Zorionak, Flannery anaia!

Hona non irakurtzen dudan Tony Flannery apaiz erredentziotar irlandarrak planto egin duela Fedearen Doktrinarako Kongregazio Santuaren aurrean, Luis Ladaria sj kardinala buru duena. Bejondeizula, Tony anaia, biziaren alde egin baituzu, bere loria eta gurutzearekin!

Apaizgo klerikala kendu eta hitzez nahiz idatziz isil-isilik egotera kondenatu zuten 2012an, emakumeen apaiz-ordenazioaren alde egiteagatik eta Vatikanoaren irakaspen moral sexualaren aurka agertzeagatik. Joan den uztailean, berarekin hitzik ere egin gabe, Aulki Santuak honako adierazpen hau sinatzeko proposatu zion irtenbide bakar gisa:

“Nik, P. Tony Flannery C.Ss. R., Fedearen Doktrinarako Kongregazioak arestian aipatu dituen proposizio doktrinal guztiei men egiten diet, Elizaren ondoko irakaspen guztiei dagozkienetan: 1. Apaizgo sakratua gizonentzat bakarrik erreserbatua dela; 2. Praktika homosexuala moralki zilegi ote den; 3. Sexu bereko pertsonen arteko ezkontza legezkotzat aitortzen ote den; eta 4. Generoaren teoria dela eta “.

Modua beldurgarria da. Edukia, berriz, zein barregarri eta garaiz kanpokoa! Horra hor hierarkia zapaltzailea eta letra hilgarria. Horra zertan geratu den Jesusen berri ona pandemiaz jositako mundu honetarako. Horra Frantzisko Aita Santuaren udaberria: zazpigarren urtera doa funtsezko ezer aldatu gabe.

Tony Flanneryk ez du sinatu nahi izan, arrazoi teologiko trinkoengatik eta, batez ere, duintasuna, askatasuna, biziagatik. “Agiri hau sinatuko banu, ezingo nuke neure buruarekin bakean bizi”, adierazi du.

Besarkada handi bat, Tony anaia. Konforta zaitzala Jesusen Ebanjelioarekiko fideltasun sortzaile gaurkotua bizi nahi dutenen konpainiak, konta ezin ahala gizon eta emakume. Jarrai dezazula sentitzen, egun ilunenetan ere, bizi-Espirituaren askatasuna eta arnasa, freskura eta irribarrea. Bedeinkatua unibertso guztietako genesi, exodo eta mendekoste ororen Espiritua.