Haragiaren loria
Duela 2.700 urte, Lehen Isaias poeta bikainak idatzi zuen: Haur bat jaio zaigu, seme bat eman. Bizkarrean darama aginpidea, eta bere izena da: Kontseilari miragarri, Jainko indartsu, Aita Betiereko, Errege bake-emaile (Is 9,5).
Handik zazpi mendetara, K.o. 80ko hamarkadan, Lukas izeneko mediku ebanjelista batek, hau ere poeta, kontatu zuen: Artzain batzuk artaldeak zaintzen ari ziren gauez kanpoan. Aingeru bat agertu zitzaien eta esan zien: Salbatzailea jaio zaizue. Artzainak presaka joan ziren eta han aurkitu zituzten Maria, Jose eta haurra askan etzana (Lk 2,8-16).
Hamarkada bat geroago, teologo mistiko batek, laugarren ebanjelioaren egileak, zeinaren nortasun historikoa inork ez duen ezagutzen, baina Joan apostolua ez dela ziur dakigun, bere ebanjelioaren hitzaurrean aitortu zuen: Hitza haragi egin zen eta gure artean jarri zen bizitzen (Jn 1,14).
Ba ote da gutxiagoan gehiago eta ederrago esateko modurik? Zerumuga utopikoa, kritika politikoa, giza sentsibilitatea, sakontasun mistikoa, sormen sinbolikoa… Txunditurik uzten nau, eta ez nuke besterik egin beharko entzun, isildu, begiratu baizik… eta bihotza zabal eta belaun ahulduak sendo dakizkidan utzi. Baina utzidazu argiaren atari honetan Eguberrietako hitz horietara itzultzen.
Haur bat jaio zaigu, dio Isaiasek, gaurko hainbat eta hainbat herri bezala “ilunpetan dabilen herri” bati zuzenduz. Ez du haur baten jaiotza ospatzen, Ezekias errege berriaren entronizazioa baizik, eta Jainkoaren seme bezala deskribatzen du, jainkozko dohainak berari aitortuz. Baina ironia profetikoa da. Profetak, historiak irakatsita, bazekien errege bat bera ere ez dela izango salbatzaile, eta, beraz, jainkozko. Erregea goraipatzen ari da itxuraz, baina, egiaz eta benetan, hura salatzen ari da, etortzekoa den baina ez Daviden dinastiatik eta ez odol urdineko ezein dinastiatik sortuko ez den askatzaile batengan jartzen baititu begiak. Posible izango ote? Posible egingo du herriaren pertseberantzia sufrituak, justiziaren aldeko borroka baketsuak, ontasun sortzaileak, bizi gaituen Bizi-Arnasak, baldin eta uzten badiogu biziaraz gaitzan.
Ez beldurtu. Poz handia iragartzen dizuet, idazten du Lucasek. Artzain pobre batzuk –ikasi gabeak eta lanbidez kutsatuak–, kantuan ari zaizkien aingeruak, gauaren ilunenean iragartzen dietela: Salbatzailea jaio zaizu. Maria, Jose eta haurtxo bat askan etzana, ez errege eta ez jauregi, ez apaiz eta ez tenplu. Haurtxo bat askan. Mundua alderantziz. Pobrezia solidarioa, samurtasunaren boterea, behetik berpizten den gizateria, bizipoz berreskuratua, bakea eta atsedena. Horra hor jainkozkoa, Jainkoaren loria. Ironiarik handiena eta albisterik onena, haurrentzako, bihotz tolesgabeentzako, ipuin-hizkeran emana.
Hitza haragi egin zen eta gure artean jarri zen bizitzen, dio laugarren ebanjelioaren hitzaurreak. Profetaren orakulu intsumisoak eta ebanjelistaren irudizko kontakizunak teologo mistikoaren hegaldi sinbolikoari uzten diote leku. Baina hegaldia ez da lurretik eta konkretutik urruntzen. Hitza –Jakinduria biblikoa, Logos grekoa, Arima unibertsala– munduaren bihotzean bizi da, izaki guztiak garen materia bizidunaren bihotzean. Eta Hitza, dio amaieran, haragi loriatsu eta zauritu egin zen Jesusen bizitzan, askatasunez eta errukiz betean. Grazia graziaren gain jasotzen dugu haren bizitzatik, eta hortxe laburbiltzen da den guztiaren egia.
Esangarri eta esanezin oro –Eguberrien Misterioa, Jesusen Misterioa biziaren eta bizidun guztien Misterioa– profezia, mito eta sinboloen bidez esana zegoen, eta ezin zitekeen hobeto esan. Hainbat doktore eta gotzainek, ordea, hobeto esan nahi izan zuten, eta doktrina bihurtu zuten eta IV. mendean Enkarnazioaren dogma definitu: “Jainkoaren Seme Bakar eta Betierekoak, bere jainkozko izaera eta nortasuna utzi gabe, ama birjinarengandik jaio zen Jesusengan giza izaera (ez nortasuna) hartu zuen, gurutzean hilez jatorrizko bekatutik eta geure bekatu pertsonaletatik gu salbatzeko”. Eta irakatsi zuten ezen Jainkoa, betierekotasun osoan eta iraganeko eta etorkizuneko denbora guztietan, behin bakarrik haragiztatu zela: duela 2000 urte, Lur planetan, Homo Sapiens espeziean, Jesus zeritzan Galileako gizon judu batean.
Dogma horiek eta beste batzuek ez digute jada ezer esaten, Lurretik eta berau mugitzen duen arnasatik urrundu egiten gaituzte, egia errebelatu eta hutsezin bakarra den bizitzatik urrundu egiten gaituzte. Bidea desegin beharra dago, dogma horien sorguneraino. Hitz guztiak biziaren baitatik sortu ziren gu biziarazteko, hitzak haragi bihurtzeko sortu ziren eta bizitik berriturik birsortzeko. Desegin dezagun, beraz, bidea, itzul gaitezen Isaiasen orakuluaren itxaropen sortzailera, Lukasen kontakizunaren samurtasun eta edertasunera, laugarren ebanjelioko sinbolo ireki, sinple bezain beteetara: hitza, haragia, etxea.
Aska dezagun dogma bere morroiloetatik. Oraindik geure burua Jesusengan, Maria eta Joseren semearengan, ezagutzen dugunok jo dezagun dogmaren sorburura, Enkarnazio ireki, burutu gabe, unibertsal eta etengabearen iturburura. Enkarnazioa ez zen behin bakarrik egiaztatu, ezta behin betiko ere. Enkarnazioa ez dago itxita, ez amaituta.
Hitzak edo Energiak edo Espirituak edo Jainkoak Kosmosaren bihotza bizi du, animatzen eta batzen du. Uhinean eta partikulan, harrian, landarean eta animalian mintzo da. Haragi bizi, sentikor, adimentsu bilakatzen da. Izan ziren, diren eta izango diren forma aldakor guztietan era askotara hitz egiten, erantzuten eta maitatzen du. Planeta honetan existitu diren giza espezie guztietan haragiztatu da eta Homo Sapiensaren ondoren existituko diren espezie transhumano nahiz posthumano guztietan haragiztatzen jarraituko du. Hizkuntzak pasatuko dira, erlijioak pasatuko, Elizak eta kristautasuna ere pasatuko beren dogma guztiekin, baina Enkarnazioak jarraituko du, deituko dioten moduan deitzen diotela.
Gaur, Eguberriz eta egunero, Jesusen haragi pilpiratsuan begitantzen dut biziaren Arima eta Loria, eta, neure pobrezia guztiarekin, horixe nahi nuke enkarnatu nik ere.
Aizarna, 2020ko abenduak 20