2024an klaratarrak eskumikatu?

Beloradoko ahizpa klaratarren inguruan azken hilabeteetan gertatu dena istorio irrigarria bezain mingarria iruditzen zait. Mingarria ahizpa klaratarrena. Irrigarria beste protagonista guztiena, edonondik begiratuta ere.

Gotzain “zismatikoaren” figura, bere abade sotanaduna lagun, pintoreskoa iruditzen zait beste ezer baino gehiago, eta oso iluna izaten ari diren papera nahiz daukaten helburua. Afera honetan nahastu den aita santu baten figura, berriz, eta nahasmendua konpontzeko izendatu duen komisarioarena, Mario Iceta Burgosko artzapezpikuarena, alegia, antzinateko zerbait begitantzen zait. Aita santuak eta bere komisarioak eta sistema katolikoak, gauden garaietan, lehenengo eskumikuarekin mehatxatu izanari eta gero, serio-serio eta atsekabe-plantaz, eskumikatu izanari groteskoa deritzot.

Ikuskizun barregarria da. Denboraz kanpo dago. Sen onetik kanpo. Ebanjeliotik kanpo. Ondo dator telebista-saio baterako bazkalosteko entretenimendu gisa. Horixe da guztia, besterik ez. Beno, beste zerbait ere bada: alde batetik zein bestetik diru-kontuak tartean izateak ilundu egiten du dena. Irrigarria eta groteskoa afera ilun bilakatzen da.

Inork ez du ezer irabaziko. Eta, beti bezala, zaurkorrenak izango dira azken batean kaltetuenak. Kasu honetan, XIII. mendean eliz sistemak murru monastikoen barruan sartu eta botere klerikalaren menpe jarri zituen emakumeak, dena Jesus profeta librearen izenean, eta ez eliz-murrurik ez Eliza feudalik nahi izan ez zuten Asisko ahizpa Klararen eta anaia Frantziskoren izenean. Amai bedi Erdi Aroko istorioetan inspiratua dirudien parafernalia kanoniko-eklesiastiko hau.

Utz bitzate bakean Beloradoko ahizpa klaratarrak, beren aukera eta iritzi doktrinalekin, nahiz eta anakronikoak, absurduak eta erratuak iruditu. Helduxeak dira jada. Apezpiku eta artzapezpikuek eta aita santuak bila bezate soilik ahizpa horien komunitatearen, ahizpa guztien, giza duintasuna, askatasun espirituala eta mantenu ekonomikoa hobekien berma dezakeena, besterik ezer ez.

Eskumikuei dagokienez… zertara datoz gaur egun eskumikuak? Zertarako balio izan dute historian zehar izan diren guztiek, ez bada ahulenen sufrimendua areagotzeko, jainko goren batek agertuak omen diren ustezko egien izenean justifikatuz dena? Zertarako balio behar luke Jesusena, eskumikatu batena, deritzon Elizak, sufrimenduak arintzeko ez bada?

Aizarna, 2024ko ekainaren 22a