Javier Pagolari. In memoriam

Zure bizitza ospatzen dut, Javier, oraintxe, joan zatzaizkigun honetan, inoiz ez joateko geratu zatzaizkigunean, Izatearen Iturriarekin osoki bat zarenean berriro, BIZI zarenean jada.

Atsekabeak abailtzen gaitu, bai, gure begi gaixoetan ez baita jadanik piztuko zureen argia, argitasunez eta samurtasunez hain beteak ziren begien argia. Galde diezaiotela zure Maribel maite min eta bereizezinari, zeinari aspaldi ez dela, oraindik totelka bederen hitz egin zenezakeenean esan baitzenion: “Nolakoa zaren, Maribel! Nola zaintzen nauzun!”, biak emozio berean murgildurik, biziaren esker on sakon berean, hartuz ematen duenarena batetik eta emanez hartzen duenarena bestetik, zoriontasun bikoitz eta bakarra, egoa hiltzen denean soilik irits daitekeena.
Galde diezaietela zure seme-alabei eta errainei, maitatzen zintuzten bezainbat miresten baitzintuzten eta alderantziz, eta orain ezin sinisturik daude galdu zaituztela, baina ilunpetan bilatu beharko zaituzte eta doluminetan, guk bezalaxe. Galde diezaietela zuen lau biloba maitagarriei, konfinamendu osoan zehar eta gero ere irrikaz itxaroten baitzuten zuk egunero idazten zenien ipuina, egiazko errealitatearen sakonenera eramaten zituena, eta orain aitona eta jakintsua falta baitute. Galde diezaietela hainbat komunitate kristautako kideei, gizarte justuago baten aldeko hainbat kausa, proiektu eta konta ezin ahala palestratan izan dituzun lagunei, umezurtz sentitzen baitira gehien behar zaituzten garai zail hauetan. Denok geratu gara nahikoa umezurtz.
Hala ere, zure bizitza ospatzen dut, hain eskuzabala eta emankorra, hain argiro konprometitua, hain deskonplikatuki emana. Zure bizitza hain gizatiar eta laguntzailea. Zure lankidetza desinteresatua Alaizekin, Medicus Mundirekin, zure Foro Gogoarekin, Guatemalako eta Peruko Altiplanoko hainbat komunitaterekin. Zure dohain pertsonal eta profesional handiak ospatzen ditut: zure argitasun xumea, zure xumetasun argia, zure adeitasuna eta hurbiltasuna. Zure hitz garden eta argia, zehatz eta sakona. Zure bake errebeldea, zure errebeldia baketsua. Zure lanerako gaitasuna, gogoa beti prest. Zure adimena eta ontasuna, bizitzaren maitasuna. Eta egia eta justiziarekiko, errealitatea eta itxaropen aktiboarekiko zure konpromiso ustelik gabea.
Azken hilabete luze hauetako zure sendotasuna eta gogo-oreka, zure bake sakona ospatzen ditut. Zure bizitzako unerik onenean, zure gizatasunaren eta familiaren beteak koroatzen zintuenean, gupidagabe iritsi zitzaizun AEA (Alboko Esklerosi Amiotrofikoa). Eta zuk zetorren bezalaxe hartu zenuen, ez ukatu, ez ihes egin, ez erori gabe, garraztasunik eta larritasunik gabe, hain zeurea zenuen naturaltasunez. Inork ez dizu kexarik entzun. “Zein krudela den gaixotasun hau, Javier!”, esan zizun behin Maribelek, eta zuk besterik gabe erantzun: “Halaxe da”. Ez zen kexa, baizik eta dena den bezala hartzera garamatzan funtsezko bizi-jakituria. Eta horixe da datorrena eraldatzeko modu bakarra. Maribel eta zure seme-alabak kontsolatzen zenituen.

Zure teologiaren berrikuntzan egin duzun ibilbide luze eta sakona ere ospatzen dut, aldien ezaugarri gisa zoriz egokitu zaigun ibilbidea. Kristo dogmatikotik Jesus ibiltari eta gizatiarrera egin duzun bidea. Katixima katolikotik Jesusen jarraipenera. Lehengo Elizatik oraindik ez den eta izateko itxurarik ere ez duen beste Eliza baterantz, baina berdin dio, Biziaren Espirituak ez baitu ez elizarik ez erlijiorik behar. Antzinako Jainko hartatik Jesusen Jainkora (Jainkoaren irudi guztietatik harago, ausartuko nintzateke esatera). Egia da bare eta sendo errebelatzen zinela Jainkoaren eta munduaren arteko Ez-dualtasunari buruzko zenbait ideiaren aurka, edo batzuek hurbil eta geraezin jotzen dugun teismoaren amaiera kulturalaren aurka, baina zure bizitza ez zen jokatzen, inoren bizitza jokatzen ez den bezala, sineskizun edo ideia batzuen ordez beste batzuk izatean. Zuk bazenekien hori.
Gizadiarekiko, erdiminetan dagoen kreazioaren baitan garrasi dagien gizadiarekiko zure maitasuna ospatzen dut. Musikari zenion maitasunarekin konparagarria den gizadiarekiko zure maitasuna. Goiz batean, duela gutxi, hitz egiteko gai ez zinenean jada, baina denak hitz egiten zizunean eta zuregan denak hitz egiten zuenean, ordu eta erdi zeneraman semeak, melomanoa zu bezala, aukeratutako opera-Ariak entzuten, bolumen baxuan auzokoak ez gogaitzeko. Eta zuk kemenez eta gartsuki adierazi zenuen eskuaz: “Altuago, altuago!”. Arnasa falta zenuen, haize pixka baten eta ur pixka baten bila zinen, eta denboraz kanpoko instant horretan Izatearen iturrietara eraman zintuen eskutik. Zure Pazkoa ospatzen dut, Javier.
Gu argi-itzaletan goaz oraindik, pandemiarik pandemia, etsipenaren eta itxaropenaren artean, zuk amesteari inoiz utzi ez diozun zeru-lur berriaren bila. Iratzarrik jada, profeta eta lekuko gisa bidelagun zaitugu den ororen euskarri den Presentziaren bihotzetik, ez hemen eta ez han, ez lehen eta ez gerorik gabe.
Aizarna, 2020ko urriak 18