Ez etsi

Ez etsi. 
Gauak amaierarik ez duela iruditzen bazaizu ere,
besarkadarik gabeko garai honek gainezka egiten badizu ere,
arnasa erraietan izozten bazaizu ere,
udaberria loratzen ikusten ez baduzu ere.
Halere, iluntasun sakonenaren ondoren
beti urratzen baita egunsenti berria,
betikotasuna garden ageri baita
une bakar honetan,
begirada sutsuak urtzen baitu
arimaren izotza,
almendrondoek isuriko baitute
bere garaian alaitasunezko zaparrada fina.
Ez utzi ardura.
Beren gordelekura erretiratzen direnak badiren arren,
ideal batzuk kimera bihurtu arren,
hitz ozena airean desagertu arren,
perbertsioak ziurtasuna lokaztu arren.
Halere, errukiaren bidetik
ibiltzen jarraitu behar baitugu,
utopia ilusioaren ogia eta desiraren ardoa
eskaintzen duen elkarren mahaia baita,
elkarrizketa lasaiak
adiskidetasunezko arratsaldeen birsortzaile baitira beti,
integritateak konfiantzaren korronte garbia
sustatzen baitu.
Ez etsi, ez utzi ardura,
ez amore eman, ez uko egin.
Berpiztu gogoa ahaleginaren indarrez.
Belorik gabeko begitartea laztanduko dizun brisa
bere garaian iritsiko baita.
Hainbeste liluratzen zaituen eta irrikatzen duzun
itsasertzean paseatuko baitzara.
Egunsentiko argiak topaketaren promesaz
liluratuko baitzaitu egunero.
Txingarrak oraindik barruan baitaramatzazu,
aurpegiz, izarrez eta ametsez konstelaturiko
etorkizunaren hasiera baita minutu bakoitza.

(Miguel Ángel Mesa Bouzas)