Joan Mari Irigoien. In memoriam
Agur, Joan Mari, lagun maite. Agur eta omen, Altzako seme, bihoztun haltz, zuhaitzen maitale. Zuhaitz tantaia izan haiz hi heu ere, erroak lurrean sakon eta adarrak zerurantz zabal. Agur eta omen hiri.
Minez bildu gaituk, ez halere samindurik. Izan haizen eta maite genuen forma galdu dugun honetan, In principium hire poema zetorkidak gogora: “Begiak dakusa, baina zer dakusa? Azala, maskara eta mozorroa; koloreak eta formaren lerroa. Besterik liteke, funtsa balekusa”.
Hemen gaituk, beraz, hire esanera, “bi begiak barnera itzuliz”, hire funtsaren bila, forma guztiez harago. Ez diguk lan erraza ipini, Joan Mari, funtsezko eta muinezko eta halere mamizko hire presentzia samur argia inon ez eta nonahi aurkitzea.
Babiloniatik urrun haratago joan hatzaigu oraingoan, Lur bat haratago, Lur eta planeta eta izar guztiez harago, loreeen kalizan ageri den multibertso eternoa harriduraz ikusteko luparen beharrik gabe oraingoan. Haratago joan haiz… eta honatago etorri hatzaigu, Joan Mari, atomo eta partikula eta forma guztiez honatago, lehen eta gero, goien eta barren guztiez honatago, hire hitasun eta gure gutasun mugatu guztiez honatago, den ororen orotasun mugagabearen bihotzera. Bila goazkik, bada, honatagoko haragoari begiak beti zabalik. Hemen gaituk, Joan Mari, hemen haugu.
Agur eta omen hiri, bizi-formaren bidea jada burutu duan horri, guk, beti bidari eta maiz alderrai gabiltzanok. Miresten eta bedeinkatzen diat hire bizi-bidea, bere zelai egutera eta zoko laiotz guztiekin. Ez oparoa eta arrakastatsua izan delako, egiati eta libre eta on izan haizelako baizik, handikeriari, diru-goseari, irabaziari, banitateari, losintxari, azaldu beharrari, hitz batean gezurrari, amore eman gabe. Heure barne-iturri sakonenetik edan dualako, erori eta jaiki haizelako, ilunaldirik beltzenean argiari bidea zabaldu dioalako. Bedeinkatzen diat hire haur-aurpegi irribarretsu bezain pikardiatsua. Hitzen jostun eta hitzaren jostari izan haiz, istorioen ehule, poemen irule, zurikeriarik eta maltzurkeriarik eta bortizkeriarik gabe beti. Umorea izan duk gogorkeriaren ihesbide eta sendagai, arma inteligente, azken batean, izan ere, biguna gainditzen baitzaio gogorrari, nola ura harriari.
Baina madarikatu beharreko guztiak madarikatu dituk: tortura, xenofobia, hantustea, lurra estali behar digun zementitisa, inperioak eta botereak, armadak eta banderak. Horien guztien egile eta eragileak, ordea, ez, ez dituk madarikatu, mendekuak eta kartzelak eta herio-zigorrak ez baitute ezabatuko madarikazioa guztion lurretik,Txinako Laozik eta Nazareteko Jesusek eta Asisko Frantziskok erakutsi ziatenez. Noizbait ikasiko al diagu guk. Hik ikasi duk. Zorionak, Joan Mari!
Bikain bete duk hirea. Eta bidea buruturik, bizitza osoari jabetasun osoan azken sinadura ezarri diok, begi-kornea eta gibela eta giltzurrunak behar dituenari emanik, eta azken arnasa guri, arnasaren hain beharrean gaudenoi. Eskerrik asko, Joan Mari!
Koroatu duk “Biziminaren sonetoa”, bat eginez Bizimenaren poema infinituarekin. Gurekin eta ororekin betiko osoki batzen hauen Oroimen Infinituak sendatuko ziguk gelditzen zaigun oroimina.
Rekalde tanatorioan, 2023ko maiatzaren 18an