Beginen Eguberria

Beginen mugimendua XI. mende aldera sortu zen eta Europan asko hedatu, batez ere Herbehereetan, Belgikan, Frantzian eta Alemanian. Jesusek bere gertueneko jarraitzaileekin eraman zuen biziera modu erradikalean bizi nahi zuten emakume kristauak ziren. Baina uko egiten zioten “klausurako moja” izateari, hots, desira horrek animatutako emakumeentzat Erdi Aroko arau kanonikoak zorrotz ezarria zuen bizierari. Beginek elizgizonekiko libre izan nahi zuten espiritualki, intelektualki nahiz instituzionalki. Bizitza aktiboa eta kontenplatiboa uztartzen zituzten, esku-lanetik bizi ohi ziren, pobreenen laguntzara emanak zeuden, irakurketa eta ikasketa lantzen zituzten, baita idazketa eta predikua ere. Aitasantu eta apezpikuentzat susmagarri ziren eta behin eta berriz kondenatu zituzten.

Haien artean poeta, teologo eta mistiko handiak dira, hala nola Anbereseko Hadewich (XIII. mendea), Magdeburgeko Matilde (XIII. mendea) edo Margarita Porete, 1310ean Inkisizioak Parisen sutara kondenatua. Mugimenduak bizirik eutsi zion eta 2013 arte iraun du Belgikan.

Hona hemen haien artean zirkulatu zuen testu bat, bere bizitza inspiratzen zuena:

Behartsu batek eskatzen badit, eman egingo diot.
Mina badu, berarekin negar egingo dut.
Kontsolamendurik ez badu, adore emango diot.
Ezin bada mugitu, eraman egingo dut.
Itsua bada, gidatu egingo dut.
Gose bada, jaten emango diot.
Biluzik badago, jantzi egingo dut.
Hotza badu, beroa emango diot.
Noragabe badabil, babestu egingo dut.

Hori egiten dugun bakoitzean, gutxi bada ere, Jesus jaiotzen da, Natibitate da, Eguberri.