Bizirako bidea

Printze pandutarrak, etsaiek tronutik egotzi zituztelarik, erbestean zeuden. Gazteena ur bila joan zen. Laku garden batera iritsi zen, baina hurbildu eta edateko makurtzean, ahots bat entzun zuen esaten:

– Geldi hor! Nire galderei erantzuten badiezu bakarrik edan ahal izango duzu laku honetako ura.

Gazteak ez zion jaramonik egin. Edan eta hil egin zen. Ez zela itzultzen ikusirik, beste anaiak bila joan ziren bata bestearen ondoren. Aurkitu zuten lakua, entzun zuten ahotsa, baina inork ez zion erantzun; edan eta hil egin ziren bata bestearen ondoren. Azkenik, iritsi zen azkeneko anaia. Honek bai, onartu zuen galderei erantzutea:

– Zein da zerura [Biziaren betera] daraman bidea?, galdetu zion burezur batetik zetorren ahotsak.

– Egiazkotasuna.

– Nola aurki daiteke zoriona?

– Jokaera zuzenaren bidez.

– Zertatik egin behar du batek ihesi sufrimendua saihesteko?

– Norberaren gogamenetik.

– Noiz da gizakia maitagarri?

– Inori gorrotorik ez dionean.

– Munduko gauza harrigarrien artean zein da bitxiena?

– Denak hiltzen direla edonork ikusi arren, inork ez duela uste izaten bera ere hilko dela.

– Zein bidetatik iristen da Egia aldaezinera?

– Ez argudioen bidez, ezta Idazti Sakratu guztien bidez ere, baizik eta gizaki santuen [errealizatuen, libre eta on izatera iritsien] bideari jarraituz.

Ahotsa gustura geratu zen erantzunekin, eta azken anaiari utzi egin zion lakutik ura edaten, eta gainerako anaia guztiek ere bizia berreskuratu zuten

(Mahabarata, Indiako epopeia nagusia, K.a. III. mende aldekoa)