Biziaren pitzaduretan sartu
Bizitzea pitzaduretan barrena sartuz joatea da, harik eta halako batean ulertzen den arte huraxe zela bidea. Eta, orduan, harriturik uzten nau berriro zer nolako gaitasuna duen bizitzak sortzen jarrai dezagun zirrikituak aurkitzeko. Beti txunditurik uzten nau honek, ulerturik bizitzak gainditu egiten gaituela, hartaz pentsa dezakegun guztiaz harago gainditu ere. Bere sustrai ilunetik, berriro jaiotzeko lekua bilatzen du biziak.
Eta gurea bezalako hondamendi-garaian, gizakiak frogatu beharrean aurkitzen dira beraietako zenbat dauden oraindik egiazkoari, gizatiartasunari atxikiak. Jatorrizko sustraiaren zatitxo bat bederen bere baitan baduenak, horrek soilik gordeko du ezkutuko iturburua, borrokan jarraitzeko adorea dariona. Jüngerrek dioen bezala: “Arrisku handietan bilatzen da, sakonagoan, salbatzen duena”.
Gure itxaropena, gaur egun, honetan datza: herrien eta gizakien bizia elikatzen duen erresuma telurikoarekin lotuko gaituela berriro sustrai horietakoren batek bada ere. Pitzaduretan barrena sartzeko ausardia behar dugu, biziaren uholdea berriro sartu ahal dakigun.
Garai honetan nagusitzen ari den beldur eta depresioaren erdian, sakonetik, oharkabean, bestelako bizimodu baten zantzuak sortzen joango dira, hondamendiaren erdian, bere burua hilzorian sumatzen duen gizatasuna berreskuratzeko bidearen bila. (Ernesto Sábato, España en los diarios de mi vejez, 2004)