Bakardade zaurtzailea, bakardade sendatzailea

[“Nafarroako liburutegian” (Iruñea) emandako hitzaldia, 2023ko martxoaren 27an;
https://www.youtube.com/watch?v=U-pYHo5j3NE&t=614s ]

Espiritualtasuna eta sufrimendua ziklo honen antolatzaileek bakardadeari eta sufrimenduari buruz hitz egitea proposatu zidatenean, terminoen anbiguotasunari erreparatu nion lehenengo –askotan gertatzen zaidan bezala–, kasu honetan bakardadea terminoaren anbiguotasunari, eta berau argitu beharrean. Hortik hasiko naiz.

Bada bakardade bat herio-zauriz zauritzen gaituena. Vae soli! (Errukarria bakarrik dagoena!), dio adagio latinoak, Kohelet jakintsu biblikoaren bertseta batetik hartua: “Errukarria bakarrik dagoena; eroriko balitz, ez bailuke izango nork jaso” (Kohelet 4,10). Hala da: errukarria mendian bakarrik dabilela erortzen dena. Baina ez ote da are errukarriago, lagunekin doala bidelagunek jo eta eraitsi eta abandonatzen dutena? Eta ez ote da errukarriago, baita, edozein arrazoirengatik konpainia orotatik aldenduz eta hiltzeraino hondoratuz doana? Azken batean, zauritzen duen bakardadea isolamenduaren bakardadea da beti.

Bakardade hitzak, ordea, isolamenduaren justu kontrakoa ere adierazten du, hau da, osatzen gaituen erabateko elkartasuna, sakonean garen erabateko komunioa. Horri deitzen diot “sendatzen eta biziarazten duen bakardadea”. Ez dakit oso egokia den termino berarekin –bakardadea– hain kontrakoak eta aldi berean funtsezkoak diren gauzak izendatzea, baina horrelakoa da hizkuntza.

Gauza bera gertatzen zaigu espiritualtasun terminoarekin, oraindik ere belarrira introspekzio insolidarioa, barnekotasun solipsista eta apolitikoa adierazten diguna. Gogoeta hauetan, ordea, bizi-esperientzia sakona den espiritualtasuna aldarrikatu nahi dut, banaezinik indibiduala eta politikoa dena, zauritzen gaituzten bakardadeak sendatzen dituena. Eta elkartasun-bakardade sendagarri den espiritualtasunaren funtsezko zenbait osagai aipatuko ditut, isolamendu-bakardadearen sendatzera daraman elkartasun-bakardadezko bidearen zenbait zedarri.

  1. Bakardadean eroritakoei errukiz begiratu

Gerra eta gosearekin eta berauen ondorio izugarriekin batera, bakardadea da gizakien sufrimenduaren kausa nagusietako bat mundu hiperkonektatu eta globalizatu honetan, sareen eta metabertsoen mundu honetan.

Planetarioa eta izugarria da daukagun panorama, eta inoiz baino ageriagoa eta nabariagoa digitalizazio eta globalizazio planetarioaren aro honetan: maitatu gabeko edo abandonatutako haurraren bakardadea, mendekotasuna hautsi behar eta bere burua aurkitu ezin duen nerabearen bakardadea, maitatzera eta maitatua sentitzera iristen ez denaren bakardadea, etxetik bota duten familiaren bakardadea, lana galdu eta lanarekin batera beretzat eta beretarrentzat gaurko nahiz biharko ogia galtzen dituenaren bakardadea, goseagatik edo gerragatik beren lurretik eta herritik kanporatutakoen bakardadea, gaixo ahaztuen bakardadea, deprimituen bakardadea, adineko gizon-emakumeen bakardadea, presoen bakardadea, gainezka doan eta itsasoaren erdian bere zoritxarreko patura abandonatua den pateraren bakardade ikaragarria… Bakardadea, bakardadea, bakardadea. Mundu komun batean bizitzeko lekurik ez duten jendetzak.

Bakardadeak inoiz baino gehiago zauritzen du gaur. Duela egun batzuk, “Me siento más sola que nunca (en la historia de la humanidad)” izeneko artikulua argitaratu zuen Nuria Lararik. Esaten zuen, adibidez: “Harremanak likidoagoak bihurtu dira gure artean, eta lausoagoak. Hiria lehenik eta Internet gero besteekin lotzen gintuzten lokarrien benetako birrintzaile bihurtu ziren (EL PAÍS egunkaria, 2023ko martxoaren 25a).

Ezin dugu begirada desbideratu eta aurrera egin, era guztietako aitzakiekin, Samariar Onaren parabolako apaizak eta lebitarrak bezala. Literatura unibertsalaren kontakizun interpelatzaile, probokatzaile eta hunkigarrienetakoa dugu. Gero eta handiagoa den desordena planetarioa justifikatzen duten argudio guztiak desegiten ditu erasotua eta bide-ertzean abandonatua den bidari bakartiak. Abandonatuaren bakardadeak eta babesgabetasunak oihu egiten du gure belarrietara: Hurko bilakatzen ez dena konplize bilakatzen da, eta konplizeak bizi-arnasa galtzen du.

Espiritualtasunaren –erlijiosoa izan ala ez– lehen adierazpena bakardade zaurtzaileen aurrean geure burua sentimen guztiekin irekitzean datza: haien mingostasuna begiratzea, entzutea, ukitzea, usaintzea, dastatzea. Bakardade zaurtzaile hori norberarena balitz bezala pairatzea, erraiak irabiatzea gizateria eroriaren eta Lur mehatxatuaren garrasiaren aurrean: gizateria erori hori gara, Lur urratu hori gara, olatuen artean abandonatutako zurezko txalupan erdiminetan den ama eta jaioberria den haurra gara.

Errukizko begirada-sentiberatasun integral hori da espiritualtasunaren lehen irizpidea: haren ezaugarririk argiena eta neurririk ziurrena. Gure giza espezieak, eta partaide gaituen Lur planeta komuneko bizi-elkarteak, ez du salbaziorik izango baldin eta ez badugu sentiberatasun espiritual, pertsonal eta politikoa garatzen, ez bagara denok batera harreman global sendagarrien olatua, tsunami salbatzailea, osatzera deituak sentitzen.

  1. Zauritzen duen bakardadearen kausak identifikatu

Erruki espiritualez begiratzen duenak bere buruari galdetu behar dio zergatik sufritzen duen sufritzen ikusten duen pertsona edo kolektibo horrek. “Maitasuna beste bati galdetzean datza: zerk ematen dizu min?”, idatzi zuen Simone Weilek. Zergatik sufritzen du bakarrik dagoen pertsonak? Zergatik da bakardadea giza sufrimenduaren kausa nagusietako bat? Fisikoki bakarrik egoteagatik sufritzen ote du? Edo bestela pentsatzeagatik? Edo desberdina izateagatik (gorputzean, psikologian, orientazio sexualean, aukera politikoan, jatorri etnikoan, sinesmenean edo kide erlijiosoan)?

Begirada espirituala begirada errukiorra da, baina benetako errukia argia, kritikoa eta aktiboa da. Begirada espiritualak galdetzen dio bere buruari zergatik zauritzen duen bakardadeak, zergatik hainbeste jende bakarrik erortzen den eta ezin den altxatu, zergatik gertatzen diren bakardadeko sufrimendu hilgarri horiek guztiak.

Harreman gehiago izateagatik lagunduago bizi ez garen bezala, fisikoki bakarrik bizitzeagatik ere ez dugu zertan sufritu: Espainiako Estatuko herritarren % 10,4 bakarrik bizi dira, eta etxeen % 25ean pertsona bakarra bizi da, baina hori, batzuetan, bakarrik egon ahal izateko etxe baten jabe ez den jende askok nahiko lukeen luxua da. Eta zoritxarrik okerrena, kalean bakarrik bizitzea baino okerragoa, etxe batean bizi izanik, bizikideak umiliatua eta gaizki tratatua denarena da. Gauza bera esan liteke itxurazko bakardade-egoera askori buruz.

Ondo begiratuz gero, ikusten dugu bakardadearen sufrimendua, zauritzen duen bakardadea, ez dela gertatzen bakardade hutsagatik (fisikoa, psikologikoa, politikoa, etnikoa, erlijiosoa, etab.), baizik eta isolamenduagatik. Bakardade-egoerek ez dute bakardade soilagatik zauritzen, eragiten dituen isolamenduagatik baizik. Eta isolamendua gerta daiteke gizabanako edo kolektibo batek bere burua isolatzen duelako, edo beste batek edo batzuek isolatzen: gizarteak, alderdiak, eliz erakundeak, Estatuak edo nazioarteko komunitateak.

Gizakia ez da izaki isolatua. Budak esan zuenean “gizakia bakarrik dela jaiotzen, bakarrik bizitzen eta bakarrik hiltzen”, ilusiozko egoaren ilusiozko bakardade psikikoaz ari zen. Arrazoi du Budak, giza adimenak bere burua engainatzen duela bere ego isolatua eta autoisolamendua eraikitzen dituenean, baina agian ez dio aski erreparatzen isolamenduaren dimentsio estruktural eta politikoari. Biak (norberaren autoisolamendu mentala eta egiturazko isolamendu soziopolitikoa) elkarri lotuta daude beti, salbuespenik gabe. Isolatzen nautelako isolatzen naiz, eta isolatzen naizelako isolatzen naute. Eta, zalantzarik gabe, egiturazko isolamendu soziopolitikoa da faktorerik agerikoena eta erabakigarriena. Emigrante bat hondoratzen duena ez da bakarrik egotea, baizik eta ez aurkitzea nork hartu, nork lagundu, gizarte berri batean integratzen nork lagundu. LGTBIQ+ pertsona baten zoritxarra ez da den bezalakoa izatea, baztertua, umiliatua, abandonatua izatea baizik.

Bakardadea zaurtzaile bilakatzen da norbaiti bere harreman fundatzaileak hausten zaizkionean, bere izate sakona eraikitzen dioten loturak desegiten doazkionean, osatzen duten harremanak galtzen dituenean. Harreman eratzaileen desegite horretan datza isolamendua. Eta hori da zauritzen eta min ematen duen bakardadea. Isolamenduak harremana suntsitzen du, eta gure bizi-muinean hiltzera garamatza, zeren gu geu izateko, funtsean, besteen aitorpena, onarpena, afektua behar baitugu. Isolamenduaren bakardadeak suntsitu egiten dizkigu sustraiak, elikatzen gaituzten loturak, geure estimua eta duintasuna, geure buruarekiko fedea eta maitasuna, geure bizi-arnasa, geure arnasa eta itxaropena. Isolamenduak gaixotu egiten gaitu, ez baitago osasun fisiko edo psikikorik harreman osasuntsu eta harmoniatsurik gabe. Isolamenduak arnasa hartzea eragozten digu, heriotza espirituala esperimentarazten digu, espiritua harremana baita arnasa bezala. Isolamenduak fisikoki hiltzera eraman gaitzake, bizia –bere formarik bakunenetik konplexuenera– harremanetik, harreman harmoniatsuen egituratik eratortzen baita.

Badira zauritzen duten bakardadeak, suntsitzen duten konpainiak edo komunitateak dauden bezala. Beraz, isolamendua bakardadean nahiz lagunartean gertatzen da. Eta askoz ere mingarriagoa izan daiteke isolatuta sentitzea lagunartean biziz bakarrik biziz baino.

Inor ez da bere bakardadean zauritua sentitzen isolatzen ez badute edo isolatzen ez bada. Inork ez du sufritzen desberdina izateagatik edo bakarrik egoteagatik besterik gabe, baizik eta bereizia, abandonatua, kondenatua izateagatik. Egia esan, gero berriz esango dudan bezala, ezer ez da berez “bakarrik”. Izaki guztiak dira, hori bai, identitate propioa duten formak, baina forma bakoitza unibertso osoarekiko harremanak osatzen du. Horrela da gure artean ere, gizakion artean. Inor ez dago edo ez luke sentitu behar berez isolatua nahiz eta bakar-bakarrik egon, ororekin komunio sakonean bizi garen gizabanakoak baikara. Hala ere, harremana bera eta identitatearen eta harremanaren arteko harmonia konplexuagoak eta gatazkatsuagoak dira gure espeziean, ezagutzen ditugun beste ezein animalia-espezietan baino.

Zer gertatzen zaio giza espezie honi, hainbesteko samurtasun, erruki eta enpatiarako gai baita, baina baita hainbeste autoisolamendu suizidarako eta besteak hain krudelki isolatzeko gai ere? Ezin dut pentsatu gaiztakeriagatik denik: inork ez du inor borondate kontziente askez isolatzen, benetako borondaterik eta benetako askatasunik ezaz baizik. Ezin dugu ere pentsatu, jakina, antzinako kultura eta erlijio askok pentsatu zuten eta askok oraindik pentsatzen jarraitzen duten bezala, gizateriaren ustezko lehen gurasoen erorketagatik isolatzen eta hiltzen dugula elkar, lehen guraso haiek beren errua eta honen ondorioak ondorengo guztiei transmititu omen zizkietelako. Eta are gutxiago pentsa dezakegu ondorio horiek Jainko goren zigortzaile batek jatorrizko paradisu batetik kanporatuak izan ginelako gertatu direnik. Oraindik osatu gabeak garelako bizi gara isolatuta eta isolatzen dugu elkar, behar beste eboluzionatu gabe gaudelako, oraindik ez garelako, izan, funtsean garena edo izan gaitezkeena. Baina gure esku dago. “Zuk ahal duzu”, dio Jainkoak Kaini mito biblikoan. Zuk ahal duzu zu zeuago izan, zure senidearen senideago izanez.

  1. Isolatutako pertsonei konpainia egin

Samariar Onaren parabolara itzultzen naiz. Mundua zauritzen duen bortizkeriaren eta sendatzen duen hurkotasunaren parabola da, erruki subertsiboaren espiritu unibertsalak inspiratutako kontakizuna: samariar bat, erlijio nagusiak herese edo paganotzat tatxatua, “bidean zihoala”, zauritu abandonatuaren ondora iristen da, ikusten du eta errukia sentitzen, hurbiltzen zaio eta zauriak lotzen dizkio, olioa eta ardoarekin igurtzi ondoren, zamariaren gainean hartu, ostatu-etxera eraman eta zaindu egiten du (ik. Lukas Ebanjelioa 10,33-34).

Dena esana dago. “Jerusalemdik behera Jerikora zihoan gizona”, “bidelapurren eskuetan eroria”, “biluztu eta errukirik gabe jo ondoren erdi hilik utzia, gero alde eginez”, gizon bakartu hori jendetza da,  zu ere bazara, ni ere banaiz. Apaizak eta tenpluko lebitak, hura ikustean begiratu ere ez eta hurbiltzen ez zaizkionak,  baizik eta “desbideratu eta aurrera egiten dutenak”, apaiz hori eta lebita hori boteretsuak dira, botere faktikoak, eta hainbeste jende normal, bere bizitza egiten duena eta inhibitzen dena ez dakielako edo nahi ez duelako, apaiz hori eta lebita hori ere zu zara, ni ere banaiz. Begirada saihesten dugu, hainbat itzulinguru ematen, alde egiten.

Eta samariarra, ikusi eta urrikalmendua sentitzen duena, hurbiltzen dena, hurko, anaia bilakatzen dena, bere gain hartzen duena, zaurituaz arduratzen dena, samariar hori ere izan zaitezke, bazara zu ere, eta ni, eta denok. Hura bezala, bidariak gara denok, bidez goaz, eta bidean zauritutako pertsonak aurkitzen ditugu, isolatuta, pertsonek edo sistemek, pertsonek eta sistemek biek batera abandonatuta.

Pertsonaia horiek guztiak gara aldi berean. Baina zein izan nahi dugu benetan, roletik, paperetik eta iruditik harago? Funtsean, hurko, neba-arreba bihurtzen bagara bakarrik izango gara egiazki garena. Zaurituari konpainia egiten badiogu bakarrik izango gara benetan garena. Izan ere, denok baikara bidari eta bidaide. Bakoitza bere bidetik doa, noski, hala behar du, baina gure bide guztiak, konta ezin ahalekoak izanik ere, denak gurutzatzen dira egunero, urrats bakoitzean, lur komuneko arra bakoitzean.

Bizi bera da guztion bizia. Bizi gaituen eta biziarazten gaituen espiritua bera da forma guztietan. Arnasa hartuko dugu soil-soilik, baldin eta argiaren eta errukiaren espiritu unibertsalari, kontsolamendu eta esperantzaren espirituari uzten badiogu inspiratu, hauspotu, eraman gaitzan.

Eta orduan bakarrik ahal izango ditugu geure isolamenduak hautsi, geure bakardade mingarriak sendatu, geure bakardade sendatzailea trebatu, geure bakardade sendagarria, geure izate solidarioa gauzatu.

  1. Bakarrik egoten ikasi, beti guzti(ar)ekin egoteko

Orain arte, “zauritzen duen bakardadeaz” aritu naiz batez ere. Aurrerantzean “sendatzen duen bakardadeaz” mintzatuko naiz. Bakardadearen erremedioa bakardadea da, baina adiera oso desberdinean ulertuta, kontrako adiera justuki: isolamenduzko bakardadearen erremedioa solidaritatezko bakardadea da, benetako bakardadea, buztin unibertsal beraz moldatzen gaituena, garen lur komun berean errotzen gaituen bakardadea, guztiok atera garen lurzoru solidarioan kontsolidatzen gaituena.

Zentzu horretan idatzi zuen Ruben Dario poeta nikaraguarrak: “Bakarrik egon nahi dut, neure buruarekin egoteko”. Jakina, “bakarrik egoteak” hemen ez du esan nahi isolatuta egotea, baizik eta garen elkartasunean sakontzea. Bakarrik egoteak hemen esan nahi du norbera sakonean izatea, hori delarik beharrezko baldintza elkartasunean garela deskubritu ahal izateko, baina baita alderantziz ere: elkartasunean izatea delarik beharrezko baldintza norbera izateko. Norberarekin sakonean egotea, zentzu horretan, osoki izatearen parekoa da, eta hori da isolamendutik, zauritzen gaituen bakardadetik sendatzen gaituen bakardadea.

Modu horretan bakarrik egotea ez datza, beraz, bakardade fisiko soilean, ezta introspekzioaren ondoriozko barnekotasun soilean ere. Norberarekin benetan egotea ez da nor bere baitan sartzea, besteengandik abstraituz. Eta ez da besterik gabe mindfulness- edo meditazio-ariketak egitea, arnasketan, mantra batean edo gure pentsamenduetatik askatzea ahalbidetzen digun edozein objektutan kontzentratuz. Ariketa horiek, zalantzarik gabe, oso beharrezkoak dira, baina aise bihur daitezke nagusiki norberaz arduratzeko edo norberarekin entretenitzeko modu ere, eta norberaz gehiago arduratzea gerta liteke norberarekin gutxiago egoteko modu, norberaren nian oskolean bezala, besteengandik, errealitatetik eta neuregandik isolatzen nauen oskolean bezala ixteko modu.

Norberaren munduan ixtea ez da norberarekin egotea. Alferrik saiatzen gara geure izatea, konfiantza, etorkizuna jakintzaren, boterearen, jabegoaren harea mugikorretan eraikitzen, gure izate egoikoaren harea mugikorretan, bere gutizia, beldur eta asmo iheskorretan. Alferrik bilatzen dugu geure sendotasuna zoru engainagarrietan. Gure ego itxiak besteengandik aldentzera eta geure baitatik ihes egitera garamatza, besteengandik isolatuz geure buruagandik isolatzera edo alderantziz.

Izan ere, gure izaterik geureena gure izaterik unibertsalena da, biak banaezinak direlarik. Beraz, osoki norberarekin egotea eta beste guztiekin osoki egotea banaezinak dira guztiz berarekin egotea guztiekin osoki egotetik banaezina da, ororekin bat izatearen kontzientziarekin batera doa: nirekin datorren txakurrarekin, alaitzen nauten txoriekin, loreak ernaltzen dituzten intsektuekin, orotan irensten ditugun mikroorganismoekin, edaten dugun urarekin eta arnasten dugun airearekin. Benetan norberarekin egoteak esan nahi du norberaren bakardade sakonaren sentipena edo kontzientzia izatea edo norberaren bakardade sakona besterik ez izatea, gure eraikuntza egoikoez husturik, edo elkartasunean besterik ez izatea, guztiarekin bat.

Hori da sendatzen gaituen bakardadea. Zauritzen duen bakardadea isolamendutik dator, osatzen gaituzten bizi-harremanen –ekologikoak, familiakoak, politikoak– desegitetik. Sendatzen gaituen bakardade sakona, aitzitik, kontsolidatzen gaituen bakardade sakona da, gure bizi-lurzoruan sustraitzen eta bermatzen gaituena, lurzoru elikagarri pertsonal eta bereizezinik unibertsalean kontsolatzen gaituena. Egiazko bakardadea da, bakardade aske, emankor eta irekia, geure egiazko izatean, elkartasun unibertsalean kontsolidatzen gaituena. Bakardade horretan izan daitekeena ez dago inoiz bakarrik.

Gure isolamendua apurtzeko eta besteen bakardade zaurtzaileetan lagungarri eta sendagarri izateko, ezinbestekoa da bakardadea bilatzen, aukeratzen, praktikatzen ikastea: egunero tarte batez erretiratuz lasai eta isilik egoteko, edo zuhaitz edo ibai bat kontenplatuz, airea sentituz, eguzkia eskertuz, landan paseatuz. Edo urtean egun batzuk hartzea arnasberritzeko, egoteko, geure burua sakon sentitzeko, benetan garenaz jabetuz bizitzeko. Meditatzea, hau da, gure izatearen zentroan finkatzea, arnasari jarraituz edo sugar edo ikono inspiratzaile bati begira. Edo besterik gabe eseri eta egotea naturan, nahiz etxean, ezer egin gabe, ezer entzun gabe, inorekin hitz egin gabe, geldi-geldi eta isil-isilik. Edo liburu bat irakurtzea edo barne-muin sakonetara iritsiko zaigun musika entzutea. Edo, gauden tokian gaudela eta egiten duguna egiten dugula, noizean behin unetxo batez gelditzea, mementorik laburrena ere aski da, behin eta berriz. Ezein forma ez da ezinbestekoa, baina ezinbestekoa da nola edo halako zerbait, batera eta bestera bizitzen utzi gabe arrastaka garamatzan zurrunbilotik askatzeko. Norberarekin egoteko, bai, baina ororekin bat den eta bat dela dakien Nor Berarekin. Ororekin elkarturik GARELA ikusteko, ukitzeko, entzuteko, sentitzeko. Zauritzen duten bakardadeen aurkako antidotorik onena izan liteke.

Egia esan, ezer ez dago ezertatik erabat isolatua. Partikula atomikoak ez daude bakarrik, atomoak ez daude bakarrik, molekulak ez daude bakarrik, zelulak ez daude bakarrik, organismoak ez daude bakarrik, planetak eta izarrak ez daude bakarrik, galaxiak ez daude bakarrik, eta zulo beltzak ere ez daude bakarrik. Eta esan ote daiteke unibertsoa bakarrik dagoela? Nola egon daiteke bakarrik unibertsoa espazio-denbora osoaren osotasuna, materia-energia forma guztien batura bada, forma guztiak beste forma guztiekin loturik badaude forma saretuen elkartasun kosmiko batean, ertzik eta mugarik gabe? Gertatzen dena da hiztegiek, gauzak definitzean, elkarrengandik bereizten dituenaz definitzen dituztela eta, hala, mendebaldeko filosofia filosofia atomista baten gainean eraiki dela. Gizakia ere pertsona-kontzeptu atomista beraren gainean definitu da: rationalis naturae “substantia”, “izaera arrazionaleko substantzia indibiduala” (Boecio). Egia esan, ezer ez da ezertatik bereiz. Irla ere ez dago bereiz eta bakarrik. “Irla” metafora baino ez da, Vae soli bezala, “Errukarria bakarrik dagoena”.

Nazareteko Jesus ere metafora da niretzat, solidaritatearen ikonoa, izatezko elkartasun den gizakiaren ikonoa. Ez diot begiratzen bakarra bailitzan, ez perfektua bailitzan, ezta denetan onena bailitzan ere. Baina isolamenduak zaurituen lagun hurko bilakatu zen, eta horregatik pairatu zuen isolamendua, bazterketa familiaren, gizartearen eta erlijioaren aldetik. Hala eta guztiz ere, ez zion uko egin baztertuen mahaikide izateari, erorien euskarri, azkenekoekin bat izateari. Eta ondorioz bizia arriskatu zuen eta eman, bere bizi-arnasa eman zuen, Guztiarekin bat eginez. Horregatik, haren begi gupidatsuek Elkartasun Infiniturantz, Berotasun eta Argitasun unibertsalerantz, Konpainia eta Gupida infiniturantz, Unibertsoaren Arima edo Arnasa edo Bihotzerantz irekitzen naute. Edo Jainkorantz. Ez dio axola iturburu unibertsala den Errealitate horri zer izen ematen diogun edo ez diogun inolako izenik ematen. Baina nik Jainkoa ere deitzen diot.

  1. Arteko-izatearen kontzientzia hedatua

Egonaldi luzeak eginak izango gara denok erlauntz edo inurritegi bati begira, begiak zabalik. Bi mundu oso desberdin dira, baina badute biek –beste hainbat espeziek bezala– guztiz berezia den ezaugarri bera: izaki sozialak dira eta haien jokabidea soziala da osoki, sozialak baitira haien premia guztiak eta haien psikologia osoa, horrela esatea zilegi bada. Ez dut faltan botatzen erle edo inurri izatea, baina miresten dut haien izate erabat komunitarioa, haien indibidualtasun esentzialki kolektiboa, horregatik utzi gabe organismo indibidual berdingabez osatutako talde izateari. Erle batek badu bere indibidualtasuna, identitate indibiduala, ez da kolektibitatearen funtzio soil, baina bere izatean, jokabidean, psikologian ez dago kontraesanik indibidualtasunaren eta komunitatearen artean. Interes indibiduala interes kolektiboa da, bakoitzaren ongizatea koloniaren ongizate kolektiboarekin identifikatzen da: inurritegia edo erlauntza. Esango nuke, beraz –entomologoen baimenarekin, hiztegia agian ez baita oso zehatza– inoiz ez direla bakarrik sentitzen, ez bada isolaturik sentitzen direnean, izateko arrazoirik gabe, hots, elkarrekin izan gabe, eta esango nuke inoiz ez dutela benetan sufritzen erlauntza edo inurritegia mehatxatua daudenean izan ezik.

Sarritan pentsatzen dut: nahiago nuke gizakiok kontzientzia kolektiboa duen espezie biziduna bagina! Egia esan, organismo handi bat gara. Unibertso osoa edo multibertsoa neurrigabeko organismoa bezala da. Izaki guztiak, partikula atomikotik galaxietara eta unibertso guztietara, elkarrekin harremandutako izakiak dira. Beren izatea arteko-izatea da, Zen Thich Nhat Hanh maisu budistak sortutako neologismoaren arabera. Izaki guztiak izartekide dira. Gizakiok ere izartekide gara. Ez gara izakide, izartekide baizik. Ez gara izaki bereizien batura, baizik eta arteko-izaki izatez, bata besteekin batera izatearen dimentsio guztietan.

Ez dut faltan botatzen inurri edo erle izatea, baina neure burua eta osatzen gaituzten gizarte-taldeak begiratzen ditudanean, gizateria osoari begiratzean, faltan botatzen dut interes indibidualaren eta interes komunaren arteko harmonia, izatearen eta arteko-izatasunaren arteko harmonia. Gizaki bakoitza berdingabea da, noski –izaki guztiak dira formaz berdingabeak–, eta ez dut amesten gizabanakoak berdingabea izateari uztea, bai, ordea, osatzen gaituen indibidualtasun berdingabea, egun batez, osatzen gaituen harreman osoarekin harmonian bizi ahal izatea, konkretuki eta egiazki gauzatu ahal izatea. Geure ongizatea inoren kaltetan ez bilatzea amesten dut. Beste indartsuago, ederrago, aberatsago edo, besterik gabe, desberdin izatea onartzen ez dugulako geure zoriontasun indibidual eta kolektiboa ez suntsitzea amesten dut. Gure bizitza sozial, politiko eta ekonomikoaren eragilerik funtsezkoen bihurtu dugun lehiakortasun ero hau egunen batean ezabatzea edo, gutxienez, murriztea amesten dut. Horrela, elkarbizitza, lankidetza, bestearekin sufritzeko gaitasuna eta, agian, batez ere, bestearen onaz gozatzeko eta alaitzeko gaitasuna suntsitzen ditugu. Kontzientzia-jauzi bat amesten dut, halako moldez non gure ni-aren kontzientzia indibiduala orotan eta ororekin bat garen egiazko kontzientzia izango den aldi berean eta maila guztietan –sentiberatasuna, psikismoa, autokontzientzia–.

  1. Solidaritatezko edo arteko-izatezko egitura politikoak sortu

Kontzientzia sakona, benetan espirituala, gai da bakardade isolatua bakardade solidario bihurtzeko, eta, beraz, zauritzen duen bakardadea sendatzeko. Baina aldi berean esan behar da: solidaritatezko egitura politikoek gure kontzientzia eraldatu, zabaldu, unibertsal bihurtu dezakete. Baieztapen honekin amaituko ditut gogoeta hauek.

Espiritua eta egitura gara aldi berean. Egituratik sortzen den espiritua gara. Gure pentsamendu eta emozio bakoitza, gure nahi eta aukera bakoitza osatzen gaituzten eraketa fisiko, kimiko eta organikoei lotua dago, arnasten eta jaten dugunaren, ikusten, entzuten eta ukitzen dugunaren mende dagoen bezala. Izate espirituala edo sakona esaten diogun hori zehazki moldatzen gaituzten egitura eta harreman familiarrei, sozialei, hezkuntzakoei, politikoei eta ekonomikoei ere loturik dago, eta bereziki loturik egon ere. Kontzientzia sakona, Ni sakonaren kontzientzia edo norberaren autokontzientzia sakona fisikoa eta psikikoa, indibiduala eta soziala, pertsonala eta politikoa da banaezinik. Espiritualtasuna esaten diogun hori –sakonean bizi de bizitza– dimentsio guztietan eratzen gaituzten egitura guztien mende dago edo horietatik sortzen da. Egitura materialek eta sozio-politikoek sortzen dute espiritualtasuna, eta espiritualtasuna materiala eta politikoa da sorreratik, eta, era berean, sorreratik bertatik, egitura materialak eta politikoak eraldatzen ditu. Eta horrela beti, hasiera eta amaierarik gabe. Ez da espiriturik egiturarik gabe, ez egiturarik espiriturik gabe.

Aplika diezaiogun espirituaren eta egituraren arteko zirkulartasun hau bakardadearen gaiari. Isolamenduzko bakardade zaurtzailea bakardade solidario sendatzaile bihurtzea ez da soilik gizabanakoaren erronka pertsonal nagusia, baizik eta gaurko erronka politiko nagusia ere bada. Erronka planetario global handiena da. Inoiz imajinatu gabeko jakintza- eta botere-mailara iritsi delarik, gizateria bere historia osoko dilema larri eta erabakigarrienaren aurrean aurkitzen da: bizia ala heriotza aukeratzea, elkarren aurkako botere suntsitzailean jainkotzea ala guztiekin benetan senidetzea, banaezinik indibiduala eta kolektiboa den bizia salbatzeko.

Ez espiritualtasun apolitikoak eta ez espiritu edo arimarik gabeko politikak ezingo dituzte isolamenduaren zauriak sendatu. Ez egitura soziopolitikoak baztertuko dituen barnekotasunak eta ez bakardade isilaren esperientzia zaindu eta sustatuko ez duten egitura soziopolitiko hutsek ere. Inoiz baino premiazkoagoa da politika bere dimentsio eta forma guztietan berrasmatzea, erabaki planetarioaren erabaki handiak interes partikularren menpe egon ez daitezen, baizik eta gizateria osoaren eta izaki bizidun guztien Lur komunaren Ondasun Komuna ardatz izango duen politika berri baten menpe. Inoiz baino premiazkoagoa da politika global eta inspiratu berri batek gidatzea gure izatea sorrarazten duten egiturak: ikerketa zientifikoa, garapen teknologikoa, robotika eta Adimen Artifiziala, hezkuntza-erakundeak, hedabideak, egitura ekonomikoak eta lan-egiturak.

Egitura globalen, demokratikoen eta solidarioen ezarpena da baldintza politiko eta espiritualik premiazkoena, partaide garen bizidunen komunitate planetarioa heriotzatik salbatzeko. Inoiz baino premiazkoagoa dugu politika global arimaduna, biziaren harridurak, miresmenak, errespetuak eta erantzukizun etikoak bultzatutako politika planetarioa berrasmatzea. Elkarrekin bakarrik salba gaitezke.