Harmonia

Harmonia grekozko harmodso, “elkartzea” esan nahi duen hitzetik dator. Oreka, proportzioa eta elementu desberdinen bateraketa direnean gauzatzen da harmonia. Hala gertatzen da bere baitan eta inguruarekin ongi bateratua den eraikin proportzionatuan. Edo soinu ezberdin baina adostuz osaturiko harmoniko musikalean.

Zozo, birigarro, txantxangorri eta txepetxen kontzertuak oles degion egunsentia. Laranja, purpura, bioleta eta urdin ilunezko orlatan bilduriko ilunabarra. Biziaren erritmoan isil ernatzen den hazia… Naturak harmonia arnasten du, harmonia dario.

Unibertsoa –edo multibertsoa, baldin eta bada– energia, uhin eta orbiten oreka miresgarria da, bere konta ezin ahaleko galaxia eta konstelazio, eguzki eta planeta ugariekin. Eta auskalo zenbat planeta bizi segur aski Lur urdin eta berde honen antzekoak! Betiereko bilakaera sortzailean den sinfonia harrigarria da kosmos osoa,

Gizakiok ere, izaki guztiak bezala, unibertsoaren harmonia sortzailearen seme-alaba gara, Lurraren –bere baitako bizi-eboluzio harrigarriaren– seme-alaba. Planeta honetan gaurdaino jaio diren beste sorkari guztiak baino askoz ere gaitasun arrazional eta afektibo, teknologiko eta sinboliko handiagoz horniturik sortu gintuen. Badirudi, ordea, eboluzioaren zorigaiztoko erroreren baten ondorioz, ondasun gorena gabe utzi gintuela Lurrak: geure buruarekiko eta besteekiko harmoniarik gabe.

Izan ere, sortzetiko akats sakon baten antzeko zerbait pairatzen dugu, ezagutzen ditugun bizidunengan ikusten ez duguna. Dakigula, ez da animaliarik gu adina torturatzen dutenik inbidiak eta konpondu ezinak, iraganeko traumek eta etorkizunaren ardurek, maite duguna galtzeko beldurrak eta gorroto duguna suntsitzeko bulkadak, irabazteko gutiziak eta galtzeko larriak… Ez da espezierik gu bezain lehiakor, harrapari eta suntsitzailerik. Zer dugu, bada?

Bibliako mitoak kontatzen duena ote, hots, harmonia hutseko paradisu batean sortuak, jainkotasun jeloskor eta krudel batek kanporatu ote gintuen geure lehen gurasoen desobedientzia-bekatu batengatik? Bai zera! Bibliak ez du iraganean gertatu zenaren berri ematen, baizik eta jasaten dugun urraduraren, bilatzen dugun paradisuaren eta eragiten ditugun kalteen berri.

Eta ez ditugu eragiten gaiztakeriagatik, ezjakintasunagatik eta ezintasunagatik baizik. Nahi ez dugun gaizkia egiten dugu eta ez dugu egiten nahi dugun ongia, Paulok esan zuen bezala (Rm 7,14-23). Ez dugu, ordea, horrela jokatzen borondate txarrez, baizik eta benetan zer nahi dugun ez jakiteagatik edo nahi duguna egin ezinagatik. Garun izugarri konplexu eta ahaltsua dugulako, baina ez dena gai bere konplexutasuna eta gaitasunak behar bezala kudeatzeko. Amaitu gabeko izakiak garelako.

Ez gara errudunak, baina horrek ez gaitu geure erantzukizun pertsonal eta kolektibotik salbuesten: harmoniarantz aurrera egitea. Zientziak gure espeziearen desdoitze neuronal eta genetikoak konpontzen joango balira; hezkuntza-sistema bizi-jakindurian zentratuko balitz ezagutzak eskuratze hutsean baino areago; politika planetarioa askatuko balitz gutxi batzuen espekulazio- eta finantza-diktaduratik, eta Guztien Ongirik handiena izango balu irizpide; espiritualtasun-bide ezberdin zahar nahiz berriagoek irakasten duten bizi-jakinduria praktikatuko bagenu, dogma eta molde zurrunetatik harago, geure baitan barneratuz, naturan murgilduz, bare-bare arnastuz, arreta isila praktikatuz, zaurituaren hurko bihurtuz… aurrera egin ahal izango genuke geure egiazko senide-izaera zoriontsurantz.  Egin dezakegu aurrera.

Homo Sapiens-ak bere historia osoan izan duen erronkarik handiena dugu aurrean: ala, boterearen gailurrean delarik, espeziearen porrota zigilatzen dugu, ala iraultza espiritual eta politiko sakona bideratzen dugu, eta atzera bueltarik gabeko urratsa ematen eutsi ezin diogularik erakartzen gaituen harmonia eder eta iheskor horretarantz.

(Argitaratua in: Respira tu ser. Meditaciones, Ediciones feadulta.com, Illescas, Toledo 2021, 53-54 orr.)