Eguberri kristauak eta Eguberri unibertsalak

Baliteke Gabonak ez izatea hain gogoko, are gogaikarri izatea, kale argiztatuak, propaganda kontsumista, Gabon-kanta errepikatuak, familia-bilkura deserosoak, opari behartuak eta abarrak medio. Hala ere, baldin eta bere erabilera komertzialetik, geure irrika engainagarrietatik, nahiz liturgia txepeletik, hitz hutsaletatik eta dogma zaharkituetatik libratzera iritsiko bagina, baldin eta begiak ireki eta bere sakontasun unibertsalean begiratuko bagenitu, Gabonek edo Eguberriek bihotza ukitu, bake sortzailearen sugartxoaz piztu, gizatiarrago bihurtu ahal izango ligukete geure onerako eta Lurraren on komunerako.

Ez naiz Eguberri kristauez bakarrik ari, Eguberri unibertsalez ere ari naiz, urteroko solstizioetan eta eguneroko egunsentian gertatzen den eguzkiaren Eguberriez, loretan diren azaleen Eguberriez, modu batera edo bestera desiratua eta esperoa den jaiotza bakoitzaren Eguberriez, gertatzen dena gertatzen dela munduan birjaiotzen den ongiaren eta itxaropenaren Eguberriez. Bedeinkatuak Biziaren Eguberri unibertsalak forma guztietan!

Bedeinkatuak ere Nazareteko Jesusen Eguberriak, umetatik erraietan grabatua daramadan iruditeria maitagarriarekin: aska, harpea, artzainak eta nekazariak, Belengo soro-zelaiak, aingeruen korua gauaren erdian, Persiako jakintsuak gidatzen dituen izarra, urre-, intsentsu- eta mirra-kutxak. Horiexek izan zen nire lehen Gabonak, eta lehenak izaten jarraitzen dute gaur ere izaten jarraitzen dudan haurrarentzat. Baina bihurtu naizen, konturatu gabe bihurtu ere, 70 urteko zaharrarentzat, Eguberri unibertsalaren ikonorik hurbilenak eta inspiratzaileenak ditut Jesusen Eguberriak, ez gehiago eta ez gutxiago. Eta ez dakit Jesusen Eguberri horiei kristau deitu ala ez, zeren eta Jesus jaio eta handik ehun urtera jaio baitzen kristautasuna, eta Eguberriak bat eta bera baitira azken batean.

Jesus baino askoz lehenago ere ospatzen ziren, beste izen batzuekin. Milaka urte lehenago ospatzen zuten hainbat eta hainbat herrialdek neguko solstizioa, abenduaren 21a inguruan ipar hemisferioan eta ekainaren 20a inguruan hego hemisferioan, eguzki-argiaren Lurrarekiko inklinazioak gorena jotzen duenean eta gaua laburrago eta eguna luzeago izaten hasten denean. Eguzkiaren eta Lurraren festa zen eta izaten jarraitzen du, Luarren fruituen, guztiei janaritzat eskainien, festa, Biziaren festa.

Maiek, aimarek, inkek eta maputxeek eguzkiaren itzulera edo irteera berria ospatzen zuten eta dute oraindik. Eta berdin Zeelanda Berriko maoriek, Maliko dogoek eta Laponiako samiek. Baita Japonian, Txinan, Indian eta Persian ere. Nahiz eslaviar herriek, hala nola Errusiak eta Ukrainak, nahiz herrialde zeltek. Germaniarrek eta eskandinaviarrek Frey-ren jaiotza gogorarazten zuten, eguzkiaren, euriaren eta ugalkortasunaren jainkoa, hosto iraunkorreko zuhaitz batez irudikatua. Erroman “Eguzki Garaiezinaren Jaiotza” ospatzen zuten abenduaren 21ean, eta erromatar inperio osoan kultu mitraikoa jarraitzen zutenek Mitra jainkoa kobazulo batean jaioa ospatzen zuten abenduaren 25ean.

Kristautasuna hedatu ahala, eta Konstantinorengandik aurrera ezarri ahala, garai, kultura eta erlijio guztietan gertatua bera gertatu zen: erlijio berriak antzinako jaia bereganatu zuen eta izen, ezaugarri eta esanahi berriz jantzi. Horrela, berpizten den argiaren eta naturaren festa esusen jaiotzaren festa bihurtu zen, Jesus bilakatu zelarik bizia argitzen eta kontsolatzen duan argi berri –Argi bera–. Ezer ez da galtzen, eta bai dena eraldatzen. Egutegiak eta izenak, erritualak eta esanahi zehatzak aldatzen dira, baina Eguzki bera itzultzen da Lur berera. Argiaren misterio bizigarria agertzen da berriro eta presente bihurtzen.

Jesusen jaiotzari buruz, inork ez daki ezer, izan ezik Mariaren eta Joseren (edo agian aita ezezagun baten) semea izan zela eta Nazareten jaio zela familia ugari eta pobre batean. Libre eta anaia izan zen, gupidatsu eta sendatzailea. Horregatik, bere jarraitzaileek Kristo edo Mesias bezala aitortu zuten, espero zutena eta pobreei berri ona iragartzekoa, gaixoak sendatzekoa eta gatibuak askatzekoa zena. Geroago, Lukas bezalako olerkariek kontakizun sinboliko ederrak sortu zituzten haren jaiotzari buruz. Beste batzuek munduaren jainkozko Hitz edo Logos kreatzaile bezala aitortu zuten. “Hitza giza gorputz bihurtu zen”, irakurtzen dugu Joanen Ebanjelioan. IV. mendean  osatu zen egungo Kredoa, Jesus Jainkoaren Seme bakar aitortzen duena, “Aitaren izaera berekoa”, “Maria Birjinarengandik gizon egina”. Eta horrela hasi ziren Jesusen jaiotza modu erritualean ospatzen.

Nik hartan jarraitzen dut, baina ezin dut sinetsi Kredoa hitzez hitz. Ezin dut arrazionalki pentsatu Jainko Ahalguztidun, munduaz aurretiko eta kanpoko Kreatzaile batengan, zeinak, hedatzen ari den eta ehunka mila milioi galaxia eta ziurrenik konta ezin ahala planeta bizidun dituen unibertso honen 13.700 milioi urteetan, agian beste unibertso kontaezinetako bat den unibertso honetan, behin bakarrik osoki gorputz hartu bide duen, eta Lur planetan gorputz hartu ere, hain zuzen, Homo Sapiens den espezie iragankor honetan, duela 2000 urte, Jesus izeneko gizon judu batengan, zeina gameto maskulinorik gabe sortu bide zen, eta gure bekatuak ordaintzera etorri Lurrera.

Dagoeneko ezin dut sinistu enkarnazioaren dogma hitzez hitz ulerturik, baina Jesusen Gabonak ospatzen ditut. Egunero, jaiegun hauetan, samurtasunez begiratuko dut eta makurtuko naiz gure etxeko naximentuaren, Belenaren, aurrean. Bet-lehem, ogiaren etxea. Belen maitagarria, desiraz eta oinazez beteriko mundu batean. Aizarnako kristau-elkartetxoarekin bat egingo dut eta berarekin batera kantatuko ditut bihotzez eta ahoz kristau-Kredoko hitzak: “Maria Birjinarengandik gorputz harturik gizon egin zen”, hitzon esanahi tradizional zaharkituari lotu gabe. Jesusen Eguberri kristauak ospatuko ditut, mugarik gabeko bihotzaren Eguberrien sinbolo, gizateriaren Eguberrien, planetaren Eguberrien, Kosmos infinituaren Eguberrien sinbolo. Suz edo argiz, Arnasadun Materiaz egina den Kosmos eternoa. Sormenez eginiko Matrize misteriotsua, zeinetik sortzen diren unibertsoak, eguzkiak, planetak, azaleak, txantxangorriak eta arkume jolastiak, eta Homo Sapiens hain miresgarri eta hain kontraesankor hau, bilatzen duen orekara, bere benetako jainkotasunera, hots, ontasun zoriontsu kreatzailera, iritsi aurretik desagertuko dena.

Ez dira faltako esango dutenak ospatzen ditudan Eguberri hauek ez direla kristauak. Ez dakit zeri deitzen dioten kristau. Niri dagokidanez, uste dut kristau izateak ez duela eskatzen gaur ulertezinak diren doktrinak hitzez hitz aitortzea, egun zentzurik ez duten erakunde hierarkikoen barnean, eta uste dut kristautasun hori desagertu egingo dela, ari dela desagertzen. Uste dut kristau izatea, funtsean, bizia sortzean eta zaintzean datzala, bizi hain zoragarria eta hauskorra, bizi neba-arrebazko eta pozkaritsua, Jesusen –bedeinkatua bedi– Espirituari edo inspirazioari jarraituz.

Aizarna, 2022ko abenduaren 22a