UCAko martirien hiltzaile bat kondenatu

Urrats erabakigarria eman berri da justiziarako bidean 1989an, egunsenti beltz ilargidun hartan, UCAko (San Salvador) unibertsitate jesuitan hil zituztenekiko: Ignazio Ellakuria, Segundo Montes, Amando López, Ignacio Martín-Baró, Juan Ramón Moreno eta Joaquín López, jesuitak, eta Julia Elba Ramos, jesuiten egoitzako sukaldaria, eta 15 urteko haren alaba Celina Mariceth Ramola. Ezin nituen utzi bakoitza bere martiri-izen eta -abizenez izendatu gabe.


Espainiako Auzitegi Nazionalak 133 urte eta hiru hilabeteko zigorra ezarri dio Inocente Orlando Montano, El Salvadorreko koronel eta Segurtasun ministrorde ohiari: 26 urte eta koska Espainiako nazionalitatea zuten bost jesuitetako bakoitzagatik, hauekiko bakarrik baitu, izan, jurisdikzioa Espainiako auzitegiak.


Zinez pozten naiz.


Auzitegi Gorenak solemnitatez onartu du gertaeren egia, ikusi nahi ez zuenak bakarrik ikusten ez zuena: zortzi hilketak “Indar Armatuen goi-aginteko kideek trikimailatu, planifikatu, adostu eta agindu zituztela, Inocente Orlando Montano organo horretako kide zelarik, Segurtasun Publikoko ministrorde gisa”. Baieztatu du Alfredo Cristiani Errepublikako orduko presidenteak sarraskian parte hartu zuela. Ziurtatu du Gobernu nazionaleko kupulak indarkeria armatuko delitu oso larriak egin zituela, “euren posizio pribilegiatuak betikotzeko asmoz” egin ere, eta gezurra esan eta euren botere guztia erabili zutela sinetsarazteko ezen biktimek “konfabulazio sozialista-komunista baten agente gisa” jarduten zutela eta, euren askapen-teologia medio, “Kremlinaren zerbitzura zegoen nazioarteko konspirazio komunista batera” bultzatzen zituztela nekazariak. Eta gertakariak diren bezalaxe kalifikatzen ditu: “Estatu-terrorismoa”.


Horrelako kondena judizial gogor eta irmoa ez da nahikoa izango biktimei bizia itzultzeko, baina ezinbesteko baldintza da, izan, haien oroimenari duintasuna aitortzeko, haien kausa legitimatzeko eta kausa beragatik, lehenago nahiz geroago, gure Lur martirizatu honetako edozein bazterretan bizia eman duten guztien izena zuritzeko. Haiek berpizteko modu bat da. Ankerkeria horiek egin zituztenen kondena judiziala, beraz, bidezkoa da, beharrezkoa zen. Ez dago justiziarik egiarik gabe.


Neure buruari galdetzen diot, ordea: bidezkoa eta beharrezkoa ote litzateke hilketa horien egileek urteak eta urteak kartzelan ematea? Inori mesederik egingo ote lioke Inocente Orlando Montanok espetxeko tortura jasateak, ez 133 urtez, baizik eta 3 urtez bakarrik izanda ere? Ezarriko litzaiokeen sufrimenduak erreparatuko ote luke hark bere biktimei, familiei eta herriari egin zien kalte bidegabe eta ankerra?


Baldin eta espetxea –daukagun espetxe-eredua– balitz lapurrari berriro lapurtzea, hiltzaileari berriz hiltzea edo bortxatzaileari berriz bortxatzea eragozteko bide bakarra, justifika liteke. Delitu horiek beste batzuek egin ez ditzaten edo gaizkileak  pertsona eta hiritar hobeak bihurtzeko balioko balu, uler liteke espetxea. Baina ez da horrelakorik. Espetxe-zigorrak, luzea izan arren, ez du lortzen delituak gutxitzea, ez eta delitugileak onbideratzea, berreztea edo birsozializatzea ere. Eta gizarte garatu batek baliabide hoberik bideratzen ez badu kriminalak berriro krimenera jo ez dezan, esan nahiko luke gizarte horrek garapen gizatiarrari uko egin diola. Ez dago justiziarik erreparaziorik gabe, baina kartzelak ez du ez gaizkilea ez beronek zauritua erreparatzen.


Horregatik irizten diot kartzela ez dela jada beharrezkoa eta, beraz, bidegabea dela. Etikaren kontrakoa iruditzen zait norbaitek, gaizkileena izanda ere, bere duintasunaren hondarrak ere alferrik galtzea argirik eta errukirik eta gizatasunik gabeko zulo anker horietan. Eta horrek balio du Inocente Orlando Montano bezalako kriminal batentzat nahiz ETAkide, bortxatzaile edo usteldu batentzat, errege balitz ere. Gogorra dirudi, baina halaxe uste dut.

Eta espero dut inork ez ulertzea hitz hauekin defenditzen ari naizenik gizarte batek ez duela ezer egin behar, ez  duela bere burua babestu behar gizartea suntsitzen ari direnen aurrean –eta aurrena, noski, botere ekonomiko edo politikoa medio gizartea suntsitzen ari direnen aurrean–. Aitzitik, defendatzen dut gizarte gizatiar eta garatu, sentibera eta jakintsu batek kartzelak ez diren beste bitarteko batzuk bilatu beharko lituzkeela; bitarteko zentzuzko, humanizatzaile eta eraginkorrak, alegia, krimena eragozteko, kriminala onbideratzeko eta, lehenik eta behin, biktima guztien zauriak sendatzeko. Eta diot bide alternatibo horiek gure esku daudela. Nahi izatea falta.

Krimenaren eta mendekuaren, delituaren eta zigorraren logikan harrapatuta jarraitzen dugun bitartean, ez dugu biktimario eta biktimen historia amaigabe hau eraldatuko. Gure espetxe-sistemaren azpian, Espainiako Konstituzioak aldarrikatzen duena gorabehera, egon dagoen pentsamolde penalista gainditzeko gai ez garen bitartean, eta kartzelarik gabeko gizarte justu eta baketsua eraikitzen asmatzen ez dugun bitartean, ez dugu lortuko “historia iraultzea, azpikoz gain jartzea eta beste norabait bultzatzea”, Ignazio Ellakuriak idatzi zuen bezala.

Alba eta Celina, Segundo, Ignazio, Amando, Ignacio, Juan Ramon eta Joaquín: otoitz gure alde. Hots: zuen oroimenak iraun beza gure bizitzan, zuen arnasak gurean, eta gure urratsek jarrai bitzate zuen urratsak, eguna osoki argituko duen arte, zigor guztiak justizia bilakatuko diren arte. (Aizarna, 2020ko irailaren 14a)