Andres Ortiz-Oses-i. In memoriam

Gogoan zaitut, Andres, Deustuko Unibertsitateko pasillo hartan, haur-irribarrea ezpainetan, txispa begietan, filosofoa paseoko zapatiletan, aforismorako eta paradoxarako zorian.

Har ezazu bakean atseden, ikusgaian ikusezinaren hermeneuta nekaezin horrek.

 

Disoluzioaren bidezko soluzioa

– Bizitzaren arazo mugaezina bere mugatasunean (heriotza) erresolbitzen da: gure existentziaren azken arazoa, azken batean, bere azkenean (kanalean irekita) erresolbitzen da.

– Halako disoluzio-eragiketaren gako sinbolikoa ama-lurrean disolbatuz erresolbitzen den maitasuna da: sinbolikoki eta errealki fruitu emanez, amodiozko disoluzioa medio, maitasunaren jainkoarekiko (maitasuna den jainkoarekiko) eskaintza edo emaitza anbibalentea bailitzan.

– Heriotza, transzendentziari irekitako immanentzia: erabateko irekiera.

– Bizitzak bizitzeko zori ona du, eta hiltzeko zorigaitza: heriotzak hiltzeko zorigaitza du, eta gehiago ez hiltzeko zori ona, hots, bizitzaz harago bizitzekoa.

– Bizitzeak egunerokotasunean immanenteki erresolbitzen du jaiotzaren transzendentzia: eta hiltzeak haragokoaren edo honagokoaren transzendentzian erresolbitzen du heriotzaren immanentzia.
– Jainkoek eta mesiasek, profetek eta santuek faltsutu egin dute transzendentzia, kanpoko haragotasuna bailitzan: transzendentzia, ordea, inmanentziaren barneko honagotasuna da, ikusgaiaren ikusezina (barne-transzendentzia).

– Oraindik ez dugu atsedenik, baina izango dugu atsedena: oraindik gerra tenporalean gaude, baina iritsiko dugu betiereko bakea.

– Galdera ontologikoa edo erradikala da zergatik baden zerbait: eta galdera humanoa edo antropologikoa da zergatik baden norbait.

– Jainko maitea, ni izan naiz jada zoriontsu mundu honetan: orain izan dadila bestea.

– Gure bizitza guztien porrot argitsua (B. Mendez-ek M. Robinson-u buruz).

– Egunen batean izango dut erabateko atsedena: arrastaturik eta zurrun, baina ez zital.
– Ekilibrista post-nietzschearra naiz ni akademiatik ihesi: eta kontrakoen artean kulunkan.

(Andres Ortiz-Osés, www.atrio.org webgunean, 2021eko apirilaren 21ean)