Berriro Abendu

Abendua dugu berriro, eta berriak bailiran entzuten ditugu Isaiasek duela 2700 urte –bada zerbait– idatzitako profeziak: Ez da naziorik nazioren aurka altxatuko, ez dira gehiago gudurako prestatuko (Is 2,4). Kimu bat aterako da Jeseren zuhaitz-ondotik, adaxka bat erneko haren sustraietatik (Is 11,1). Orduan, otsoa eta bildotsa elkarrekin biziko dira, lehoinabarra eta antxumea elkarren ondoan etzango, zekorra eta lehoikumea batera haziko dira, bularreko haurra suge-zuloetan jolastuko da (Is 11,6-8). Jainko Jaunak guztien begietako malkoak xukatuko ditu, eta herrien lotsaizuna Lurretik ezabatuko (Is 25,8).

Abendua dugu berriro, eta eragiten digun emozioa ez da txikiagoa –apur bat atsekabetuagoa, hori bai, munduan ikusten duguna ikusita–, mendeen eta milurtekoen barrenetik, gizateriaren eta bizidun guztien bihotzetik, hainbat pandemiaren artean, profezia mesianiko horien eta beste hainbaten oihartzunak iristen zaizkigunean, igandero argizagi berria pizten dugunean hosto berdeen ondoan, betiko abestiak berriro abesten ditugunean, egunero-egunero, goiz eta arrats, neure mantrarik gogokoenera itzultzen naizenean: Maranatha (“Zatoz, Jauna”). Horixe esan nahi du Abendu hitzak latinez eta Parusiak grekoz: Etorrera. Sustantiboa eta batez ere aditza, aldi guztietan jokatzen dena: Zatoz, Badator, Etorriko da, gure erloju zehatzek markatzen duten denboraz haraindi.

Nor da, bada, Abendu honen subjektu? Nor edo zer etorri zen, dator, etorriko da? Era asko daude esateko.

“Kristaua” deitzen dugun gure aroko 28. urte inguruan, Galileako –Palestina zeritzan erromatar probintzia garai hartan– laku inguruko herrixketan, Jesus izeneko profeta gazte batek, Nazaretekoa bera, bere erara esan zuen: “Zuek, zorrek eta goseak itota zaudeten gizon-emakumeok, gaixotasunak eta pandemiek penatzen zaituztetenok, Inperioak eta Sanedrinak zapaldurik zauzkatenok, poztu zaitezte! Zorionekoak zuek, bai baitator Jainkoa, iristear baita zuen askapena!”.

Ez zen, ordea, inor etorri, eta denak berdin jarraitu zuen, gizon eta emakume talde txiki bat izan ezik, bihotzean itxaropen pilpiratsua piztu baitzitzaien, eta Jesus izan ezik, atxilotu egin baitzuten, sumarioki epaitu eta krudelki gurutziltzatu. Beste bat gehiago. Eta horrela gaur arte. Kaiukoak iritsi eta iritsi ari dira oraindik, milaka etorkin egoera negargarrian daude Arguineguin-go kaian (Kanariar Uharteak), eta epaileak uste du ez dela haiekin deliturik egin, eta kasua artxibatu. Epailearen kontua izan liteke edo legearena bestela eta, beraz, legezkoa, baina legezkoa bada ere ez da espero dugun justiziazkoa.

Eta zertarako da esperantza? Esperantzak dolua Abendu bihurtzen du, Jesusen jarraitzaile gutxi batzuengan gertatu zen bezala, eta horretarako ez zuten miraririk behar izan, erortzen den hostoa eraldatzen duen antzera oroimena sendatzen eta bizia bultzatzen duen arnasarena beste miraririk. “Jesus martiria ez da hilobian geratu –esan zuten Maria Magdalakoak lehenik eta Pedrok gero–, baizik eta historiako infernura jaitsiz Biziaren Iturrira igo da, gure idazki inspiratuetan martiri guztiei buruz idatzia dagoenez”. Nik neuk ere hala sinesten dut.

Gainera, Jainkoaz, munduaz eta historiaz zuten irudiarekin ados, pentsatu zuten ezen Jesus, munduaren azken aldietako martiri goraltxatua, Jainkoak Mesias edo Kristo unibertsal ezarria, berehala itzuliko zela –hilabete edo urte gutxi barru luzeenera–, iragarria zuen guztia betetzeko, mundu honetako estutasun eta zapalkuntzak behingoz amaitzeko eta oraindik belarrietan durundatsu zituzten Zoriontasun haien araberako mundua estreinatzeko. Eta dei egiten zioten Jesusi zerutik itzul zedin eta lurreko tristura buka zedin: Maranatha (“Zatoz, Jauna”). Itxaropen eraginkorra sustatzeko modua zen haientzat, eta horixe zen orduan axola ziena eta guri orain axola diguna.

Jesus ez zen goitik etorri ez etorriko, ez da munduaren amaierarik izango, ezta 5.500 milioi urte barru Eguzkiak Lurra xurgatuko duenean ere. Jesus engainatua ote zegoen, beraz, Palestinako Galilean ziren pobreen miseriaren eta zapalkuntzaren amaiera iragartzen zuenean? Ez. Jainkoaz zituen irudi guztiak eta etorkizunaz zituen burutapen guztiak okerrak balira ere, eta hala ziren ziur aski, Jesus ez zen engainatu. Abendua bizi izan zuen, esperantza inspiratu eta aktiboa, alegia, eta esperantza duena ez da engainatzen, arnasa hartzen duena engainatzen ez den bezala.

Bi ikono dauzkat aurrean, azken 30etik gora urtetan egunero lagun ditudanak neure lan-mahaian eta meditazio-txokoan: San Damiango kaperako Jesus gurutziltzatua, zeinaren aurrean Asisko Frantzisko gazteak (XIII. mendea) argia aurkitu baitzuen bere bilaketa ilunean, eta Rublev-en Kristo Salbatzailea (XV. mendea), gozotasunez eta harmoniaz betea. Beste modu asko dira, noski, erlijiosoak nahiz laikoak, baina nik Jesusengana biltzen ditut begiak, Jesus baita kristauontzat, niretzat ere bai, izaki guztien Bihotzean taupadaka ari den Presentzia eta Desira esateko, deitzeko, besarkatzeko modua, zatien batura baino handiagoa den Orotasuna esateko modua. Horregatik, unibertsoarekin batera arnastuz, behin eta berriro diot: Maranatha.

Haren ezpain isiletatik, nire etsipen eta kontraesan guztien sakon-barrenetik, promesa eta dei zaizkidan hitzak iristen zaizkit: “Oi garai guztietako gizon eta emakumeak, kristau nahiz ez, fededun nahiz ateo, Abendua ez da ez iragan, ez etorkizun, garen guztiok Bat garen Presentzia onari gorputz ematea da. Nik neure Abendua bizi izan nuen, bizi ezazue zuek zeuena, nirearen antzera gizateria osoarena, bizidun guztiena, unibertso osoarena den Abendua”.

Aizarnan, 2020ko abenduaren 6an