8.000 milioi biztanle

Homo Sapiens, oraindik oso berria den espezie honetako kideok 8.000 milioi biztanleko muga gainditu dugu lehen aldiz Lurraren historian, suz, urez eta biziz idatzia den historian.  Ez zait mugarri loriatsua iruditzen, alarma-seinale kezkagarria baizik. Ez dugu ezer ospatzeko, eta bai, ordea, asko hausnartzeko arlo guztietan. Datu horrek erronka etiko, ekologiko, filosofiko eta erlijioso larri eta konplexuen aurrean jartzen gaitu. Erabakigarrienetako 4 aipatuko ditut.

  1. Hazkunde-erritmoa jasanezina da. Kalkuluen arabera, Paleolitoaren amaieran, duela 12.000 urte inguru, nekazaritzarekin eta abeltzaintzarekin gertatu zen iraultza neolitikoa baino lehen, planetako giza populazioa –ordurako Sapiensak baino ez ziren geratzen – milioi 1 inguru zen; duela 2000 urte, Jesusen garaian, 200 milioi inguru; 1800. urtean 1.000 milioitik hurbil; 1900. urtean ia 2.000 milioi; eta 2000. urtean 6.000 milioi; hogei urte geroago, 8.000 milioi gara.

Zifrek argi eta ozen esaten digute: giza populazioaren hazkunde-erritmo hori, pixkanaka moteltzen ari den arren, jasanezina da. Jasanezina da planetarentzat eta bere baliabide mugatuentzat, bertan bizi diren gainerako espezie bizidunentzat, eta atzera geratzen ari diren herri guztientzat. Lurrak, zientziari eta teknologiei esker – eta baliabideen banaketa justuari esker, hala gertatuko balitz –, 15 edo 20 mila milioi gizaki elikatu ahal izango lituzke agian, baina ez gaude gu bakarrik eta ezin dugu gizateriaren onura bakarrik hartu irizpide. Daukagun argi: bizidun guztientzat jasangarria ez dena gizakientzat ere jasanezina izango da.

  1. Ezberdintasuna da herrialde aberatsetan jaiotza-tasak behera egitearen eta pobreetan altu mantentzearen arrazoia. Haietan jaiotza-tasa jaistea eta hauetan ez paradoxikoa da itxuraz, baina arrazoia funtsean bat bera da: ekitaterik eza, desberdintasun bidegabea. Herrialde aberatsetan jaiotza-tasa jaistea prekarietate ekonomiko gero eta handiagoaren, familia eta soldatapeko lana bateragarri ez izatearen eta etorkizunarekiko beldurraren ondorio da batik bat. Eta herrialde pobreenetan altu mantentzea arrazoi hauen ondorio da batez ere: emakumearen mendetasuna, autonomia ekonomikorik eza, antisorgailurik eza, hilkortasun handia, etxera ogia ekarriko duten eta gurasoak, arreta-sistema publikorik gabe zahartzean, zainduko dituzten besoen beharra. Desberdintasun beraren forma ezberdinak dira, beraz, batzuk haurrik ez desiratzera eta ez edukitzera eramaten dituztenak, eta beste batzuk, aldiz, eduki nahi izatera edo nahi gabe edukitzera bultzatzen dituztenak. Sistema ekonomiko global irrazional eta anker baten sintoma kontraesankorrak dira, batzuei haurrak sortzea eragozten diena eta beste batzuk sortzera behartzen dituena. Gure giza espezie hain dohaindu eta hain behartsu honen paradoxak.

Benetako konponbidea ez da familia-politiketatik etorriko – leku batzuetan jaiotza-tasa sustatzeko eta beste batzuetan murrizteko –, behar-beharrezkoak badira ere. Are gutxiago etorriko da konponbidea aberatsenen interes ekonomikoen agindura mugak irekitzen edo ixten dituzten immigrazio-politiketatik. Ez da konponbiderik izango batzuentzat guztientzako konponbidea ez den bitartean. Ez gara inoiz jakintsu izango baldin eta anai-arreba izaten asmatzen ez badugu, eta ez gara libre izango baldin eta denok berdinak garela onartzen ez badugu.

  1. Inhumanoa da giza espeziea planeta osoaren jabe bihurtzea. Hainbat gaixotasun, gosete, epidemia eta gerra gorabehera, Lurreko giza populazioa etengabe hazi da, eta hazten eta hazten jarraituko du denbora batez gutxienez. Bizi-nahia eta -kemena erakusten dizkigu horrek, baina hazkundeagatik ordaintzen den prezioa eta eragiten diren hondamendiak hain dira beldurgarriak, non giza espezie honen aurrean miresmenaren eta atsekabearen artean aurkitzen bainaiz zalantzati, jende baikorragoak Sapiens –Jakintsua– deitu bazuen ere. Bikainena eta beldurgarriena egiteko gai da. Aingeru zaindaria da, eta aingeru suntsitzailea: airea eta urak pozoitzen ditugu, oihanak eta itsasoak suntsitzen, beste animalia batzuei gaixotasunak injektatzen geureak sendatzeko, makro-abeletxe ankerrak eta hiltegi krudelak ugaltzen, plazeragatik ehizatzen eta zezenak dibertimenduz hiltzen jarraitzen dugu, eta milioi bat espezie dago oraintxe gure erruz galtzeko arriskuan. Ez al gara, bada, denok Lur beraren eta bizitza beraren seme-alaba?

Espezierik kontraesankorrena gara. Zaintzaren menpekoena, eta osagai gaituen naturaren inbaditzaileen eta harrapariena. Boteretsuena eta sufritzaileena. Animalia guztien artean argienak eta zentzugabeenak gara, ez baitakigu daukagunarekin bizitzen, ezta tokatzen zaigunean hiltzen ere. Eta ez da inongo jatorrizko bekaturen ondorio, ezta inongo jainko-zigorren ondorio ere, baizik eta garapen ebolutibo zerebralaren ondorio, zeinak desoreka berezko edo oreka ia ezinezko honetan ezarri gaituen. Ia ezinezko. Gure esku baitago zerbait edo asko, gaur inoiz baino gehiago, zientziari esker besteak beste. Zientzia ez da, noski, nahikoa izango. Geure izatearen oreka sakonerantz aurrera egin nahi badugu, irabazteko, edukitzeko, kosta ahala kosta hazteko gutiziatik askatu beharko dugu geure burua. Eta, hasteko, aitortu ez garela Lurraren jaun eta jabeak, Lurra garela, Lurrarenak garela eta Lurra indartsuagoa dela. Ez gara gizatasunean haziko, harik eta konpartitzeko deshazten ikasten ez dugun bitartean.

  1. Erromako Eliza Katolikoak jaiotza-tasari buruz ematen duen irakaspena arduragabea da. Sapiens espezieak bere giza irudira sortu zuen “Jainkoa” – horra jakinduriaren edo ergelkeriaren gailurra –, eta monoteismo handiek ezarri zuten gizakia – batez ere gizona – dela “Jainko” ahalguztidunaren irudi bakarra edo gorena. Kristautasunak muturreraino eraman zuen haren jainkotzea, esanez “Jainkoa” gizon judu batengan bakarrik gorpuztu zela osoki (hori bai, Nazareteko Jesusek, askapenaren profetak, ez zuen inolako zerikusirik izan haragitze esklusiboaren dogma horretan).

Arduragabekeria larria litzateke Eliza kristauek dogma horren letrari eta berau sostengatzen duen kosmobisio antropozentriko-androzentrikoari atxikirik jarraitzea, eta giza espeziea kreatura guztietan nobleena eta duinena, kreazio osoaren erdigune, gailur eta helburua dela irakasten jarraitzea. Lurra kosmosaren erdigunea balitz bezala, eta bizia bertan bakarrik sortu izan balitz eta gizakia eboluzioaren amaiera balitz bezala. Hori guztia defendaezin bihurtu da.

Arduragabekeria ezjakin larria da, edo ezjakintasun arduragabe larria, Eliza Katolikoak Hasiera liburuko harako agindu jainkotiarra hitzez hitz irakurtzen jarraitzea: “Sor itzazue umeak eta ugaldu, bete lurra eta izan haren nagusi; mendera itzazue itsasoko arrainak, zeruko hegaztiak eta lurrean narraska dabiltzan piztia guztiak” (Has 1,28), eta iraganeko letran eta munduan oinarriturik jarraitzea jaiotza ugarien defentsa, haurrak izateko modu “naturala” deitzen duenaren doktrina anakronikoa, metodo antikontzeptiboen kondena zentzugabea, bere patriarkalismo errotua, bere homofobia setati eta oinazegarria, sexualitatearekiko obsesio kaltegarria legitimatzeko, zeinaren ondorio mingarriak bistan baitira.

Ordua dugu Lurrean, bizidunen komunitatean dugun lekua eta erantzukizuna birdefinitzeko. Ordua dugu, elkarrekin salbatzea ala denok galtzea nahi dugun pentsatu eta erabakitzeko.

Aizarna, 2022ko azaroaren 20a