“Sophia Perennis”: betiereko jakituria

Sophia Perennis, “betiereko jakituria”, ez da erlijio bat. Gure benetako izatearen esperientziarako sarbidea oparitzen digun planoa da. Erlijio guztien esentzia da, erlijio guztiak datozen eta konfesio guztiak doazen errealitatearen esperientzia.

Sophia Perennis erlijio guztien oinarri den salbazio-mezuaren aitorpena da. Izatearen jatorrizko hondoaren esperientzia da, eboluzio arrazional atzemanezin honetan gauzatzen den izatearen, forma eta egitura guztiak eratzen dituen eta gizakioi geure bizitzaren benetako interpretazioa oparitzen digun “jatorrizko energiaren” esperientzia.

Gizakiok begi-kliskada bat besterik ez gara unibertso intenporal horretan. Aitorpen horretan barneratzea urrats erabakigarria da gizateriaren heldutasun-prozesuan. Lege kosmikoarekin bat egitea da kontua. Izan ere, “Jainkoa”, “Jainkotasuna”, “Hustasuna” deitzen duguna ez dago kanpoan, baizik eta eboluzio-gertakariaren barnekoenaren izenak dira horiek, kontzeptu teologiko edo filosofiko guztietatik harago den gertakariaren izenak. Ez du posizio finkorik, ezta leku jakinik ere. Posizio bakarra Hemen eta Orain da, non agertzen baita hain izen ezberdinak eman dizkiogun funtsezko errealitate hori.

Sophia Perennisek konfesio oro gainditzen du eta konfesio oro betetzen aldi berean. Esperimentatu duena bere erlijio-tradiziora itzul daiteke une oro. Handik aurrera, ordea, beste era batera interpretatuko eta ospatuko du, esperientziak fedeak esan nahi duenaren benetako jatorrira eramango baitu.

Sophia Perennisek irudikapen, iritzi eta kontzeptuetatik ezagutza librerako bidea erakusten du (…).

Sophia Perennis, “betiereko jakituriak” izatearen jatorrizko hondoarekin harmonian dagoen bizitzara darama, eta geure giza izaeraren benetako esanahira ohitzen gaitu.

Jakituria hori, denboragabeko jatorrizko hondoaren esperientzia sakona medio lortzen dugu.

(Willigis Jäger, Sabiduría eterna, 11-13 or.)