Kongregazio erlijiosoen amaiera eta haien ondasunen etorkizuna

Frantziskotarrak eta klaratarrak, beneditarrak, mesedetakoak, Ignazio Loiolakoak inspiratutako Jesusen lagunak, karmeldarrak, pasiotarrak, maristak… amaierarik gabeko zerrenda. Inor gabeak eta ezer gabeak sorosteko, laguntzeko, hezteko, sendatzeko, zaintzeko jaio ziren. Edo biziera kontenplatiboari emateko, otoitz eta lan, sakon biziz, hots, guztiarekin komunio sakonean. Emakume eta gizon horiek, mendeetan zehar, beren onena eman diote herriari, entrega eta doakotasun miresgarrian, eta herriak eskuzabaltasun ezin handiagoz eutsi die materialki nahiz espiritualki. Haien marka daramate gure herriek eta hiriek.

Baina “biziera erlijiosoa” amaitzear da, “erlijio” tradizionalen garaia bezala. Ez dut esan nahi kongregazio eta ordenen sorrerako helburuek –samariar onaren errukia, esperantza subertsiboa, neba-arrebatasun unibertsala– balioa galdu dutenik. Ez dute inoiz galduko, espero dezagun. Baina azken 60 urteetan hondoa jo du bizimodu hori eta izena bera sostengatzen zuen marko kulturalak (teologikoak eta antropologikoak).

Sakonki aldatu dira munduaz eta gizakiaz, materiaz eta espirituaz, gorputzaz, sexualitateaz eta generoaz dugun ikuspegia eta, ondorioz, Jainkoaz dugun irudia. Jadanik ezin da esan zelibatua sexualitatearen praktika baino gizatiarragoa denik edo Jainkoarengana edo Bizira gehiago hurbiltzen duenik, ez nagusi batenganako obedientzia berez baliotsua denik, ezta ondasunen jabegoa erlijioso bakoitzarena ez baizik eta kongregazioarena izateak inor arduratsuagoa eta solidarioagoa egiten duenik ere. Ezin da ere esan hiru botoak Jesus Nazaretekoak emandako “aholkuak” direnik, berari hurbilagotik eta modu entregatuago eta profetikoagoan jarraitu nahi luketenei. Eta Jesusek aholkatu izan balitu ere, gaur egun ez ligukete balioko, munduaren jatorriaz eta amaieraz, gizakiaren, aingeruen eta demonioen sorkuntzaz edo Jainko sortzaileaz zituen ideiek balio ez diguten bezala.

Sorreratik gaurdaino bizitza erlijiosoaren oinarri eta justifikazio izan diren zutabeak erori dira. Eta horregatik ari dira desagertzen Europan –bistakoa zen arren ikusi ez zen prozesu batean– bizimodu horretarako bokazioak mendebaldeko, horregatixe. Ez dira ari desagertzen sakonean bizitzeko bokazioak, “biziera sagaratuaren” eredu teologiko eta kanonikorako bokazioak baizik. Metamorfosi kultural-erlijiosoak, datu soziologikoek eta sakoneko norabideak adierazten dutenez, bizpahiru hamarkada barru, Europako herrialdeetako monasterio, komentu eta erlijiosoen etxe gehienak hutsik geratuko dira. Eta, itxura guztien arabera, hemen gertatzen dena gertatuko da berandu baino lehen kontinente guztietan, Gaztelan eta Andaluzian, adibidez, lehen Euskal Herrian edo Katalunian gertatu zena gertatzen den bezala, edo lehen Frantzian, Danimarkan edo Suedian gertatu zena gaur Italian eta Espainian, are Polonian, gertatzen den bezala.

Kongregazio erlijiosoek behar besteko argitasuna izango ote dute egungo garaien zeinuak ulertzeko eta beren heriotza-prozesua bizi-bide bihurtzeko, beren desegite instituzionala eraldaketa espiritual bihurtzeko? Ala begiak itxi, aurrera ihes egin eta euren buruak dekadentziara kondenatzea erabakiko ote dute, edonolako bokazioak nola edo hala bilatuz edo nondik edo handik inportatuz? Bizitzen jakitea hiltzen jakinez burutzen da, hots, oso-osorik eraldatzea onartuz.

Ezin dut hemen aipatu gabe utzi beste erronka nagusi bat ere, aurrekoari lotua edo hortik eratorria: zertara bideratuko dituzte kongregazioek beren tenplu, santutegi eta komentuak, etxe eta jabetzak –ez gutxi ere–, komunitateak ixten direnerako, beren jatorrizko karisma eta historiarik egiazkoena itzal ez daitezen hain zuzen ere? Bidezkoa da kongregazioek, bizi diren bitartean, euren kide guztientzat bizitza duinerako beharrezko baldintzak ziurtatzea. Gainerakoa ez da berena, ezta jabego-titulu guztiak eta guztiz legezkoak izanda ere. Behar ez dutena herriarena da. Haien tenplu eta komentuak herriak eraiki zituen, zuzenean edo zeharka. Inolaz ere ez lukete gelditu behar eroslerik onenaren eskuetan.

Itzul bitez, beraz, herrira, erakunde publikoetara, baina ez herriari merkatuko prezioan salduz, hau zergadunei bigarren aldiz ordainaraztea bailitzateke zergadunek edo haien arbasoek (edo berauek ustiatu zituzten errege eta jaunek) kongregazioei oparitutako komentua, eliza edo jabetza. Kongregazioek desakraliza ditzatela beren tenplu eta santutegiak, hauek “espirituaren eta biziaren” leku bihur daitezen, non herriak ahal izango duen arnasa hartu, isiltasunaz gozatu, elkarrekin bildu eta elkarbizitza sustatu, bestelako mundu hobea amestu, musikaren eta hitzaren edertasunaz gozatu, maitasuna eta jaiotza ospatu, hildakoak agurtu eta dolua arindu. Gainerako aukera guztiak, kuria nagusiei eta elizbarrutiko erakundeei eskualdatzea barne, kongregazioen aldetik traizioa izango litzateke bultzatu zituen karismari, mantendu dituen eta beraiek sagaratu zitzaizkion herriari iruzurra, gure guraso, aitona-amona eta arbasoen oroimenari iraina.

Lerro hauek otsailaren 2ko bezperan idazten ditut, liturgia katolikoan biziera erlijiosoaren eguna ospatzen den bezperan. Mezatan, Lukasen ebanjelioko pasarte ederra irakurriko da, Jerusalemgo tenpluan Jesus haurra errezibitzen duten bi profeta zaharri buruzko pasartea alegiazkoa. Simeon, “gizon zuzen eta jainkozalea”, “Israelen kontsolamendua espero zuena”, herri guztien kontsolamendua, alegia. Begiak ireki, Jesus ikusi eta mundu berriaren argia errekonozitzen du, eta Biziari esaten dio: “Orain utz dezakezu zure zerbitzaria bakean joaten”. Ana gazte-gaztetatik alarguna da, 84 urte ditu, eta hor dago, presente. Ahora ireki, hitza hartu eta “haurraz mintzo zaie askapenaren zain dauden guztiei”. Ez zaitezte tenpluan itxi, diotse, ireki ateak, ez da mundua beste klaustrorik. Ez begiratu iraganari, bestelako etorkizuna posible da.

Aizarna, 2022ko otsailak 1