Mixel ORONOSi agurra

Rose-Marie Barandiaran

Gure lagun Mixel benetako euskalduna zen, sendoa, irmoa, konprometitua… Erostezina!

Mundu guztiari ez zitzaion gustatzen, Ebanjelioko bide zuzenetik desbideratzen zen guztia salatzen zuelako. Distiraren, farfailen, urrearen eta intsentsuaren azpian, gangrena kezkagarria sumatzen zuen sarritan. Baina meza euskaraz, herrikoia eta kantatua bazen, bere gaztaroko pozak berraurkitzen zituen, Mixelek bere herriko jai-tradizio handien nostalgia sentitzen baitzuen. Jose Migel Barandiaranek ongietorri beroa egin izango dio beste aldean, non lehorreratuak baitira biak bizitza luzearen ondoren…

“Jesus, nire pozak iraun dezala…”

Apaiz, irakasle, organista eta idazle, Mixelek uko egin zion inongo hierarkiatan sartzeari, zeinarentzat eskuin muturraren balio ezak pisu handiagoa duen xalotasunak eta gizatasun ebanjelikoak baino.

Txikiak engainatuak izan ziren, baita “bi bihotzei” sagaratuak ere. Integristak lasai zeuden: ordenak aginduak etorkizun erosoa bermatzen zien.

Frantzisko aita santuaren arabera, Mixelen Eliza, BERE Eliza (baita gurea ere), harreraren, elkar-topaketaren, gizatasun bete eta onaren Eliza da. Eta adimenarena: interes handiz berrirakurriko ditugu gure lagunaren “Le Testament du chanoine S” liburuko “Parténia la Jolie” eta “Peter-aux-liens” kapituluak, eta Vatikanoko zerrenda beltzean sartutako teologo guztiengan jarriko dugu arreta.

Mixel, itzuli al zara “Aita Ahalguztidunaren” etxera ala “Orotan Orotasun Handira”?

Ez dakit… baina, mesedez, egiguzu argi zure urratsak jarraitzen ditugun bitartean…

Rose-Marie Barandiaran, Toulouse, 2023-09-27

 

* * *

Peio Ospital

Ene aldetik, esango nuke Mixelengana hurbiltzen ninduten bi puntuak zirela

  • batetik, Eliza-Erakundearekiko distantzia, berdin haren irakaskuntza eta antolaketarekikoa, Jesusen aldeko leialtasunaren izenean,
  • eta bestetik euskararen defentsa eta sustatzea eguneroko bizian.

Gaur egun Euskal Herrian eta, zabalago, Europan, Jesusen irudiari atxikirik dirauten arren, Elizarekiko distantzia hartu duten kristau horietako bat naiz, edo atarian geratuz gerturatzen diran horietako bat. Zergatik?

Ez daitekeelako gehiago onartu eta jasan  Jesusen mezua eta beraren askapen-praktika, humanismo sakona dena, sistema erlijioso bihurtu izana honen dogma, moral, erritu eta hierarkia sakralizatuekin. Gogoratu behar da Jesusek ez zuela erlijio bat eratu, gizatasunez bizitzeko modu bat bidean jarri zuela bere dimentsio guztietan.

Jesusen borroka nagusia pertsona bakoitzaren duintasun gorena defendatzea eta sustatzea izan da, eta bere herrikideak, arerioak barne, begiradaz aldatzera eta adimena eta bihotza irekitzera deitzea. Bere bizitza osoko obsesioa Jainkoaren Erresumaren etorrera izan da, hau da, mundu gizatiarrago, bidezkoago, haurridekorrago, solidarioago baten etorrera. Nire ustez,  Jesusen pertsona hobekienik laburbiltzen duen formula da: “Zenbat eta jainkotiarrago eta are gizatiarrago, zenbat eta gizatiarrago eta are jainkotiarrago”. Bikoiztasun interaktibo horretan jokatzen da, niretzat, Jesusen pertsonaren misterio guztia.
Alta bada, Galilear profeta ibiltaria identitate tinkoduneko jainkozko pertsonaia adeigarri bihurtu dute, IV. eta V. mendeetatik aurrerako dogma promulgatu eta inposatuek definitua. Hori ez zen onargarria Mixelentzat, ezta niretzat ere gaur.

Era berean, ez da onargarria Elizaren antolaketa piramidala, gizon ezkongabeen klan batek zuzentzen duena, bere botereari eusteko zeruak izendatuak direla konbentziturik.
Bat gentozen gaur egun irtenbide bakarra Ebanjeliora itzultzea dela onartzean.
Hurbiltzen gintuen bigarren puntua euskararekiko maitasuna da, gure ama-hizkuntza, geuretzat bihotzaren eta otoitzaren hizkuntza. Beti euskaraz trukatzen genuen gure artean.
Mixel baigorriar peto-petoa zen, errotik euskalduna. Eta bere eginahalak egin ditu euskararen defentsa eta aitzinamenduaren alde. Hor dago lekuko bere engaiamendua Euskal Konfederazioan, adibidez.

Horra, beraz, labur, niretzat izan den bidelaguna.

Bukatzean, zure gogoetari eman nahi dizkiot Mixelek “Annie Enia” artetxeko ohetik eman zizkidan bi oharrak (beste lagun bat lekuko):

  • Elizaren porrota, gure porrota ere bada…
  • Euskal Herriko Eliza bestelakoa izan zitekeen…

Eta hauxek dira, ostiral arratsaldean arratsaldeko bostak aldera, azken hatsa eman baino bost ordu lehenago, belarrira xuxurlatu nizkion hitzak:  “Mixel, amestu duzun Eliza, elgarrekin amestu dugun Eliza, jada bidean da. Ez da oraino kanporat ageri, baina jada gure artean da. Eta erein duzun hazia, elgarrekin erein dugun hazia, hasia da jada loratzen..”

 Germieta, 2023-09-27