Behin betiko ezabatu behar dugu Abbé Pierre-n izena?
Hasia da ezabaketa: Abbé Pierre Fundazioak izena aldatzea erabaki du. Esteville-n, Rouen-etik gertu gertu, eskainia zeukan monumentua itxi egin du Emaus-el, eta logotipoa aldatzekoa du. Baina hortik harago, izena aldatzeko mugimendu zabala abian da Frantzia osoan. Hala behar du? Baina posible da besterik egitea?
Izan ere, Abbé Pierrek 300 bat kale, 150 errepide, hogei bat plaza eta parke, eskolak eta ikastetxeak, autobus-geltokiak, plaka oroigarriak… utziak ditu Frantziako ia 600 lekutan!
Alfortvillen, Paris kanpoaldean, Emausen sortzaileak bizitzako azken urteak eman zituen lekuan, alkatea ez da uzkurtu: Abbé Pierre plazak Joséphine Baker izena izango du. Eta apaizaren bustoaren ordez emakume abeslariaren estatua jarriko da.
Gauzak doazen bezala, gerraosteko figura frantses garrantzitsuenetako baten izena eta aurpegia erabat desagertuko dira hilabete batzuen buruan.
Sic transit gloria mundi. Horrela igarotzen da munduko ospea.
Ikusi ote da inoiz horrelako desafekzio-mugimendurik?
Sekula ez. Honek ez du aurrekaririk. Pétain mariskalak etorbide batzuk izan zituen bizitzan zehar, eta De Gaulle edo Libération bezala berrizendatu ziren, okupatzailea garaitua izan ondoren. Beste mariskal batek ere bere etorbidea galduko du Parisen: Bugeaud, Aljeriako konkistatzaile odoltsuak.
Baina ez dute zerikusirik pobreziaren aurkako gerran jeneral handia izan zen Abbé Pierren figura bihotz-zabal eta herrikoiarekin. Roland Barthesek 1957ko Mitologietan idatzi zuen haren aurpegiak, bizarrak eta ile-mozkerak santutasunarenak diruditela. Asisko Frantziskorekin konparatzen da. Frantsesen pertsonalitate gogokoena izan zen 16 urtez. Ospatu eta oroitu egin dugu. 1954ko neguan Radio Luxemburgen egindako deialdiagatik, harrotasunerako motibo bihurtu zuen RTLk.
Duela urtebete baino gutxiago, 800.000 ikusletik gora liluratu zituen gizon bikain honi, bizitza pobreei eman zienari, eskainitako bigarren film luzeak. Bizitza borrokan, horixe zuen izenburu. Benjamin Lavernhek antzeztutako pertsonaiak argi uzten zuen kastitatea zail egiten zitzaiola. Baina…
Baina hori guztia bere benetako aurpegia agertu baino lehen izan zen. Heroia endekatua dela jakin baino lehen. Edo, zehatzago, heroia endekatua ere badela. Gizon ona nazkagarri handi batekin batera bizi zela. Hogei bat emakumek emandako frogek eta lekukotasun ugarik ez dute zalantzarako tarterik uzten.
Ikaragarriena zera da: Abbe Pierre erresistentziaren borrokalari handia eta juduen salbatzailea ere izan zela. Eta ikono bat zelako egin ahal izan zituela izugarrikeriak inolako zigorrik gabe. Ukiezina eta higuingarria.
Orduan, espazio publikotik ezabatu beharko litzateke?
Tamalez, zer egin besterik? Horrek ez du esan nahi existitu ez balitz bezala egin behar denik. Abbé Pierre pertsonaia historikoa da oraindik, miresgarria hainbat alorretan. Baina jadanik ezin da ohoratu, ezin da eredu izan, berak zikindu du aurrerantzean inongo fatxadan agertuko ez den izena. Biktimentzat zorionez. Baina ezin tristeagoa da gu guztion historiarentzat.
(Patrick Cohen-en “L’édito politique”, FRANCE INTER irrati-katean, 2024ko irailaren 12an)
Lehen hitzetik azkenengora sinatzen dut iruzkina. Ez nuke ezer kenduko, baina bai bi oin-ohar labur gehituko:
1) Neure buruari galdetzen diot ea gizadiak historian zehar izan dituen figura handietako bat bakarra ere eredu gisa aurkezterik izango ote genukeen, baldin eta haren “egia osoa” ezagutuko bagenu. Are tristeagoa egiten du horrek guztion historia.
2) Halere, ezin dut beste behin gogoratu gabe utzi Anaia Frantzisko Asiskoak zioena, Zelanoko Tomas bere lehen biografoaren, hura pertsonalki ezagutu zuenaren esanetan: “Bekataririk handiena naizela iruditzen zait, zeren, Jainkoak nirekin bezainbesteko errukia izan balu gaizkile batekin, ni baino hamar aldiz espiritualagoa izango bailitzateke”. Bekataria dioen lekuan, jarri, nahi baduzu: gaizkilea, bortxatzailea, hiltzailea… edo gaixoa. Eta Jainkoa dioen tokian, jarri, nahi baduzu: bizia, kasualitatea, halabeharra, patua… Jainkoa esatea, ordea, ez gizadia eta ez munduan ezer ez dela kondenatua aitortzeko modua da niretzat.