Kristautasuna bipentsatu

(Por un cristianismo creíble liburuaren hitzaurrea. Autorea: Pedro Miguel Anso Esarte, Tirant lo Blanc, 2024).

Liburuaren aurkezpena: 2024ko martxoaren 21ean, osteguna, 19:00etan
Donostiako ELKAR liburudendan (Fermin Calbeton kalea, 21)
Esku hartuko dute: egileak eta Jose Arregik

Liburutxo handia duzu eskuetan: xumea eta sinplea, interesgarria eta arina, kritikoa eta adeitsua, informazioz eta argitasunez betea. Kapitulu bakoitza, labur bezain mamitsu, maisu-lana iruditzen zait bere xumetasunean: argia, bizi-bizia, soila, ederra.

Gaurkotasun handiko liburua da, jorratzen duen gaiak –kristautasuna birpentsatu beharra, alegia– bestelakorik pentsaraz balezake ere. Ezinbesteko eginbeharra deritzot gaur, eta emankorra gainera, kristautasuna birpentsatzea: bere formulazio historikoak, bere dogma, erritu eta kanonak, bere erakunde guztiak, baita bere sakoneko intuizio jenialak ere, inspiratzaile gerta litezkeenak, dena goitik behera birpentsatzea, modu kritiko, akonfesional eta librean birpentsatu ere. Horixe du xede egileak, eta bikain burutu du.

Baldin eta erlijio hitza bera latinezko relegere (hots, kritikoki berrirakurri, sakon begiratu eta birbegiratu, etengabe berrinterpretatu) hitzetik badator –hala irakatsi zuen Zizeron jakintsu eta kritikoak (K. a. I. m.)–, etimologiak berak ez ote du iradokitzen nondik sortzen den azken batean erlijio-gertakaria: errealitate osoaren –beronen misterioaren, edertasunaren, dramaren– seinaleak sakon, desatxikimenduz eta kritikoki begiratzetik sortzen dela, alegia? Eta “berrirakurketa” badu sorburu, ez ote du hori bera helburu iraunkor? Erlijioak, zentzurik sakonenean eta egiazkoenean erlijio izango bada, ez ote du lehengo sinesmen, formula eta erlijio-forma guztien berrinterpretazioa etengabe lagun izan beharko? Ez al zuten hori egin jakituria sakoneko figura guztiek, erlijioso izan ala ez?

Hala egin zuten, K. Jaspersek “aro ardatz” deitu zuen garai hartan (K.a. VIII. eta III. mendeen artean), eraldaketa kultural sakonen garai batean, Konfuziok eta Laozik Txinan, Budak eta Mahavirak Indian, Zoroastrok Iranen, Israelgo profetek, Greziako pentsalari presokratiko handiek (Parmenides, Pitagoras, Heraklito, Tales…). Halaxe egin zuen Jesusek, erlijio legalistaren kritikoak, erruki sendatzailearen profetak. Hala egin dute ordutik, 2000 urte hauetan, haren Berri On askatzailearen lekukorik onenek. Garesti asko ordainduz, heretikotzat emanak, are sutan erreak izanez, leial izan zitzaizkion kristau tradizioa animatzen zuen espirituari, iraganeko forma zurrunetatik askatuz, oraina inspiratu ahal zezan.

Gaur ere horixe eskatzen die Espirituak edo espiritualtasunak erlijio finkatuei. Inoiz baino gehiago gaur, zeren erlijio-sistema handiak inoiz ez baitute pairatu, duela 7.000 urte inguru sortu zirenetik gaurdaino, ikusten ari garen bezalako krisi erradikal eta orokorra: milaka urtetan zehar euskarri izan dituzten kosmobisioak (dualista, fixista, antropozentrikoa), antropologiak, hizkuntza-kategoriek, oinarri sozial eta etikoek, bizitzaren eta heriotzaren ulerkerak… ezin dute jada zutik iraun. Kredo, kode, erritu eta erakunde erlijiosoak krisi global, azeleratu eta atzeraezinaren aurrean aurkitzen dira. Inork ez du, noski, nahi duena “sinesten”, kulturalki sinesgarria eta arrazionalki koherentea gertatzen zaiona baizik. Erlijioek leial izan nahi badute mugiarazten dituen arnasarekin, bizi eta biziarazi nahi badute, prest egon beharko dute milaka urtetako forma ia guztiak soinetik eranzteko.

Erlijioei buruz orokorrean balio duenak bereziki balio du kristautasunari buruz. Arrazoi zuen John Shelby Spong gotzain episkopaliar eta teologoak idatzi zuenean –duela 24 urte jada– Zergatik behar du kristautasunak aldatu ala hil? (1999), bere liburu handietako bat. Uste dut hori dela alternatiba. Birpentsatzeari eta sakonki eraldatzeari uztea hiltzearen pareko izango da. Eta ghetto sozial eta kultural gisa iraute hutsa hiltzearen pareko izango da, Jesus mugiarazi zuen sugarra, 2000 urte  hauetako ondare apartaren – bizitza, ekintza, pentsamendua, literatura– barne-arnasa, bere 20 mendeek emandako onena animatu duen espiritu inspiratzailea hiltzearen parekoa.

Gaur ere, beti bezala, arnasa behar dugu. Gaur inoiz baino gehiago agian. Homo Sapiens espezieak, duela 300.000 urte sortu zenetik, sekula ezagutu dituenak baino eraldaketa erradikalago eta bizkorragoen eta erronka kezkagarriagoen garaia bizi dugu. Planetako bizidun-komunitatearen oreka ekologikoa, gizateria osoaren bizikidetza justu eta baketsua, Homo Sapiensaren beraren biziraupena, dena dago arriskuan, dena dago jokoan. Kristautasunak bizia animatzen jarraituko ote du?

Kristautasun berri batek soilik, kristautasun mistiko eta askatzaile, anitz eta solaskide, desklerikalizatu eta deshierarkizatu, erlijioaz haraindiko eta beti ibiltariak soilik ufatu ahal izango du oraindik ere kreazioaren mito zoragarriaren arabera Genesiko “uretan bibratzen zuen” Biziaren Espiritu unibertsala, Lurrean eta amaiera gabeko Unibertsoan –erlijio-forma ororen nahiz fededun eta ez-fededunen arteko muga ororen aurretik eta haratago– bibratzen jarraitzen duen Bizi-Arnasa. Kristautasuna –Erromako Eliza Katolikoaren kristautasuna bereziki– gai izango ote da bizi garen mundu post-erlijioso eta post-positibista honentzat, esparru erlijiosoan nahiz ez-erlijiosoan, inspirazio-iturri gertatzeko, hori ahalbidetuko lukeen gisan eraberrituz eta biziz? Etorkizunari buruzko iragarpenekin zerikusi gutxi duen galdera da.

Edonola ere, kristautasun eraldatu hau aukeratu du Pedro Miguel Ansok, inolako konfesionalismorik gabe eta inolaz ere uko egin gabe bere kristau sustraiei eta inspiratzaile dituen Jesusen pertsonarekiko, mezuarekiko, utopiarekiko atxikimendu sakonari. Eta esan behar dut, neure bizitza teologia irakasten eman ondoren, liburu honetako orrialde bakoitza irakasgarri eta interesgarri gertatu zaidala. Eskerrik asko, Pedro Miguel!

Jose Arregi
Aizarna, 2023ko maiatzaren 15a
www.josearregi.com