‘HORRELA BIZITZEKO’ Arantzazun

Ez dakit Arantzazuko basilika baino eraikin aproposagorik izan ote daitekeen ‘Horrela Bizitzeko’ kontzertua eskaintzeko eta gozatzeko. Baina ausardia behar zen, Eliz belarri arruntei gogorregi gertatzen baitzaizkie oraindik horrelakoak. Ausardia behar zen, eta izan dute fraideek, Asier LI beasaindar musikalariaren obrari, Oteizaren hamalau apostolu ausarten babespean, Txillidaren ateak zabal-zabalik irekitzeko. Bejondeiela Arantzazuko frantziskotarrei!

Gizaki zaurituari buruzko meditazio poetiko musikatua da Asier LIk bere hitz eta doinuz, sakontasun eta sormen harrigarriz, sei ataletan osatu duen ‘Horrela Bizitzeko’ egitasmoa. Giza harreman urratuen narrazio mindua da, ahots soil gozoetan a capella abestua. Disarmoniazko errezitazio harmonikoa, deklamazio pausatua melodia delikatu bilakatzen delarik, eta kantua erritmodun deklamazio. Garrasi eta otoi, protesta ozen eta amodio-hitz isil. Gogor eta samur, tinko eta bare, minbera eta baketsu.

Laugarren atala eman zen eta grabatu Arantzazun martxoaren 13an, basilikako espazio bildu bezain zabalean, intimo bezain irekian. Arratsaldeko eguzkia Andarto aldera jaisten ari zen jada, aurreko leihate ikusezinean eta alboetako beirateetan zehar absidean behera, harrizko hormetan behera, zurezko bobedan eta koruetan behera, argi doratu eta urdinska leuna zabalduz, behetik gorako itzalak besarkatuz, gogortasun guztiak bigunduz, urradura eta samin guztiak gozatuz. Txunditurik eta hunkiturik geunden biok, denok, bost zentzumenez guztiarekin bat, begira, adi. Ondo.

Eta zer da hor Eliz erakundearentzat eta eliztar askorentzat gogor nahiz entzungaitz gerta litekeenik? Esango dizut, ulergaitz gerta badakizuke ere: egileak bere kontakizun, gogoeta eta poemetan emakume izatearen, sexu-orientazioaren eta genero-identitatearen ondoriozko minak eta ezinak, urradurak eta zauriak jorratzen ditu, erabakimen eta indar handiz jorratu ere, baina fintasun miresgarriz, inolako probokaziorik eta polemikarik gabe, hatz kondenatzailea inor seinalatzeko luzatu gabe, ezpada egoera bera. Eta Bingen-eko Hildegarda, XII. mendeko moja beneditar filosofo, zientzialari, mediku, idazle, musikagile mistikoaren eta Simone de Beauvoir, Marta Nussbaum, Wittgenstein, Jung… eta abar eta abarren ekarpenak –unibertso asko– batean jasoz. Baina gai tabuak dira oraindik askorentzat, gehiegi.

Hain zaila al da bizitzea?, galdetzen du Asier LIk. Esan dezatela emakume bortxatuek, jipoituek, batean erosi eta bestean salduek, lanez zamatu eta soldataz arinduek, hainbat erakunde eta erlijiotan –Eliza katolikoan nabarmen– menpekotu eta baztertuek. Esan dezatela bere amodioa gaixotasun eta erru gisa bizi izatera edota ukatzera eta ezkutatzera behartuak diren lesbiana eta gaiek. Esan dezatela gorputz arrean emakume nahiz gorputz emean gizonezko sentitzen direnek, sentitzen direnaren eta sentiarazi nahi lieketenaren artean nortasun urratua dutenek, izaera erratua egozten zaienek… Esan dezatela euren gorputza zikin eta likits ikustera, euren buruaren nazka eta lotsa izatera bultzatuek. Eta Elizak zerikusi handia du urradura horietan. Duela egun batzuk, Vatikanoko Fedeari buruzko Doktrinaren Kongregazio Sakratuak agiri bat argitaratu du, aita santuaren oniritzi esplizituaz, non argi eta zorrotz irakasten den ez dela zilegi homosexualen elkartzeak eta harremanak bedeinkatzea. Ikaragarria da. Eta are ikaragarriago darabilen argudioa: “Jainkoak ezin du bekatua bedeinkatu”. Beraz, diren bezala osoki maite duten gay eta lesbianen maitasuna madarikatua da, esan du Erromak. Zein zaila den horrela bizitzea! Guk zailtzen dugu, geuk zauritzen bizitza.

KEA Ahots Taldeko hamabikotea Arantzazuko basilikan, ahots biluzi dardarkariz, gizaki alderraion zarrastadak, arrosarioko nahigabezko misterioak bailiran, ezin gartsuago eta eztiago kantuz errezitatzen ari zela, iduri zitzaidan eliz sarrerako frontispizioaren gorenean seme hilaren gainean zutik dagoen Andrea Mariaren garrasiaren oihartzunak betetzen zuela basilika osoa, eta irudi zitzaidan abside erraldoiko Andrea Mariaren iruditxo ñimiñoak ere, unibertsoaren altzotik, KEA hamabikotearen kantuarekin bat egiten zuela, hain berea eta betikoa duen samurtasunezko irribarreaz itzal guztiak samurki argituz, urradura guztiak ukenduz igurtziz. Eta orobat irudi zitzaidan, basilikako kontzertura joan aurretik Itziar eta biok paseatu ginen Iturrigorriko itzal eta argizko ibar isilean –Iturrigorri!, non duela 57 urte, Arantzazuko haur seminarista nintzela (zenbat mundu handik hona, barne eta kanpo, mundu berean!), astean birritan bizitza jolas eta amets bihurtzen zitzaigun–, han ere, alegia, pagadien melodiak eta errekastoaren narrazioak, harrien artean dantzan, kontzertu bera osatzen zutela, onezko mezu bera zabalduz: oro bat da, denok bat gara, elkar osatzen dugu, osotasunean dugu osasuna eta ontasunean zoriona.

Zer da handiagorik unibertso edo multibertso mugagabea baino? Zer da txikiagorik eta hausgarriagorik gizakia baino, bere sineskizun eta sineskeria guztiekin, bere arau eta debeku ustez jainkozkoekin? Zer da arau-hausleago eta urratzaileagorik Arantzazuko frontispizio biluzian, zeruaren eta lurraren artean zintzilik, seme gurutziltzatuaren gorputz odolustua oinetan, Mariari ama-errai urratuetatik botere hiltzaile guztien aurka Infiniturantz darion garrasi samina baino? Zer da gozoagorik absideko iruditxoaren ezpainei Infinituaren bihotzetik darien irribarre samurra baino? Batak berekin darama bestea, denok bat egingo dugun esperantzan, guztion osotasunera, ontasunera, bakera bidean.

Horrela bizitzeko esperantzaren leku eta lekuko zaitugu, Arantzazu, arantza eta lore. Jarrai ezazu, arren, zeure hauskortasunean ere, gaurko gizarteari, kulturari, erromes, bidari eta alderrai guztiei, ateak zabaltzen. Argia itzaletik askatzen. Aurreiritzi zaurgarriez, debeku eta muga itogarriez harago, maitasun-mota guztiak bedeinkatzen. Iturrigorriko iturriak eta errekak bezala, ur etengabe berria ekartzen. Aspaldiko sineskizun eta hizkerak berritzen, gaurkotzen. Kredo guztiez harago, arnasleku izaten. Arantzazuko poema herriaren eskuz berridazten.

Aizarna, 2021, martxoak 20