Agur zuri, Abendua!

Berri onaren berri emaile,
agur, zuri, Abendua;
esperantzaren atari zara,
iraupen luzez ondua;
betiraunera begira jartzen
diguzu adimendua
kunplitu zaren hortan baitzara
kunplikizun-agindua.
Berri onaren berri emaile,
agur, zuri, Abendua!

Salbamenaren egun alaiak
jadanik erneta dagoz;
behingoz erabat osatzeko den
erreinuaren zain gagoz:
behar zuena etorria da,
baina ez etortze osoz,
etorri zena etorkizun da
esperantzaren itsasoz.
Salbamenaren egun alaiak
jadanik erneta dagoz.

Negu gorritik udaberria
atera ohi den antzera,
halaxe goaz geldi ta nekez
aro berrian sartzera
itxuraldatuz, eraberrituz;
justiziaren kolpera
jende ta mundu egokituko
gara Jaunaren xedera.
Negu gorritik udaberria
atera ohi den antzera.

Etengabeko Abendu baten,
horrelaxe bizi gara
Jaungoikoaren erreinua noiz
osotuko den hartara;
espero eta nahi genuena
jadanik etorri bada,
bere legamiz mundu guztia
behar du ondu ta para.
Etengabeko Abendu baten,
horrelaxe bizi gara.

(Bitoriano Gandiaga, poeta frantziskotarra)