Thich Nhat Hanh – “Ez nago hemen”

Urtarrilaren 22an, 95 urte zituela, hil da Thich Nhat Hanh, idazle eta poeta vietnamdarra, Zen monje budista, arreta osoko (mindfulness) bizieran maisua.

Bakearen aldeko aktibista izan zen. Vietnamgo gerrari aurre egin zion, eta bai iparralde komunistak eta bai hegoaldeak, AEBk babestuak, jazarri zioten. 1972an Frantziako errefuxiatu politiko bihurtu zen, eta bertan bizi izan zen 2014ra arte Plum Villageko (Dordogne, Frantziako hegoaldea) monasterioan.

Zer esan nahi du hiltzeak? Bere poema batek dio:

Ez nago hemen

Vietnamen dizipulu batek nire errautsentzako estupa bat eraiki nahi du hiltzen naizenean.
Berak eta beste batzuek plaka bat jarri nahi dute:
“Hemen datza nire maisu maitea”.
Tenpluko lurra alferrik ez galtzeko esan nien.
“Ez nazazu sar kutxatilatxo batean han ipintzeko! -esan nion.
Ez dut horrela jarraitu nahi.
Hobe litzateke errautsak kanpoan zabaltzea,
zuhaitzak hazten laguntzeko”.
Halere estupa bat eraikitzen tematzen badira,
plakan zera jartzea iradoki nuen: “Ez nago hemen”.
Baina jendeak ulertzen ez badu,
bigarren plaka bat erants dezakete:
“Ez nago hor kanpoan ere”.
Jendeak oraindik ulertzen ez badu, orduan
hirugarren eta azken plakan idatz dezakezu:
“Arnasa hartzeko eta ibiltzeko moduan aurki nazakezue”.
Nire gorputz hau desegingo da,
baina nire ekintzek aurrera jarraituko dute.
Nire eguneroko bizitzan, beti praktikatzen dut
neure jarraipena inguruan ikusteko praktika
Jarraitzeko, ez dugu zertan itxaron gorputz hau erabat desegin arte,
Une bakoitzean jarraitzen dugu.
Gorputz hau besterik ez naizela uste baduzu,
orduan ez nauzu benetan ikusi.
Nire lagunei begiratzen diezunean, nire jarraipena ikusten duzu.
Norbait arreta osoz eta errukiz ibiltzen ikusten duzunean,
badakizu nire jarraipena dela.
Ez dut ikusten zergatik esan behar dugun “hilko naiz”,
zeren neure burua zugan, beste pertsonengan
eta etorkizuneko belaunaldietan ikus baitezaket.
Hodeia jada ez dagoenean ere,
elur edo euri bezala jarraitzen du.
Ezinezkoa da hodei bat hiltzea.
Euri edo izotz bihur daiteke,
baina ezin da bihurtu ezerez.
Hodeiak ez du arimarik behar jarraitzeko.
Ez dago ez hasierarik ez amaierarik. Ez naiz inoiz hilko.
Gorputz honen disoluzioa gertatuko da,
baina horrek ez du esan nahi nire heriotza.
Beti jarraituko dut..

(Thich Nhat Hanh, Mundua dut etxe)