Itxaropenaren elikagarri…
Zuhaitzez estalitako muinoen lurraldea da, perretxikotarako leku. “Infernu berdea” deitzen diot nik, paradisua baita!
Joan den larunbatean, gizatasunik sakonena piztera bultzatzen gaituen lekukotasun-topaketa horietako baten aukera izan genuen.
Anfitrioien etxeak, “ezerezaren erdian” isolatuta, badu esparru bat hareharri gorrizko horma baxuz inguratua, eta ehun urtetik gorako haritz handi bat erdian, esparru osoari itzala emanez.
Oholtza bat, aulkiak hemiziklo zabalean…
Nor etorriko da hona San Luisek bezala justizia ezartzera?
Talde txikitan, ezohiko populazioa dator… Ez dira maiz gertatzen horrelako topaketak, baina humanismoa eta fedea sor ditzakete.
Etxean hartzen gaituen bikoteak eta integrazio-elkarte bateko arduradunek laguntzen digute harrera egiten sudandarrari, komoretarrari, txinatarrari, kongoarrari, ginearrari, afganiarrari, bangladeshtarrari, tamilari, kolonbiarrari… eta ez ditut denak gogoan!
Erbesteratu politiko gisa aitortuak dira guztiak eta erregularizazio bidean daude. Inguruko bi hiritan bizi dira, eta frantsesa ikasten dihardute, maila desberdinetan gure herrialdera iritsi ziren dataren arabera.
Irribarreak eskainiz elkarri, izenak errepikatuz, eskuak estutuz… Irribarre gozoa da hartuarena zein anfitrioiarena.
“Gogoan izan atzerritarrak izan zinela Egiptoko lurraldean!”
Berrogei bat parte-hartzaile ziren, beraz, horien artean hogeita bost atzerritar gutxienez, «migratzaileak», beren buruari deitzen dioten bezala. Gainerakoak borondate oneko pertsonak, gizakien gizatasun unibertsalean sinesten dutenak, kristau konprometituak barne. Fedea giza hezur eta mamitan bizi behar dela ulertu bide duten kristauak, eta ez mezatara joanez bakarrik.
Uda-brisa indartsuak xuxurlatzen du haritz handian zehar, hostoak eta arimak astinduz…
Geure artean hitz egiten saiatzen gara, zaila den arren: ingeles pixka bat, espainol pixka bat, frantses pixka bat eta… telefonoaren itzultzailea! Eta eszenatokian boluntarioak, bata bestearen atzetik, ipuinekin, olerkiekin, abestiekin, istorioekin, txisteekin, keinuekin eta dantzekin, hain urrun dauden familien oroitzapenekin, sarritan aipatzen den eta begiak bustitzen dituen amaren irribarrearekin…
Dena harmoniatsua da bere aniztasunean! Belusezko laztana oraindik haragi bizitan diren zaurietan.
Gero, buffet partekatura goaz korrika, argazkiak egiten ditugu, 2. zatirako itzultzen gara… Azkenean, agur esan eta berriro haiengana biltzeko asmotan geratu ginen, hemen gurekin bizitzera egokitzen laguntzeko…
Bitartean, ekialdetik, ilargi gorri handia atera da, jaialdi honetako faroltxo bizia.
A zer ekimen zoragarria! Eskerrik asko antolatzaileei!
“Aski da maitatzea…”
Rose Marie Barandiaran
2024ko uztaila
(Frantsesetik itzulia)