XXI. menderako zientzia eta teologia

Liburu baten argiak eta erronkak

Eskerrak ematen dizkiot Agustin Gili liburu honengatik, hain argitsua eta gaurko hain premiazkoa baita. Garai zaila bezain erabakigarria dugu gizadiarentzat eta bizidunen komunitate osoarentzat. Negazionismoa eta dogmatismoa: horra planetaren ondoez zibilizazionalaren bi sintoma, itxuraz bakarrik elkarren kontrako.

Sapiens gure espezieak ez du inoiz hainbeste jakin, baina ez da inoiz hain ziurgabe sentitu. Ez dugu inoiz izan hainbeste ezagutza hainbeste gauzaz, baina ez gara inoiz sentitu hain mehatxatuak maila pertsonalean, sozialean, nazioartekoan. Ez dugu inoiz izan hainbeste informazio bat-bateko eta global, baina desinformazioa ez da inoiz izan hain larria eta unibertsala. Zientziak ez dira inoiz hainbeste garatu, baina ez dituzte inoiz hain arma hilgarriak sortu, eta ez dituzte sekula hainbeste erabili botere hiltzaile handienek. Ez dugu inoiz izan hainbeste baliabide denok oparo bizitzeko, baina ez gara inoiz bizi izan hain azeleratuak eta itota, hain astirik gabe arnasa hartzeko, arnasa botatzeko, arnasteko eta inspiratzeko. Sapiens izena ez da inoiz hain eztabaidagarri izan. Ez dugu inoiz hain zorrotz eta larri entzun Biziaren Ahotsa Lurraren eta pobreen bihotzetik: “Bizia eta heriotza jartzen dizkizuet aukeran, bedeinkazioa eta madarikazioa. Aukeratu bizia bizi zaitezten, bai zeuek, bai zuen ondorengoak” (Bibliako Deuteronomio liburua 30,19).

Ezagutza zientifiko soila ez ezik, inoiz baino beharrezkoagoak ditugu bizi-jakituria, adimen integrala, arrazionaltasun plurala, kontzientzia sakona ere. Zertarako? Bizitzen jakiteko, hots, onak izanez zoriontsu eta zoriontsu izanez on izateko, libre eta anai-arreba izateko, geure egiazko izatea, gizadiaren eta bizidun guztien on komunetik banaezina den geure benetako onura desiratzeko eta aukeratzeko. Ez da benetako beste askatasunik.

Asko  dira ezagutzaren, jakinduriaren, egiazki garena izateko askatasunaren bideak. Ezagutza eta jakinduria dimentsio-aniztun dira, hala izan dira. Jakintsu ziren Paleolitoko xamanak. Jakintsu dira antzinako mitoak, jakintsu poetak, artistak, maiteminduak. Jakintsu dira bakearen eta justiziaren aldeko ekintzaile ez-biolentoak. Jakintsu dira mistiko espiritualak ere, erlijioren baten jarraitzaile izan ala ez. Jakintsu dira, oso jakintsu ere, tradizio handien jakinduriazko testuak, erlijiosoak izan ala ez. Jakintsu dira, noski, zientzialariak. Eta jakintsu horiek denek badakite ez dakitela: “ezjakintasun jakintsua” deritzo.

Inork baino hobeto daki hori guztia Agustin Gil-ek. Fisikako katedraduna da, Fisika teorikoan eta mekanika kuantikoan espezializatua, Euskal Herriko oinarrizko kristau elkarte herrikoietako kide aktibo eta gogoetatsua, inperio guztien aurka konprometituriko ekofeminista, Herria 2000 Eliza aldizkari jada itxiaren zuzendarikidea, bilatzaile espiritual bidaria, erlijio eta eliz erakundeekiko kritikoa, labur esateko: Nazareteko Jesusen Berri Onaren eta biziera askatzailearen, hark irakatsitako eta praktikatutako askatasunaren eta errukiaren jarraitzailea.

Obra hau bere ezagutza zientifikoen, hausnarketa filosofikoaren, giza sentiberatasunaren, teologia kritikoaren, konpromiso etikoaren sintesia eta fruitu heldua dugu: Ciencia y filosofía para el siglo XXI. Diálogo interdisciplinar para un nuevo humanismo (XXI. menderako zientzia eta filosofia. Humanismo berri baterako diziplinarteko elkarrizketa) (Ed. Círculo Rojo, 2023). Izenburuak berak ezagutza-programa bateratu eta integrala zedarritzen duten termino guztiak biltzen ditu, nahita aukeratu balitu bezala: zientzia, filosofia, XXI. mendea, elkarrizketa, diziplinartekotasuna, humanismo berria. Hizkuntza bezalaxe, ezagutza ere  (co-gnoscere) ezagukidetza da definizioz, gertakari soziala, trans-indibiduala, plurala, elkarrizketan osatua. Horrela bakarrik bilakatzen da elkarrekin jaiotzeko bide (“cognascere”).

Ezagutza diziplinartekoa ere bada definizioz, uztarturik dauden begirada, metodo eta ikuspegi desberdinen emaitza. Ikuspegiak eta metodoak nahitaez desberdinak dira, baina ez kontraesankorrak, baldin eta errealitaterako hurbilketa bakoitza – zientifikoa, etikoa, poetikoa, filosofikoa, teologikoa, sinbolikoa oro har… – bere ikuspegi eta azterketa-metodo propioari zorrotz lotzen bazaio. Eta ezein diziplinak ezin du uste izan bera bakarrik iristen denik egiazko ezagutzara, ezta besteek baino ezagutza egiazkoagoa iristen duenik ere.

Errealitatearen ezagutza zientifikoa – behaketa arretatsuz, neurketa matematiko zehatzez eta egiaztapen enpirikoz osatua – ez da, noski, egiazko bakarra, eta zientziek matematizatzen eta egiaztatzen dutena ez da egiazko errealitate bakarra. Baina Kredoko dogmek ere eta haien azalpen teologikoek ez dituzte “Jainkoak” goitik agertutako “egiak” adierazten; giza bizipen sakonen (“erlijiosoen”) adierazpen historiko kontingenteak dira, formulazio kulturalak eta erlatiboak; dogma eta teologia guztiak giza eraikuntza sinbolikoak dira, enuntziatu zientifikoak giza eraikuntza enpiriko-matematikoak diren bezala. Hala ere, gaur egun, datu zientifikoek – beti partzialak eta behin-behinekoak izan arren – eskaintzen digute “egiaren” eta “errealitatearen” gutxieneko irizpide komuna. Ondorioz, ezein baieztapen, ezta baieztapen teologikoa ere, ezingo da “egiazkotzat” hartu, baldin eta zientziak ongi finkaturiko datuekin kontraesanean badago edo haiekiko inkoherentea bada.

Galileorengandik aurrera paradigma zientifiko modernoa ezarri denetik, zientziekiko koherentzia da erronka funtsezkoetako bat hizkuntza erlijioso eta teologiko osoarentzat. Eta paradigma zientifiko eta kultural orokorrarekiko koherentziarik eza da, hain zuzen ere, erlijio tradizionalen (kristautasuna barne) iruditeria, hizkera eta erakunde guztiak gaur egun nozitzen ari diren krisiaren eragile nagusia.

Horiek horrela, eta gibel solas hau amaitzeko, zientziek – kosmologia, fisika nuklearra, biologia, bioteknologia, neurozientziak, adimen artifiziala… – gaur egun kristau teologiari planteatzen dizkioten erronka, galdera eta eskakizun handienetako batzuk aipatuko ditut, adibide moduan eta aieru soil gisa:

Osatu gabeko giza espeziea, erdigunetik kanpo. Kristau teologia osoak – Jainkoari, kreazioari, Jesusi, bekatuari, salbamenari, heriotzaren ondorengo bizitzari… buruz – oinarri erabat antropomorfikoa eta antropozentrikoa izaten jarraitzen du. Teologia hori guztia, ordea, hitzez hitz hartuta, gizakiaren ikuspegi zientifiko berriarekin guztiz ulertezin bilakatu da, goitik beheraino erori. Ez gara unibertsoaren edo Lurraren erdigune eta gailur. Bizidunen komunitate handiko kideak gara. Izaki guztiak bezala, eboluzio fisiko eta biologiko, planetario eta kosmiko beraren emergentzia gara. Izaki guztiak bezala, forma bakarrak gara eta berdinik gabeak, baina ez gara beste ezein forma baino gehiago. Osatu gabeko formak gara, eboluzio osoa bezala. Gure kontzientzia eta askatasuna ere – beti baldintzatuak – osatu gabeak dira, sorkuntza ebolutiboan beti. Eta gaur egun garen Homo Sapiens honek baino gaitasun handiagoa izan lezaketen garunak eta izaki organikoak edo zibernetikoak sortzeko ahalmen teknologikora iristen ari gara. Erronka ekologiko, etiko, politiko eta teologiko izugarriei egin behar diegu aurre. Sekula orain arte baino areago.

Kosmos autokreatibo, ebolutibo, oro-harremandu, zentrorik gabea. Espazio- eta denbora-mugarik gabeko unibertso baten (agian multibertsoaren) parte gara. Unibertso “infinitua”, zentzu fisikoan behintzat. Unibertso holistikoa, hots, osotasun dinamiko eta ebolutibo bakarra osatzen duena, non zati bakoitza ere atalez osatutako osotasun bat den. “Materia” – mater, matrizea – delakoak sostengatzen duen unibertsoa, masadun ala masarik gabeko “materiak”, jatorrizko dinamismo, izamen edo “energiaz” hornitua den “materiak” , unibertsoa osatzen duten forma guztien sorburu den “materiak”. Beraz, ezerezetik zerbait kreatzen duen “Jainko” kreatzailearen beharrik ez duen unibertsoa. Ezereza ez baita existitzen. Eta munduaren prozesu auto-sortzaile ebolutiboan kanpotik, “mirarik” eginez, esku hartzen duen “Jainkoaren” premiarik somatzen ez badugu, zer dela eta pentsatu behar dugu “Jainkoaren” mirarizko lehen esku-hartze bat izan zela mundua ezerezetik sortzeko? Ez al litzateke filosofikoki eta teologikoki zilegi unibertsoaren sorburu den jatorrizko materia kreatu gabea eta betierekoa dela pentsatzea? “Jainkoa” esatean zer ulertzen dugun…

“Heriotzaren ondorengo bizitza” “jainkozko” orotasunean, informazio kosmikoan edo oroimen unibertsalean. Bistan da termino metaforikoetan ari naizela, ez hertsiki zientifikoetan. Ororen sorburu den jatorrizko materia ez da ez kreatzen ez suntsitzen, baizik eta betidanik eta betiko eraldatzen ari da. Bere baitako antolaera, egitura, “logika” edo “kode” ireki, sortzaile eta, ondorioz, aurreikusi ezinezkoaren arabera eraldatzen da, sormenera eragiten dion “informazioaren” arabera, esan liteke. Materia auto-sortzailetik sortu zen bizia bere forma-ugaritasun agortezinean. Heriotzak “ni” indibidualaren eta bere kontzientzia partikularraren desegitea dakar (ni indibidual hori etengabe eraldatzen ari den forma delarik izan, bestalde). Eta ez ote liteke esan ni indibidualaren heriotzako eraldaketa ere “igarotzea” (pazkoa) dela, eta nitasun edo nortasun sakonak informazio kosmikoan, oroimen orokorrean, “jainkozko” Kontzientzia betean, infinituan bizirik irauten duela?

Jesus gizaki profetiko osatu gabea, Jainkoaren Erresumaren ikono eta sinboloa. Onar ote liteke “Jainkoaren Seme” betierekoaren mirarizko enkarnazio bakar eta betea dela Jesus, “Jainkoaren Semeak” mugarik gabeko espazioaren eta denboraren une zehatz batean gorputz hartu zuela, espezie partikular batean, planeta jakin batean, kultura jakin batean, gizaki perfektu batengan? Kosmobisio zientifikoarekiko koherentziak beste kristologia batera behartzen gaitu. Dogma tradizionalak atzean utziko edo beste erregistro sinboliko batean ulertuko dituen kristologiara. Jesus gizaki profetikoa izan zela onartzen duen kristologiara, onartuz halere bere mezu eta bizitza kontingente eta onagatik, osatu gabeko bere askatasun eta elkartasun askatzaileagatik, Jesus profeta “Jainkoaren Erreinuaren”, hots, askapen unibertsal betearen, aldi berean presente eta etorkizun den askapenaren aurrerakin, ikono edo sinbolo inspiratzaile bezala aitor daitekeela.

“Jainko” transteista. Ezin diogu Jainkoaren irudi “teistari” eusten jarraitu, “teismo” hitza ulertuz Jainkoa “subjektu pertsonal” bezala aitortzea, munduaren aurreko eta kanpokoa, ahalguztiduna, mundua ezerezetik sortu zuena eta bertan nahi duenean esku hartzen duena. Jainkoak ez du ezer esplikatzen. Ez da irudiek eta hitzek adierazten duten ezer. Metaforetan baino ezin dugu hitzera ekarri. Formarik gabeko Izate hutsa da, baina izakietan baizik, formetan baizik existitzen ez dena. Errealitatearen Hondo iturburua da, izaki guztien barneko Arnasa sortzailea. Kontua ez da Jainkoarengan “sinestea”, baizik eta hura “zinestea”, egiaztatzea, sorraraztea, gorpuztea, edertasunean, arnasan, ontasunean forma ematea.

Zertarako balio du sinesmenak eta zertarako zientziak, gnosira, argiztapenera, askapenera, berpizkundera, gure egiazko izatera, bizi den eta den guztiarekiko gure senidetasun sakonera hurbiltzen ez bagaituzte?

Aizarna, 2022ko urriaren 25a

(Jose Arregi, Ciencia y filosofía para el siglo XXI. Diálogo interdisciplinar para un nuevo humanismo (Ed. Círculo Rojo, 2023, 355-360 or.)