Saint Merry seinale

Les Halles de Beaubourg-en, Pariseko Hornidura-Azoka izandakoan –XX. mendeko 70eko hamarkadan erabat eraldatua eta Paris garaikidearen bihotz komertzial, kultural eta artistiko bihurtua–, bada altxor berezi bat: Saint Merry, XVI. mendeko eliza gotiko ederra, estilo flamigerokoa, “Notre-Dame txikia” deitua izan dena. Arkitekturaren, eskulturaren, pinturaren eta beirateen museo bikaina, turistek nahitaez bisitatu beharreko monumentua. Eta kultu katolikoko zentroa, non igandero meza izaten baita bankuetan sakabanaturiko hogeiren bat lagun adinekorentzat.

Baina Saint Merry des Halles de Beaubourg eliza, Pompidou Zentroaren –Pariseko kultur artekotasunaren ezaugarri eta kultur modernitatearen ikono denaren– ondo-ondoan, monumentu artistikoa eta kultu katoliko tradizionaleko tenplu-museoa baino askoz gehiago da. Espirituz eta gizatasunez betetako leku bizia. Eliza irekia, barrua/kanpoa, sakratua/profanoa, fededuna/ez-fededuna bezalako mugarik gabea; paperak zuzen edukitzeak, erlijioak, doktrina-ortodoxiak, sexu-orientazioak, genero-identitateak… axolarik ez dion eliza. Kristauentzat topalekua, baina baita era guztietako jendearentzat ere: langileak, ikasleak, intelektualak, baztertuak, homosexualak, transexualak, bilatzaileak eta beste erlijio batzuetako praktikatzaileak, Palestinaren, etorkinen, clocharden defentsarako taldeak. Musikari eta artisten topagunea, eta kontzertuetarako eta arte-sorkuntzarako eta erakusketarako aretoa.

Gizatasuna du kredo. Harrera du kultu. Sormena du seinale. Eta igandeetan, parrokiako ohiko mezaren ondoren, handik eta hemendik etorritako 200 edo 300 pertsona inguru biltzen dira bestelako meza baterako: Jesusen oroipenaren ospakizuna –boluntarioek astean zehar ardura handiz prestatua–, hitza, ogia eta ardoa –bizia– mahai luze baten inguruan presarik gabe partekatuz, non apaizak parte hartzen duen, baina erdigune izan gabe. Eta hori guztia hizkera berrian, guztientzat ulergarri, Mendekostez bezala. Ba ote dago gehiago esaterik? Eraldatzen ari den Eliza baten sinboloa da, eraldatzen ari den Parisen, eraldatzen ari den munduan.

Baina ez dakit “da” esan behar ote nuen, ala “zen”. Minak hasten zaizkit hemen. Izan ere, Saint Merry Zentro Pastorala –esan dezagun hobeki eliz komunitatea–, eliza berean kokatua, itxi berria baitu Parisko artzapezpiku Aupetit monsinoreak dekretu fulminante bat medio. Artzapezpiku batek, François Marty handiak, Vatikano II.eko aita kontziliarrak, ireki zuen 1975ean, Parisen Eliza alternatiboa bultzatzeko beste zenbait zentrorekin batera: haiek ziren, haiek, kontzilio osteko arnasa-garaiak! Beste artzapezpiku batek itxi berri du martxoaren 1ean, 46 urte eta gero. Arrazoiak aitzakia huts dira. Eta kito. Nola aldatu diren gotzainak eta garaiak, eta seminarioak! Hau zen, beraz, Frantzisko aita santuaren udaberria.. ari gara ulertzen.

Duela hilabete justu, Komunitate horretako kide diren Pariseko lagun batzuek apezpikuaren gutuna bidali zidatenean, non bere erabaki atzeraezina iragartzen zuen, harri eta zur geratu nintzen, eta oso penaturik Komunitatearengatik eta moztu dieten proiektuarengatik. Baina ez da lantuetarako unea, gogoeta barerako eta erabakitasun lasairako unea baizik.

Saint Merryko Komunitatearen 46 urteei begira jarrita, Vatikanoko II. Kontzilioak (1962-1965) begiztarazi zuen, begiztarazi soilik, Eliza berriaren egiazko enkarnazioa ikusten dut –ez, noski, bakarra–. Kontzilioa, berandu iritsi zen arren eta bere dokumentuak, onenak ere, konpromisozko testu anbiguoak diren arren, Eliza eraberritzeko irrikarik onenen katalizatzaile indartsu bilakatu zen. Apezpiku, apaiz, teologo eta hainbat erlijioso emakume nahiz gizonezkok, eta batez ere Europako nahiz Latinoamerikako oinarrizko eliz komunitate eta mugimendu asko eta askok ateak ireki zituzten, arnasa freskoa hartu eta Eliza berria eta amestu zuten, ebanjeliora eta egungo mundura konbertituriko Eliza, erruki, elkarrizketa eta askapen bihurtua, pobretuen aliatua, kleriko-laiko bereizketarik gabeko Eliza, beste Eliza eta erlijio guztien eta, tenplu, dogma eta erlijio guztiez harago, Espirituaren arnasaz bizi diren gizon-emakume guztien neba-arreba.

Gero, berehala etorri zen etorri zena, begien aurrean gertatzen ari den guztia. Egia esan, Kontzilioaren udaberriak hamarkada pare bat baino ez zuen iraun. Lehenik Paulo VI.aren zalantzak izan ziren. Ondoren, 1978tik aurrera, Joan Paulo II.aren ziurtasun arrakalagabeak: Kontzilioak iradoki bide zituen gurariak eta arinkeriak berbideratu beharra zegoen, Trentoko Kontzilioak (Saint Merry eliza eraiki zen garaian justu) Erreformaren aurka ezarritako dogmetara eta Vatikano I.ak XIX. mendean modernitatearen kontra irakatsitako doktrinetara berbideratu ere.

Saint Merry Komunitateko Zentroaren itxiera, Vatikanoko II. Kontzilioaren porrotaren azken seinalea da, Eliza Katolikoak jarraitu duen hondamendirako bidearen sintoma argia, aita santu poloniarraren eskutik (1978-2005) eta Joseph Ratzingerren eskutik, zeina haren buru pentsatzailea izan baitzen lehenik, Fedearen Doktrinarako Kongregazio Santuaren Prefektu bezala (1981-2005) eta bere ondorengo gero, Benedikto XVI.a aita santu bezala.

Eta Frantzisko aita santua? Datorren astean beteko ditu zortzi urte aitasantutzan. Zortzi urte, Vatikoanoko kurien zalantzazko erreforma abiarazteko: kardinal batzuk beste batzuen ordez, klerikoa klerikoaren truk. Zortzi urte kardinal, artzapezpiku eta gotzainen hiru sinodo antolatzeko, laiko gutxi batzuk entzule gisa gonbidatuz. Zortzi urte, lehen emakumea izendatzeko hurrengo sinodorako idazkariorde –kargua agustindar erlijioso batekin partekatuz, halere–, eta lehen aldiz emateko emakume bati bozka-eskubidea gotzain eta kardinalez jantzitako biltzar horretan. Hori da guztia. Aparatu kontzeptual, moral eta instituzional anakronikoaren funtsezko gauzak zeuden-zeudenean daude. Klerikalismoak indarrean jarraitzen du, piramide hierarkikoak bere horretan darrai, aita santu absolutua duela oinarri eta gailur.

Klerikalismoa da Saint Merry Zentroaren itxierara eraman duen gatazkaren sustraia. Boterearen giltza, azken batean, erretorearen esku zegoen, aita santuak izendaturiko apezpiku batek izendatua bera. Gizonezko klerikoen mundu klerikala. Ez diot inori errurik egozten. Sistema da arazoaren gakoa.

Saint Merry Komunitateko adiskideok, nire babes eta adore osoa adierazten dizuet hemendik, nire esker ona aurrena. Eta nire desiorik onena: jarrai dezazuela sortzen eta bizia arnasberritzen, Espirituak ahal duen hobekien aditzera emango dizuen moduan, leku horretan edo beste batean, pazko-berritasunaren oroimenari leial, eta tutoretza, botere eta giltza klerikaletatik libre, Jesus bezala. Bizi zaitezte bakean.

Aizarna, 2021eko martxoak 7