Eguberri eguna eta giza espeziearen etorkizuna
Joan den abenduaren 1ean, egutegi liturgiko kristauan Abendu (Etorrera) deituriko aldia – Eguberri aurreko lau asteak hartzen dituena – hastear zela, Leonardo Boffen asteroko zutabeak honako izenburu hau zuen: “¿Nos acercamos al fin de la especie humana?” (Giza espeziearen amaiera hurbil?). 2020an, COVID-19ren pandemia garaian, argitaratutako testu bera zen, laburturik.
Aspaldidanik, behin eta berriz bururatzen zait galdera hori. Ez nau harritu, beraz, galderak berak, baizik eta anaia Leonardok Eguberri atarian birformulatu izanak. Ez dakit apropos egin ote duen ala ez, baina Jesusen jaiotzako festak are sakonago eta erradikalago bihurtzen du, baita interpelatzaileago ere, giza espeziearen amaierari buruzko galdera.
Jaiotza ororen irudi gisa begiratzen eta ospatzen dut Jesusen jaiotza, gertaera historiko soiletik haratago – zeinari buruz hain gutxi baitakigu, eta ezertxo ez bageneki ere berdin – eta dogma guztiez haratago – zeinek bere ulerkera tradizionalean ez baitute zentzurik gure gizarteko gehiengoarentzat, ezta niretzat ere –. Eguberri egunak biziaren mirari unibertsala ospatzen du, hain hauskor eta ahaltsu den bizia, bere forma ezagun eta ezezagun infinituetan hain desberdina den bizia, etengabeko eraldaketan eta betiereko harremanean den bizia, planeta zoragarri honetan edo unibertsoko nahiz multibertsoko konta ezin ahala planetatan. Eguberri eguna biziaren eta berau posible egiten duen ororen festa da, biziaren euskarri eta elikagai den ororen festa: lurra, ura, airea, argia, egun oroz eta neguko solstizio oroz jaiotzen den argia, gaua argitzen duten izarren argia, Belen inguruetan artzainen gaua alaitzen duen izarraren argia bezala, Persiako Magoen, bilatzaile jakintsu haien, bidea Belenera, hots, bizia jaiotzen den edonora gidatzen duen izarraren argia bezala. Eguberri eguna materiaren festa da, diren eta izango diren forma guztietako biziaren eta kontzientziaren jatorrizko matrize, energia eta izamen agortezina den materiaren festa, materia santu arimadunaren festa, espirituaren edo arnasaren forma eta diafania hutsa, gardentasuna, den materiaren festa. Eraldaketa eternal kreatzailea darion harreman unibertsalaren, misterio harrigarriaren, epifania da jaiotza oro. Makurturik adoratzen dut Jesus eta izaki bizidun oro, den orotan taupadaka ari den Arnasa, dena bultzatzen eta eraldaketarik eraldaketa dena birsortzen duena.
Baldin eta bizia metamorfosi eternalean dagoen harreman unibertsala bada, ordea, zer dela eta harritu behar gintuzke Sapiens gure espeziea, duela 300.000 urte – duela unetxo bat beterik ez – sortutako forma hau forma bezala amaitzeak? Formen heriotza forma berriak jaiotzeko eta biziaren iraupenerako baldintza da, eta disolbatzen diren forma guztiek biziaren oroimen kosmiko eternalean irauten dute agian. Zertan da, bada, bitxi nahiz kezkagarri Leonardo Boffek gure espeziea laster amaituko ote den galdetzea? Ez gara eboluzioaren azken helmuga, ezta amaiera ere. Ez gara inolaz salbuespen biziaren amaierarik gabeko historian.
Baina espeziearen amaiera gure jokabide suntsitzailearen ondorio izan daiteke, eta horrek sortzen digu kezka eta alarma. Homo Sapiens, hasiera-hasieratik, Homo Demens bezala ere portatu izan da. Homo Faber, aldi berean, Homo Depredator izan da, beste forma bizidun batzuen eta bere bizi-ingurunearen Exterminator. Leonardo Boffek berak behin eta berriz aipatua du hori, bereziki oinarri hartuz Théodore Monod (1902-2000), naturalista aparta, esploratzailea, humanista, militante ekologista eta bakezalea, eta fededun sakona. Anaiak anaia hil du hasieratik, Kainek Abel. Eta bestea hiltzen duenak bere burua hiltzen du. Beste animalia eta espezie bizidunen suntsiketa, nahi ala ez, lehenago edo beranduago, autosuntsitzaile bilakatzen da. Hiltzailea suizida da. Gerra nuklear orokorra izango litzateke horren frogarik izugarriena. Théodore Monodek hainbatetan ohartarazi zuen arrisku horretaz.
Baina ez dut uste gure giza espeziearen amaiera gerra nuklear baten ondorioz gertatuko denik. Izugarria izango litzateke – ez, halere, Gazan, Ukrainan, Sudanen… ikusten duguna baino askoz izugarriagoa, orokorragoa bakarrik –, baina ez dut uste probablea denik. Oso probablea iruditzen zait, ordea, Yuval Noah Hararik azken 10 urteotan behin eta berriz ohartarazten duen bezala, berandu baino lehen gure espeziea bere boterearen edo botere-anbizio ezinduaren biktima izatea, eta teknologiak (bioteknologia, infoteknologia, adimen artifiziala) garatzearen poderioz iristea horretara, teknologia horien kontrola galtzean edo batzuk bakarrik (boteretsuenak) kontrolaren jabe bilakatzean; batak zein besteak ondorio bera eragingo lukete, alegia teknologia horiek batzuen esku bakarrik gelditzeak gizateria bitan banatzea: gizaki “garatuen” (!) elitea batetik eta paria infrahumano bihurturiko guztiak bestetik. Batzuk zein besteak Homo Deshumanizatuaren enkarnazio. Ez al da jada gertatzen ari gure begi harritu eta larrituen aurrean?
Baina zergatik irits liteke edo iristen ari da espezie zoragarri hau, gauzarik bikainenak egiteko gai dena, arrisku-maila honetaraino, lazkeria honetaraino? Ez da “jatorrizko bekatu” batekin jaio zelako, ez “izatez gaiztoa delako”, ez bere “erabaki kontziente eta errudunaren” ondorioz. Zergatik, bada? Hara, honetxegatik: bizidun guztiak bezala, gure espeziea osatu gabe jaio zelako, baina bere buruarentzat eta bizidun guztien elkartearentzat oso arriskutsua zen berezitasun batekin: gaitasun harrigarriz hornitua, eta, aldi berean, gaitasun horiek modu jakintsuan, harmoniatsuan, senidetasunean kudeatzeko gaitasunik gabe. Nola jarrai lezake horrela bizidun eta gizatiar izaten?
Begiak Belenera itzultzen ditut, Belengo askara, bizitza jaioberriaren irudira, ontasun bizigarrira, bizitza onera: Jesusengana, Jesus haurtxoarengana Mariaren eta Joseren besoetan. Ez ama birjinaren semea omen zelako, ez Jaun Goiko baten izaera bereko semea omen zelako, ezta gizatasunaren ikono bakarra izango litzatekeelako ere. Denetan esanguratsuena zaidan ikonoa da, eta bertan begiratzen dut edozein bizidun jaioberrirengan ikus nezakeena, baldin begiak ongi zabalduko banitu. Eta sinetsita nago gure espezieak, Sapiens izatera iritsi nahi badu, bere gaitasun itzelak eta bere ahalmen ia infinitua harmonizatu nahi baditu, bizidun eta gizatiar gisa biziraun nahi badu, guztiz premiazko duela – Jesusen ikonoari edo atzoko nahiz gaurko beste hainbat ta hainbaten ikonoari begiratuz – hausnarketa egitea eta bizitzen berrikastea, horretan inbertitzea bere jakintza zientifikoa, eta horretara bideratzea politika-, hezkuntza-, osasungintza- eta ekonomia-erakundeak; premiazkoa duela bereganatzea Jesusek Joseren eta Mariaren besoetan amesten zuena, haur guztiek eta unibertso osoak amesten dutena bera, eta profeta ibiltari eta sendatzaile gisa iragarri eta bizi izan zuena, biziarekin ordainduz eta bizian betiko berpiztuz, hots: denok mahai berean mahaikide izanez bakarrik ase gaitezkeela, hurkoaren lekuan jarrita bakarrik izan gaitezkeela libre, xumeak izanez bakarrik izan gaitezkeela jakintsu, errukitsu izanez bakarrik izan gaitezkeela zoriontsu, gorrototik libratuz bakarrik bizi gaitezkeela bakean. Gizatiar izanez bakarrik izan gaitezkeela jainkozko.
Aizarna, 2023ko abenduaren 22a