Bakera bidean bidari

Pau, paz, peace, paix, pace. Frieden. Salam, shalom. Shanti. Heping, heiwa. Mire, mir. BAKEA. Zeinen eder eta anitza den bakearen izendegia!

Eta izena esanda badakigu izana zer duen. Baina zerbait esaten hasi orduko –funtsezko gauza guztiekin gertatzen zaigu–, dakiguna galdera eta galdegai bilakatzen zaigu, bakea bera galtzeraino. “Zer da denbora? Inork galdetzen ez badit, badakit. Baina galdetzen didanari azaldu nahi badiot, ez dakit”, idazten du San Agustinek aitorpenetan[1]

Badakigu, beraz, baina galde dezagun berriro: Zer da bakea?, esan gabe dakigunaz jabetzen hitzak lagun dezakeelakoan, areago, bakerako bidean lagun diezagukelakoan, garenari leku egiten, alegia, geuregandik urruntzen gaituzten lilurak eta oztopoak lekutuz. Halabiz.

Errazenetik hasiko naiz: hiztegiari galdetuz, jakintza guztien lekuko baitira hiztegiak, esandakotik esanezinera zabaltzen gaituzten hitz bizien bizileku. “Bakea” sarreran, HARLUXET hiztegiak hiru adiera ematen ditu, baina lehen adierak jasotzen ditu beste biak: Inolako ezinegonak, ondoezak edo grinak asaldatzen ez duen baretasunezko egoera.

Hor dago dena, baina non dago hori? Inolako ezinegonik (ez norberaren baitako, ez gizarteko, ez herrien arteko, ez bizidun guztien elkarteko), inolako ondoezik (ez fisiko eta ez psikiko, ez barruko eta ez kanpoko), inolako grinarik edo kezkarik gabeko egoera perfektua, Harluxeten bakea, existitzen ote da planeta honetan, gure barru minduan, bizialdi honetan?

Beste planetaren batera aldatu beharko ote dugu, bada, bakerik izango badugu? Ez da batere ziurra, unibertso mugagabean inolako ezinegonik, ondoezik eta grinarik gabeko planeta perfekturen bat izatea, eta, balitz ere, apenas guri ailegatuko zaigun hara bidaiatzeko aukera. Edo hil eta geroko utzi beharko ote dugu egiazko bakea? Hala dio San Agustinek[2]: zeruan izango dugula betiko bizitza, beteko bizia, beteko atseden edo zoriona, beteko BAKEA (tamalez, ordea, hil eta gero gehien-gehienak infernura bidean jartzen zituen San Agustinek…).

Nolanahi ere, orain eta hemen nahi dugu bakea, eta ez du zertan izan Harluxeten bake perfektua. Utz ditzagun, baldin badira eta ez badira, planeta perfektuak eta “geroko” bizitza. Hemen bizi gara, orain dugu hainbat ezinegon eta ondoez, inon aurkitzen ez dugun osoko bakearen egarri. Ba ote da bakerik? Existitzen ez den bakearen egarri ote gara ala egarri dugun bakerako bidearen ezjakin?

Urik ez balitz, ura ez bagina, ez ginateke izango egarri. Bakerik ez balitz, bakea ez bagina, izango ote ginateke bake-egarri? Beharbada, bakea bada eta gu ez gara. Beharbada, bakean gara, eta ez dakigu. Edo bakea gara, eta ez dakigu garen horretara nola iritsi.

Bakeari buruzko galdera bake-bideari buruzko bihurtzen zaigu: bakea zer den baino, bakerako bidea nondik den. Bitoriano Gandiagak, hain minbera zuen barne-izaeran eta hain zauritua zegoen Euskal Herrian bakerik eza urte luzez pairatu zuenak, idatzi zuen: Bidea lez da bakea: / ibiliz egitekoa / zeregin etengabea. Horixe gelditzen zaigu: bidea, eguneroko ibilbide apala, hiztegiak dioen Bake handiaren zerumugan begiak, baina helmugara iristen ez bagara lasai. Bakearen haziei jarraituz eta lagunduz, agian ikas dezakegu eguneroko bizitza gozatuko digun bake-bidea egiten.

1. Ai Jerusalem, ulertuko bazenu zuk ere gaur bakerako bidea! (Lk 19,42)

Labur eta ñabardurarik gabe esateko: profetek noizbaiterako iragarria zuten bakea: garai mesianikoetarako, Daviden ondorengo errege Mesias, “Bakearen Printzea” (Is 9,5), iritsiko zenerako. Orduan, ezpatak golde bihurtuko dituzte, eta lantzak igitai. Ez da naziorik nazioren aurka altxatuko, ez dira gudurako prestatuko. Ea, bada, Jakoben herri, ibil gaitezen Jaunaren argitan (Is 2,4-5). Orduan, otsoa eta bildotsa elkarrekin biziko dira, lehoinabarra eta antxumea elkarren ondoan etzango (…). Nire mendi santu osoan ez du inork kalterik, ez hondamendirik egingo, Jaunaren ezagupenak beteko baitu lurralde osoa, urak itsasoa bezala (Is 11,6.9). Orduan, Harluxeten bakea izango da: ez da inolako gerrarik ez armarik izango, ez du inork kalterik ez hondamendirik eragingo, ez du inork inongo kalterik ez hondamendirik izango. Orduan, itsasoa urez gainezka dagoen bezala, bakez gainezka egongo da Lurra, bakea gainezka dariola. Urruti edo gertu izan zitekeen, baina gero. “Orduan”. Baina izango zen, ez etsi. Eutsi. Bakearen utopia ezinbestekoa.

Zer litzateke gizadiaren historia amets hori gabe, utopiaren bultzada eta ziztada hori gabe? Ernst Bloch, esperantzaren pentsalari marxista kritikoak ederki azaldu zituen utopiaren bi alderdi edo funtzioak: kritikoa edo negatiboa bata, eragilea edo positiboa bestea; orainaldiaren kritika batetik, geroaldiaren eraikuntzarako esperantza eraginkorra bestetik. Ez gaitezke konforma dagoen etengabeko gerrarekin, ezta daukagunaren kritika hutsarekin ere. Eraiki dezagun gaur etorkizuneko bakearen etxea, bakezko hiria. Eta lortzen ez badugu? Inoiz lortzen ez badugu ere, merezi du bakea lortzen bakean saiatzea. Eduardo Galeanok ezin hobeto esan zuen: Utopia zerumuga da; zerumugara ezin da iritsi, harantz joan ahala urruntzen baita, baina zerumugak erakusten digu nondik den bidea, norantz egin aurrera.

Jesusek mozkortzeraino edana zuen profeten espiritutik, haien esperantza-aldarritik: izango da bihotzetan larririk gabeko bakea, izango da Lurrean injustiziarik gabeko bakea. Eta izen berria jarri zion profeten esperantza zaharri, “Jainkoaren erregetza” edo “erreinua”. Baina funtsezko aldaera bat ezarri zion profeten aldarriari: “Jainkoaren erregetza, injustizia eta zapalkuntza guztien ezabatzea, gaixotasun eta ondoez guztien sendatzea, beldur eta larritasun guztien desagertzea, ez da geroko, oraingo da. Badator, gainean da Jainkoaren erregetza. Hasia da dagoeneko. Nahi duzue froga? Ikusi nola hasiak diren sendatzen gaixoak. Oraintxe da Bake handiaren garaia”[3].

Badirudi Jesusen esperantzazko mezuak nolabaiteko oihartzuna eta arrakasta izan zuela Galileako jende xehearen artean, Genesaret laku inguruko arrantzale eta nekazarien artean bereziki. Jerusalem irabaztea zen, ordea, erronka, eta hor porrot egin zuen. Hiri santuko elite sozialak (saduzearrak) eta erlijiosoak (apaizeria eta lege-irakasle nagusiak) nahiago zuen handik 400 urtera San Agustinek esango duen “ordenaren bakea” galilear profeta gazteak iragartzen zuen bake iraultzailea baino. Eta Jesus paretik kentzea hobe zela erabaki zuten. Ezagutzen ditugu ondorioak. Jerusalem bidegurutze eta gurutze-bide gertatu zitzaion.

Jesusek berak ere igarria zion ondorioari, baina ez zuen ihes egin, aurre eman zion. Eta ez gogorkeriaz, nahigabez baizik, hiri santuaren ordenak bakea ukatzen zuelako eta, bakearekin batera, bere izena eta izana ukatzen zituelako nahigabez. “Jerusalem” izenak, ezaguna denez, “Bakearen hiri” esan nahi baitu hebreeraz, eta bake-amets eta esperantza guztien irudia baitzen antzinatik. Hiria urrutitik bistaratzean, erromesek Bakea, Shalom, opa ohi zioten poz-pozik kantari: “Lasai bizi bitez zu maite zaituztenak. Bakea izan bedi zure harresien barruan. Neure senide eta lagunen izenean ere, hauxe diot gartsuki: Bakea zurekin (Sal 122,6-8). Jerusalem entzutea bakea arnastea zen Jesusentzat ere, Jerusalem esatea bakea eskaintzea. Erromes iritsia zen hirira, agian erromesaldikoan bertan Jainkoaren erregetza, bete-beteko bake eraberritzailea, bake oroberritzailea, lehertuko eta loratuko zelako esperantza sutsua golkoan zuela.

Baina ez. Oraingoan ere ez. Eta kexuz baino ere, minez eta deitorez dio: Ai Jerusalem, ulertuko bazenu zuk ere gaur bakerako bidea! (Lk 19,42). “Jakingo bazenu nola aurkitu bakea!”. Ez dago gaitzespenik. Baina Jesusek hasieran uste zuena baino zailago da bakerako bidea, eta ez Jerusalemgo handikiengan bakarrik, baita Jesusek hurbileneko jarraitzaile eta erromeskide dituen gizon-emakumeengan berengan ere. Eta Jesusengan berarengan? Izerdi larritan ikusiko dugu laster Getsemaniko baratzan, bakea galdurik, eta gurutzean garrasika geroxeago, Jainkoa ere galdurik… Krudelegia litzateke orduan Jesusi berari esatea: “Ai ulertuko bazenu bakerako bidea!”.

Inork ez du bakea jakinaren gainean galtzen eta kentzen, ezjakintasunez baizik. Inork ez du bakea nahita galtzen eta kentzen, ezinez baizik. Gerra sortzen duenak ere bere erako bakea lortzeko asmotan sortzen du gerra. Gaizkia eragiten duenak onura baten bila eragiten du gaizkia. Bakeari uko egiten dionak bakea ezagutzen ez duelako egiten dio uko, ez bakea nahi ez duelako edo liskarra nahiago duelako. Ez dago bakea nahiago ez duen etsairik, ez dago gaitza nahiago duen gaiztorik. Bidea aurkitzen ez duten alderraiak gara, ez errudunak. Agian horixe ulertu zuen Jesusek berak, Jerusalemi minez mintzatu zitzaionean baino ere hobeto, Getsemaniko eta gurutzeko larridura pairatu zuenean. Barka iezaiezu, Aita, ez baitakite zer ari diren (Lk 23,34). Eta azken hitza, dena galdu denean geratzen den Orotasun huts eta betea, Biziaren Arnasa: Aita, zure eskuetan jartzen dut bizia (Lk 23,46).

Bere azken hitz eta arnasatik mintzatzen zaigu guri ere, larritasunean zehar bakerako bidea aurkitu duen edonor bezalaxe, nahigabez eta errukiz: “Bakerako bidea aurkituko bazenu! Bakearen itxura eta bakearen dohaina, boterearen bakea eta errukiaren bakea, Inperioaren bakea eta Arnasaren bakea, lilurazko bakea eta egiazko bakea bereizten jakingo bazenu! Zeure burua eta hurkoa zigortzeari utzi eta bizi zaituen bakeak bake-bidetik gida zaitzan onartuko bazenu! Erromes guztientzat bezala, zuretzat ere helmuga ez, baizik eta bidea bera dela funtsezko, bidea duzula helburu ulertuko bazenu! Zure esku dago. Esku-eskura daukazu bakerako bidea aurrean zabalik: zeure baitan, hurkoaren baitan, naturan, den orotan. Jaiki zaitez eta zoaz bakean”. Goazen bakean.

Bakerako bidearen funtsezko zenbait nondik norako azaltzen saiatuko naiz ondorengo orrialdeetan. Funtsezko bake-bideak. Baina bide guztiak bat dira, bakea bezala. Bide guztiak batera egiten ditu bake-bidariak. Eta ez noizbait erabateko eta behinbetiko bakera iristeko, baizik eta bakea galtzen duenean ere bideari bakean jarraitzeko. Bakearen zerumugak gidatzen gaitu bidean.

2. Geure baitara bidea

Geure baitarako bidea, hurkoarenganako bidea eta naturaren baitarako bidea aipatuko ditut. Geure baitan aurki dezakegu bakea, eta hurkoaren baitan eta naturaren baitan, dena aldi berean. Kanpotik barrura eta barrutik kanpora baikara aldi berean. Kanpotik datorkigu garen guztia, eta barruan sortzen zaigu gure geu izatea, norberatasuna. Kanpoa eta barrua gure ikuspegi axalekoak dira, azken batean.

Hiru bide (edo hamahiru) eta bake bat. Hiru bide batean, bide bat hirutan, bide bat eta beraren hiru eta beste hainbat alderdi… nahi den bezala esan. Hiru bideak bat dira. Bidearen alde batetik edo bestetik joan zaitezke, baina alde batetik bazoaz ere berdin egiten duzu beste aldea. Ezin duzu zeure baitarako bidea egin, hurkoarenganakoa eta naturarakoa egin gabe, eta gauza bera bide bakoitzarekin. Bakoitzak du bere izaera eta joera, baina dena denarekin harremandua dago, neure burua hurkoarekin, gu garena izaki bakoitzarekin, bidea bidearekin, dena bakearekin.

Geure baitarako bidea, beraz. “Geure baitaratzea” esatean ez dut esan nahi “geure zilborreratzea”. Ez gara geure baitakoak, besteagandik gatoz, bestearekin gara, beste guztiak gara, eta garen orotasunaz kontzientzia hartzea da geure baitaratzea. Edo garena osoki izatea. Edo ezerez eta huts garela ohartzea, geure ezerezaz jabetzea. Ezerezaren jabe izatea! Ni ez naiz nire ilea (ilerik gabe ere banaiz), ez naiz nire begiak, ez nire belarriak, ez nire besoak, ez nire hankak… eta horrela gorpuzki guztiak, gorputz osoa. Eta ni ez naiz ditudan kultura, ideiak, sentipenak… ez naiz neure psikologia.

“Zaude hor! –esango didazu arrazoiz–. Gorpuzki gabe bazara, baina gorputzik gabe ez. Eta garunik gabe? Ez, garunik gabe ere ez zara. Hainbat gogapen, oroipen eta sentipen gabe ere izan zaitezke zu zeu, baina garunak ahalbidetzen duen gogamenik, oroimenik eta sentimenik gabe ez, ez zara, ez zaitezke zu zeu izan. Inolako zeutasunik gabe ez zara zeu”. Ados. Garunak ahalbidetzen du ni “neu” izatea, nire “nortasun” edo kontzientzia bereizia, alegia. Baina hor dago koxka: egiazki neure baitaratzeak ez ote du esan nahi, hain zuzen, kontzientzia zabaltzea eta neutasun edo kontzientzia bereiz hori baino infinituki “gehiago” naizenaren kontzientzia sakonera iristea?

Urrutiegira garamazke honek, eta bego hor. Diodan bakarrik: neure baitaratzeak nitasun-kontzientzia bereiziaz harago narama (eraman behar ninduke, esan nahi dut), orotasunaren kontzientzia transkontzienterantz. Erabateko, oro bateko Bakearen erreinurantz. Hara iritsiko banintz, tradizio espiritual guztiek –erlijioso nahiz ez-erlijioso– irakasten duten bidea burutuko banu, ezerk kenduko ez lidakeen Bakeaz gozatuko nuke, Bakea izango nintzateke.

Hori ulertzen dut Joanen Ebanjelioko Jesusen hitzetan: Bakea uzten dizuet, neure bakea ematen. Ez munduak eman dezakeen bakea (Jn 14,27). “Neure bakea”. Joanen Ebanjelioan, Jesusen “Nia” jainkozkoa da, eta Jesusen bakea ere jainkozkoa, Jainkoa bera. Eta, nahiz eta hitz hauetan eta beste askotan “mundu” hitzarekin bere baitan ixten den gizakia adierazten duen, ez da hori Joanen sakoneko ikuspegia: Jainko Hitzaren bidez egin ziren gauza guztiak, Jainko-Hitza da bizidun guztien bizia eta gizaki guztien argia (Jn 1,1.3.9). Jainkozko arnasa, bizia, argia da den ororen barnena. Beraz, geure baitaren baitarekin bat egiten dugunean, Badenarekin eta Ororekin eta jainkozko Bakearekin egiten dugu bat.

Ez gara geure egoa, axaleko nitasuna. Geure baitaren baitan, den orotan Oro dena gara. Bakean eta Betean bizi gara. Beteak eta Bakeak bizi gaitu. Den ororen Bakea gara, forma guztiez harago eta honago, forma guztien formarik gabeko Hondoan.

Jakina, hori bakarrik esatea ere ez da aski, forma ere bai baikara: mihia, begia, belarriak, sudurra, besoak, birikak… eta garuna ditugu. Oroitzapenak, irudiak, ideiak, sentipenak ditugu. Eta horiek gabe ez gara geu bizialdi honetan eta horiei esker baitara gaitezke garen guztiaren barnenean, denbora- eta espazio-neurri guztiez harago eta honago, lehen-orain-gero kategoria guztiez haraindiko edo honaindiko Presente absolutuan, garen eta ditugun forma guztien formarik gabeko Hondoan, dena betetzen duen Hustasun Betean, Dena izanarazten duen Ezerez baketsuan. Hori gara. Baina ez osoki. Garen Bakea ez gara osoki. Garen Bakerantz bidari gara, harik eta geure kontzientzia eta nortasun bereizia osatzen duen forma desegingo den arte, Hustasun betea izateko.

Bienbitartean, garen Bakera bidean goaz bide bakarra osatzen duten bide askotan zehar. Bakerik izango badugu, bake mugatua izango den arren, ezinbestekoa dugu, besteak beste, geure baitarako bidea egiten ikastea eta egunero praktikatzea. Nola? Nekez dastatuko dugu geure baitako bakea egunean ehun bider –ikerketek dioten bezala– smartphonari begiratuz, azkeneko txioaren, whatsaparen, albistearen bila urduri beti, gaizki egindakoen eta egin gabe utzien damuz, eginbeharren kezkaz, batera eta bestera presaka arnasestuka, geure buruarekin eta hurkoarekin lehia hilgarrian, gure zibilizazio-edo honen inora gabeko abiaduran preso…

Nola, beraz, geurebaitaratu? Besterik gabe, arnasa hartuz, arnasa hartzen ikasiz, arnasa hartzeko besterik gabe zeure buruari egunero astia emanez. Arretaren ariketa, mindfulness edo meditazio delakoa egunero praktikatuz (15 edo 30 minutuz, esate baterako, goiz eta arratsalde), arreta zerbaitetan jarriz (arnasan, maite dugun hitz edo esaldi batean, irudi batean, zeure gorputzean…), gogamenaren etengabeko zurrunbilotik apurtxo batez aldentzeko, jada ez den iraganaren eta oraindik ez den etorkizunaren morrontzatik askatzeko, denboraren baitako betiereko presentean bakea gozatzeko, garen bake-bidariak izateko.

Egin dezala egunero bakoitzak ahal duentxoa leial eta apal, lehiatu gabe, egin beharretik eta ahaleginetik libre. Eta bila dezala bakoitzak bere bidea, unea eta gunea, bakoitzak bere era.

Egiazki geure baitaratzen garen heinean, hots, egiazki garenarekin bat egiten dugun heinean, geure egotik (egitasmo, arrakasta, porrot, esamesa guztietatik) libre izango gara, ez gara geure buruarekin ez inorekin lehiatuko, gutxiagorekin aski izango dugu denek nahikoa izan dezaten, soiltasunean zoriontsu izango gara, bakea izango dugu, bakegile izango gara. Apalak izango gara, eta apaltasunarekin batera emango zaigu bakearen zoriona, Thomas Merton maisuak idatzi zuen bezala: “Apaltasunaren hasiera da zoriontasunaren abiapuntua, et apaltasunaren burutzea da poz betea”[4]. Hona nola dioen Indiako tradizio espiritualeko idazkirik estimatuen eta irakurriena den Bhagavad Gitak (K.a. V-II mende bitartekoa), Albert Einstein, Mahatma Gandhi, Herman Hesse, Ralph Waldo Emerson eta Aldus Huxley eta beste hainbat eta hainbatek euskarri izan zutena: “Bere burua kontrolpean eta bakean daukanak baretasun betean du izatea. Hari berdin dio beroak nahiz hotzak, gozamenak nahiz sufrimenduak, ohoreak nahiz ez-ohoreak (6.7) (…). Bere burua lasaitu duen yogiak zorion gorena lortzen du egiaz. Grina baketu du, Absolutuarekin bat egin da (6,27) (…). Haizetik babestuta dagoen argi-zuziak dar-dar egiten ez duen bezala, gogamena kontrolpean duen yogiak egonkor dirau bere Izatearekin (Atman) bateratuta (6,19)”[5].

Nor irits litekeen horretara! Bada ez daukazu inora iritsi beharrik. Iritsita zaude. Inora iritsi beharra, ezer lortu beharra ahaztea bakarrik falta duzu, bidean aurrera lasai jarraitzeko helmugaz arduratu gabe.

3. Hurko zaurituarengana bidea

Ez dago norberaren bakerik bestearenik gabe. Ezin da norberaren baitara bidea egin hurko zaurituaren baitara bidea egin gabe.

Hurko zauritua. Izaki bereziki hauskor eta zaurkorrak gara gizaki guztiok, zaurkortasunean bereziki senide. Gizakion bakea ere bereziki hauskor eta zaurkorra da.

Eta errukia da zaurituarengana, neure neutasun minbera zauritura nahiz hurko minberaren beratasun zauritura bidea. Hurkoaren errukia da bakerako bidea, ez dago besterik.

Gogora dezagun: Behin batean, gizon bat zihoan Jerusalemdik Jerikorantz, eta lapurren esku erori zen eta erdi hilik utzi zuten. Apaiz bat gertatu zen: bidetik okertu eta aurrera jo zuen. Gauza bera egin zuen lebitar batek ere. Baina bidaian zen samariar bat bertara iritsi eta, hura ikustean, errukitu egin zitzaion… eta bere ardurapean hartu zuen (Lk 10,25-37).

Jerusalemdik Jerikora bidean, bakearen bila zihoazen hiru bidariak, baina samariar heretikoak bakarrik egin zuen bakerako bidea: errukiarena. Hurko zaurituarengana hurbildu zen, zaurituaren hurko bilakatu errukiz. Fratelli Tutti Entziklikan, Frantzisko Aita Santuak idatzia du: “Samariar onak edo gelditu gabe aurrera doazen bidaiari axolagabeak izateko aukerari aurre egiten diogu egunero. Eta begirada gure historia osora eta munduaren zabalera eta luzera zabaltzen badugu, denok gara edo izan gara pertsonaia hauek bezalakoak: denok dugu zerbait zauritutik, zerbait bidelapurretik, zerbait aurrera doazenetik eta zerbait samariar onetik” (69. zenb.).

Munduan ez da bakerik izango eta guk geuk ere ez, baldin eta gure gizarteko eta planetako bide-bazterretan eroriez, zaurituez, baztertuez, etorkinez, zahar ahaztuez, herri gazte pobretuez erruki ez bagara erruki eraginkorrez, erruki eraldatzailez, erruki baketsu eta errebeldez, errebelde eta baketsuz. Justizia baita azken batean bakearen izena. Eta justiziak esan nahi du bakoitzak bizitzeko behar duena izatea.

Munduan eta geure baitan ez dugu bakerik izango lekuan lekuko eta planeta osoko bestelako ekonomia, bestelako enpresak, bestelako politika, bestelako hezkuntza, bestelako harremanak, bestelako kultura eta biziera, hots, kultura edo biziera soil, ekologiko, solidarioa bultzatzen ez badugu, burtsaren eta lehiaren logika gaindituz. Baldin eta errukiaren iraultza egiten ez badudu. Bakoitzak bere bidetik, baina erruki berak bultzaturik.

Errukiaren eta samurtasunaren iraultza espiritual-politikoa gauzatuz eta denentzat bideratuz bakarrik izango dugu bakea munduan eta geure baitan. Hautsiak eta zaurituak zainduz bakarrik.

Geure barrutik gorroto, mendeku-gose eta ezinikusi oro erauzten dugunean bakarrik izango dugu bakea munduan eta geure baitan. Gaizkilea, baita gaizki egin diguna ere, “gaizto” bezala ez, baizik eta gaixo bezala begiratzen dugunean, eta hura zigortzea ez, baizik eta sendatzea nahi dugunean; menperatzea ez, baizik eta on bihurtzea. Haren lekuan egiazki jartzen garenean, geure burua hura baino hobetzat jotzen ez dugunean, haren ongia egiazki desiratzen dugunean. Hots, gaizkileari egiazki “barkatzen” diogunean, horixe baita barkatzea: ez kaltegileari bere horretan kalte egiten uztea, eta ez egindako kaltea ahaztea, baizik eta haren lekuan jartzea, ni haren lekuan banengo besteek niri zer egitea beharko nukeen, hari huraxe egitea, eta haren ontasunean eta hobea izateko gaitasunean fede izatea, inoiz etsi gabe. Jesusek esan zuena: Ez dute osasundunek behar sendagilea, gaixoek baizik (Mt 9,12).

Eta: Zorionekoak errukitsu direnak (Mt 5,7). Edo: errukitsuak bakarrik izango dira zoriontsu, izango dute bakea. Baita ere: Zoriontsuak bakegileak, haiek izango baitira Jainkoaren seme-alaba (Mt 5,9). Edo: bakearen zoriona izango dute, jainkozko izango dira, IZAN egingo dira.

4. Natuaren baitara bidea

“Naturaren baitara”: den ororen hondora. Natura ez da inguru-giroa, guregandik kanpo legokeen zerbait, etxe ondoan dugun lorategia edo baratza bezala, geure atseginerako edo baliabidetarako. Natura ez da elikagai, kontsumogai, erabilgai, kontenplazio-gai, jabetza-gai, ez zainketa-gai huts. Natura ez da gure osagai huts. Hori guztia ere bai, baina hori baino askoz gehiago.

Naturatik gatoz eta natura gara. Idazten ari naizen ordenagailu hau natura da, eta entzuten ari naizen musika ere natura da. Gure oroitzapenak, gogapenak, sentipenak, irudipenak natura dira. Oroimena, gogamena, sentimena, irudimena… natura dira. Naturaren izangaitasun miragarritik sortuak gara, Unibertsoko gainerako forma guztiak bezala. Forma horien guztien batura da natura. Unibertso osoa. Unibertsoko forma guztiak sorrarazten dituen energia sortzaile harrigarria, sormen miresgarria. Eta gu ere hortik sortu gara. Gu ere Natura gara.

Eta den ororekin bat gara orotan: gure partikula eta atomo bakoitza unibertsoko atomo eta partikula guztiekin elkarturik dago, gure zelula bakoitza Lur planetako nahiz beste konta ezin ahala planetatako bizidun guztien zelula bakoitzarekin harremandurik. Eskuan duzun paperezko orria Lur planeta osoarekin (aire, hodei, euri, ibai, baso, abere, gizadi…) eta unibertso osoarekin (galaxia, izar, eguzki, ilargi…) bat da. Orritxo horretan unibertso osoa aurki dezakezu. Arnasaldi bakoitzean unibertsoaren bakea arnas dezakezu.

Unibertsoaren bakea. Izan ere, energia infinituaz bezainbat baitago unibertsoa bake infinituaz betea. Zorabiatzeko abiaduran doa dena eta betiereko bakean dago guztia. Galaxiak elkarrengandik gero eta azkarrago urruntzen ari dira alde guztietarantz eta gauza guztiek elkar erakartzen dute, energia guztien hautsiezineko orekan bezala. Guztia mugitzen ari da, eta halere guztiak geldi eta bare dirudi. Guztiaren hondorik gabeko hondoa bakean dago. Murgil gaitezen unibertsoaren bakean.

Ilunabarreko eguratsari betiereko bakea dario, arin eta sakona. Arnastu bakea.

Begira gau izartua, entzun hontzaren ulua. Dena bakean dago, geldi eta mugikor, bizirik.

Begira udazkeneko hostoan betiereko bakea, arnastun bake arnas emailea. Bakean zabaldu zen udaberriz, presarik gabe; bakean doa lurrera udazkenez, damurik gabe, haizearen kulunkan. Begira ezazu luze, begira sakon, barnera zaitez beraren baitan, zabaldu barrena eskaintzen dizun bakeari.

Begira hazian betiereko bakea, bake ernarazlea. Bakean sortu zen, a zer miraria!, lorearen kolorezko usain gozotan, erlearen hegaldi maratz eta sorginduan, eguzkiaren errainu epeletan. Bakean hazi zen fruituaren bihotzean. Bakean erori zen fruituarekin batera eta bakean usteldu lurraren altzo ilun umelean. Bakean erneko da, biziaren energia ikusezinari forma emanez, hasierarik eta amaierarik gabeko biziaren historia berriro berrituz.

Naturatik urrundu garen natura gara, naturaren jaun eta jabe, zentro eta helburu garela uste dugun natura gaixoa. Eta naturatik urrundu, naturaz nagusitu, natura hurrupatu ahala bakea galdu dugu, arnasa estutu zaigu, lehiak garamatza. Naturaren erritmora eta bakera itzuli beharraz ohartzen ari gara, arnasa hartuko badugu, biziko bagara.

Naturatik urrundutako gizakiak naturarik gabeko “Jaun goiko” baten kontzeptu korapilotsua asmatu zuen bere antz eta irudira, bere buruaren eta naturaren mirari bizigarri guztiak argitu ustez, argitu gura agorrez. Eta hierarkian eta menpetasunean oinarrituriko mundu erlijiosoa eraiki zuen egia bakarra eta egiazko erlijio bakarra ardatz, egiaren eta ongiaren jabe gorenen esanera, arnasa itotzeraino. Unibertsoaren eta biziaren Arnasara itzultzeko garaia dute filosofiak, teologiak eta erlijio guztiek, bizidunok Biziaren elkartean bakean bizi gaitezen.

Itzul gaitezen garen naturaren baitara. Entzun txorien kanta, zuhaitzen musika, haizearen soinua, errekaren melodia. Ikus, entzun, usain, uki, dasta dezagun edertasuna, biziaren misterioa, bakea.

5. Eta bakerako gai ez bagina?

Baina ez gaitezen engaina. Ez ditzagun geure bake-ametsak natura baketsu idiliko irreal batean islatu. Naturan bada bakea, baina etengabeko gatazka ere bada. Bizia ez da tirabirarik eta konfrontaziorik gabe sortzen… eta bizidunak biziduna du elikagai…

Naturan bada bakea, baina baita tentsioa ere, atomoen baitako partikulen artean bezala galaxien artean. Naturari bakea dario, neguko goiz hotz honi bezala, baina baita konfrontazioa ere, ikusezina sarri, negu-goiz zuri honetan bezala. Naturan den bakea ez da talkarik gabea, baizik eta talkaren, konfrontazioaren, are borrokaren baitakoa.

Konfrontazioaren eta borrokaren baitako bakea? Kontraesana dirudi, edo kontraesana da, baina kontraesan horixe da beharbada bakearen sorgune eta garabide. Bizia etengabeko eraldaketa da, forma bat utzi eta beste forma bat hartzea, toki bat utzi eta beste batera aldatzea. Baten erditzetik (bakterioen kasuan, esate baterako) edo biren elkartzetik (ugalketa sexualaren kasuan) sortzen da bizidun oro, eta kasu batean zein bestean bizidun berriak bere lekua bilatzen du beste zerbaitena edo norbaitena zen lekuan Bilatu egin behar biziko bada, saiatu egin behar bizigune egoki bat lortzen eta lortu orduko beste bat bilatzen, eta horrela beti… Lehiatu egin behar modu batera edo bestera, besteak neurea ken ez diezadan, edo bestearena neuretzat hartzeko. Biziaren lehian, hurkoa “aurkari” bilakatzen da nolabait.

Hori horrela, nola esan dut naturari bakea dariola? Bai, bakea dario, baina ez bake geldia, ez bake geldoa. Bake eragile eta eraldatzailea dario. Tentsio eta talka ororen hondoan, hondoaren hondoenean, bakea sumatzen da. Bake oro-sortzailea. Natura osoari bake sortzailea dario. Tentsioa eta talka zeharkatuz eta gaindituz lortzen den bakea. Horixe da funtsean Heraklito jakintsuak esan nahi zuena hain oker ulertu izan den esaldi ezagunean: “Gerra da gauza guztien ama”. Esaldi honetan “gerra” gorroto eta mendeku eta “aurkaria” suntsitu nahi gisa ulertzen duena oker doa.

Fisikan nahiz psikologian erresilientzia aipatzen da, hots: materialek, beste zerbaitekin talka egitean, orekara iristeko duten gaitasuna, material bakoitzak berea; gizakiok, egoera traumatikoekin topo egitean, “geure onera”, bakera, itzultzeko dugun gaitasuna.

Gaitasuna gauzatuko ote da, ordea? Nahiago genuke bake-egoerarako gaitasun hori lege kosmiko, biologiko, antropologiko unibertsala balitz, lehentxeago edo geroxeago dena bere onera, onenera, behin betiko orekara, beteko bakera iritsiko dela espero ahal bagenu, den guztia –Big-Bang-etik hasita, edo “lehenagotik”, nahiz eta hemen “lehenago” hitzak zentzurik ez duen– talkarik, konfrontaziorik, borrokarik gabeko oreka baketsura daraman bulkada edo indar geraezin bat balitz existitzen den materia-energia osoaren bihotzean… Hori genuke amets. Profetek amestu zuten bake kosmikoa izango litzateke: “otsoa eta bildotsa elkarrekin biziko dira”. Ezin dut amets hori erabat baztertu, baina ezin dut ere halabeharrezko Lege kosmiko bezala formulatu, ezta guregandik kanpo legokeen Jaun Goiko baten Probidentzia goren bezala ere. Ez dugu bakearen filosofia ez teologia oro-biltzailerik.

Zer geratzen da, orduan? Profeten amets poetikoari uko egin gabe, filosofia eta teologia teoriko oro-biltzaileez harago, ametsa esperantza eraginkor bihurtzen duen bidea geratzen da. Esperantza eraginkorra, hau da: bake osoaren helmugara iritsiko ote garen ziur jakin gabe, jakin beharrik ere gabe, ahal dugun bakera iristen apalki ahalegintzeko arnasa lasai eta barea, lehiarik gabeko ahalegin lasaia, egin ahala ahaleginik gabe egiten duen esperantza. Hori da egiazko bake-esperantza profetikoa. Hori da naturaren bihotzetik eta geure bihotzaren barnenetik datorkigun bakearen esperantza, bake-biderako arnasaren hauspoa. Horrela bideratzen da dena bakerantz, iritsiko ote garen ala ez jakin gabe, norberarekin eta inorekin bortizki borrokatu gabe.

Bakearen esperantza eraginkorra, tentsioa eta konfrontazioa zeharkatzeko prest.

Lurrari sua jartzera etorri naiz –dio Jesusek ere, “bakearen ebanjelari” omen denaren Lukasenean– eta nahiago nuke dagoeneko piztua balego (…). Munduari bakea ematera etorria naizela uste al duzue? Egia esan, bakea ez, banaketa baizik. Zeren hemendik aurrera, etxe bateko bost senideak elkarrekin banaturik egongo baitira: hiru biren kontra eta bi hiruren kontra; aita semearen aurka eta semea aitaren aurka, ama alabaren kontra eta alaba amaren kontra, amaginarreba errainaren kontra eta erraina amaginarrebaren kontra (Lk 12,49.50-53). Esan bazituen eta ez bazituen, Jesus baketsu eta bakegilearen ezpainetan ageri dira.

Izan ere, egiazko bakea ez da dagoen egoera, barra-barra dabilen gezurra, nagusi den injustizia bere horretan uztea, “bake-bakean”. Jesus ez zen bakezale iheskor izan, ez zuen maite Inperioaren bakea, San Agustinek Jainkoaren Hirian dioen “ordenaren bakea” (nahiz eta, egiari zor, esan behar den, “ordenaren bakea” esatean, Agustinek “bakoitzak dagokion bidezko lekua izatea” esan nahi duela espresuki, ez botere bidegabeak ezarritako lekua… hor dago koxka. Egiari zor, esan behar da ere, Agustinek Erromako Inperioa oso maitea zuela, Jesusek ez bezala… horra hor beste koxka). Jesusek iragarri zuen berri ona ez zen hain ona bakerik gabeko egoera gaiztoaren eragileentzat.

Hobeto esan, ona zen, baina ez gaizkirako baimena; baketsua bai, baina ez injustiziaren zuriketa. Jesusek iragarri zuen eraldaketa sozial, politiko, espiritual sakona bultzatzeko prest zeudenen eta lehengoari eustea nahiago zutenen artean gatazka eragin zuen. Iragartzen zuen bakea ez zen, beraz, borrokarik gabea. Egiazko bakeak berekin darama gezur guztien, injustizia guztien kontrako borroka. Baina ez edozein borroka. Bakezko borroka, bake-esperantzaren arnasak hauspotua, lorpenarekiko menpetasunik gabe.

“Borroka” hitzari gogorregi baderitzogu, har dezagun arestian aipatu dudan “tentsioa”. Bake osorik ez den mundu honetan, bizidun guztiok bakerako bidean bidari garen mundu honetan, era bateko edo besteko tirabiratik sortzen da bakea. “Bizi onaren sorrarazle den tentsiozko egoera” bezala ere defini daiteke bakea… Edozein tentsio ez da, noski, bakezko. Bizi ona (guztien ona, edo ahal den gehienena) sorrarazten duen tentsioa soilik da bakezko tentsio.

Natorren orain galderaren gordinera: bakerako gai ote gara? Ez dut galdetzen “betidanik” edo ez dakigu noiztik eta zergatik existitzen den Materia-Energia mugagabeaz, etengabe eraldatzen eta bilakatzen ari den Unibertsoaz, bere bilakaeran sortu gaituen Naturaz, baizik eta etengabeko bilakaera horren baitan Lur planeta txiki honek sortu berria duen bizi-forma miresgarri honetaz, beste hainbat giza espezieren ondoren azkena –duela 300.000 urte Afrikan– sortu zen Homo Sapiens espezie harrigarri honetaz, geutaz galdetzen dut: bakerako gai jaio ote ginen? Galderak harridura sor dezake, baina 300.000 urteko historiak behartzen gaitu galdetzera: bakean bizitzeko gai ote gara?

Izaki bilakatzaileak eta geure onaren edo bakearen “bilatzaileak” gara, izaki osatu gabeak, ezagutzen ditugun eta irudika ditzakegun izaki bizigabe eta bizidun guztiak bezala. Gehiago: geure garunaren garapen konplexua medio eta geure kontzientzia-mailaren ondorioz, ezagutzen ditugun beste izaki bizigabe eta bizidun guztiak baino areago gara “egonkortu”, “ondu” edo “bere oneratu”, “grina gabetu” edo guztiz orekatu gabeko bizidunak, jada ez garen zerbaitetatik oraindik ez garen zerbaitetara bidean beti, haragoko bulkadak eraginik beti. Ezagutzen ditugun izaki guztiek ez bezalako ezinegona eta ondoeza pairatzen ditugu sortzetik. Iraganaren damuak eta etorkizunaren kezkak, garenarekin eta daukagunarekin konformatu ezinak, maite duguna galtzeko beldurrak eta gorroto duguna suntsitzeko irrikak, hurkoa baino handiago izateko grinak eta gutxiago ote garen larriak… torturatzen gaituzte, ezagutzen ditugun beste abere guztiak ez bezala.

Eta ez, noski, balizko “lehen guraso” batzuek, balizko “jatorrizko bekatu” baten ondorioz, ondorengo guztiok balizko paradisu perfektu batetik negar-herri honetara erbesteratu gintuztelako, baizik eta lurrezko bizidun oro bezala berez izaki inperfektuak eta osatu gabeak garelako, eta areago: gure garun hain konplexuak oroimen, gogamen, irudimen eta sentimen hain konplexuak ahalbidetzen dituelako. Ahaltsuagoak izateak egiten ote gaitu gorrotoaren, irrikaren, lehiaren eta larriaren mendekoago? Ahaltsuago eta bake gutxiago? Ahaltsuago eta borrokalariago? Galdera larriak.

Begira zelaian oreina larrean lasai. Otsoa baletor, izuturik ihesari emango lioke, baina otsoagandik libratzea lortuko balu, lasai jarraituko larrean edo etzanda lasai hartuko luke atseden, ikara eta dardara utzirik. Gu ez gara horretarako gauza. Beti dugu geure gaitan bakea eragozten digun oroitzapen, gogapen, irudikapen edo emozioren bat. Zer gertatzen zaigu, bada, gizakioi? Badirudi, zenbat eta konplexuago hainbat eta ezegonkorrago eta erorkorrago egin gaituela biziaren bilakaerak, zenbat eta plazerdunago hainbat eta oinazedunago eta oinaze-emaileago, zenbat eta “garatuago” hainbat eta oreka-gabeago, zenbat eta “osatuago” hainbat eta osagabeago edo gaixoago, zenbat eta dohainduago hainbat eta dohakabeago, zenbat eta bilakatuago hainbat eta bilatzaileago (eta galduago). Irudipen larriak.

Ez naiz, noski, hori guztia biziaren bilakaeraren lege bihurtzera ausartzen, baina aitor dut Homo Sapiensak, bereziki azken milurteetan –Neolitikoaren hasieratik gutxienez, nekazalgoa eta abeltzaingoa hasi zirenetik, duela 12 mila urte inguru– daramagun norabidea begi aurrean, gero eta zalantza larriagoak sortzen dizkidala. Lurraren ustiaketa, inperioak eta konkistak, etengabeko gerra, boterea eta irabazia, elkarren aurkako lehia, abiadura gero eta zorabiagarriago, presa gero eta itogarriago, bide-bazterrak gizaki eta herri zaurituez gainezka… Ez ote goaz amildegian behera? Geure gaitasun harrigarriek ez ote darabiltzagu gero eta gehiago hondamendirako? Eta erlijioek ez ote dira, aspaldiko mundu-ikuspegi, sineskizun eta erakundeei loturik, bakearen edo biziaren arnasari uko eginik, inspiraziorik eta arimarik gabe elkor bihurtu?

Galdera, irudipen eta zalantza larriok ezin ditut uxatu. Guztiarekin ere, sinesten dut gizakiaren bakerako gaitasunean. Sinesten dut Zientziak (garuneko eta geneetako disfuntzioak bideratuz…), Hezkuntzak (jakintzari baino arreta gehiago emanez bizi-jakituriari…) eta Politikak (finantzen uztarritik askaturik…), azken batean Espiritualtasunak edo bizi-arnasaren espirituak –erlijioez harago– salba dezaketela oraindik Homo Sapiens giza espeziearen bake-bidea. Baina gaurdaino inoiz ezagutu dugun bide-gurutzerik larrienean aurkitzen gara: guztion bakerantz ala guztion hondamendirantz. Bake osora iritsi gabe ere, gizadiak, gizakien eta herrien elkartasunean, garapen-eredu honen amildegitik urrundu eta bake-bidean aurrera jarraituko badu, ezinbestekoa dugu iraultza kultural eta espiritual sakona.

Sinesten dut, egunik egun, bidegurutzerik bidegurutze, gurutze-biderik gurutze-bide, bakeak ez gaituela inoiz ere galtzen, bideak inoiz galtzen ez gaituen bezalaxe. Eta aurkitu, geure buruaren eta bidelagun zaurituaren, bidaide galduaren, hurko errukior garenean aurkitzen dugula bakea. Eta bi bideak, geurea eta hurkoarena, geureganakoa eta hurkoarenganakoa, bat bera direla egiaz eta benetan, bakea bat den bezalaxe guregan eta bidaidearengan.

Bakea da ondasun gorena, on betea, on guztia. Eta nork ez lituzke ondasun guztiak emango (dirua, lagunak, familia, osasuna, etxea, lanbidea), on guztia izatekotan? Homo Sapiens honek dena galduko ez badu, bakea aurkituko badu, dena eman behar du. Nahiago izango ote dugu garen eta daukagun apurtxoa atxikiz bizi, erdipurdiko bakean edo bakerik gabean? Baina nola emango dugu dena “hutsean”, nola arriskatu dena alferrik galtzera, baldin eta aurrez hori dena baino gehiago, hutsaren zorion betea –zer da Jainkoa horixe baizik: hutsaren zorion betea, ezerez eta dena?– aurkitu ez badugu? Ebanjeliokoa hemen ere: Jainkoaren erregetzarekin, landan ezkutatua dagoen altxorrarekin bezala gertatzen da. Norbaitek aurkitzen duelarik, berriro ezkutatu egiten du, eta pozaren pozez joan, dituen guztiak saldu eta landa hura erosten du. Era berean, Jainkoaren erregetzarekin, harribitxi bila dabilen tratulariarekin bezala gertatzen da. Balio handiko bat aurkitzen duenean, joan, bere gauza guztiak saldu eta erosi egiten du (Mt13,44-46). Dena saldu edo dena eman, dena izateko.

Beraz, dena aurkitu duenak bakarrik eman dezake dena. Hori bezain egiazkoa da, noski, alderantzizkoa ere, gure hitzek ez baitakite erabateko errealitatea era batera bakarrik esaten. Alegia: dena ematen duenak bakarrik aurki dezake dena, Bake osoa.

Baina dena osoki emateko eta dena osoki aurkitzeko mugatuegiak garenez, geure eguneroko bake-bideari heldu beharko diogu apalki, gure eskura dauden urrats apalak ematen saiatu beharko dugu, “mila legoako bidea pauso batekin hasten da”, Lao-zi maisuak (eta eguneroko jakituriak) irakasten duenez[6].

6. Belenetik Belenera bake-bidari

Eta zertara dator hemen Belen? Eguberri-egunetan ari naiz lerro hauek idazten, eta barkatuko didazue, Belen inguruko artzain haiengana doazkit oroitzapena eta gogamena. Eta harira datozkit.

Esan gabe doa, Lukasek eta Mateok Jesusen jaiotzaz kontatzen dizkigutenak – Markosek eta Joanek ezertxo ere ez– midrashim-ak direla, alegia: idazki biblikoetan ageri diren antzinateko zenbait pertsonaiari buruzko kontaketak (Moises, Sanson, Josue, Ana, Samuel, Elias, David, Judit, Debora…) oinarri eta eredu hartuz, Jesus haurraren inguruan sortzen edo moldatzen dituzten albisteak, iruzkinak, ipuin eguneratuak. Jakin, seguraski, ez zekiten ezer, eta ez zuten jakiteko interesik ere. Ezin digute kontatu eta ez digute kontatu nahi historikoki zer gertatu zen, baizik eta antzinatean jazo bide ziren askapen-gertakari haiek Jesusengan nola egiaztatu eta berretsi diren erakutsi nahi dute eta, batez ere, nola gauzatu behar lituzketen euren elkarteetako kristauek. Eta guk.

Haiek bezalaxe, bakea dugu min, bakea amets, bakea bide. Eta artzain behartsu batzuk ditugu garenaren ispilu eta garenera egiazki iristeko eredu. Goazen, bada, Belen inguruko larreetara. Larre urria zen haietan, lurralde lehor, elkor eta harritsua izaki. Garai gogorrak ziren. Artzainek ez zuten erromatar Inperioaren bakea maite, baina haiek armaz menderatzeko ez ziren gauza. Goliat indartsua menderatu zuen Belengo David berri bat balute! Baina mila urte baziren David erregea hil zela, mila urte haren ondorengo askatzaile baten zain, baina alferrik. “Errege batek nekez ekarriko digu bakea –zioten berekiko–, ezta Daviden odol berekoa balitz ere… Jainkoak bakarrik aska gaitzake, baina non da Jainkoa?

Garaiko zintzoen begietan, bestalde, artzainak ez ziren inorentzat oso eredugarri: ezjakinak, lapur-ospekoak eta ogibidez “kutsatuak” (ezin zituztelarik bete garbitasun erritualak eskatzen zuen hainbat arau). Jerusalem bertan zeukaten –10 km. eskas–, eta beraiek hornitzen zituzten hango tenpluko sakrifizioetarako bildotsak, baina, kutsatuak izaki, bereganatu ezin sakrifizio horien ustezko onura: barkamena eta bakea.

Inguruko gizarte duinaren begirunea eta beren buruaren estimua galdurik, bake-esperantzak galduak dituzte, beraz, Belengo artzainek, eta bake-ametsak ere bai, ardi mengel batzuk gau ilunean txandaka zaintzen dituzten bitartean. Baina, supituan, gauaren hegal ilunak aingeru batenak bezain argitsu bihurtu ziren eta kontsolamendua zerien hitzak entzun zituzten: Bake eta on guztioi, artzain eta ardi! Bazen garaia eta, berri onak ditut zuentzat: Askatzailea jaio da zuen herritxo apalean. Eta aingeruzko korua elkartzen zaio aingeruari, kantari: Aintza zeruan eta bakea lurrean. Bakearen berri ona ez zaie iragarri gortesauei eta apaizei, artzain behartsuei baizik. Guztientzako da bakea, baina azkenekoak ditu lehen lekuko eta artisau, munduko gatazka eta gogorkeria guztien lehen biktima ere beraiek baitira.

Sinetsi ezin, baina zer galdurik ez eta badoaz Belenera. Bidean aurrera, euren buruari eta bizitza pobreari, bizi zuten egoera gogorrari eta etorkizun ilunari bestelako begiz begiratzen hasi ziren, zergatik ez zekitela. Ahaztua zuten halako bake samur bat sentitzen hasi ziren, izartxo bat bailitzan. Eta bakearen izartxoak harpe apal batera –halako asko zen Belen inguruetan– gidatu zituen zuzenean, barruko izarrak argiturik. Zer aurkituko, eta Maria, Jose eta jaioberria askan etzana aurkitu zituzten, elkarri leku eginez, leku meharra izan arren. Mundua azpikoz gain, ez azpikoak gainean eta gainekoak azpian izan daitezen, bakea izan dadin baizik, zapaltzailerik eta zapaldurik gabe.

Artzainak entzun eta ikusi zutenarengatik Jainkoari aintzaka eta goraka itzuli ziren, dena aingeruak esan bezala gertatu baitzitzaien. Egoerak garrasika eskatzen duen bezala, bihotz-barrenak eta den guztiaren hondoak isil eta ozen hitz ematen digun bezala. Bakea dohain eta promesa, doako dohain eta eguneroko bide.

Jesus ez zen, noski, Belenen jaio, Nazareten baizik, ia ziur. Baina juduen iruditeria arruntean Daviden sorterria zen Belen, eta Jesus Kristo, Mesias edo Askatzaile –“Daviden ondorengo”– aitortzeko modua zen. Nazareteko mendi-maldan ere –eta hainbat euskal bazterretan oraindik orain arte– baziren harpeak non familia pobreak bizi ziren, aurreko aldean gizakiak eta atzeko aldean abereak, denak elkarri toki eginez. Ez litzateke harritzekoa izango Jesus eta bere senideak –Markosen ebanjelioak Jesusen lau anaia aipatzen ditu izen eta guzti, eta bi arreba gutxienez (ik. Mk 6,3)– horietako harpe-etxe batean jaio eta hazi izana, denak elkarri leku eginez, senideak asko eta tokia estu izan arren, denontzat baitago lekua munduan, elkarri leku egiten jakinez gero…

Belengo jaiotzarena eta artzainena ipuin bezala idatzi zituen Lukasek. Ipuinak dira, eta badakigu ipuinak –baita ebanjelioetako ipuinak ere– zer diren: inoiz gertatu ez denaren kontaketa eta beti gertatzen denaren isla. Gure bake-bidearen irudi, beraz, eta horregatik dakart hemen, gogoeta honen buruan. Ordurako balio zuenak berdin balio du gaurko.

Bake-gabeziaren eta bakezko presentziaren irudia dugu Jesusen familia pobrea eta bizi izan ziren egoitza pobrea. Bakea ukatzen duen injustiziaren lekuko, injustizia gainditzen duen bakearen irudi. Jesus, Maria eta Jose ez ziren perfektuak, hala irudikatu baditugu ere, garenaren irudirik onena haiengan islatuz. Denok gara, geure jatorrizko eta bokaziozko izaeran, Maria bezain “sortzez garbi” eta “graziaz bete”, Jesus bezain “errugabe eta baketsu” eta “grazia ororen iturri” (horixe esan nahi dute, azken batean, Mariaren Sorkunde Garbiaren eta Jesusen Jainkotasunaren dogmek). Eta gu bezain gizaki hauskor, zaurkor, erorkor izan ziren haiek, Homo Sapiens espezieko gizaki, gure garunaren gaitasunez eta mugez osatuak, historiak eta kulturak eta inguruak baldintzatuak. Zalantza eta kontraesan, grina eta gutizia, lilura eta larritasun, nahi eta ezin eta etsipenen artean bilatu behar izan zuten haiek ere bakea. Eta ez ziren, ziur naiz, bake perfektura inoiz iritsi, eta zer? Bidea egin zuten.

Goazen Belenera. Altxa gaitezen gau ilunean, begira dezagun barrurago geure baitan, hurkoaren baitan, den guztiaren baitan. Eguneroko beldurrak beldur, ez gaitezen beldurtu. Saihestezineko etsipenak etsipen, ez dezagun etsi geure buruarekin, hurkoarekin, munduarekin. Libre eta on izan gaitezke, libre eta on eta senide, perfekziorik gabe, beti bidari. Bakea da gure jatorrizko, betiko eta beteko izena, ezeren jabetzarik eta eskubiderik gabe. Bakea daramagu barnean, bakeak garamatza, helmugarik gabe.

Goazen Belenetik. Ez dakigu munduak norantza egingo duen, gizakiak bere ahalmenaren gailurrean zer erabakiko duen, guk geuk bihar tente eutsiko ote diogun. Ez dakigu egunotan jartzen hasi diren Covid-19aren txertoa pandemiaren amaieraren hasiera izango ote den ala hurrengo pandemiaren abiapuntu. Lehiaren eta presaren eta elkar irentsi beharraren erokeria hau gelditzeko urratsak emango ote diren ala abiadura areagotuko ote dugun, hainbat eta lasterrago denok hondorik gabeko amildegira jauzi egiteko. Baina badakigu, Belengo artzain ezjakin haiek bezalaxe, Bakea ez dakarrela Inperioen botereak, armaden indarrak, dirudunen legeak. Ezta erlijioen ordenamenduak ere. Badakigu Bakea, ezerk ekartzekotan, Belen edo Nazaret guztietako elkartasun samurrak, soiltasun solidarioak, begirada garbiak, ontasun zoriontsuak ekarriko duela bihotzera eta mundura.

Goazen, bada. Bihotzari darion bakeak gidaturik, artzainak bezala, bihotza bete bakez eta bakearen bila. Bakearen egarri eta bakearen mezulari. Bakea beti da on bat / erreparoz lantzekoa, / bakea beti da on bat / lortu orduko prestatzen / jarraitu beharrekoa (B. Gandiaga). “Ibiliz egitekoa, zeregin etengabea”, bidea lez baita bakea.

Baina bakerako bidean ez dugu aurrera egingo ahaleginaren ahaleginez, geure burua eta besteak behartuz, nor baino nor –edo neu baino neu– lehiatuz, baizik eta barruan daramagunari jariatzen utziz, barne-haziaren izamenari oztopoak kenduz, garenerantz garamatzan garenari jareginez, lehia oro bide-bazterrean arduragabe ahaztuz, hegoak haz dakizkigun zama arinduz, egoa hustuz. Laozi maisuak irakatsi zuen bezala, “egitekoa egin eta ez leihatzea” da bidea[7], “egin gabe [saiatu gabe, lehiatu gabe] eginez, dena bere onera itzultzen baita”[8]. Hartara egingo dugu bakearen etengabeko bide zabal eta arina.

Aintza zeruan Jainkoari eta bakea lurrean Hark maite dituen (g)izakiei. Zerua eta lurra, Jainkoa eta mundua, Jainkoaren aintza eta gizakien bakea ez dira bi: lurraren izaera gorena da zerua, munduaren Izamen agortezina eta Hondorik gabeko Hondoa da Jainkoa, (g)izaki guztien arteko bakea da Jainkoaren distira, Jainkoaren agerkundea, egiazko teofania. Den ororen Izamen zoriontsua eta Hondo ona ez da ageri erregeen jauregietan eta jainko handien tenpluetan, norberaren bihotzeko eta guztien munduko bakean baizik.

Urte berri honen hasieran, HEMEN aldizkariaren azken zenbaki honetan, irakurle adiskidea, bakea opa dizut, ondasun gorena, eguneroko zorion apalez osatua, ontasun zoriontsua, eguneroko biziminen artean ondua.

(In HEMEN 68 / 2020, urria-abendua)

OHARRAK

  1. Aitorpenak XI,14,17.
  2. Jainkoaren Hiria, XXII. liburua, 30. kapitulua.
  3. Eta ohartxo bat hemen, aurrera baino lehen: Jesusen bakeari buruz esanak eta eginak aipatzen ditudanean, ez dut gutxiesten ikuspegi historiko-kritikoa, hots, aipatzen dudana Jesusek berak esana nahiz egina ote den ala ez, baina ez diot horri berebiziko garrantzirik ematen: ebanjelioek diotena hartzen dut, modu librean hartu ere, eta iradokitzen didana hitzera ekartzen saiatzen naiz, modu libreegian beharbada zenbaiten ustez. Hala balitz, barka bekit, baina ebanjelioak askatasun handiz idatzi ziren eta askatasun handiz irakurtzeko direla uste dut, historiaren eta letraren zehaztasunari baino gehiago barne-arnasari jarraituz, bakera garamatzan.
  4. Nuevas semillas de contemplación, Sal Terrae, Santander 2003, 193. or.
  5. Bhagavad Gita, Ibaizabal, 2009, 46-47. or.
  6. Dao De Jing 64, Ibaizabal 2007, 82.or.
  7. Dao De Jing 81, Ibaizabal, 2007, 101. or., liburuko azken hitzak.
  8. Dao De Jing 3, Ibaizabal, 2007,13. or.