Belengo artzainak bakerako bidean

Eguberrietako jai-zikloaren amaieran, Lukasen ebanjelioak Belengo artzainei buruz eskaintzen digun kontakizunera itzuli nahi nuke. Bakea bilatzen, aurkitzen eta eraikitzen duten artzainei begiratuz, geure burua ikus genezake. Eta hobeto begiratzeko, oraindik esan beharrik balego, diogun berriro: Jesusen jaiotzari buruzko kontakizun ebanjelikoak –egia esan, pasarte ebanjeliko guztiak, kanoniko nahiz apokrifo– midrashim-ak dira funtsean. Hau da: Bibliako pertsonaia mitikoei edo mitifikatuei buruzko –hala nola Moises, Sanson, Josue, Ana, Samuel, Elias, David, Judit, Débora…– kontakizun zaharrak eguneratzen dituzten eta Jesus haurrari lotzen dizkioten iruzkin libreak eta narrazio asmatuak.

Egia esan, Lukasek eta Mateok ez zuten Jesusen haurtzaroaz ezer asko ezagutzen, seguraski ezerez; ez zitzaien interesatzen ere ezagutzea. Beren buruaren eta errealitatearen hondoraino begiratzen dute, jendearen itxaropenak eta larritasunak ikusten; guztion argitara sortzen dituzte Jesus haurraren istorioak, edo Jainkoaren erreinua predikari eta gaixotasunen sendalari izan zen Jesusi buruz jasotako oroitzapenak birmoldatzen dituzte, jendearen gozamen eta minak argi berriz argitzeko eran birmoldatu ere. Ez dute nahi eta ezingo ligukete kontatu nolakoa izan zen Jesusen jaiotza eta haurtzaroa. Begiak ireki nahi dizkigute, itxaropena piztu, konpromisoa sustatu. Begi aurrean duten munduaren argitan erakutsi eta berraurkiarazi nahi digute Jesus, denon mahaian denok arnasa hartu, jan eta barre egin ahal izango dugun mundu baten profeta eta hasikina den Jesus. Kontatzen duten Jesus bezalakoak izatera animatu nahi gaituzte, eta, kontatu ere, guztiok izatera deituak gauden Kristo gisa kontatzen digute, berezitasun etniko, kultural edo erlijioso guztietatik haragoko Kristo unibertsal gisa.

Berrirakur dezagun, bada, Belengo artzainen kontakizuna, Lukasek berridatzi zuen askatasun berarekin. Gaua da. Artzain batzuk artaldeak txandaka zaintzen ari dira, izarretara. Behartsuak dira, gizartetik eta erlijio-sistematik baztertuak. Bakea nahi dute, justiziazko bakea edo bakezko justizia, baina horren esperantzarik ez. Ez dute nahi, ez gaurko ez biharko, erromatar inperioaren bakea, bere botere garaitezinarena. Ez dute ere esperantzarik mesiaren batek –mesias erregea nahiz mesias apaiza izan– bakea ekarriko duenik. Agian Jainkoak esku hartuko du, diote golkorako… Baina Jainkoagandik ere zer espero dezakete haiek, moralki susmagarriak eta erritualki kutsatuak baitira jendearen begietan eta ukatuak baitzaizkie tenpluak eskaintzen dituen dohain jainkotiarrak, Jainkoaren barkamena eta bakea? Zer espero dezakete “Jainko gorenagandik”, zeinari otoitz egiten baitiote ahaltsuek eta beraien artaldeetako bildotsak hil eta eskaintzen tenpluko apaizek? Ezjakinak eta behe-mailakoak izaki, zer espero dezakete legearen doktoreek predikatzen dieten Jainkoarengandik? Ba ote da, ordea, beste Jainkorik? Zer esan nahi du “Jainko” hitzak?, galde zezaketen, hainbeste jendek betidanik galdetu duen eta guk gaur galdetzen dugun bezala.

Eta bat-batean, etsipenaren gauean, argi batek biltzen dituela sentitzen dute, ahots batek kontsolatzen dituela: “Aintza Jainkoari zeruan eta bakea lurrean Jainkoak maite dituenei! Bakea izaki guztiei eta gizaki guztiei salbuespenik gabe, maitagarriak, maitatuak eta maitatzera deituak baitira denak, inor kendu gabe, azkenekoetatik hasita. Argi bat pizten zaie bat-batean. Eta bideari ekiten diote bihotzak eta argiak gidatzen dituztenerantz.

Harpe-etxe pobre batean, euren begietako argiak bizitzaren eta unibertsoaren loria aurkitzen du, seinalerik apal eta distiratsuenean haragiztatua: hau jaioberria. Jesus, Maria eta Jose. Hiru izen propio –nahi duenak jar ditzala beste batzuk, inspiragarrien zaizkion izenak–, izen guztiak, bizitza guztiak, sufrimendu guztiak ordezkatzen dituztenak, bakearen itxaropena irudikatzen, gertatzen direnak gertatuta ere. Misterioa, Presentzia. Beherapen gorena. Artzainek badakusate eta dena itxuraldatzen zaie, denean Jainkoa agertzen zaie. “Ez dago Jainko gorenik”, esan zezaketen artzain haiek, guk esaten dugun bezala. Ez dago erregeen Jainkorik beren armada, gortesau eta jauregiekin, ezta erlijioen Jainkorik ere beren kredo, klero eta tenpluekin. Jainkoa den guztiaren iturburu den Izatea da. Jatorrizko argia da, zeinetatik jaio eta bizi baita dena betidanik. Dena erakartzen eta bultzatzen duen energiaren argia da. Justiziazko bakea da, bake aktiboa, samur eta subertsiboa, dena etengabe sortzen eta birsortzen duena, eraldaketarik eraldaketa. Dena bultzatzen eta erakartzen duen maitasun unibertsala da, beste edozer baino indartsuagoa. “Gertatzen dena gertatzen dela ere esperantza izan dezakegu”, esango zuten artzainek. Ez esperoan egon, baizik eta esperantza izan edo bizi: arnasa hartu, arnasa bota eta espero dugun mundua arnastu. Eta bidean jartzen dira, itxuraldaturik.

Nik ere bidean jarri nahi dut, artzain haietako azkenaren ondoren. Bidean jar gaitezke, geure baitan barrurago begira dezakegu, hurkoaren zauriak geure bezala sentitu, egunsentiaren eta ilunabarraren eta natura bizidun osoaren harmonia kontenplatu, eta eusten eta bultzatzen gaituen bakea sumatu guztiaren hondoan. Ekitate-eza globalizatuaren, interes partikularrek gobernatzen duten ekonomia orokorraren, botere finantzario gutxi batzuen mendeko politika planetarioaren, etsipenera kondenatutako gazteriaren, naturaren oreka hautsien, burua galdu duela eta etsipenez bere buruaz beste egitera doala dirudien mundu honetan, okerrenerako etsita egotearena edo “horrelaxe daude gauzak” esanda konformatzearea beste bakerik ez dela geratzen dirudien mundu honetan, posible da oraindik ere artzainek bezala argia ikustea eta esperantza izatea, esperimentatzea “ilunpeak ilunpe, argia ikusteko gaitasuna, horixe dela esperantza” (Desmond Tutu).

Hor dugu guk ere seinalea, edo hainbat seinaletako bat: Jesus, Maria eta Jose. Mundu hautsi honen, gure mundu urratu honen hondakinetan, egiazko bakea bermatzen duen justiziaren argia pizten da, justizia sorrarazten duen bakearen argia. Unibertsoaren eta izaki bakoitzaren hondoan, mundu berri bat pizten eta sortzen da etengabe, non ohoreak ez diren liluragarri, aberastasunak partekatu egiten diren, botereak errenditzen diren. Justiziak eta bakeak topo egiten duten mundua. Hortxe laburbiltzen dira zientzia guztiak eta arterik ederrenak. Baina mundu berri hori gure esku dago, gure esku ere bai, ematen ditugun pausotxoen baitan. “Egin ezazu ongia zatika, zauden tokian zaudela; zatitxo horiek guztiak baitira elkarrekin mundua eraldatzen dutenak” (Desmond Tutu).

Aizarna, 2022ko urtarrilak 6