Webb-etik Belen eta alderantziz

Gaur, Eguberri, teleskopio erraldoi bat botako dute espaziora, gure unibertsoko argiaren sorrera ikus dezakeena. Argiaren sorrera! James Webb du izena, eta hilabete barru iritsiko da bere posizio operatibora, ilargiaren atzean, Lurretik milioi eta erdi kilometrora, ilargia baino lau aldiz urrutiago.

Handik, bere kristalino harrigarriak –6,5 metroko diametrokoa, berilioz egina eta urrez estalia, Hubble baino ehun aldiz indartsuagoa– gaur arte giza begiek inoiz ikusi ez dutena ikustea du helburu: nolakoa zen unibertsoa Big Bang-etik (duela 13.800 milioi urte) 100 edo 200 milioi urtera, eta nola jaio ziren lehen izarrak –egunsenti kosmikoa!– eta lehen galaxiak eta lehen planeta-sistemak, eta ea gure eguzki-sistematik eta galaxiatik kanpo dauden konta ezin ahaleko planeten atmosferan ba ote den zantzurik unibertso osoan ereina dela bizia –zeinen miragarria!–; eta nola eboluzionatu duen guztiak gaur dena izateraino, zulo beltzak barne –nola litekeen ikusi zulo beltza, argi ikusezinez mukuru!– eta guztiak eboluzionatzen jarraituko duela auskalo norantz eta zertarantz.

Gaur, Eguberri, Webben behatoki sofistikatu horretara lekualdatzen naiz irudimenean, eta bere kristalino argi-bilatzaile zorrotzean zehar berrirakurtzen ditut Mateok eta Lukasek Jesusen jaiotzari buruz eskaintzen dizkiguten kontakizun ebanjelikoak (hain desberdinak, bestalde). Belen –Bet-lehem, “ogiaren etxe”– begiratzen dut berriro. Harpe-etxe pobre bat, aska bat, etxabere batzuk. Bikote gazte bat, emakumea erdi-urren oinazez eta itxaropenez arnasestuka, gizonezkoa ahal duen hobekien hari eusten, urduri eta samur. Haur bat jaiotzen da, haragi behartsu eta loriatsuz egina. Jesus du izena eta on egiten emango du bizitza. Harengan dirdira dagi jada askapen unibertsalak, itxaropen mesianikoaren beteak, Infinituaren giza haragizko agerpenak. Gaua argitzen ari da. Magoek, Persiako apaiz mazdeista jakintsuek, astronomian adituek, haren seinalea ikusi dute, izar berri bat zeruan, eta haren bila abiatzen dira. Artzain gaixo batzuk, beste ezbeharren bat ote datorkien beldur direlarik, aingeru batek kontsolatzen ditu: “Ez izan beldurrik. Bakea Lurrean. Justizia eta bakea besarkatzen ari dira jada”. Eta, pozez gainezka, argiaren sorgunerantz abiatzen dira, argiari sortzen laguntzera.

Webb teleskopiotik begiratzen dut Belengo jaiotza, milioi eta erdi km-ko distantziatik, teleskopioari askoz ere urrutiagotik iristen zaion argitara. Zenbateko urrutieratik? Kalkula ezazu zenbat segundo dauden 13.700 milioi urtetan, eta biderkatu zifra izugarri hori (nire mugikorraren kalkulagailuak eman ere egiten ez didana) argiak segundoko egiten dituen 300.000 km-rekin. Begira iezaiozu Jesusi distantzia horretatik, berkoka ezazu bere partikulartasun ukaezin bezain preziatuan, puntu infinitesimala unibertso amaigabean, eta izan ezazu are maiteago, eta jarrai ezazu haren ontasun subertsiboaren ildoa.

Ziur aski, K.a. 4. urte inguruan jaio zen Nazareten, duela 2025 urte, hots, unibertsoko milisegundo bat baino askoz gutxiago, oraintxe bertan. Gizakia da, gizonezkoa, judua, Homo Sapiens espeziekoa, duela oso gutxi, 300.000 urte agertu zen espeziea, zeina, beste espezie bizidun guztiak bezala, laster mutatuko baita –mutaraziko dugu–, eta askoz gizatiarragoa edo… are ankerragoa izan daitekeen –gure esku dago– beste espezie batek ordezkatuko baitu. Ikas ezazu kontakizun ebanjelikoak letraz haratago irakurtzen, ez kronika gisa, baizik eta metafora eta poema sinboliko gisa, orakulu profetiko gisa, zeinak ez baitira gertatu zenaz mintzo, mundu berri posible baten utopiaz baizik: justua, senidetua, zoriontsua. Webbek begi aurrean jartzen digun zentrorik eta gailurrik gabeko kosmologia berrian, hierarkiarik gabeko unibertso infinituan, ezin dugu teologia geozentriko zaharra mantentzen jarraitu, ezta kristologia antropozentrikoa ere (eta zer esan Elizaz?). Adibidez, Jesus ezin dugu irudikatu “Jainko goren” baten enkarnazio bakar gisa, bilioika galaxiaz eta ezin konta ahala planetaz, oraindik aurkitu ez diren edo sortu ere egin ez diren galaxiaz osaturiko kosmosean. Jesus berdingabea da, unibertso honetako forma oro bezala, baina ez da berdingabe bakarra, berdingabeen arteko berdingabea baizik, finitua eta amaitu gabea, bizidun guztien anaia solidarioa, nebarrebatasun unibertsal betera bidean den anaia, Bakea eta Justiziaren besarkada betera bidean, Desira eta Maitasun unibertsalaren Enkarnaziora bidean den enkarnazio partikularra.

Webbetik begiratzen dut Belen, baina ez diot utzi nahi Webba bera Belenetik begiratzeari ere. Jesusen haragi partikular eta maitagarritik datorren argitan begiratu nahi diot unibertsoari. Ekitate-ezetik eta gosetik libraturiko munduaren itxaropenaren sinbolo mesianikoa da Belen, “ogiaren etxea”. Jesusen argi partikularrak, argi-izpi orok bezala, argi unibertsal infiniturantz zabaltzen nau. Argi bera da, baina begi batzuk behar ditut, zeinetan argia aurkitu.

Belenetik begiratzen dut Webb, konfiantza behar baitut teleskopio miresgarriaren beriliozko eta urrezko ispiluek erakusten diguten kosmos neurrigabea ez dela kaos umezurtz eta alderraia. Azken batean, giza teleskopiotxo bat da, argiaren bila dabilena beti are urrutiago, kanpoan, eta beti are hurbilago, barruan. Konfiantza behar dut ipuinek kontatzen dituzten gauzarik ederrenak egia direla, gertatzen dena gertatzen dela ere, eta Belengo samurtasun apala, ontasun zoriontsu xumea dela unibertsoaren sekretua. Aitor dut behar dudala, eta ez naiz lotsa. Mundu guztiak behar du bere Belena, bakoitzak berea, izaerarik gizatiarrenaren sugarra sustatzeko, ikusgai den orotan Ikusezina ikusteko. Baldin eta, Belenetik Webbera eta alderantziz, begiratzen ikasiko bagenu, argia sortzen ikusiko genuke hurbilenean eta urrutienean, geure buruaren eta den guztiaren hondoan.

Aizarna, 2021eko abenduak 25