Pedro Askatasuna Casaldáliga. In memoriam

OHARRA: 2010ean gaztelaniaz argitaratutako artikulu luzexeago baten zatia da ondorengo testua, Pedro Casaldáliga. Las causas que dan sentido a su vida liburua (Benjamin Forcano-k argitaratua, NUEVA UTOPÍA, 2008) Gasteizen aurkeztu zela eta idatzia. Emozioz ematen dut berriro hemen, euskaraz, Askatasunaren eta Askapenaren profeta mistiko eta poetaren omenez.

__

 

“Profeta bat sortu zen”, dio sarri Bibliak. Beti izan dira profetak, eta, altxatzen ziren bakoitzean, historia arnasberritzen zuten. Argiaren eta kontsolamenduaren Espirituak, ontasunaren eta askatasunaren Espirituak, uren gain hegaldaka jarraitzen du, urok berotuz eta ernalduz, kaosa ordenatuz, mundua birsortuz. Beti izan dira profetak, Lurraren salbatzaile, Bibliaren aurretik zein ondoren, guk hainbat muga ezarri aurretik zein ondoren, garai guztietan, herri guztietan, kultura guztietan, baita erlijio guztietan ere, erlijioari esker nahiz erlijioaren aurka.

Profeta bat sortu zen Sâo Felix de Araguaian, Mato Grosso estatuan, Brasilgo Amazonia berde eta martirizatuan: Pedro Casaldáliga. Klaretar katalana zen eta prest iritsi zen hara, behin lurra goldatzeko eta Erreinuko hazia ereiteko goldeari heldu eta gero, gehiago atzera ez, aurrera bakarrik begiratzeko. Ez da inoiz bere herrialdera itzuli 1968an joan zenetik. Eta ez printzipio ideologikoren batengatik, baizik eta hain berea zuen borondateagatik azkeneraino koherentea izateko eta bere burua erabat emateko, erradikalismorik gabe baina erradikaltasunez, eta brasildarrek “teimosia” deitzen duten tema-izpi adeitsu bat medio. Jesusen egoskortasun ebanjelikoa. Pedro, edo Pere, bertan geratu zen joan zenetik, hitz haragitu eta askatzailea izan nahi baitzuen Araguaia ibaiaren ertzetan, orotan tapirapeak bezalako: haiek ebanjelizatu ditu eta haiek ebanjelizatu dute batez ere. Beraietako bat bihurtu zen, gorputzez eta arimaz, janariz eta arropaz (hiru alkandora eta bi galtza, gehiago ez, indioak bezalaxe) eta, jakina, baita bidaietan ere. Sor Genoveva imitatu du, Charles de Foucaulden “Jesusen arrebatxoa”, Casaldáligak baino lehenago erabaki zuena indigenekin bizitzea eta haiek bezalakoa izatea; hark sartu zuen profetatzan, tapirapeen eta indigena guztien artean haragi eta pentsamolde eta bizitza, baita erlijio ere, bilakatu zen betidaniko Hitza deskubritzen erakutsiz. Gogoz kontra Gotzain izendatu zutenean (1971n), lehen bezalaxe bizitzen, janzten eta profetizatzen jarraitu zuen. Eta han geratu zen erretiroa hartu zuenean (2005ean), betiko fedeari eta borrokari atxikita: lurra eta indigenak. Eta han jarraitzen du gaur ere, etxetik irten gabe ia, “Parkinson anaia” dela eta, baina batere galdu gabe gogoaren argia, bihotzaren garra, hitzaren txinparta. Zutik dirau profetak azkeneraino, edo iristen denean iritsiko den azken hasieraraino.

Profeta guztiek bezala, Casaldáligak erruki santuz eta haserre sakratuz beterik dauka bihotza: haserrerainoko errukia, errukizko haserrea. Hala izan zen Jesus, errukior eta subertsibo, Zoriontasunen menditik Kalbarioko mendiraino, Galileako herrixka miserableetatik Jerusalemgo tenplu handioseraino. Behin, lurjabeen pistolaren pean Amazonia oihaneko zuhaitzak botatzen ari ziren peoiekin zela, Casaldáligak bere labanaz eta bihotzeko suaz basa palmondo baten hostoan idatzi zuen: “Jende-herri gara, / Jainko-Herria gara. / Lurra Lurrean nahi dugu, zeruan izango baitugu”. Lur berria nahi du, hona nola irudikatua: “Plater / erraldoi bat / arroz, / ogi bat egundokoa eta gurea, / guztion goserako”. Gaitzik gabeko lurra, goserik gabeko lurra. Jainkoaren ametsa zeru-lurrentzat. “Dena erlatiboa da Jainkoa eta gosea izan ezik”, adierazi zuen Casaldáligak bere aforismo bikainetako batean, gure teologia, entziklika eta erritual-liburu guztien goiburuan agertu beharko lukeena. Jainkoari ez baitiote loriarik ematen gure hitzek, dogmek eta kultuek, errege eta apaizen aurrez aurre profetek etengabe aldarrikatu duten bezala. Jainkoa ez da hazten tenpluak intsentsuz eta eliztarrez betetzen direlako (intsentsu eta eliztar bedeinkatuak!). Mahai guztiak ogiz betetzen direnean bakarrik hazten da Jainkoa (ogi guztiak eta mahaiak oro bedeinkatuak!). Lur librea eta ogi gozoa izan ziren Jesusen amets.

Pere Casaldáliga munduko miseriaren zuzeneko erantzule diren botere ekonomiko eta politiko guztien aurka altxatu zen eta egin zuen oihu, baita egitez edo ez-egitez haiekin elkartzen diren erakunde erlijioso guztien aurka ere. Casaldáliga apezpiku eta profeta subertsiboen espezie arraroko kidea da, Jainkoaren ohoragarri Lurrean eta planetaren salbagarri. (Eta Elizaren ondra eta sinesgarritasun, badu-eta premia). “Subertsibo deitzen didate. / Halaxe naiz, esango diet. / Herriaren alde bizi naiz borrokan. / Herriarekin batera noa martxan”. Hitzen erritmoa bera ere profetikoa eta subertsiboa da, martxa gogor eta alaiaren erritmoa, pobreentzako Zoriontasunen doinuan, aberastasunaren aurkako madarikazioen doinuan (“aberatsen alde, baina aberastasunen eta pribilegioen, esplotatzeko eta baztertzeko dituzten ahalbideen aurka”; “jabetza pribatuaren alde, baina jabetza pribatzailearen aurka”). Eta erramatatzeko: “Uste dut gaur egun matxinaturik baino ezin dela bizi. Eta uste dut iraultzaile izanez bakarrik izan daitekeela kristau, ez baita nahikoa mundua ‘erreformatu’ nahi izatea “. Eta zergatik azaltzen du: “Ebanjelioa interesen subertsioa da, idoloen eraispena baita”. Eta errazkeriak eta/edo koldarkeriak altxarazten dute: “Matxinatu egiten naiz neokapitalismoaren hiru aginduen aurka: bozkatu, isildu eta telebista begiratu”.

Horra hor profeta: begiak argi, belarriak erne, bihotza gartsu, ezpainak inspiratu, Jesusekin maitemindua eta bidegabekeriarekin sumintzeraino haserre. Horra profeta librea, Espirituaren Askearen edo Ruahren semea. Behin batean idatzi zuen: “Berriro bataiatzen banauzu, jarri izen hau: Pedro Askatasuna”.

(Aizarna, 2020ko irailak 17)