Homo Sapiens: hil ala bizi

EL PAÍS egunkarian irakurtzen dut: “Gizonek arazoak izango dituzte hamarkada bat eskas barru ugalkorrak izateko, erritmo hau jarraitzekotan: eiakulazio bakoitzeko espermatozoideen kopurua etengabe jaitsi baita duela ia mende batetik hona. Bere kontzentrazioa ere duela 50 urtekoaren erdia baino gutxiagora jaitsi da, antzutasunaren atarira hurbilduz. Eta jaitsieraren erritmoa bizkortu egin da mende honetan, bikoiztu. 53 herrialdetako ikerketaz egindako lanaren datu kezkagarriak dira. Ikerketaren egileak ez dituzte zergatiak sakondu, baina bizi-ohitura jakin batzuk eta fetua denetik bertatik hasita jasaten ditugun kutsatzaile kimikoen esposizioa aipatzen dituzte (Miguel Ángel Criado, 2022ko azaroaren 15a).

Duela urtebete, Henry Gee paleontologo, biologo ebolutibo eta editoreak honako hau idatzi zuen: “Baliteke Homo Sapiens oraindik oinez dabilen espezie hila izatea jada”. Eta 2100. urtetik aurrera bere kolapso progresiboa iragartzen zuen, eta hainbat seinaletako batzuk aipatzen zituen, hala nola aldaketa genetikorik eza, jaiotza-tasen gainbehera, kutsadura eta hiri gainpopulatuetako bizimoduaren estresa.

Lukasen ebanjelioak hitz hauek jartzen ditu Jesusen ahotan: “Sartaldean lainoa ikusi orduko, ‘Euria dator’ esaten duzue, eta hala gertatzen da. Hego-haizea denean, berriz, ‘Sargoria dugu’ esaten duzue, eta hala gertatzen da. Badakizue zeru-lurren itxurari antzematen, eta nola ez diozue antzematen garai honi?” (Lk 12,54-57).

Garai hauen horizontean, eta COP27an ia 200 estatuk klima-aldaketaren kalteei aurre egiteko, baina kausak ezabatu gabe, hartu duten erabakia –edo erabaki-eza– hartu eta ordu gutxira, galdera-ikur ezin larriagoak marrazturik ageri zaizkit: Homo Sapiensek bizirik irauteko nahia bai baina ahalik ez ote du? Edo ez ote du ez nahirik eta ez ahalik? Ala, bere onerako eta Lurraren onerako, ez ote du merezi ere bizirik jarraitzea, baldin eta benetan erabakitzen ez badu neurri globalak hartzea –bere esku daude– benetan nahi eta ahal izan dezan egiazki bizitzea, hau da, gizatiarragoa eta anai-arrebagoa, onagoa eta zoriontsuagoa izatea?

Aizarna, 2022ko azaroaren 20a