Bizitza biziko dugu

Bizitza biziko duzu,
poliki-poliki eta begiak zabalik,
Jainkoak eman dizun bizitza
biziko duzu, zizareekin, hontzarekin, ilargiarekin…

Bizitza biziko duzu,
den bezala, errealismoz,
baina ametsen magian murgildurik,
Jainkoaren irriaren mistikak kantatu nahi dizun doinuz.

Bizitza biziko duzu,
hasiera berri guztien liluraren eskutik,
etxeko kriseiluak itzali zaizkizunean ere
noizbait etorriko dela egunsentia
sinetsi eta otoitzean ardaztuta badiharduzu.

Bizitza biziko duzu,
eta bidaikideen itzalarekin bat eginik
biziko duzu,
urratsek nora eraman zaitzaketen jakin gabe bazoaz ere,
begirada, sua eta ura besarkatzeko gauza
izan zenaren zerumugan jarrita,
maiteminduen pasioz.

Bizitza biziko duzu,
eta txorien kantuen biluztasunean biziko duzu,
zuhaitz loratuen perfumea
fruituaren agintzari besterik ez denean,
ziurtasunen betetasunetik urruti.

Bizitza biziko duzu,
itsasora egin duten marinelen exodoan,
sare hutsekin besarkatuta,
kaitik zenbat eta urrunago
orduan eta itxaropenarekin besarkatuago.

Bizitza biziko duzu,
gauaren bihotzean ere bizi egingo duzu,
eguzkiaren taupada euriaren zain dagoela sinetsita,
eta mahastiak etengabe luzatzen dizkietela
erroak eta aihenak zeru-lurrari,
gizon-emakumeok izan dezagun
bihotza piztuko digun ardorik.

Bizitza biziko duzu,
zure oinpeko urratsek negar egiten badute ere,
bizi egingo duzu,
bidearen zauria ez baita inoiz orbainduko
munduari zorionaren ostatuaren aterpea
ematen ez diozun arte

(Patxi Ezkiaga)