Ahaztu ez ditugun senide eta lagunentzako keinua eta irribarrea…

Natibitate!

Ez Markosek ez Joanek ez zuten Jesusen jaiotza imajinatu nahi izan, baina Mateok eta Lukasek jaiotza baten samurtasuna gogoratu beharra sentitu zuten. “Aberastasunik gabe bizi gaitezke, baina samurtasunik gabe ez”, abestiak dioen bezala. “Osperik gabe bizi gaitezke, baina samurtasunik gabe ez”.

Has gaitezen Lukasen artzainekin: Belen inguruan larre gutxi da –Judea ez da Galilea berdea –, baina hor ditugu ardiak. Gaua da eta artzainek artaldeak zaintzen dituzte. Maluta batzuk… (batzuetan ahaztu egiten zaigu Palestinan ere elurra egiten duela). Galdetu Gazako jendeari: Hau hotza!, esango dizute. Baina gau hartan aingeruak aztoratuta zebiltzan eta luma batzuk elur arinarekin nahasten ziren. Baina igaro zen hodeia eta zerua argitu zen…

Gauean itxarotea esperantza izatea da… Aterpetxean ez dago jada lekurik. Ukuiluak bakarrik har dezake oraindik gehiago, eta hantxe jaioko da Jesus. Belarra eta lastoa, abereen beroa. Ukuilua epel egoten da beti. Arnasa… isiltasuna… arnasek eta dardarek bakarrik etena.

Artzainek zeruko doinuak entzuten dituzte: nor dator bisitari hain gozo lurrera?

Goazen askara, jar dezagun lasto berria… Umea jaio zaigu!

Baina ez ditzagun ahaztu geroxeago iritsiko diren Errege Magoak… (Donostiara joanak dira, Monsinoreak ikusi ditu!). Ekialdetik datoz, euren dromedario sendoen gomazko pausoan. Hona hemen bere eskaintzak munduko errege berriarentzat: urrea, distira egiten duena eta boteretsu bihurtzen. Intsentsua? Ah! Jainkotiarra da liturgiarako, eta usain gozoa du. Baina umeak eztul egiten du. Alergia arinen bat ote? Mirrari dagokionez, a zer sinboloa! Ez duzu beharko, Jesus: baltsamatzaileei aurrea hartuko diezu!

Polita da naximentua. Jar diezazkiogun argitxo batzuk, lanparatxo batzuk, eguna zabaltzen duen bitartean beharko ditugu eta…

Rose-Marie Barandiaran, 2020ko Gabon gaua