Gizadian fede

Duela egun batzuk, afaltzen ari ginela, Malenek hain gustuko dituen ateraldi horietako bat irakurri zigun: “Estralurtarrak, bai, existitzen dira. Froga da ez direla hona etortzen”. Barre egin ondoren, esan nuen: “Estralurtarrik baldin bada, Lurrera ez etortzea izango lukete onena oraintxe bertan”, eta bide serioagotik abiatu zen solasa. Honako galdera hauek bezain serioa: jarrai ote dezakegu gizadi honetan sinesten? Ba ote da irtenbiderik Lur honetako biziarentzat Homo Sapiens honen mendean?

Aitor dut, gizadiarekiko dudan fedea larriki arrakalatu zaidala azken 20 urteotan. Adinagatik eta bizi-energia gutxitu zaidalako ote? Zibilizazio-eredu harrapari, lehiakor, bortitz eta matxista honen krisia larriagotuz doalako ote, 2008ko krisia ez delarik izan aurretik zetorren guztiaren ondorio logikoa eta oraindik etortzeko dagoen azken hondamendiaren aurrerakin txiki bat besterik? Ikusten dudan munduagatik ote ala ikusten dudan begiekin ikusten dudalako? Hain sutsu irakurri ditudan Harariren idazkien eraginez ote, pizten dituen alarmengatik? Ala guztiagatik pixka bat?

Edonola ere, munduaren panorama lazgarria da, gizadia dela eta (bai, gizadia dela eta edo, zehatzago, gizadiko ahaltsuenak direla eta, zeinen gutiziak ez baitu mugarik). Obamaren desengainuak, Trumpen lotsagabekeriak, Putinen gezurrak, Xi Jinpingen despotismo lasaia, multinazional aseezinak, entitate finantzarioen diktadura planetarioa, irabazi, irabazi eta irabazi beharra… Enpleguaren suntsiketa, lan-baldintzen etengabeko prekarizazioa, gure gazteak pilaka eta pilaka etorkizunik gabe. Siria, Yemen, Libia, Sahel, mundu urratuaren argazkia… Kolapso ekologikoa, alarma klimatikoa, galbidean aurrera ihesi. Etengabeko azelerazioa, presa itogarria, lehiakortasun basatia, gero eta areagoko estresa. Azken hamar mila urte hauetako aurrerapen delakoa da amaieraren iragarpen dugun hastapen edo printzipio honen froga ziur: zenbat eta aurrerago, hainbat eta itoago.

Orain, berriz… koronabirusaren pandemia hau, larritasunean eta ziurgabetasunean are gehiago biltzen eta hondoratzen gaituena, eta ez naiz ausartzen esatera pandemia gizakion esku-hartzearen ondorio denik zuzenean, baina bai krudelki agerian jartzen duela gure espeziearen hauskortasun sakona, bere boterearen gailur-gailurrean, bai eta gizatasunik gabeko zibilizazio-eredu honen akats larriak ere, lehiatu eta irabazi behar honen akatsak. Txertoa bera lortzeko ere lehiatu eta irabazi behar hau, kosta ahala kosta. Bizia kosta, bizi pertsonala, familiarra, soziala, planetarioa, eko-planetarioa.

Esango nuke, nahiz eta esateak ikaratzen nauen: Espezie honek ez du erremediorik, ez da bideragarria, ororen suntsipenera doa, eta bere buruaren suntsitzera. “Bere gaitasunak kudeatzeko gaitasunik ez duen espezie” bezala definitu zuen batek. Gai da samurtasun infiniturako eta irribarrerik goxoenerako, ezin duenari laguntzeagatik dena galtzeko, San Joan Gurutzekoaren Kantika Espirituala idazteko eta berau Amancio Pradak bezala kantatzeko, mitoak asmatzeko eta tangoak dantzatzeko. Baina gai da ere gorrotoz eta mendekuz krudelkeriarik handienak egiteko, eta ez da gai bere oroitzapenak, beldurrak eta estutasunak menderatzeko, ez lasai-lasai atseden hartzeko. Ez da gai bere boterea mendean hartzeko eta bere emozio nahasgarriak kontrolatzeko. San Paulok esaera gogoangarri batekin adierazi zuen: “Benetan nahi ez dudana egiten dut, eta ez naiz gai benetan nahi dudana egiteko”.

Eta horrela goaz, eta horrela doa mundua gugatik. Galbide unibertsalerantz ote goaz erremediorik gabe? Horretan etsitzea galbidera bultzatzea litzateke. Erasaten diguten gaitzei ez diegu erremediorik aurkituko baldin eta geure buruarekiko eta gure gizadi komunarekiko fedea berreskuratzen ez badugu. “Zure fedeak sendatzen zaitu”, esaten zien Jesusek sendatzen zituen gaixoei. Jesusek haiengan sustatzen zuen fedeak edo konfiantzak zituen sendatzen.

Duela egun batzuk, Europako Parlamentuaren osoko bilkuran, Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidenteak “Bizi nahi dugun mundua eraikiz: bizimen-batasuna hauskortasunezko munduan” izeneko hitzaldi sutsua egin zuen, eta Andrei Sakharoven figura eta hark “giza arimaren indar ezkutuan zuen fede hautsiezina” gogora ekarriz hasi zuen hitzaldia. Europaren tradiziorik eta borondaterik onena, multilateralismoaren premia eta lankidetza aldarrikatu zituen. Eta ohartarazi: “Potentzia nagusiak erakundeak bertan behera uzten ari dira edo bahi gisa erabiltzen dituzte euren interesetarako”. Lanaren “duintasuna sakratua” aitortzera deia egin zuen, ezin erabakia bazter uztera, “globalizazio justu” baten alde lan egitera. Eta azpimarra berezia jarri zuen Migrazioari “ikuspegi humano eta humanitario batetik” irtenbidea bilatzeko premian. “Europa geuk nahi duguna izango da. Eraiki dezagun bizi nahi dugun mundua”.

Hunkitu egin ninduen. Arrazoi du: ez dugu aurrera egingo bestelako Europa baterantz eta hain beharrezkoa den bestelako mundu global baterantz, geure gaitasunik onenean federik ez badugu. Borondaterik onena ez badugu. Fedea horixe baita: geure onena nahi izatea eta horretan konfiantza izatea, edo geure onenean konfiantza izatea eta horixe gauzatu nahi izatea benetan. Baina hor sortzen zait berriro zalantza zaurgarria: gai ote gara egiazki nahi izateko, hots, geure baitako bizi-taupadarik sakonen eta gizatiarrenean, geure gaitasunik onenean, konfiantza izateko?

Zalantza berdinak larrituko du inondik ere Ursula von der Leyen; izan ere, handik egun gutxira, ez zuen lortu Europako Estatuek aho batez onartzea presidenteak Migrazioari buruzko Itunerako proposatu zizkien neurri politikoak, humanoak, eta “borondatezko elkartasunarekin” konformatu behar izan zuen, hau da, egin dezala Estatu bakoitzak nahi duena, gogoak ematen diona… Alegia, ez zen nagusi atera elkartasunezko ongia nahi izatea, baizik eta interes egoista nahi izatea. Egiazko borondaterik gabeko nahi izatea, beraz, bizi gaituen ahalbiderik onenean benetako fede sakonik ez duen nahi izate azalekoa. Eta bide horretatik amildegirantz jarraituko dugu.

Horiek horrela, mugarik gabeko espazio horietan gu baino inteligenteago den estralurtarrik balitz eta haiekin hitz egiterik izango banu, esango nieke ez etortzeko gure Lur eder eta minbera honetara, guri erremedioren bat ekartzeko ez bada. Baina ez dut uste erremedioa beste planeta batetik etorriko denik. Ezin dugu espero, halaber, kanpoko “Jaun goiko” ahalguztidun batek esku hartuko duenik, existitzen denik ere ezin baitugu sinetsi.

Zer espero dezakegu orduan? Konfiantza izan ote dezakegu oraindik? Ba ote da bizia, gurea eta guztiona, salbatzeko modurik? Nik ez dut beste biderik ikusten sakoneko jardun kontzertatu eta planetarioa baino, elkarrekin uztartuak dauden lau alorretan: politika, hezkuntza, zientzia eta espiritualtasuna.

Ez da konponbiderik izango ez badugu sinesten eta benetan nahi izatea lortzen letra larridun Politika globala, Nazio Batuen Erakunde berri eta eraginkorra, zeren Emmanuel Macronek oraindik orain ederki asko esan duen bezala, “egungo NBE mundu desordenatu baten barruko sistema desordenatu bat baita”. Ez da konponbiderik izango, eko-sozialismo demokratiko eta planetarioa pixkanaka ezartzeko akordiorik ez bada. Iraultza bortitzek milaka urte daramatzate beren eraginkortasunik eza frogatzen, gizatasunik ezaz gain.

Jarduera politiko itundua eta globala ezinezkoa izango da, ordea, familiako, eskolako, unibertsitateko eta etengabeko hezkuntzarik gabe, errespetuan, elkarrizketan eta elkartasunean heziko duena, bizitza pertsonal eta kolektibo on eta zoriontsurako bide bakarra hori dela erakutsiko duena.

Baina ez politikak eta ez hezkuntzak ezingo dute Homo Sapiens bezalako bizidun espezie zoragarri eta kontraesankor honi buruzko ezagutza zientifikoa baztertu. Zientziak bakarrik ezin digu konponbidea eskaini, baina zientziarik gabe ez da irtenbiderik izango. Nire ustez, zehazki, neurozientziak eta bioteknologia eta produktu farmazeutikoak guztiz ezinbestekoak izango dira gure espezieak sorrera-sorreratik dituen disfuntzio neuronalak eta genetikoak zuzentzeko. Ez da inolako “jatorrizko bekatua”, baizik eta amaitu gabeko eboluzioan agertu diren hutsune larriak, eta zientziek lagun dezakete haiek behar bezala bideratzen. Zientziaren erabilera jakintsua izango da gakoa. Interes militar eta ekonomikoek zientziak gaur egun bezainbeste baldintzatzen dituzten bitartean, zientziak ere gure hondamendi pertsonal eta kolektiboaren eragile izango dira.

Eta, azkenik, edo aurren-aurrena, uste dut ezin izango dugula gizateriaren etorkizunean benetan konfiantzarik izan, harik eta tradizio espiritual ezberdinek, erlijioso zein laiko, dogmadun zein dogmarik gabe, “Jainkodun” zein “Jainkorik gabe”, milaka urtetan zehar garatu duten jakituriarik gizatiarrena eta sakonena geureganatzen ez dugun bitartean. Homo Sapiensak ez du lortuko jakintsu izatea, hau da, bere buruarentzat eta besteentzat sakoneneko ongia nahi izatea, eta, beraz, ezingo da berarekin eta besteekin bakean bizi, harik eta bere baitan duen bereena eta egiazkoena, hots, ren edo onginahia (Konfuzio) barrutik berez jariarazten ikasten ez duen bitartean, ura bezalakoa izaten eta husten eta lehiatu gabe berezko bulkadari jarraitzen ikasten ez duen bitartean (Laozi), bere azaleko atxikimendu eta desira engainagarrietatik libratzen ez den bitartean (Buda), benetako zoriontasun edo poztasun bakarra aurkitzen ez duen bitartean, hots, bakeak, otzantasunak eta zaurituekiko errukiak ematen duena (Nazareteko Jesus).

Hala balitz, posible genuke gizadiarekiko fedea, izanarazten gaituen arimari edo arnasari eragiten dioten bizi-energia sakonekiko fedea. Gai izango ote gara hori egiazki sinesteko eta nahi izateko?