Nazareteko Jesus. Zer gizaki? Zer Jainko?

1. Berriz ere galdezka: “Nor da gizon hau”?

Bi mila urteren buruan ere, ezin dugu ito galdera: “Nor dugu Jesus?” Orain bi mila urte, Galilean eta Judean, erromatar inperio-bazter hartan, gauza harrigarriak esan zituen eta egin, batzuen pozerako, besteen haserrerako. Gauza bat dago argi: eztabaida sortu zuen. Gizon eta emakume atsekabetu askorentzat Jainkoaren kontsolamendua zen, poz-garai berri baten hasiera, betiko askatasunaren promesa. Beste askorentzat, ordea – erlijio-agintarientzat eta politika-agintarientzat, hain zuzen -, heresea eta arriskua zen, eta heriotzera kondenatu zuten eta errukirik gabe gurutzean josi. Eta agudo gainera: jendaurrean predikatzen hasi eta urte eta erdira agian, hiru urtera luzeena jota.

Eta guretzat zer? Gure bihotz minduarentzat zer? Gure gizarte eta gizadi urduriarentzat zer? Gure mundu larriarentzat zer? Edertasunez eta laztasunez, ametsez eta mehatxuz inguraturik bizi garen mundu honetan, ez ote daiteke gerta gaur ere Jesusen mezua laztasun eta mehatxu guztien gozagarri, edertasun eta amets guztien berme? Hartan gaude gaur ere Jesusi fede ematera ausartzen garenok, haren bideari – urrundik bederen -jarraitzen ahalegintzen garenok, haren Jainkoa izaki ororen adiskide gozo eta itxaropen tinko dela sinetsi nahi dugunok.

Bestelakoak ere asko dira, noski: Jesusen ondotik arduragabe igarotzen direnak, alegia. Hala ere, biziaren misterioak eta ezin biziaren minak axola dion edonork Jesusi erreparo egin behar liokeela uste dut, aurrez aurre begiratu. Irudi boteretsuegia da ezikusi egiteko. Zerbaitegatik txunditu ditu betidanik makina bat iraultzaile eta artista, filosofo eta psikologo, sinestun nahiz sinesgabe. Ukaezina da, gizadiaren historian izan den pertsonalitaterik garrantzizkoenetakoa dela, Buda, Mahoma, Gengis Khan eta beste zenbaitekin batera. “Eta Kristo?”, galdetu zioten F. Kafka-ri, eta hark erantzun: “Argiz beteriko leizea da. Begiak itxi behar, bertara ez amiltzeko”[1]. Aspaldi ez dela, Jostein Gaarder-ek aitortu zuen elkarrizketa batean: “Jesus da niretzat historia osoan izan den filosofo moralik handiena”[2]. U. Eco idazle ospetsuak honela idazten zion, duela urte gutxi, Carlo Maria Martini, Milango artzapezpiku eta kardinalari: “Emazu, une batez bederen (…), Jainkorik ez dela, gizakia halabehar dorpearen hutsegitez agertu dela Lurrean, nahitaez hilkor, eta hil beharraren jakitun izatera kondenatua gainera (…). Gizaki hau, heriotzari aurre egiteko ausardiarik izango badu, abere erlijioso bihurtuko da derrigorrez, eta ipuinak asmatzen saiatuko da, bere patuaren azalpen edo irudi argigarri baten bila. Eta hainbat eta hainbat ipuin asmatzen ditu, batzuk distiratsuak, beste batzuk ikaragarriak eta beste zenbait patekikoki kontsolagarriak. Eta, denboraren betea iritsi zenean, Kristoren eredua asmatzeko kemen erlijioso, moral eta poetikoa izan du: maitasun unibertsalaren, etsaiei barkatzearen, bizia besteren salbamenerako oparitzat eskaintzearen eredua, alegia. Ni urrungo galaxiaren bateko biztanle banintz eta horrelako eredua bere buruari proposatzeko gauza izan den espezie batekin topo egingo banu, liluraz miretsiko nuke jainkoak sortzeko horrrenbesteko kemena, eta hainbat delitu ikaragarri egin dituen espezie miserable eta doilor hau berrerositzat emango nuke, hori guztia Egia izatea eta sinestea nahi izate hutsagatik (…). Eman dezagun, Kristo ez dela ipuin handi baten protagonista besterik: niretzat, egiazko Jainko baten semea gizaki bihurtzea bera bezain miraritsu eta misteriotsu izango litzateke, ezer ez dakitela besterik ez dakiten lumarik gabeko bipedo hauek horrelako ipuin bat sortu eta maitatu ahal izatea”[3].

Jesusek goraki baiesten du: ametsak du arrazoi eta ez errealitate gordinak, itxaropenak du arrazoi eta ez etsipenak, altruismoak du arrazoi eta ez egoismoak, justiziak du arrazoi eta ez injustiziak, biziak du arrazoi eta ez heriotzak. Nori ez dio axola Jesusek arrazoi duen ala ez? Nor da, bada, gizon hau? Are zorrotzago da galdera, berak egiten dizunean galde: Eta zuk, nor naizela diozu? (Mk 8,29). Eta are gehiago, galdera horrekin batera beste hau egiten dizunean: “Zu zeu nor zarela diozu? Zeuretzat eta mundu honentzat, zer espero duzu?” Ez dira bi galdera, bat bera baizik.

2. Gure eskeak eta galderak

Ez da ezagutza “desinteresaturik”. “Pentsamenduaren aurretik doa sufrimendua” (L. Feuerbach), edo gozamena. Guk Jesusekiko dugun ezagutza ere “interesatua” da beti, gure kezka, min eta desirez ukitua, baldintzatua. Beraz, Jesus ezagutu nahi badugu, konturik handienaz galdetu beharko diogu geure buruari: zertan dut interesa? Zerk dit ardura, zer dut oinaze, zer dut irrika? “Nor da Kristo, gaur alferreko diren giza taldeentzat? Nor da Kristo, ifernu atomikoaren mehatxupean bizi garenontzat? Nor da Kristo, hiltzorian dagoen naturarentzat?”[4]: horrelako galderak behar ditugu barruan, Jesusen egia ezagutu nahi badugu. Nola ezagutu Jesus, barrrena galderaz eta eskariz irakiten ez badugu?

Ebanjelioetan ere nekez aurkituko dugu Jesusen aurrean jende “desinteresaturik”. Eskean eta galdez hurbiltzen zaizkio sarri gizon-emakumeak. Hona hemen, adibide gisa, Jesusi zuzentzen dioten zenbait galdera:

1. “Zu al zara “Etortzekoa”, ala besteren baten zain egon behar dugu?” (Lk 7,19). Itxaropide eta pozbide, zentzu eta norabide baten bila dabilenaren galdera da. Sentikor eta borrokalari denak bakarrik uler dezake Jesus. Bizia hondotik maite eta hondotik sufritzen duenak, itxaropena gozatzen eta etsipena jasaten dakienak bakarrik.

2. “Jesus, Maisu, erruki zakizkigu” (Lk 17,13). Gizadi tormentatuaren oihua dugu. Ezin konta ahala gizon eta emakumeren oinazea, etorkizunik gabeko herri nobleen oinaze handia, natura ustiatu eta zapalduaren oinazea, hiltzorian dagoen planetaren oinazea adierazten duen oihua. Oinaze hori eta oihu hori geure bihurtuz bakarrik ezagut genezake Jesusen misterio gozagarri, sendagarria.

3. “Jauna, erakus iezaguzu Aita” (Jn 14,8). Atzo eta gaur, Jainkoaren isiltasuna eta urruntasuna mingarri zaizkionaren eskea da. Jainkoa, hainbat ezbeharren aurrean, itxuraz urrun, isilik eta geldi dagoen garai hauetan, itxuraz profeziarik eta miraririk gabeko garai hauetan, barren-barrendik Jesusi luzatzen diogun eskea. Jainko-minak garamatza gaur ere Jesus ezagutzera, eta Jesusek garamatza gaur ere Jainkoaren ahots isila, presentzia gozoa sumatzera.

4. “Non behar diogu eman Jainkoari kultu: mendi honetan ala Jerusalenen?” (ik. Jn 4,20). Samariar emakumeak Jakoben putzu ondoan bezala, askok galdetzen dute gaur ere, hainbat erlijioren eta hainbat eliza desberdinen aurrean nahasturik: non datorkigu egiaz Jainkoaren hitza eta askapena? Non dugu egiaz Jainkoarenganako bidea? Eta zer du berezirik Jesusen bideak, beste hainbat erlijio-bideren ondoan? Nekez ezagut genezake gaur Jesus, galdera horiek geure egin gabe. Eta, agian, inoiz baino premia gehiago dugu gaur Jesusek emakumeari emandako erantzuna entzuteko: “Sinets iezadazu, emakume: ez mendi honetan, ez Jerusalenen (…). Jainkoa espiritua da, eta hura adoratzen dutenek egiaren arabera eta espirituak eraginda adoratu behar dute” (Jn 4,21.24).

3. Ezagutu eta jarraitu

Ezin dugu ezagutu bizi duguna besterik. Ezin dugu ezagutu Jesus, hark bizi izandakoa biziz baizik. Hau da: hark bezala Jainkoarengan sinetsiz eta hark bezala zaurituaren gupida izanez, hark bezala eriak sendatuz eta ogia banatuz, haren itxaropena eta bihotz-zabaltasuna bizi izanez, hark bezala Jainkoaren erregetza iragarriz eta erreinua irits dadin bizia arriskuan jarriz.

Horra nola ezagutuko dugun Jesus. Bestela ez. Jesusek bizi izandakoa bizi ezean, hau da, Jesusi jarraitu ezean, alferrik izango dira Jesusi buruzko jakite guztiak, daitezkeen historikoenak eta zehatzenak izanda ere. Jesusen ezagutzak segimendutik sortua behar du izan eta segimendura bideratua. Kristologiak Jesusen segimendua behar du izan sorburu eta helburu.

Eta orduan bakarrik izango da kristologia “ortodoxoa”, hau da, Jainkoari ospe emango diona. Ortodoxoa izateko, kristologiak ez du aski dogmak errepikatzea, ez eta dogmen azalpenik sakon eta egokienak nahiz gaurkotuenak eskaintzea ere. Neurria eta gakoa bestea da: Jesusen bizipenak, irizpideak, aukerak dituen ala ez sorburu eta helburu.

Ez al da lotsagarri, mendeetan zehar gure kontinente kristauak barne eta kanpo hainbat bazterketa eta zapalketa eragin izan dituen bitartean, kristologiak horren kontra txintik atera ez izana? Zer erakusten du kristologiak Jesusi buruz, Jainkoaren ospea defendatzen ez badu, hau da, gaixoak sendatzen eta zapalduak zutiarazten eta baztertu guztiak mahairatzen ez baditu?

4. Beti bidean

Jesusen misterioa halako batean atzematea uste badugu, oker gaude. Misterioak ez dira atzematen, ez zaie eskua (edo adimena) erantsi eta barrua husten, fruta helduari zukua atera ohi diogun bezala, azala zaborretara botaz. Misterioa ezagutzea, geure burua misterioaren barruan murgiltzea da. Misterioa ez dugu inguratzen, misterioak inguratzen gaitu. Jesusen misterioa ez dugu atzematen, Jesusen misterioak atzematen gaitu: bere baitan biltzen, salbatzen, berritzen gaitu.

Hasierako bi ikasle haiek bezala, Jesusi behin eta berriro galdetu beharrean aurkitzen gara: “Rabbi, non bizi zara” (Jn 1,38). Beti bertan dugu eta beti aurretik, beti hurbil eta urrun, edozein misterio bezala, Jainkoa bera bezala. Ez dugu guk etxean hartzen, berak hartzen gaitu bere etxean. Eta, munduan bidelari goazen bitartean, erreinua itxarokizun eta eginkizun dugun bitartean, ezingo gara inoiz haren etxeaz jabetu, behin betiko iritsiak bagina bezala. “Etorri eta ikusi” (Jn 1,39).

Galderak ez zaizkigu agortuko: “Maisu, nor zara? Eta nor da zuk Aita deitu ohi zenion eta guk Jainko deitzen dioguna? Zer da gizakia? Zer Jainkoa? Zer mundua? Gure historia oinazetuak zer etorkizun? Gure bihotz minberak zer gozo? Gure galdera urduriek zer erantzun?” Historiak dirauen bitartean, behin behineko erantzunak izango dira denak, ez behin betikoak.

Nolanahi ere, Jesusen misterioa ez da buruz ikasten, bizi osoaz baizik. Jesusen misterioa ez da liburu batean ikasten, ezta liburu guztietan ere. Etengabeko eta eguneroko bizibidean “ikasten” da, Jesusengana eta Jesusekin batera bidean, Jesusek amestu eta iragarri zuen Jainkoaren erreinura bidean. Jainkoaren erreinuak erabat bilduko gaituenean jakingo dugu erabat Jesusen berri eta geure berri. Orduan izango dugu galdera guztien erantzuna eta eskari guztien asea, neke guztien atsedena eta zauri guztien osaketa.

  1. Aip. in J. Blank, Jesús de Nazaret. Historia y mensaje, 15. or. Oharretan aipatzen diren obren erreferentzia osoa liburu honen azkenean ematen den Bibliografian dator.
  2. EL MUNDO egunkariaren “La Revista”, 134. zenb., 1998-V-10, 46. or.
  3. U.Eco, in U. Eco – C.M. Martini, ¿En qué creen los que no creen? Un diálogo sobre la ética en el fin del milenio, Ed. Temas de hoy, Madril 1997, 96-97 or.
  4. J. Moltmann, El camino de Jesucristo, 100-104 or.

Deustuko Unibertsitatea, Bilbo 2000.