Posiblea eta inposiblea

“Hori da dagoena”, diogu, ez dakigularik garbi zer berresten dugun: ala argitasun errealista ala utzikeria etsia. Hori da dagoena, eta ez da posible besterik. Halaxe dira gauzak, eta ez zait posible zutitzea, itxaropen izatea, arnasa hartzea, konfiantza neureganatzea, ezer kreatzea: bestelako izatea eta izanaraztea.

Zer da, ordea, posible, zer da inposible? Jose Angel Valenterentzat (1929-2000), dogma orotatik urrun zegoen poeta eta saiakera-egile mistikoarentzat, Maria Zambrano sakonekoen pentsalariaren inspirazioz errealitatearen misterioan iniziatu zenarentzat, inposiblea zera da: “posiblearen horizontearen hedapen amaigabea”. Eta galdetzen du: “Inposiblea ez ote da infinituki gainditzen gaituen posiblearen metafora?” (Ik. “La memoria del fuego “).

Eta Edmond Jabés (1912-1991) aipatzen du, bere arima bikia, jatorri egiptoarreko poeta frantziar mistiko eta ateoa, Infinituaren hutsaren lekukoa: “Inposibleari lotuak gara”. Alegia, dio Valentek: “absolutuki infinitua den posibleari lotuak”.

Errealitatea irekia da, infinituki irekia. Eta infinituki irekia den errealitatean baitan, nork esan dezake “posiblea honaino da, eta ez da posible besterik ezer”? Posibilitateak ez du amairik. Beste posibilitate baterantz irekia dago beti. Errealitatearen barne hutsean edo bihotzean inskribatua den posibilitatearen infinitutasuna besterik ez da inposiblea. Posibilitate(ar)en horizonte infinituko errealitatearen osagai gara.

Edmond Jabés, Valentek behin eta berriz aipatuak, Le Parcours (Ibilbidea) liburuan idazten du: “Posible den ororen baitan da ihes egiten dion inposiblea. Inposible hori, ordea, ez da inposiblea. Posible denaren porrota besterik ez da. Inposiblea dago beti haratago”. Eta gehitzen du: “Inposible hori Jainkoa da”.

Inposiblea: horra Jainkoaren edo Jainkozkoaren izen bat gehiago. Inposiblea, hau da, posiblearen infinitutasuna. Horregatik esan zuen Nazareteko Jesusek, Inposibleaganako fededun mistikoa eta ekintza posiblearen profeta: “Sinesten duenarentzat ez da ezer inposible”. Baina ez gaitezen nahastu: “sinesteak” ez du esan nahi dogmak eta sineskizunak aitortzea, baizik eta begirada altxatu eta horizonte infiniturantz urrats posiblea egiteko behar den arnasa hartzea.

HORI da dagoena.

Aizarna, 2023ko irailaren 8a