Hitzaurrea

Irakurle adiskidea: aurkezten dizkizudan orrialdeok espiritualtasunari buruzko gogoeta doi, dokumentatu eta gaur-gaurkoak baino ere askoz gehiago dira. Bizitza oso baten testigantza gogoetatsua dira. Testigu baten hitz egiazkoak. Bizi-arnasa darie.

Bere bizitza osoa bultzatu duen espiritua islatzen digu hizkera gogoetatsuz Felix Placer-ek, 84 urterekin argitsu eta kementsu ageri den gizon libre bezain entregatuak: bere etengabeko bilaketa, konpromiso sozio-politiko ausarta, herriarekiko maitasuna, eliz komunitatearekiko dedikazioa, fideltasun kritiko sakonezkoa. Sakonean bizitako bizitza luzea. Eta zer da, bada, espiritualtasuna horixe besterik, sakonean –hau da, arimaz eta arnasaz – bizitako bizitza besterik?

Baliteke hitzaurre baten literatur generoarekin oso ondo ez uztartzea, baina liburu honen orrialdeetan ageri zaizkigun espiritualtasunaren funtsezko ezaugarriak aipatuko ditut. Irakurketarako gako nagusi bezala har ditzakezu.

Exodoan eta iragatean den espiritualtasuna. Espiritualtasun ibiltaria, bidea ibilian egiten duena. Trantsizio kultural sakoneko garaiak bizi ditugu, eta horrek aldaketa sakonak eskatzen ditu erlijio tradizionalen –gure kasuan kristautasun katolikoaren– aldamio-muntaia instituzional osoan. Espiritualtasuna ez zaie atxikitzen paisaia eta bide ezagunei, ulerkera eta jokabiderako paradigma tradizionalei. Ez dio muzin egiten ezein bide edo formari, baina ez zaio ere lotzen iraganari. Infinituak Abrahami degion deia entzuten du: “Utz ezazu zeure lurralde ezaguna, abia zaitez nik erakutsiko dizudan lurralderantz”. Eta beste lurralde baterantz abiatzen da, guztion lurralderantz, beti berria den bizi-hatsak biziarazten duen lurralderantz.

Elkarrizketan den espiritualtasuna. Espiritualtasuna ez dago dogma aldaezinen, ez egia absolutuen menpe. Ez da ezein kredoren, koderen, letra hilgarrien preso. Ez du mespretxatzen bere lurra, non hartu baitzuen hatsak forma, baina ez du ere hartzen berau beste edozein forma baino goragokotzat, bai baitaki arnas berak animatzen duela sakonean. Espiritua unibertsala da eta nahi duen lekuan ematen du arnasa. Espiritualtasuna nahimen eta gogo zabala izatean datza, besteari eskaintzeko eta bestearengandik jasotzeko biok biziarazten gaituen espiritu bera.

Espiritualtasun konprometitua. Garen eta bizi dugun errealitatea erabateko mugaz eta gatazka mingarriz markatua da. Baina irekita dago, ez da ezer itxia denik. Errealitate  osoak promes izaera du. Den oro gehiagoren posibilitatea eta promesa da. Bada, espiritualtasuna horixe da: errealitatearen promes izaera horrekiko konfiantza, bere muga eta guzti, eguneroko borroka txiki nahiz handi eta guzti. Espiritualtasuna oinarrizko konfiantza da, solidaritate-konpromiso bihurtzen dena –solidaritate eskuzabal, , arriskutsu, konfiantzaz beterako konpromisoa–, inor ez dadin gera promes unibertsala den guztion lurraldetik kanpo.

Espiritualtasun politikoa. “Gauza publiko” lokal nahiz globalean, bere zehaztapen pertsonal eta instituzionaletan, egiazki inplikatua den espiritualtasuna. Espiritualtasun baketsu eta subertsibo, kontenplatibo eta eraldatzailea. Komunio unibertsalaren mistika  eta konpromiso askatzaile aktiboa batzen dituen espiritualtasuna. Nagusikeria orotatik aske eta zapalkuntza ororen askatzaile den espiritualtasuna.

Espiritualtasun ekologikoa. “Jatorrizko uren gainean hegaldatzen zen” Espirituak profeta eta txorien kantua inspiratzen ditu, landareetan arnasa hartzen du, ura eta harria animatzen ditu, airearen eta suaren bihotzean bizi da, partikulan eta uhinean bibratzen du. Espiritua energia oro mugitzen duen energia da, jatorrizko matrizea da espiritu-materia dualismo orotatik eta gainerako dualismo guztietatik haratago. Espiritua forma berrien emergentzia bultzatzen duen sormena da, kosmosaren autokreatibitatea. Espiritualtasun ekologikoa, unibertsoa izaki guztien guztiekiko harreman mugagabe gisa kontenplatzen duen espiritualtasuna da, izaki guztien neba-arreba gisa sentiarazten gaituen eta jokarazten diguna, kortesiaz eta errespetuz.

Erlijioaz haragoko espiritualtasun transerlijiosoa. Espiritualtasuna erlijioen monopolioa zela pentsatu izan dugu, baina gaur egun –mende askotako atzerapenez– ohartzen gara inoiz ez dela hala izan, eta poz hartzen dugu horrekin. Ostertza handitu egiten zaigu, bihotza zabaldu. Erlijioak –kristautasuna barne– sistema sinbolikoak baino ez dira, hizkuntzak, forma edo eraketa kultural kontingente, aldakor eta beti behin-behinekoak baino ez. Gaur egun, erlijio tradizionalen euskarri diren kontzeptuzko nahiz irudizko aldamio guztien krisi erradikalaren aurrean gaude, krisi terminalaren aurrean agian, paradigma zaharkitu batekoak baitira. Gauza bera gertatzen da Jainkoaren ideia eta irudikapen monoteistarekin, hots, Izaki Goren, kreatzaile eta gobernari unibertsalarekin; berau zen sistema erlijioso eta sozial osoaren sostengua, egiaren eta ongiaren bermea, “Jainkoa” ordezkatzen zuten bitartekari sakratuak medio. Gaurko kosmobisio zientifiko eta filosofikoan –lehenik Europako Mendebaldean, baina gero eta gehiago gainerako mundu guztian, unibertsitaterako sarbidea orokortu ahala–, ez dago lekurik pentsatzen, aukeratzen, ordenatzen, saritzen edo zigortzen duen Izaki Goren batentzat.

Hori dela eta, erlijioak erronka historiko eta epokal baten aurrean aurkitzen dira: edo onartzen dugu erlijio tradizionalak ulertzeko eta praktikatzeko modua errotik eraldatzea, espirituak letra orotatik harago inspiratzen gaituelarik, edo etsitzen dugu erlijioak –kristautasuna barne– hondar sozial eta kulturalak bilakatuko direla, harik eta, berandu baino lehen, bertan behera galduko diren arte, beraien jatorrizko legatu espirituala ahaztuta geratuko delarik.

Erlijioek –eliza kristauek, gure kasuan – aukeratzen duten bidea aukeratzen dutela ere, premiazkoa iruditzen zait mendebaldeko gure gizarteak eta gizateria osoak, bizirik iraun nahi badugu, banaka eta sozialki, isiltasuna, bakea, errespetua, arnasa praktikatzeko moduak, lekuak eta denborak bilatzea, berrasmatzea eta zaintzea. Eta dei diezaiogun nahi dugun bezala: espiritualtasuna, barnekotasuna, bizi-jakinduria, giza kualitate sakona…

Horretara deitzen gaituzte, funtsean, ondorengo orrialdeek. Atseginez eta esker onez agurtzen dut, bada, Felix Placer adiskidearen bizi-testigantza eta gogoeta araztua, testamentu-hitza.

(In: Félix Placer, Diálogo de espiritualidades, Tirant Humanidades, Valentzia 2021, 15-17 orr.)