Jürgen Moltmann-en (1926-2024) oroimen eskertuan

Esker oneko omenaldi apala eskaini nahi diot ekainaren 3an hil zen Jürgen Moltmanni. 80ko hamarkadaren amaieratik, nire bidea eta hausnarketa pertsonala gehien bultzatu duten teologoetako bat da.

Ohoratzen dut haren teologia, munduko zauri, arrisku eta dramek gidatua, historiako biktimen aldeko konpromisoak, dei politikoak, askapen-sugarrak osoki orientatua. Ohoratzen dut itxaropen erne eta aktiboari, itxaropen inspiratu, erresistente, saiatu, eraldatzaileari aitortu zion lehentasuna.

Ospatzen dut haren gogoeta, jakintza zientifikotik nahiz jakituria mistiko unibertsaletik, mistika judu eta kristautik bereziki, hain hurbil dena. Ospatzen haren idazkera, zeinak ezaugarri baititu pentsamenduaren sakontasuna –ez beti jarraitzen erraza–, giza sentiberatasun samurra eta irudimen poetiko iradokitzailea. Ospatzen lurrari, bizidunen komunitate bizidunari, zion leialtasuna. Eta ospatzen haren espiritualtasun politiko eta ekologiko sakona, lurraren, gorputzaren, erosaren espiritualtasuna.

Neuretzat hartzen dut osoki hark unibertsoari buruz, infinituki handian zein infinituki txikian, zuen miresmenezko ikuspegi holistikoa, zeinak dena begirarazten baitzion errealitate ireki, elkartu eta harremandu, ebolutibo eta amaitu gabeko bezala, etengabeko sortze-prozesuan den errealitate bezala, ahalmen agortezinez mukuru, guztia aldi berean sorkari eta sortzaile.

Ezin ditut jada neuretzat hartu, hori ez, hark urteetan zehar garatu zituen hainbat ideia, ez baiteritzet jada arrazoizko. Adibidez: erabiltzen jarraitu zuen espiazio kategoria, edo behin eta berriz, luze eta katramilatsu, garatu zituen gogoetak Jainkoaren sufrimenduari buruz, nahiz Jesusen gurutzean Aita, Seme eta Espiritu Santuaren artean sortzen omen diren hirutasun-harremanei buruz, nahiz Jainkoaren baitan gertatzen omen den elkar abandonuaren historiari buruz. Horrek guztiak iradokitzen didana hartzen dut, halere, hitzez hitz esaten duenaz harago. Gauza bera gertatu zitzaion, noski, berari ere, nahiz bere nahiz besteren ideia teologiko askorekin. Beharko. Gure hizkuntzak eta pentsamenduak berekin daramate hori, beti historiko, zatikako eta behin-behinekoak baitira, beti irekiak, errealitate unibertsala den bezalaxe.

Sorburuko eta oinarriko Misterioari edo Presentziari buruz zuen irudia funtsean teista zen, hots, “Jaun goikoa”ren irudia, Bonhoeffer, Tillich eta beste batzuengandik urrun. Ez zien horiei jarraitu. Jainkoari dagokionez, Moltmannek erabili zuen Shekinaren metafora, hau da: Israel bere herri erbesteratu, alderrai eta oinazetuaren bidelagun den Jainkoaren “presentzia”, Israel herria herri erbesteratu, alderrai eta oinazetu guztien irudi delarik izan. Jainko-metafora horixe hartzen dut neuretzat. Jesusi dagokionez, oraindik “bidean den Mesias” bezala aitortu zuen, hau da, historian oraindik amaitu gabe dagoen Kristo kosmiko eta espiritual bezala, aitorpen hori “kristopraxirako” dei bilakatzen delarik; aitorpen horixe hartzen dut neuretzat. Eta Ruah, Espiritu edo Bizi-arnasari, bizidun guztien energia, berdetasun eta bizimen denari zion maitasun inspiratu eta inspiratzailea hartzen dut neuretzat. Moltmannen horizonte panenteista (hots, “izaki guztiak Jainkoarengan” direla) –nik nahiago nukeena teoenpantista deitu (hots, “Jainkoa izaki guztiengan” dela)–, hartzen dut funtsean neuretzat. “Hirutasun” delakoa metafora gisa ulertzen dut, den orok den ororekin duen harreman dinamiko eta sortzailearen metafora gisa.

Horregatik, bere idazlan ugari eta zenbaitetan lodikote guztietatik, hiru liburuxkarekin geratzen naiz, zeinetan dena baitago eta ezer ez sobera: Cristo para nosotros hoy [Kristo guretzat gaur] (Trotta, 1997, jatorrizko argitalpena alemanez 1994an), El Espíritu Santo y la teología de la vida (Espiritu Santua eta bizitzaren teologia) (Sígueme, 2000, jatorrizko argitalpena alemanez 1997an), Pasión por Dios (Jainkoarekiko grina) (Sal Terrae, 2007, jatorrizko argitalpena ingelesez 2003an, Jürgen Moltmann eta bere emazte eta teologo feminista Elisabeth Moltmann-Wendelen artean erdibana idatzia: hiruna kapitulu labur, elkarrekin harmonian baina ez desberdintasun esanguratsurik gabe).

Ez dut J. Moltmann ohoratzeko modu hoberik aurkitzen berari hitz egiten uztea baino, baita bere emazte Elisabeth Wendeli ere. Plazer handiz.

“Teologiak prest egon behar du munduko baldintza ezberdin eta berrietan murgiltzeko, mundua eraldatu ahal izateko hain zuzen ere, kreazio osoan bakea, justizia eta bizia sustatuz” (Zer da gaur egungo teologia?, 139. or.).

“Jainkoaren erreinua inolako setiorik gabeko espazio zabala da. (…). Jainkoaren erreinua burutua den denbora da, ‘Geldi zaitez, hain zara  ederra’ esan dakiokeen unea; eta gelditu egiten da, baina amaitu gabe. Jainkoaren erreinua atsedenera iritsia den Jainkoa bera da, bere kreazioan bizi den eta bere egoitza bihurtzen duen Jainkoa” (Cristo para nosotros hoy, 24-25. or.).

“Pobreek bere gain duten zamaren eta gaixoei ematen zaien aringarriaren arabera neurtu behar dira lege sozialak eta osasun-sistemaren antolaketa. Gizarte baten gizatasun maila ezagutu nahi duenak espetxeak ere bisitatu behar ditu. Kristo gurutziltzatuaren begiez, gizartea, nolabait esateko, ‘behetik’ ikusten da” (Cristo para nosotros hoy, 26. or.).

“Arnasa bizigarriaz eta forma ematen duen hitzaren bidez, Sortzaileak sorkariak abesten ditu poz eta gogobetetasun dituen soinu eta erritmoez. Bada, beraz, liturgia kosmiko eta esferen musika moduko zerbait”(Cristo para nosotros hoy, 81. or.)

“Santutzeak osasunarekin du zerikusia, eta osasunak, zoriontsu izatearekin. (…). Osasuntsua eta osoa izatera iristen denean da santua bizitza ” (El Espíritu Santo y la teología de la vida, 68. or.).

Bizi-espazioa behar dugu inguruan. Hau ere Espiritu Santuaren esperientzia da; geure inguruan espazio zabala esperimentatzen dugularik, bihotza zabaldu egiten zaigu. (…). Gizakiek ere bizi-espazioa ematen diote beren buruari baldin eta maitasunean elkarrekiko irekitzen badira eta elkarri uzten badiote norberaren bizitzan parte hartzen. Maitatzeak halaber esan nahi du norberaren denbora ematea, besteari bere lekua aitortzea, elkarrekiko pazientzia gauzatzea, bata besteaz benetan arduratzen delarik” (El Espíritu Santo y la teología de la vida, 108. or.).

“Jainko-Espirituaren arnasa du euskarri kreazio osoak, hemen ‘kreazioaren elkarte’ deitzen dudanak. (…). Jainkoaren Espiritua gauza guztietan dagoela eta gauza guztiak Jainkoaren egoitza izateko prestatzen ari direla ikustetik eratortzen da Jainkoaren gurtza kosmikoa eta Jainkoa gauza guztietan gurtzea”( El Espíritu Santo y la teología de la vida, 143-144. or.).

“Maitasunean nabaritzen dugu bizitzaren bizikortasuna eta heriotzaren hilkortasuna” (La venida de Dios. Escatología cristiana, 86. or.).

“Magdalako Mariaren irudia berraurkitzea eta ikustea ezen ez dagoela amatasun-amets eta ikuskerez betea, Jesusen ama Mariarena irudia dagoen bezala, lidergo berri baten eredu bihur liteke kristautasunean: emakume independentea, familia- eta ezkontza-erantzukizunik gabea, adina baino gehiago adiskidetasuna eta harreman-mota berria sortzeko gaitasuna dituena ezaugarri. Jainkoaren horrelako maitasuna eta Jainkoarenganako horrelako maitasuna berraurkitzen ari dira gaur emakumeak. Horrelako maitasuna, irudietan eta narrazioetan erosaren botere gisa, botere erotiko gisa, erakutsia, agapearen boterea baino gehiago da, kristautasunak hautatu zuen harreman-modu estatiko, asebete eta kontrolagarria baino gehiago. Horren ordez, erosak Jainkoaren gainezkako betetasuna erakusten du” (Elisabeth Moltmann Wendel, Pasión de Dios, 56-57. or.).

Aizarna, 2024ko ekainaren 20a, udaberriaren hasiera