiltzea “bizia ematea” da eta, beraz, bizitzen jarraitzea. Hainbat erlijioren ikuspegitik esateko: “Jainkoaren” bizi betera jaiotzea.

9. Konklusiorik bai?

Ez dakit gogoeta hauek nola burutu, zer esan azken hitz gisa. Ez daukat azken hitzik. Bizidunak zoriontsu bizi nahi du, eta ahal diren ahalbide guztiak zor zaizkio zoriontsu bizi dadin, bizidun guztien elkartasunean. Horixe esanda utziko nuke, baina puztuegia eta orokorregia gerta daiteke.

Bestalde, ordea, uste dut onespen zabalegiaz eta debeku zorrotzegiaz haratago dagoela arazoa: oinarrizko bizi-jarreran, izaki guztien eta bizidun guztien aurrean dugun jarrera pertsonal eta kolektiboan. Hona, konklusio itxirik gabeko zenbait proposamen:

1) Umekiaren bizia zaindu behar da eta legez babestu hasieratik bertatik eta ahal den neurrian.

2) Bizidun guztien elkartasunaren baitan zaindu behar da giza umekiaren bizia.

3) Ezin da esan abortua ez daitekeela inoiz eta inola zilegi izan.

4) Abortatu ala ez abortatu, irizpide beraren arabera erabaki behar da: bizia umekiarena eta bere “inguruko” bizidunena nola zaindu ongien.

5) Oso nekez esan daiteke etikaren aldetik berdin dela astebeteko umekia edo lau hilabetekoa abortatzea.

6) Gainerako arloetan bezala, abortuaren arloan ere gizarte osoari dagokio ez erlijioari legeak ezartzea, gehiengoaren kontzientziaren edo borondatearen arabera, joko demokratikoaren arabera.

7) Abortuak bideratzen eta abortatzen dutenak zigortzen hainbesteko baliabideak erabili ordez, gure gizarteak hobe luke abortua ekiditeko zenbait zeharbide landu: sexualitateari buruzko hezkuntza, antisorgailuak, desiratu gabeko haurdunentzat orotariko laguntzak, desiratu gabeko haurrentzat harrera-gune egokiak…

Bibliografia

Abel, F. – Boné, E. – Harvey, J.C (arg.), La vida humana: origen y desarrollo. Reflexiones bioéticas de científicos y moralistas, Universidad Pontificia de Comillas, Madril 1989

Gafo, J., “Aborto”, in 10 palabras clave en Bioética, Verbo Divino, Lizarra 1997, 41-90 or.

Gracia, D., “El estatuto de las células embrionarias”, in Como arqueros al blanco. Estudios de bioética, Triacastela, Madrid 2005, 369-394 or.

Lacadena, J.R., “Status del embrión preimplantatorio”, in J. Gafo (arg.), Dilemas éticos de la medicina actual, Universidad Pontifica de Comillas, Madril 1986, 339-403 or.

Lopez Azpitarte, L., Etica y vida: desafíos actuales, Ed. Paulinas, Madril 1990.

Elizaren jarrera ofiziala: Fedeko Doktrinaren Kongregazioa, Donum Vitae (1987); Juan Paulo II.a, Evangelium Vitae Entziklika, 1995; Comité Episcopal de Defensa de la Vida de la Conferencia Episcopal Española, El aborto. 100 cuestiones y respuestas sobre la defensa de la vida y la actitud de los católicos, Madril 1994

(Hemen 18 [2008], apirila-ekaina, 59-74 or.)

  1. Bahiketak eta erailketak zigor bigunagoak dituzte: Zuzenbide Kanonikoko Kodea 1336, 1397.
  2. Espainiar Estatuko batez bestekoaren erdia, gure artean askoz ere gehiagok erabiltzen baitituzte antikontzeptiboak (haurra izan dezaketen adineko emakumeen %85ak). Espainian, 101.592 abortu izan ziren urte horretan; Frantzian, 210.000. Dena den, kopuru absolutuak baino adierazgarriago dira kopuru erlatiboak, hots, 15-44 urte bitarteko 1.000 emakumetatik zenbatek abortatu duen erakusten dutenak. Hona 2006ko kopuruak: Euskal Erkidego Autonomoan, milako 3,99k abortatu zuten; Espainian, 10,6k; Frantzian, 17,3k. Ik: http://www.svss-uspda.ch/fr/suisse/statistiques.htm#international. Gogoan hartzeko beste datua: abortatzen duten emakumeen erdia inguru etorkinak dira.
  3. Eta, besteak beste, pobreek eta aberatsek aukera berdinak izan ditzaten, aberatsen abortua eta pobreen abortua izan ez daitezen. Abortatzerakoan hiltzen diren emakumeen %90 oso pobreak dira.
  4. San Agustinek hobe irizten zion gizarteak prostituzioa ez zigortzeari, nahiz eta berak prostituzioa oso gaiztotzat jo. Akinoko Santo Tomasek dio ezen gobernariek zenbait jokabide oker baimendu egin behar dutela, haiek debekatzeagatik gaitz okerragoak gerta ez daitezen edota mesede handiagoak eragotz ez daitezen.
  5. Duela urte batzuk asko harritu nintzen, Etty Hillesum-i herrikide juduei laguntzearren bizia eman zuen eta Auschwitzen erre zuten emakume gazte mistikoari bere egunkarian irakurri nionean, abortatu egin zuela jakinaren gainean…
  6. Munduko Estatuek abortuari buruz dituzten legeak, ikus hemen: http://www.svss-uspda.ch/fr/facts/mondial.htm
  7. Duela urte batzuk, Martini kardinalak zera idatzi zuen abortuari buruz: “Banderak on dira ideal handi orokorrak erakusteko, baina ez dute asko balio egoera konplexuei irtenbidea aurkitzeko, idealen arloan bertan ere baloreen arteko gatazka sortzen denean. Horrelakoetan gogoeta arretatsu, lasai, sentibera eta eramankorra behar da” (C.M. Martini, in U. Eco – C.M. Martini, ¿En qué creen los que no creen? Un diálogo sobre la ética en el fin del milenio, Temas de hoy, Madril 1997, 42. or.).
  8. Jarrera horren lekuko: E. Sgreccia – J. Laffitte (arg.), El embrión humano en la fase preimplantatoria, Bac, Madril 2008.
  9. “Enbrioia, lehen unetik bertatik, eskubide guztiak dituen gizakia dela esatea ez zait oso sinesgarri. Gizakia ez da genotipo hutsa; fenotipoa da, hots, errealitate biologiko iraunkorra, eta ez geneek eta ez enbrioiaren garapeneko hastapenek ez dute horrelako errealitatearen izaera” (Diego Gracia, Milagros Pérez Oliva-rekin elkarrizketa, in El País Semanal, 2006-01-29).
  10. “Grazianoren Dekretu” (1142) deritzan eliz kode ospetsuak ere “arima gabeko” umekia abortatzea “kasik giza erailketa” (quasi homicidium) dela esan du, eta zigor txikiagoak ezartzen kasu horretan. Bestalde, “arimadun” bilakatu baino lehen bizirik jaiotako umekiak ez ziren bataiatzen.
  11. Ohartxo bat umekiaren izenei dagokionez: espermatozoidea obuluarekin elkartu eta seigarren egunera arte zigotoa deritza; seigarren egunean hasten da inplantazio-prozesua, eta blastozistoa deitzen zaio (edo “enbrioi aurrekoa” edo “inplantatu aurreko enbrioia”); 12-14 egunetan amaitzen da inplantazioa, eta handik aurrera enbrioi esaten zaio; bigarren hilabetetik aurrera, fetu izena ematen zaio.
  12. Zenbaiten ustez, inplantazioa burutu ondoren hasten da haurdunaldia, ez ernalkuntza hutsarekin. Hala dio, esaterako, Alemaniako Ginekologia Elkartea-k.
  13. Diego Gracia, Como arqueros al blanco. Estudio de bioética, Triacastela, Madrid 2005, p. 383. “Ez da ikusi behar ingurunea zelulatik, zelula ingurunetik baizik” (ib. 375).
  14. Juan Ramón Lacadena, w3.cnice.mec.es/tematicas/genetica/1999_05/1999_05_01.html
  15. Gizonezkoaren espermari deitzen zaio “hazia”, baina garbi dago esamolde zaharkitua dela hori, emakumearen obulua ezagutzen ez zen garaikoa; mendeetan zehar uste izan da, gizonezkoaren espermatozoideak “gizaki txiki-txikiak” (homunculus) zirela, eta emakumezkoak ez zuela jartzen “haziarentzat” “lurra”, “tokia”, “umetokia” besterik. XIX. mendean aurkitu zuen lehenengo aldiz zientziak emakumearen obulua. Beraz, esperma ez da gizakiaren “hazia”, gizaki-haziaren osagaia baizik; obulua eta espermatozoidea elkartzen direnean osatzen dute “hazia”: zigotoa.
  16. Oraindik orain esana du Vatikanoko astronomoak: baliteke gure galaxiako nahiz beste galaxiaren bateko planetaren batean bizidunak izatea, baita gizakiok bezain adimen garatua edo garatuagoa duten izakiak ere… Ez ditugu berehala aurkituko, baina hipotesi hutsa aski da gizakiari bere zentralitatea kentzeko.