Jainkoarengan sinestea aukeratzen dut

Ez dut froga zientifikorik Jainkoa existitzen denik,
ezta heriotzaren ondoren zer izan daitekeen ere.
80ko hamarkadako uretan arraunean jada, zalantzaz josia dut fedea.
Borborka ditut galderak
boteretsuen krudeltasun estrukturalen,
errugabeen sufrimenduaren,
jendearen miserien,
hondamendi naturalen aurrean…
Non da Jainkoa? Zergatik ez du ezer egiten?
Zergatik bizi da zenbait gaizkile hain ondo eta hainbeste jende on hain gaizki?
Zergatik geratzen da Jainkoa besoak tolesturik
gaiztoak errugabea nola irensten duen ikusita?
Jasanezina da Jainkoaren isiltasuna hainbeste sufrimendu zentzugaberen aurrean.
Zergatik ez zenuen zeure Semea bera ere heriotza laidogarri hartatik libratu?
Isiltasun izugarria!
Existitzen bazara, Jainko ezkutua zara… Ala krudela ote? Edo ahalgabea?

Ez dut ere frogarik zer esan nahi ote duen heriotzak.
Pertsonalki, behin baino gehiagotan ikusi dizkiot belarri-muturrak.
Hainbat bidelagun ez daude jada… Betiko joan dira.
Hainbeste heriotza lagundu eta hainbeste gorpuri beila egin ondoren
galderak izozten zaizkit…
Non dira? Entzuten ote naute? Eskerrak eman ote diezazkieket edo laguntza eskatu?
Dena zizare eta ustel bilakatzen ote da?
Eta ezer ez balego?
Hilobia bezain isilik!

Zientziaren aurrerapen askoren aurrean, fede klasikoak ihes egiten dit,
hareak hatz artean bezala…
Lur planeta ez da Kreazioaren erdigunea,
galaxia marjinal bateko eguzkitxo baten puntu urdin bat baizik.
Milioika urte dira
biziaren eta gizakien eboluzioa abian dela…
Gaixotasunek kausa eta erremedio naturalak dituzte…
Genetikak “mirariak” egiten ditu, lehen amestu ere ezin zirenak…
Pobrezia arazo sozio-politikoa da…
Ez dira deabruek eraginak, ezta Jainkoaren zigorrak ere…
Ezagutzen dut zintzo eta zoriontsu den jendea Jainkoa ezertarako aintzat hartu gabe.
Non geratu dira hainbeste sineskizun eta hainbeste otoitz zoriona lortzeko
eta gaixotasunak eta zorigaitzak uxatzeko?
Hainbat praktika erlijioso porrot hutsa dira!

Jainkoak ihes egiten digu. Ez da irudikagarria, ez kontrolagarria.
Ez da ahalguztiduna.
Ez du izenik ere… Mila izen bai, baina bat ere ez balio duenik.

Baina, tornadoaren erdian zorabiaturik, beste errealitate bat datorkit gainera:
Aitortu behar dut Jainkoarekiko fedea eraginkor eta lagungarri izan dudala
idealak lantzeko,
pobreen artean serioski sartzeko,
zailtasun handiak gainditzeko,
jende askori duintasuna berreskuratzen laguntzeko…
Batzuetan sentitu izan ditut haren urrats isilak…
Horregatik, era berrian Jainkoarengan sinestea aukeratzen dut
modu arrazional eta librean.
Galderaz gainezka, hutsean jauzi egiten dut.
Nire bizitza, hain konprometitu eta zoriontsua, errealitate pilpiratsua da,
kontzienteki Jainkoarengan oinarrituta baizik ezin dudana ulertu.
Ezin dut ukatu badela nire bizitzan jainkozko presentzia.
Baita sakon lagundu diedan beste hainbat pertsonaren bizitzan ere.
Luzaroan maiteminduriko bikoteetan eta heroikoki solidarioak diren amengan
ikusten dut Jainkoa.
Herri-erakundeen borroka heroikoetan sintonizatu dut Jainkoaren presentzia.
Onartzen dut ez garela gauza Jainkoa den bezala ulertzeko.
Pentsa edo irudika dezakeguna baino handiagoa da beti.
Ez dut ikusten, ezin dut ukitu,
baina pertsonalki esperimentatu ditut haren energiak,
hain samur eta boteretsuak…
Zerumugarik gabeko ziegan sartua nintzela, Jainkoaren eskuak laztandu zidan bihotza.
Haren besarkada sentitu nuen kalumniatu edo hiltzeko pertsegitu nindutenean.
Haren trakzio bikoitzarekin zeharkatu ditut zingira beltzak…
Haren energiak argitu ditu nire zoko ilunak eta mugitu nire makineria astunak…
Hainbesteraino, non 81 urterekin pozik parteka baitezaket
auzo marjinal bateko bizimodua.
Horregatik aukeratzen dut Jainkoarengan sinestea, baina beste Jainko batengan…

Jainkoaren bizi-esperientzia medio,
liluraturik mirets dezaket naturako gauza miragarrietan.
Sinesten dut, Unibertsoko energiak, grabitatea eta hedapena, Jainkoarenak direla,
mikro nahiz makrokosmosean.
Aitortzen dut, milioika urtetako biziaren bilakaerako gauza miragarriak
jainkozko jakinduria pazientearen isla direla.
Gogo beroz onartzen dut hominidoen bilakaera motel eta luzea,
goranzko gizatiartze-prozesu harrigarrian.
Uste dut homo sapiensa ez dela eboluzioaren helmuga.
Eboluzio-prozesu motel eta luzean, gizaki berriak garatuko dira,
adimen eta maitamen handiagoekin.
Sinesten dut, izaki kontzienteen aniztasun hagitz oparoa dagoela Unibertsoan,
goranzko bilakaera etengabean.
Baina onartzen dut planeta txiki honetan gaurkoz ez garela gai
haiek detektatzeko, ez haiekin harremanetan jartzeko.

Planeta honetako gizaki guztiak duintzeko konpromisoa hartzen dut.
Erlijioek ez dute axola handirik.
Axola duena da ea gizatiarragoak izaten laguntzen diguten.
Jainkoaren nolabaiteko presentziak erlijio guztietan eragiten duela sinesten dut.
Jainkoa bat bakarra da.
Baina era desberdinetan iradokitzen da, kultura bakoitzaren arabera.
Jainkoak ez ditu gure otoitzak ez gure eskaintzak behar.
Begirunezko jarreran dago beti, isilik!,
gure konpromisoak emeki indartzeko prest,
baldin eta benetan nahi badugu berak lagun gaitzan maitasun-bidean.
Jainkoak gure eskuetan jarri du historiaren martxa.
Eta ez dago prest gure erantzukizunak ordezteko…
Harekiko fedeak konpromiso eraginkorrak eskatzen ditu, pertsonalak eta sozialak,
guztiontzako mundu duin eta justua eraikitzeko.

Jesusengan, Jainkoa bete-betean agertu zen gizonarengan, sinestea aukeratzen dut.
Berak erakusten du Jainkoaren ahalguztiduntasuna maitasuna dela.
Eta baldintzarik gabe maitatzeko indarra ematen digu.
Jesusen arabera, maitasunaren bidez baino ez da iristen Jainkoarengana.
Eta, bere laguntza medio, maitasunaren behin betiko garaipena agintzen digu.

Jesusen Jainkoak ez du ahalmenik. Errukia besterik ez da.
Gizakia du min.
Baina ahalgabe da eman zigun askatasunaren aurrean.
Hain da ahalgabe, non gure lankidetza behar baitu.
Sufritzen duen edonoren aurpegian Jesusen aurpegia ikusten dut ni interpelatzen.
Errukia bizi izanez egiten dut presente neure bizitzan.
Jainkoak ez du maitatzen beste ezertan laguntzen,
bereziki baztertuak maitatzen, senidetasuna sortuz.

Ebanjelioetako Jesusen irudiak gogoberotzen nau.
Kristologiek eta Kristofaniek. Baita eleberriek, margolanek, filmek…
Baina haserre errefusatzen ditut ikuspegi fanatikoak, zaharkituak nahiz
elitistak izan
Kristoren garaipen ebolutiboan sinesten dut.
Bera da gailurra, Omega puntua, Unibertsoaren norabidea.
Kulturen, erlijioen eta galaxien artekotasunean presente dagoela sinesten dut…
Espero dut, bizitza honetan garatu dudan maitasuna
mugarik gabe hedatuko dela nolabait,
espazioaz eta denboraz harago…
Halaxe onartzen dut, ilunpetan, nola galdetu gabe.
Begiak Jesusengan, hezur-mamizko Jesusengan jarrita, lasai nago itxaroten…

(2016. urtea)

José Luis Caravias, jesuita andaluziarra (1935). Paraguaiko nekazariekin eta nekazariaren alde borrokan eman zuen bizitza osoa, eta joan zen asteazkenean hil zen, 2021/3/25ean, 86 urte zituela.

IRAKURRI: https://www.religiondigital.org/amistad_europea_universitaria/JL-Caravias-SJ-Bergoglio-conmigo_7_1456424359.html